IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako Euskara »  3. Ereduak: askotariko konstelazioak

3. Ereduak: askotariko konstelazioak
Hurrengo lerroetan Donostiako euskerak ageri dituen ezaugarriekiko parekotasuna erakuts dezaketen beste hiri batzuetako adibideak dakartzagu. Gure hiriko euskeraren ezaugarri batzuk ez doaz hor zeharko literaturan hizkera urbanoei esleitu ohi zaien izaerarekin batera eta honek hasieran harridura sortu du gugan; zernahi ere den, literatura sakonxeago ezagutu orduko beste hiri batzuetan ere Donostiakoak bezalako hizkuntza-egoerak gertatzen direla ohartu gara.

3.1. Ez dirudi azken mende honetan bederen Donostiako hizkera inguruko herrietako euskal hiztunendako erreferentzia edo jomuga izan denik: ez dugu uste Donostiako hiritarren hizkuntza-ezaugarriak ingurumarietara hedatu direnik; azken mende honetan bederen ez dirudi erakarpena duen prestijiozko hizkeratzat hartua izan denik, ezta inguruko herrietan ospe onaren perekorik deus izan duenik ere. Donostiako auzoetan ageri diren hizkuntza-ezaugarriak frankotan ez dira hiriko kaletarrek erabiltzen dituzten berdinak izaten: auzoetako ezaugarriak usu ondoko herrietako ezaugarriei begira daude, ez donostiar kaletarren ezaugarriei. Balirudike auzoetako donostiarrek bizimodua kaletarrekin baino gehiago ondoan dituzten herriei begira egin izanak eragin duela auzo horien hizkuntza-erreferentzia hiria ez baizik eta ondoan zuten herria izatea. 225.000 laguneko hiria da Belgikako Ghent. Bertako dialekto flamenkoa indartsu dago hiriaren barrenean, gazteendako erakargarria da eta auzoetara hedatzen ari dira hiriko hizkerako ezaugarriak, baina behin hiriko harresietarik ateraz gero, aldameneko herrixketara ez dira hedatzen ezaugarriok, ez badira holandera estandarrarekin bat datozenak; hirian berean prestijioa eduki arren, hiriko hizkera ez da ingurumarietara hedatzen ari (Taeldeman 1998: 15).

3.2. Tradiziozko dialektologiaren arabera esan ohi da hiriek ez dutela barne isoglosarik izaten eta isoglosak garrantzi sozioekonomikoa, kulturala edota politiko-administratiboa duten bi gune edo hiriren arteko eremu zenbaitetan elkartzen edo batzen direla. Aurkako adibidea da Alemaniako Augsburgo hirian gertatzen dena: Hego Alemaniako hizkuntzan trantsizioa edota hizkeren arteko jauzia eremu laburretan gertatzen omen da. Augsburgo hiriko egoera bitxia da: Bavariako dialektoaren eta dialekto sueboaren artean kokaturik dago; bertako hiritar batek darabiltzan hizkuntza-ezaugarri bavariarren edo sueboen zenbatekoaren arabera jakin omen dezakegu lagun bat hiriko mendebaldekoa ala ekialdekoa den (Anzenhofer 1998: 99). Donostia ere ez da barne isoglosarik gabeko hiria eta ziur aski lotura dago ezaugarri honen eta arestiko a) ataleko egoeraren artean; kaletarren hizkeran homogeneotasun zerbait sumatzen da, baina hasi Altza-Ulia aldetik eta Añorga-Ibaeta- Igeldo alderdiraino, bada aldea: sinkopa adibideak ditugu Altzan, aferesi adibideak Altzan eta Ulian, pluraleko hirugarren pertsonako ergatiboko eta datiboko -e morfema hiriaren mendebaldean -eskuinaldera -te dago-, zixkien erako txistukari bizkarkariaren bustidura sumatzen da mendebaldera Igeldon eta Hernani aldean ere; bestalde, zitxiokan ‘zioan’ erako adizkiak ditugu Añorgan. Donostian ez dira falta hiriari atxikitzen zaion barruti geografikoari dagokion eremua bi aldetan banatzen duten isoglosak. Zernahi ere den garrantzizkoa da irudi lakunarioa bi eremu bereizten dituen isoglosaren iruditik bereiztea, eragin desberdina egon baitaiteke bakoitzaren gibelean; bestela esan, hiriaren inguru guztietan gertatzen den ezaugarria hirian ez betetzea ezin nahas daiteke hirian mendebaldea eta ekialdea banatzen dituen hizkuntza-ezaugarri baten errealitatearekin, desberdinak dira bata eta bestea.

3.3. Esan dugu dagoeneko ez dirudiela azken garaietan Donostiako hizkerak inguruko herrietarik etorri diren hiztunen hizkuntza-ezaugarriak neutralizatzeko edo aldarazteko moduko hizkera subestandar urbanoen ohiko eran jokatu duenik. Donostiako euskeran gertatzen denaren antzeko jokabidea suma dezakegu gutxiengoturik dagoen Nigeriako Maiduguri hiriko arabieran. 200.000 biztanleko hiri honetan hizkuntza nagusiak “kanuri”, “hausa”, “margi” eta “bura” dira. Ez dago arabieran fokala dei daitekeen eredu urbano prestijiozkoaren itxura duen deus ere. Gwange, Gambaru eta Ruwan Zafi izeneko auzoetan erkidego bana dago nagusi, eta sorterritik ekarri arabierazko aldaerak dira nagusi auzo bakoitzeko erkidegoko partaideen artean. Hiru auzoetakoak edo bi auzotakoak elkarrekin nahaska mintzatzen diren aldietan ez da sortzen ari orain arteko aldaki dialektalak ordezkatuko dituen arabierazko eredu urbano fokalizatu bat edota koine bat; aldakortasun orokorra nagusi dago hirian beren artean arabieraz mintzatzen diren hiru azpitaldeen artean (Owens 1995)(11).

3.4. Norbegiako Trondheim hirian, aldameneko nekazarien hizkuntza-aldaera hurbiletarik urrundu nahiak -estatus urbanoa nabarmendu nahiak, beraz- batetik, eta arrantzaleekiko merkataritza hartu-emanak, bestetik, hiriko hizkera mendebaldeko arrantzaleen aldaera urrunagoetara hurbiltzea eta ondo-ondoan dituzten nekazarien hizkeratik urruntzea eragin du (Dalen 1993: 48). Baliteke Donostiako hizkeran ere egoera horren antzeko zerbait gertatzea. Izan ere, aldea dago hiriko kaletarrek egiten duten eta hiriko auzoetako hiztunek egiten duten euskeraren artean: iduri luke Donostiako ingurumarietako bazter guztietan ageri den tt hotsa edota hiketako trataera falta direla Donostiako kaletarren ahoan (12); bestalde, hitz bukaerako hiatusak eta erakusleetako oiek, aiek > oik, aik laburtzeko Gipuzkoako hainbat eta hainbat lekutan dagoen joerak Donostiako auzo baztertuenetan du agerpena, ez kaletarren artean. Honelako bereizketak, hiriko hizkera aldameneko herrixketakotik desberdintzen dutenak ezagunak dira; eman dezagun beste adi bide bat:

3.5. Serbiako Nis hirian serbiera estandarra ongi ikusia da eta Zagreb eta Split-eko hizkerek ere prestijioa dute, baina Nix-eko berekoak ez, hiritarrak ez dira beren hizkerarekiko biziki leialak izan. Halaz ere, ondoko herri txikietako biztanleak entsegatzen dira Nix hiriko bereko mintzora hurbiltzera. Nix-ekoari Resava ibaiaren inguruko Kosovoko hizkerak - urrun ez duenak- eragiten dio pixka bat, eta prestijioa du; delako kosovo-resavera hizkera hau eredu estandarrera hurbilagoa da Nix-ekoa baino. Egun Nix-eko hiritarrek beren hizkera aldameneko herrixketako prizreno-moravera eredutik desberdina dela diote, baina Nix-eko Stevan Sremac elaberrigilearen (1855-1906) pertsonaien mende hasierako mintzoa egungo herrixketakoaren berdina da. Hizkuntzaren aldetik hiria mende honetan ondoko herrixketarik desberdindu da eta Nix hiriko dialektalismoak estereotipotzat hartzen dira orain, anekdotetarako. Esan ohi da Sremac-en elaberrietako pertsonaiak direla hiriko aldaera leialen ordezkatzaile eta ez egungo hiritarrak. Pertsonaia horien hizkera hurbilago dago herri txikietako egungo hizkeratik Nix-eko egungotik baino, zeina serbiera estandarrera hurbiltzen ari den eta jatorrizko prizrenomoravera-tik urruntzen. Prizreno-moravera hizkeraren ezaugarri markatuenak. beste hizkera serbioetan ez daudenak, maisu-maestrek estigmatizatu dituztenak, horiexek galdu dira lehenik Nix-en (Thomas 1997). Ohiz hizkera batek ez ditu bere ezaugarri guztiak galtzen, eta galtzen dituenak ez ditu denak batera galtzen. Testuingururik testuinguru, garairik garai, gunerik gune, egiturarik egitura eta hiztunik hiztun galtzen ditu, besteak beste. V. M. Schirmunski-k “lehenik” eta “bigarrenik” ordezkaturikako ezaugarri dialektalen arteko bereizketa aspaldixko egin zuen: hizkera edo dialekto batean ezaugarri ordezkatuak dauden neurri berean aldaketari aurre egin dioten eta galdu ez diren ezaugarri dialektalak ere badaudela adierazten digu; ikus Bellmann (1998: 33); itxarotekoa denez, geografia hedadura zabalena duten ezaugarriak dira out-group elkar-hizketetan azkenik galtzen direnak (Hinskens 1998: 43).

Donostiako euskerak beste hizkuntza baten menpean iraun du, ez bere hizkuntza bereko aldaera prestijiozkoago baten ondoan eta, beraz, aipatu dugun Mix-ekotik bestelakoa da eskuartean daukagun egoera, baina ikaragarria da Sremac-en pertsonaien mintzoa / Mix-eko egungo hiritarren mintzoa eta Soroaren pertsonaien mintzoa / Donostiako egungo hiritarrena ekuazioan gertatzen den parekotasuna. Ez beharbada aldameneko herrixketako ezaugarrietarik urruntzeko asmoak, baina berreuskalduntze ofizialak eta eredu estandar berriak Donostian gogor eragin dute bertako hizkeraren kaltetan; lotu honi Donostian kaleko -ez gara familiarteaz ari- eredu euskerazko indartsurik egon zedin erdarak ez duela utzi. Euskara berriak gune erraza zuen Donostia hedatzeko eta indartzeko eta egun alde handia dago ingurumariko herrietako hizkeratik Donostian egiten den euskarara; azken batean herri horietan etxeko, lagunarteko, kaleko eta gizarteko eredua herriko bereko euskara baita. Ez da harritzekoa Getariako edota Legorretako euskaldun gazteengandik entzun daitekeena: “gazte donostiarrek ez dute ezaugarri dialektalik eta guk geure herrikoa egiten dugunean guztiz bitxia gertatzen zaie. are inoiz berak gaizki sentitzeraino ere”. Dialektoa itzaltzen ari den honelako egoera batek donostiar gazteen artean eragin ditzakeen bilakabide berriak askotarikoak izan daitezke, baina ez litzateke harritzekoa beste hizkuntza eta dialekto batzuetako literaturan aipatzen diren hiperdialektalizazio joerak edo aldaera interdialektalak sortzea.

3.6. Ez dezagun pentsa. ordea, hiriko eta aldameneko herrisketako hizkera bereiztea leku guztietan gertatzen denik. Finlandiako Jakobstad eta Ekenäs hirietako hizkeratik aldameneko herrixketakora ez dago urruntasunik: bai. ordea. Kristinestad eta Lovisa-n. Jakobstad eta Ekenäs-ko behe mailetan aldameneko herrixketako hizkera da soziolektoa. Ekenäs-en, goi mailetan estandarra da; Bigarren Mundu Gerra eta gero nekazariek hirira jo dute eta hiriko behe maila osatu dute beren herrixkako hizkera eramanik (Ivars 1998: 105).

3.7. Europako bi hiri handitako eredu urbanoez lerro bakan batzuk dakartzagu orain: Londresko dialekto urbanoa Kent-eko mintzamoldearen eta Essex-ekoaren arteko nahasketa batetik sortu zen. baina araua klase goren eta burgesiaren hizkeran oinarritu zen Londresen: behe mailetako londrestarrengandik bereizteko, Oxford eta Cambridge inguruko mintzoa nagusitu zen burgesen artean eta ez Londreskoa berekoa; maila goretako hiztunek kanpora jo zuten eredu bila bereizketa bertikal bat eginez eta cockney delako mintzoa irrieragingarri bihurtu zen. Halaz ere delako Londresko cockney mintzo hori ez da itzali eta hedatzen ari da (Lodge 1998).

Pariseko mintzo urbanoan dialekto pikardoen eragina sumatu da: gramatikalariek aldaera pikardo hauexek estigmatizatu zituzten hasiera-hasieratik. Gero, estandarizazioa etortzean, burgesiaren hizkera nagusitu eta finkatu zen idatzizkorako era arbitrarioan; gramatikalarien aldetik Pariseko bereko mintzoari eraso zitzaion. Eliteak hiritik ingurumarietara alde egin zuen: Pariseko burgesiak ez zion eskualdeko nortasunari eutsi. Arras galdurik dago Pariseko bereko mintzoa egun, Londreskoa baino galduagoa. Place Maubert eta des Halles-en iraun zuen gehien. XIX. mende erdian bizi-bizirik zegoen Pariseko hizkera Bigarren Mundu Gerraren ondoren galdu dela esan ohi da, estandarrarekin berdinkaratzen ari dela: 1872.ean Pariseko dialekto tradizionala hila zela idatzi zen. 1930. urte inguruko filme batzuetan ere aurki daiteke eta egun “parigot” delako azentuan bizi da. (Lodge 1998).

3.8. Hizkera urbanoen gaian euskal adibideak lortzea ez da aise. Iruñean euskara noiz arte egin den badakigu eta bertako toponimia gehiena euskararen bidez azaltzen ahal da, baina ez dugu ezagutzen bertako hizkera. Zerbaitxo ezagutzen dugu Oltza zendeakoa eta aski ongi Ezkabartekoa eta bereziki Eguesibarko Elkanokoa, baina Iruñekoa ez: XVII. mendeko Beriain idazle utergarraren lanean ageri den euskara Iruñekoa bada, orduan bai, zertxobait ezagutzen dugula esan dezakegu. Zerbait argi baldin badago, hizkeraren arloan Oltzako zendeatik Eguesibarkora aldea badagoela da hori: cf. Camino (1999 eta 1999b).

Bilboren kasuan ere –Mikoleta salbu, nahiz ama zamudiostarra zuen- ez dago aukera handirik euskara urbanoaz deus jakiteko; azken garaiotan nagusiki hiri erdalduna izan da, gainera: Bilbon euskara gune urbanotik urrun dauden auzoetako baserritarren artean gorde da, hegoaldean Larraskitun, iparraldean Begoñan -Arbolantxan eta Otxarkoagan- eta hirugarrenik Buja alderdian: Seberetxen, Bolintxun, Bujan eta Bujagoitin. Auzo horietako euskaldunek ez omen dute Bilborekin berebiziko hartu-emanik izan, urrun zegoen berentzat hiria eta mendiaz bestaldera aldameneko herrietakoekin izan dute euskarazko hartu-emana: Arbolantxa eta Otxarkoagakoek Zamudiokoekin, Larraskitukoek Zollokoekin eta Bujakoek Basaurikoekin. Beren artean Bujak eta Larraskituk leukakete hartu-emana elkarrekin, Begoñak bi auzo hauekin lotura guti eduki du; Iñaki Gamindek dioskunez Zollo, Zaratamo, Basauri, aipatu hiru auzo hauek, Bengoetxe, Etxebarri, Jugo, Arrigorriaga eta Ugao batera lihoazke hizkeraren aldetik; cf. Gaminde (1987, 1990 eta 1994b); alderdi historiko baterako, ikus Lakarra (1997: 140 eta 142-6).



Oharrak:

- Herri txiki bateko bame aldakortasun maila handiaz diharduen lan interesgarria dugu Dorian-ena (1994).
- Parte Zaharreko hiztun batzuek ezetz uste duten arren, kaian entzun daiteke hiketan eta Bilintxek ere bazerabilen: “Bersolariyen guduat” neurtitzetan, esaterako, eta baita M. Soroak edo F. Imazek ere.