IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  MERKATARIEN HIRIBILDU BAT: 1180-1516

MERKATARIEN HIRIBILDU BAT: 1180-1516


José Ángel García de Cortázar



Sorrera eta lehen urratsak

(1180-1296)


Udal forua biztanle multzo baten bizitza arautzen duen antolamendu mota jakin bat da. Donostiako foruaren bidez, Antso VI.ak estatutu berezi bat eman zien Donostiako biztanleei, arrantzan eta merkataritzan libre ari ahal izan zitezen. Horretarako, erregeak auzitegiei, zergei, eta gudarosteari zegokien pribilegio eta arau multzo bat eman zuen, eta ekonomiako jarduerek -geroztik haiek izango ziren donostiarren ezaugarri nagusia- gora egin zuten pribilegio eta arau haien bidez.

Donostia hiribildu gisa sartu zen, beraz, historian, *realengo* zeritzan leku pribilegiatu gisa; horrek esan nahi zuen erregearen mende zegoela, eta ez jaun baten edo eliz ordena baten mende, eta erregeari ordaindu behar zizkiola zergak. Erregearena izate horri esker, askatasun bereziak zituen Donostiak, eta horiexek egin zuten jaiotzetik bertatik Donostia bere ingurunearen oso bestelako, geroztik Gipuzkoako probintzia esango zitzaion lurraldearen oso bestelako, alegia. Inguruneko lurralde hartako gizartea baserriko gizartea zen. Ahaidetasunezko loturen inguruan egituratutako banako txikiagoetan antolatua zegoen, eta banako haiek zein bere ahaide nagusiaren mendean zeuden. Banako haietako bakoitza zein bere ibarrean egoten zen kokatua, eta ibar bakoitzeko hizkera bereziak indartzen zuen hizkuntzaren aldetik ere elkarren arteko batasuna. Abelazkuntza zen haien ekonomiaren oinarria, eta, horrez gainera, oinarri-oinarrizko bizigaiak lantzen zituzten -laboreak, lihoa, sagarrondoak...- basoari kendutako lurretan.

XI. eta XII. mendeetan, giza talde haiek inguruneak eskaintzen zizkien beste baliabide batzuk ustiatzen hasi ziren. Pixkanaka-pixkanaka, ibar bakoitza bere ekonomia berezia hasi zen eratzen, nekazaritzak edo arrantzak eskualde bakoitzean eskaintzen zituen aukerak baliatzen. Eta arrantzari ekin zion, hain zuzen, bere lurrak Hernaniko ibarrean zituen Donostiako bizilagun multzo hark. 1180 inguruan Donostia bera sortu izanak argi eta garbi erakusten du kostaldeak gero eta interes handiagoa zuela penintsulako erregeentzat, eta interes horrek ekarri zuen kostaldea jendeztatzeko ahalegina. Hala, adibidez, 1160tik 1200era, Gaztelako Alfontso VIII.ak Castro Urdialesko, Santanderko eta Laredoko hiribilduak sortu zituen.

Hurrengo urteetan, erabateko aldaketa politikoa izan zen bai Donostian eta bai Gipuzkoako lurralde osoan: ordu arte Nafarroako erreinuaren baitan egonak baziren, harrezkero Gaztelako erreinuaren baitan egongo baitziren. Alfontso VIII.a Antso VI.a Jakintsuaren aurka borrokatu zen, eta, geroago, haren seme eta ordezko Antso VII.a Azkarraren aurka, Gipuzkoako lurrak hari kentzeko. Gaztelako erregea nagusitu zen 1200. urtean bi errege haien arteko liskar hartan, Donostia eta Gipuzkoa bere erreinuaren barruan sartu baitzituen.
Donostia 1180. urtea baino lehen.

Zehatz jakiterik ez dagoen data batean hasten da Donostiaren historia, XII. mendearen bigarren erdialdean. Eta ez dago data hori zehatz mugatzerik, hiribildu hura sorrarazi zuen dokumentua, forua alegia, galdu egin zelako. Nafarroako errege Antso VI.a Jakituna izan zuen Donostiak sortzaile, 1180 inguruan hark eman baitzien forua kostako bizitoki hartako biztanleei 1.

Donostiak geroztik beretzat hartuko zituen lekuei buruz dokumentuetan ageri diren lehenengo aipamenek hiru tokiren berri ematen dute: San Sebastiani eskainitako monasterio txiki bat, Leireko monasterioaren mendean zegoena, gaur egun Miramar jauregia dagoen leku berean; arrantzaleen eta itsas merkatarien kokaleku bat (*fondaco*), XI. mendearen bukaeran Urgull mendiaren oinean finkatu zena; eta, azkenik, mendi sail batzuk Urumea ibaiaren ibar beheran, haien jabea ere Leireko monasterioa zelarik. Bai mendi sail horiek eta bai San Sebastianeko monasterioak goragoko mailako batasun bat eratua izan behar zuten: Yzurungo hiribildua. *Fondaco*ak, berriz, gaskoien fundazio bereizi bat izan behar zuen, helburu eta arrazoi bakarra itsasoa zeukana. Gaskoiek Europako kostan X. mendeaz geroztik sortu zituzten antzeko kokalekuen pare-parekoa zen Donostiako hura, bai tankeraz eta bai nolakotasunez. Kostatik gertuko itsasbideetan han-hemen kokatuak zeuden *Fondaco* horiek, eta arrantza eta merkataritza ziren haien helburu bakarrak.

*Fondaco* hori izan ezik, XII. mendearen erdialdean Leireko monasterioak bere mende zeuzkan aurki Donostiako hiribildua tankeratuko zuten lurrak. Mende horren bigarren erdialdean, Nafarroako erregeek eta Iruñeko apezpikuek ekinaldi politiko bat jarri zuten abian beren nagusitasuna indartzeko, Leireko monasterioaren bizkar. Lurralde haiek bereganatzeko lehiak liskarrak sorrarazi zituen bi alderdi horien artean, baina, azkenean, erregea eta apezpikua atera ziren garaile, eta Leireko monasterioa, berriz, galtzaile. Donostia inguruko lurralde haren gainean zuten boterea sendotu zuten bai erregeak eta bai apezpikuak, eta Urgull inguruko biztanle haiei forua eman izana da gertaera horren ondorio nabarmenena.


Aginpide baten ordez bestea nagusitu izanak ez zuen, nonbait, eragin handirik izan Donostiako hiribilduan. Alfontso VIII.ak berehala berretsi zion Donostiari bere forua, 1200ean, eta aurrera eraman zuen kostaldean hiribilduak sortzeko politika: Hondarribia, Mutriku... Donostiak lehengoari eutsi zion itsas merkataritzan: lehen bezala hura zen orain ere barrualdeko bideetatik zetozen salgaiak itsasoratzeko leku nagusia. Baina, ordurako, barrualdeko ibilbide haiek ez zetozen Nafarroatik bakarrik, berehala hasi baitziren Donostiara iristen Gaztelatik zetozen beste ibilbide batzuk ere, Burgosen eta Gasteizen zituztelarik bide haiek geraldi nagusiak. Gainera, Donostiak gero eta harreman handiagoak zituen Akitaniarekin, Gaztelako erregina doña Leonor eskubide jakin batzuen jabe baitzen Akitanian. Hala bihurtu zen Gipuzkoa errege-erreginen jabetzak elkarren artean etengabe lotzen zituen pasabide nagusi.

XIII. mendean zehar hasi ziren agertzen gerora Donostiako hiribilduak izango zituen ezaugarrien lehenengo aztarna adierazgarriak. Garai hartako berrien arabera, Donostiak gero eta lotura gutxiago zituen bere baserri ingurunearekin, gero eta hirigune burujabeagoa zen, eta gero eta harreman estuagoak zituen urruneko bizilekuekin merkataritzako bideen bitartez, bai itsasbidez eta bai lehorreko bidez.

Eta merkataritzarako joera horrek berak indartu zituen Donostia eta donostiarrak, hiribildua sortu eta hurrengo gizaldi osoan.

Kontzejuak gero eta autonomia gehiago izan zuen administrazioaren alorrean. Hala erakusten du 1292an Iruñeko apezpikuarekin egindako hitzarmenak, haren bitartez apezpikuaren aginpidea gutxitu egin baitzen, kontzejuaren mesedetan. Aurrerantzean, udaleko agintariek esku hartuko zuten Santa Maria eta San Bizente elizen administrazioan, batetik elizgizonek eta bestetik herri gizonek osatutako bitariko patronatu baten bidez.

Bi horiez gainera, San Bartolomeko monasterioa zen donostiarrentzat hirugarren eliza nagusia. Hiribildutik kanpo zegoen, gaur egun izen hori bera duen muinoaren gainean. Han bizi ziren lekaimeak Gipuzkoako kristau-elkarte zaharrena ziren, eta San Agustinen erregela zen haien bizilegea. 1305ean lotu zitzaion monasterio hura Iruñeko aldirietan zegoen San Pedro de Ribasko monasterioari.

Kontzejuaren aginpidea indartzearekin batera hasi zen orobat indartzen aginpidean zeudenek karguak berentzat bakarrik hartzeko ohitura. Garbi ikusten da hori garai hartako zinegotzien zerrendei begiratuz gero: abizen gutxi batzuk behin eta berriz eta bata bestearen ondoren agertzen dira. Zinegotzi haietako asko merkataritza handiari lotutako familia gutxi batzuekin ahaidetuta zeuden, eta haietako batzuk, gainera, baionesak ziren jatorriz. Hala, adibidez, Ordincho de Surubis eta Nicolás de Lamayson,
Donostiako bi alkaterik zaharrenak, ezagutzen ditugunen artean behinik behin (1286). Baionakoa zen orobat beste familia ahaltsu bat, Mans familia, Donostiako gizarte mailan berehala goraino igo zena. Familia haren ondorengoek bi gizaldi eta erdiz, inolako etenik gabe, izan zuten berentzat bakarrik hartua probestuaren kargua, erregeak hiribilduan zuen ordezkariaren kargua, alegia.

Salerosketako negozioen indarrak ematen zion bizitasuna Donostiari. Gaztelako erreinuak barrualdean hiribildu berriak sortzeko estrategiak sendotu besterik ez zuen egin kostaldearen salerosle nortasuna. Agurain, Segura, Villafranca de Oria, Tolosa,

Arrasate, eta Bergara izan ziren Gaztelako erreinuak Donostiatik gertu sortu zituen hiribilduak. Kantauri aldeko portuetara zeramatzaten lehorreko bideen mugarri ziren bai hiribildu horiek denak eta bai urrunagoko beste batzuk. Bestalde, Gaztelak ez zion Donostiari oztoporik jarri Nafarroatik eta Ebroko Haranetik zetozen salgaiak ordu arte bezala itsasoratzeko. Aitzitik, XIII. mendearen bukaeran, Gaztelako Antso IV.ak berretsi egin zituen nafar merkatariek Donostian eta Hondarribian zituzten pribilegioak.

Donostiarrek hiru leku zeuzkaten beren hiri barrutian itsasontziek aingura botatzeko: Kontxa, Zurriola eta, batez ere, *el Pasaje* esaten zioten lekua: Pasaia. Uda partean izaten zen itsasontzien joan-etorririk handiena; urritik urtarrilera bitarteko sasoia, berriz, behe aldia izaten zen itsaso bidezko merkataritzarako. Baionako *koka* zeritzana izango zen, seguru asko, gehien erabiliko zuten ontzi mota, sabel handikoa baitzen, maniobrak egiteko erraza, eta edukiera handikoa. Ontzi haietako sotoetan ia-ia ez zegoen beste salgairik: Flandriatik ekarritako oihalak, eta apaingarriz, tinduz, eta zirtzilkeriaz osatutako salgai multzo nabar bat.

Familia oso bat biltzen zuten *faktore* edo merkataritzako elkarteek egiten zituzten salerosteak. Familia horietako batzuk, jaiotzez donostiarrak baziren ere, gaskoiak edo baionesak ziren jatorriz. Horregatik zeuden gaskoieraz idatzita, baita XV. mendean ere, Donostiako hiribilduan idatzi ziren dokumentu batzuk.

Itsaso bidezko salerosketa babestu nahiak halako sen politiko pragmatiko bat sorrarazi zuen donostiarrengan. Atlantiko aldeko Europako potentzien arteko gerrek arriskuan jarri zituzten bazter haietako itsasbideak, eta bai donostiar merkatarien negozioen goraldia mehatxatu ere. 1296an, Donostiak "Gaztelako Itsas Armadako hiribilduen eta Gasteizen arteko Ermandadea"ren sorreran parte hartu zuen, Gasteizekin eta Kantauri aldeko beste portu batzuekin batera. Erakunde horren bidez, merkatariek aditzera eman zuten neutralak zirela Frantziaren eta Ingalaterraren arteko gerran, ziurtatu egin nahi baitzuten, nazioarteko gerren gainetik, hainbeste irabazi eta etekin ematen zien salerosketa.




OHARRAK

1
Historialariek beti uste izan dute Donostia Antso VI.a Jakitunaren erregealdiko lehenengo urteetan sortu zela, 1150. eta 1163. urteen artean. José Mª Lacarrak eta Ángel Martín Duquek geroztik egin dituzten azterketen ondoren jakin ahal izan da Donostia 1180 inguruan sortu zela, eta hori da gaur egun aditu gehienek aintzat hartzen duten data.