ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


1. Atarikoa

Euskal Herriko hizkuntzalaritzaren tradizioan euskalki bat aztertzea ez da gauza berria: Arabako euskara, bizkaiera zaharra, gipuzkera zaharra, lapurtera, zuberera... ikertzaile batek baino gehiagok aztertu ditu. Honelakoetan idatzizko testuei eman ohi zaie garrantzirik handiena, ez herrixka jakin bateko lekukoei. Hizkerak osorik aztertzeko ohitura ere errokaturik dago gure artean: Aezkoa. Baigorri, Baztan. Burunda. Erroibar-Esteribar, Erronkari, Goñerria, Sakana, Ultzama, Zaraitzu... Ohitura aspalditik datorren arren -Aldude, Altsasu, Mutriku, Ondarroa, Sara- erkidego ez biziki handietako mintzoa aztertzea aski ugaldu da azken garai honetan eta soilik herri bateko mintzoa aztertzea hedatuz doa: Abadiño, Antzuola, Aramaio, Areso & Leitza, Arrasate, Ataun, Azpeitia, Basauri, Bergara, Bermeo, Beskoitze, Butroe, Eibar, Ermua & Eitzaga, Etxarri-Aranatz, Forua, Getxo, Goizueta & Arano, Hondarribia, Irun, Iurreta, Lasarte, Laudio, Leioa, Lekeitio, Luzaide, Mundaka, Oiartzun, Oleta, Oñati, Orio, Otxandio, Pasaia, Sopela, Tolosa, Urduliz & Gatika, Zeberio, Zegama...

Donostiako euskera aztertzeko eskuartean daukagun xedea ez da artean Euskal Dialektologiak izan dituen ohiko egitekoen guztiz iduria eta arrazoia begien bistakoa da: Donostia ez da edozein herri, hiri bat baizik, biztanle eta hiztun ugari duena. Herrixketan ohiz izaten ez diren hainbat egiteko eta funtzio edukitzen dituzte hiriek: salerosketa, eskulangintza, finantza, kultura, erlijioa, hezkuntza, administrazioa eta politika, besteren artean, eta ez da harritzekoa izaten hiriko era eta molde urbanoek, arte laburragoa edo luzeagoa barne, inguruko herrietan eragina izatea eta nolabaiteko kutsua uztea: ohituretan, hainbat ikuspegitan. jardueretan... Gizakiona den ezaugarri bat baldin bada, hizkuntza da hori, eta ezina litzateke beste arloetan horrenbesteko eragina duen hiriko izakerak eta ezaugarri bereziek hizkuntzaren arloari ezaugarri berezirik ez txertatzea. Euskarak duen baino egoera arruntagoa eta osasuntsuagoa duten hizkuntzen artean hizkera urbanoek ezaugarri bereziak dituztela esan ohi da. Hurrengo hauek izan daitezke ezaugarri horietarik batzuk:

a) Herri txikietako hizkuntza-ereduak zaharragoak eta, beraz, jatorragoak diren arren, hizkera urbanoek prestijioa eduki ohi dute: hirikoak diren hizkuntza aldaera edo formak kopiatzera jo ohi dute aldameneko eta urrunagoko herri txikietako hiztun goranahiek edota linguistikoki egokitu nahian -ohartuki nahiz oharkabean- dabiltzanek; cf. 4.1.8. atala (1).

b) Hizkera urbanoetan maiz sumatzen da aldameneko herri edo ibarretako hizkeretarik apurtxo bat bederen bereizteko borondatea. Europako elite urbanoak herrixketako populazio masatik kulturaren aldetik eta baita linguistikoki ere bereizten ahalegindu direla erakutsi digu historiak.

c) Aldakortasun maila handikoak dira hizkera urbanoak, halakoxe koine edo hizkeren nahasketa gertatzen da hirietan, hauetara hainbat lekutako jendea biltzen baita eta bizitzera joaten. Aldakortasuna ez da soilik hiztun batetik bestera gertatzen, hiztun batek berak hizkuntza-aldaera desberdinak erabiltzea ere litekeena da. Etxera etorriz, oroitaraztekoa da feria eta azoka dela bide, joera handia izan dela Gipuzkoan nahiz Nafarroan Tolosara jotzeko; jakina da Tolosako euskara ere aldakortasun maila handikoa dela; cf. Kandiko Izagirre (1967: 157).

d) Estandarizazioaren eragina handiagoa izaten da hirietan herri txikietan baino; ororen buruan, hiritarren gizartezko sareak askotarikoagoak dira herrietako biztanleenak baino. Herrixketan sare horiek hertsiagoak izan ohi dira eta irmoago eutsi ohi zaio hauetan dialektoari edo honen ezaugarriei.

Norbaitek galde lezake ea Donostiako euskerak hirietako ohiko hizkuntza-eredu urbanoen tankerarik zerbaitetan ba ote duen. Erantzuna aski erlatiboa eta batez ere ñabarduraz betea beharko luke izan; ez gara hasiko kanpotik etorritako kaskoinek hiri berria sortu zuten garaitik hona Donostian hizkuntzen arloan zer gertatu den aztertzen, ez gara horretarako ez gai ezta egokienak ere (2). Oroit bestalde, Donostia Gipuzkoako hiriburu bakar izate hori ere ez dela betiko ezaugarria. Lehen Karlistadaren ondokoa baizik; izan ere, Foru Aldundiak Tolosan jarraitu zuen eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkurak era ibiltarian egiten ziren. Tolosako euskarak duen prestijioa ere gogoan hartzekoa da(3). Juan Bautista Agirre Asteasukoaren predikuetan “hiria” Tolosa da oraino. Eta Beterriko euskarak ospea eta bultzada izan dituen arren, Donostiakoak ez dirudi aldezle ugari izan dituenik: Kardaberaz salbuespena da, eredutzat baitarabil andre donostiarra bere Eusqueraren Berri Onac-en (1761), baina aski da Larramendik aipatzen dituen “barbarismo” delakoez oroitzea; Larramendi bera iturri zuelarik L. Hervás-ek zioenez “en San Sebastián se usan muchas palabras forasteras introducidas malamente en el vascuence” (1979 |1804|: 227-8). Soroaren antzerkietan ere ezagun du: “Ikasi nai dubenak euskera garbiya, txokoratu lezake gure komeriya, badago nunbaitian obia neurriya, biba euskaldunak eta biba Donostiya!” !Au ostatuba! lanean dakarrenez. Gabon antzerki lana ere euskara nastuban dakarkigu. Mitxelenak ere txirotzat hartzen du Bilintxen hizkera: “lengua algo encanijada de un centro urbano” (1988 |1960|: 134); ikus Pelay Orozco ere (1978: 22). J. A. Mogelek zioen bezala Bilboko euskarak ere ez du ospe onik batere eta arrazoia arestiko bera da: Ené, ara toroa plazaan manzania jaaten : “bilbotarren erdi erdera erdi eusquera daucate Vizcai gucico euscaratzat” (1800: XV).

Bestalde, hizkera urbanoak hizkuntza jakin bateko atala dira eta jakina denez, hizkuntza guztien egoera eta izaera ez dira inolaz ere bat eta bera. Nabarmena da hizkera urbano guztiek ezin izanen dituztela leku guztietan - hizkuntza guztietan, egokiago esanik agian- ezaugarri berdinak eta begien bistakoa da euskararekin alderatzea komeni zaigun hizkera urbanoak ahalaz minorizatuak izatea litzatekeela egokiena, baina guk aurkitu ditugun azterketa ia guztiak egoera aski arrunta bizi duten hizkuntzetakoak izan dira.

Egun euskara hizkuntza guztiz ahula da Donostian gaztelaniaren aldean hala estatusaren aldetik nola demografiarenetik eta honelatsu izan da XX. mende honen bigarren erdian ere: ziur aski XIX. mendearen bigarren erdia izan da Donostian erdara euskarari gaina hartzen hasi zaion garaia; cf. Altzibar (1992: 326) eta Zalbide (1993: 10-11). Jose Vicente de Etxagarai (1773-1855) bertsolariaren jokaera elebidunean eta Marzelino Soroa Lasa idazle kaxkariñaren lanetan (1848 1902) nabarmen ageri da erdararekiko euskara menpekotasun egoeran sartzen ari dela: Soroak alabari erdaraz idatzi eskaintza (1882)(4). beraren Azak eta naste liburuaren egituratze diglosikoa edo Euskal-Erria aldizkarian atalka atera zuen “Baratzan” idazki bilduman ageri den hainbat pasarte “Emen etorri da kaballero euskeraz dakiyen ura” (1886: 477) garden mintzo dira maila goretan erdarak eta euskarak duten lekuaz. 1931n Schuchardt saria jaso zuen Augustin Anabitarte idazlearen Donostia elaberriak; bertan ere iradokitzen da zein den euskarak hirian XIX. mendearen bukaeran duen estatusa (1986: 135). Madrildarrak ere ohartuak ziren (1896) donostiarrek erdaraz gehiago egiten zutela euskaraz baino (K. Izagirre 1998: 165). Koldo Artola dialektologialari donostiar ezagunaren aitona zen Pepe Artola euskal idazleak XX. mendearen hasieran kontatzen duenez, Donostiako Boulevarderaino Parte Zaharrean euskaraz mintzatzeko ohitura dago euskaldunen artean, baina behin Kortazar zabalgunera iritsi orduko erdararen indarra gogor sentitzen hasten da, horregatik, P. Artolak zioenez, “Rioja” Donostiako Boulevardean hasten zen:

Baratxuri(5) ta tipula sortak zintzilik zituztela, agertzen ziran (errioxarrak). Orregatik erdera-zale xamarra zan bere alaba bati, orrela esaten zion: “Bañan nundik atera degu gure neska tipulera au? Gure alaba al da edo nungoa degu?” (1961: 12).

Gogora ekar dezagun Donostiako harresiak lurrarekin berdintzea 1863ko kontua dela; zabalgune berria eraikirik hiria hedatzen hasiko zen, baina zabalgunea eraiki aitzineko harresiez landako Donostia, baserritar girokoa izan behar zuena, euskaraz mintzo zen. Usurbilko mugan dagoen Igeldoko Artikula baserrian sortutako gure amona Donostiako kalera Antiguara jaitsi zen usurbildar batekin ezkondurik; Antiguako izebek esan digutenez “euskera galtzen ikustia beste penik eztakat” frankotan esan ohi zuen emazteki hark frankismoa baino lehenagoko urteetan. Estatusaren aldetik menpekotasun egoera honetan iraun izanak eragin nabarmena izan du Donostiako euskeraren corpusaren egungo egoeran. Ohi denez, hiriak izaten dira hizkuntza-arauarekin lotura hertsiena duten guneak eta berauek dira eredu estandarra sendoen ibili ohi den lekua. Eredu estandar bat dagoen edo sortzen den lekuetan, goi mailako jendeen artean gertatzen da nabarmena estandarizazioaren indarra eta hori, bereziki, hirietan gertatzen da: tradiziozko hizkera urtuz doa apurka-apurka eta dialekto urbano subestandar berri bati uzten dio bere lekua. Baina zein izan da XIX. mendearen bigarren erdian eta XX.aren bitartean komunikazio nagusietarako funtzioa bete duen eredu estandarra, prestijioa atxiki ohi zaiona Donostian? Bertako euskera bederen ez, erdara baizik (6). Hartara, kalean gaztelania nagusitzearekin batera donostiar euskaldunak bigarren mailako azpigizarte linguistiko bihurtu dira; nagusi zebilena erdara izatean, azken garaietan bederen -aitzineko egoera ez dugu ongi ezagutzen- hiriko euskera ez dirudi aldameneko auzo eta herrixketako euskaldunendako erreferentzia jomuga izan denik: iduri luke Donostiako euskerak ohiko hizkera urbanoen ezaugarrietarik batzuk behintzat falta dituela eta ez da harritzekoa batere: ez zen kalean eta gizarteko maila goretan nagusi zebilen mintzoa.



Oharrak:

(1) Lan honetan hizkuntza-aldaera erabiltzen denean hizkuntza-forma edo forma linguistikoa adierazi nahi da; esaterako, adizki bat, morfema bat, sintaxiko egitura bat, ez inola ere “hizkera bat”.

(2) Pasaian jatorri kaskoina duten toponimoak %7 dira egun, baina gibelera joz gero franko ugaltzen dira: XVI. mendean %50era aise iristen zirela esan daiteke (Elortegi 1992: 199). Donostian kaskoin hizkuntza garai bateko kaiko arrantzaleekin lotu ohi da eta idazki ugari dago Donostiako artxibategietan hizkuntza honetan idatzirik, Camino doktoreak, Serapio Mujikak eta Ricardo Ciervidek erakutsi bezala.

(3) Garbitasunaren eta batez ere ulertzeko erraztasunaren aldetik dakusa Candido Izagirrek mito honen alderdi bat bederen (1967; 1.57- 8).

(4) A mi hija Manuelita: a tí, que eres el consuelo de mi vida, te dedico este pequeño ensayo Euscaro con el que tanto te has reído, como prueba del cariño de tu padre que te quiere y pide al cielo por tu virtud y felicidad (Marcelino).

(5) Jatorrizkoak babatxuri dakar, baina iduri luke hutsa dela.

(6) Ez dugu ukatzen Beterriko euskarak, eta beraz Donostiakoak, prestijioa ukan duenik: Goierriko idazki ugari zegoen Larramendi baino lehen. Larramendiz geroztik eta berdin Bonapartez geroztik literaturan gaina hartzen die Beterriko hizkerak Gipuzkoako beste moldeei: Serapio Mujikaren mende hasierako hitzetan ere sumatzen da hobespenaren zantzu zenbait: “... el habla de Goi-erri (es) más áspera y vigorosa que la de Be- erri ó septentrional, que resulta más dulce y agradable al oído” (1907: 58).