ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


101 bazter Donostiako

Etengabe eraldatzen ari den hiria da Donostia; hirigintzak landa eremua jan du eta horretan jarraitzen du sutsu, geldiezin, atzera bueltarik gabeko bidean. Donostian baziren baserriak. Haien izena eta oroimena gordetzea izan da autoreen asmo laudagarrietako bat. Baserriak eta baserritarrak izan baitira batik bat gure bazterren eta gure paisaiaren moldatzaileak. Baserriak baitira oraindik zutik gelditzen zaizkigun eraikinik zaharrenak, Donostiako monumentu preziatu izan beharko luketenak, besteak beste Lugarizko Unanue eta Zuatzu, Altzako Txipres eta Ubegi, Loiolako Patxillardegi, Zubietako Aliri eta Berridi.

Baina eraikuntza horiez gain, badira desagertu zaizkigun beste hainbat bazter ere, donostiarron ohitura, sinesmen, bizipen eta bizimoduaren testigantza zuzena jaso duten beste hainbat leku, Donostiako historia, toponimia eta paisaiatik betiko joan zaizkigunak. Horiek ere bildu nahi izan dituzte, berreskuratzea ezinezkoa dela
jakinik, bilduma honetan behintzat betiko gordeak egon daitezen. Era berean, gaur oraindik hor, ahaztuak, zokoratuak, deigarri ez diren edo besterik gabe, mehatxupean dauden bazterrak ere, ezagutarazten saiatu dira, aurrerantzean ere iraun eta behar bezalako miresmenaz ikusiak izan daitezen. Bazter horietako bat txikitua denean, belaunaldi askoren historia eta bizitzaren eszenatokia desagertzen baita.
Asier Agirresarobe Azkue

Aņorgan jaio zen, 1972an. Ingeniaritza ikasketak egin arren, etnologiari loturiko gaietan dihardu lanean. Berria egunkariko eta Argia aldizkariko kolaboratzailea da, eta azken urteotan bertan idatziriko hainbat artikulutan mendiko ibilbide ugari proposatu dizkigu. Euskal Herriko mendietan barna ihesi liburua argitaratu zuen Argiarekin, 1999an.

Josu Tellabide Azkolain

Lugaritz auzoan jaio zen, 1943an. Eusko Ikaskuntza eta Aranzadi zientzia elkarteko partaide, etnologoa da lanbidez. Toponimia bilketa, ondare historiko-artistiko eta etnografikoaren berreskuratze, katalogatze eta kontrol lanetan dihardu aspaldidanik. Hainbat herriren arteko mugatze lanak egin ditu. Donostiako kale-izendegia osatzeko ikerketak egiten ditu Donostiako udalarentzat. Hainbat mapen egilea, Donostiako toponimi Erregistroa (1995) eta Usurbilgo baserriak eta baserritarrak liburuak (2004) argitaratu ditu.
101 bazter Donostiako Alberdania argitaletxearen web gunean