![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
Pío Baroja Nessi (Donostia, 1972 – Madril, 1956). Medikuntza ikasi zuen Madrilen eta Valentzian. Zestoan jardun zuen mediku urtebete inguru, baina gero Madrilera joan zen okindegi baten kargu egitera. 98ko belaunaldia osatu zuten idazle taldearekin harremanetan jarri zen, eta errepublikaren aldeko egunkarietan eta gazteria ikonoklastaren aldizkarietan artikuluak idatzi zituen. 1900ean argitaratu zuen lehen lana, Bizi terraltsuak kontakizun liburua. Idazle oparoa izan zen, 75 liburutik gora idatzi zuen, eta bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira. Euskarara ipuin batzuk itzulita daude, Xanti Andiaren kezkak (1911), Altzateko Jaunen kontu-zaharra (1922), Zalakain abenturazalea (1909) eta Jakintzaren arbola (1911).
Pío Barojaren Donostia hau bere jaioterriari buruz idazle donostiarrak idatzi zituen hainbat testuren hautaketa da. Liburu honetan agertzen diren testuak honako liburu hauetatik hartuak dira: Juventud, egolatría (1917), Las horas solitarias (1918) eta Desde la última vuelta del camino II: Familia, infancia y juventud (1945). |
|
“Gipuzkoarra eta donostiarra naiz: aurrenekoa gustatzen zait; bigarrena, asko ez”. Horrela hasten da Donostiari buruz Pio Barojak idatzi zituen testuen hautaketa hau. Berrogeita bost urte zituen esaldi hori idatzi zuenean eta hirurogeita hamarretik gora azken parteko oroitzapenak argitaratu zituenean.
Barojari ez zitzaion Donostia atsegin, askotan esaten du. Liburu honetan ikasiko ditugu bere arrazoiak. Arrazoi batzuk galduko ziren gaur egungo Donostian, beste batzuk hor egongo dira seguru asko; garbi dagoena da Donostiarekin lotutako haurtzaroko oroitzapen asko gorde zuela Barojak buruan. Begirada maitekorra eta samurra atxikitzen du haurtzaroan entzun zituen kantuen gainean, eta, batez ere, ezagutu zituen orduko donostiar arrunten gainean. Eta itxaropenik ere bazuen Donostiari buruz: “Handinahikeria guztiagatik, girgileria guztiagatik, jesuitismo guztiagatik eta bere gustu txar guztiagatik ere, Donostia, hemendik urte batzuetara, herri garrantzitsu eta serioa izatera iritsiko da. Egun horretan han jaiotzen den idazleak ez du nahiago izango mendien artean galdutako herri batekoa izan, Gipuzkoako hiriburukoa izan baizik”. |
|
| Hitzaurrea |
|
Jakinak batzuek, noski —niri esan behar—, eta uste gabekoak besteak, arrisku ugari dauzka politikagintzak. Bat aipatzekotan zera aipatuko nuke, argi ibiltzen ez bada bat, bereziki zaintzen ez baditu alegia, zenbait sentiberatasun galtzekoarena dela esango nuke, literatur sentiberatasuna adibidez.
Hainbeste dossier, txosten, diktamen, ebazpen, xedapen, akordio, erabaki eta abarren artean, inprimaturiko hizki mordoak egiten digu dantzan begien aurrean gure egun lantsuetan, eta berez behar ez lukeena, besterik behar ez duen zientzia edo jakituria autonomo bihurrarazten du politikagintza. Gaur politikari izateko ez dago zer izanik “irakurria”. Gehiago esango nuke, denbora galera dela egunero berri zehatzez gain eta berariazko idazketa profesionalez aparte ezer irakurtzea. Erabaki behar duenak ez dauka sentiberakerietan bere burua galtzerik edo soseguzko pentsamenduetan bere jarrera korapilatzerik. Horrela oso ohizkoak dira diskurtso baten betelanari buruz edo ustez hitz-jario hutsala denari buruz literatura hitza paseadara ateratzea: “literatura besterik ez dira zure hitzak….”, “literaturarako joera handia daukazu, ez duzu ezer zehatzik esaten…”, “literatura gutxiago mesedez…”, “norbaitek ezar diezaiola behar duen literatura…”. Begirune gutxi — edo ezezagutza osoa— adierazten dute esaldi hauek literaturarekiko. Ez da harritzekoa beraz, literaturzaleek sinesgarritasunik opa ez izatea politikarien proposamenez gure erakundeetatik egindako aitortza eta omenei, areago oraindik zenbait omenaldik omen baino tratu txar edo deskontsiderazio dirudienean. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gertatu zen iaz. Gogo oneko, edo barojazaletasunez betetako, aholkulariren batek gomendatuta, aurten Pio Baroja hil zen berrogeita hamargarren urteurrena handikiro ospatu behar zela proposatu zuen PSE-EEk. Proposamenari buruz zer esanik ez, zuzena baina hortik aurrera esateko gutxi, literaturarekiko sentiberatasun hori bakarrik. Proposatzaileek uste zuten aski zela nazionalistak bultzatzea Barojari beren kabuz inoiz egingo ez zioten omenaldi bat egitera . Denok dakigu don Píok zein adskripzio politiko ez zituen maite eta inork ez dakigu zein maite zuen; bat bera ere ez, oso berea zen gizona. Nahi duenak daki zenbateraino zen idazle eta literato, zenbateraino euskal herritar eta euskalduna, zenbateraino gipuzkoarra eta zenbateraino donostiarra. Nahi duenak daki zein plazerez irakurri dugun eta zenbat balio izan digun. Nahi duenak daki zenbateraino goraipatua izan den eta zenbateraino deitoratua. Fobiaz eta filiaz blai bizi gara guztiok. Proposamenak erantzuna izan zuen nazionalismoak harro jartzen denean bakarrik eman ohi duen horietakoa. Aukera asko zeuden erantzuteko. Zuzenean ezetz esatea, baietz esatea edo baietz baino jende gehiago ere ospatu behar zela eranstea. Ez bada, erabili zuten formula parlamentarioak ekarri zuen Barojari omenik ez egitea eta urte horretan bertan zenbaki borobilentzat aitzakia ematen zuten zenbait euskal idazle eta euskaltzaleri omen egiteko erabakia. Garbi geratu zen Baroja ez zutela maite eta euskal idazleak maite zituztela — zein begirune gutxi!—, baldin eta Barojari eta bere irudi-goraipatzaileei kontra egiteko balio bazien. Tartean ez zen falta izan Barojaren izena autobus ibilbideetan edo kiroldegi baten izenburuan egotea gisa hartako intelektual batentzat iraintzat hartu zuenik, edo memelokeria ugari esan zuenik zurien eta beltzen kontra berak esana berak esan bezala burutzen ez zelako. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua eta Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura Patronatuak bildu behar izan genuen, urteurrenak urteurren izate hutsagatik ospatzea nahitaezko ez dela adieraztera eta hiri eta herri honetako seme gailen baten eginkizuna auzitan jartzeak ez zuela merezi aldarrikatzera. Honi esker ekintza ugari eta duin asko dira aurten Donostian ospatu direnak eta bat, irakurle, hau duzu, eskuartean duzun hau. Maite gintuen batek idatzi zituen, nahiz eta maitasun garratzez batzuetan. Maite duen jendeak egina da, aukera eta itzulpena. Donostiak zor zion hau Barojari, baita —hau esatea zenbaitentzat ulergaitza egingo bada ere— euskararen munduek ere. Ziur gaude honekin mesedetan ateratzen direla bai euskara eta bai literatura, edo alderantziz. Goza beraz. Ramon Etxezarreta Aizpuru Donostiako Kultura eta Euskara zinegotzia Donostian, 2006 |