![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
XIV. mendean zehar Donostiak sendotu egin zuen hurrengo berrehun urteetan, gutxienez, izango zuen nortasuna, bai lurraldearen aldetik eta bai gizartearen aldetik. Bere bizilagun gehienak Urgull 1 mendiaren oinean zegoen hirigune txiki harresitu hartan zeuzkan hiribildu hark bazituen ordurako bere ezaugarri bereziak. Bi portu zituen inguruan: handia, Kontxara begira, eta txikia, Urumearen bokalean. Hareatzaz betetako eremu zabal bat zegoen harresien eta San Bartolomeko muinoaren artean; eta muino haren gainean agustindar lekaimeen monasterioa zegoen. Sartalderago, Antiguako San Sebastian elizaren inguruan, hasia zen auzune bat eratzen. Sortalderantz, Ulia mendiaren hegalean, Donostiako hiribilduaren hirugarren portua zegoen, hiruren artean onena: Pasaje de Aquende zeritzan portua, geroztik Pasai San Pedro esan zitzaiona. Haren inguruko goialdeetan Altzako herrixka zegoen; kolazio zeritzan bizilagun multzo txiki bat zen hura, Donostiako hiribilduaren mende zegoena, eta, 1393. urteaz geroztik, bere parrokia propioa zuena San Martzialen babesean. |
Inguruetako biztanle askok bizilekua hiribilduan bertan hartu zuenean, elkarren oso bestelako jende mota bildu zen Donostiako gizartean; bizimodu, bizibide, ohitura, eta izate desberdineko jendea hartu zuen, alegia, bere baitan: nekazariak, eskulangileak, eta baserri giroko leinuak, besteak beste. Nolanahi ere, Donostiako gizartean familia batek tinko eutsi zion bere maila gorenari: Mans familiak. Beretzat bakarrik hartua zuen sendi horrek probestuaren kargua, eta Engómez familiaren adarrean betikotu zuen, ezkontza bidez, aginpide hori. Kontzejuaren erakundea gero eta gehiago ari zen indartzen, eta gero eta gehiago ari zen oligarkiko bihurtzen. XIV. mendearen erdialdera, erakunde txit mugatu bat zen hura, sarbidea oso jende gutxiri irekitzen ziona, eta elizako agintariekin liskarrean aritzen zena, bataren eta bestearen eskumenak noraino iristen ote ziren erabaki ezinez. |
| XIII. mendearen bukaeraz geroztik, Gipuzkoatik bakarturik egoteko ordu arte izan zuen joera aldatzen hasi zen Donostia. Itsasoari begira iraun zuen, ordu arte bezala, baina Gaztelako eta Gipuzkoako esparru politikoan sartzeko lehen urratsak egiten hasi zen. XIV. eta XV. mendeetan baserri aldeko ekonomia gogor zanpatu zuten ezurteetako estualdiek bultzatu zuten, besteak beste, Donostia aldaketa hura egitera, Gipuzkoari begira jartzera, alegia. Garai latz haietako urritasunak eta eskasiak hiribilduetara eta herrietara bultzatu zuen baserrietako jende asko, babes eta bizibide bila. Neurriz gaineko jende pilatze hark berehala sorrarazi zituen liskarrak eta katramilak herrien artean, bakoitzaren lurrak eta mugak noraino iristen ziren erabaki ezinik; auzitara jo zuen askok konponbide eske, nork bere udal barrutia mugatu nahian. Donostiak ere ondo zehaztu behar izan zituen bere mugak, herri mugakideen erreklamazioak geldiarazteko. |
Oiartzungo ibarreko sortaldeko mugan sortu ziren liskarrik handienak. Villanueva de Oyarzun zuen garai hartan izena gerora Errenteria izango zenak; 1320an sortua zen, eta hango biztanleak liskar gogorrean aritu ziren donostiarrekin, Pasaiako portua erabiltzen utzi nahi ez zietelako. Eztabaida hark hurrengo mendeetan ere iraun zuen. Hegoaldean, berriz, auzitan ibili zen Donostia Hernaniko ibarreko olagizonekin, bi aldeek beretzat bakarrik erabili nahi baitzituzten Urumeako mendiak. 1739an itun bat izenpetu zuten, eta, haren arabera, bi aldeek eskubide bera izan zuten harrezkero mendi horiek ustiatzeko.
Usurbil (1371) eta Orio (1379) hiribilduen sorrerak mugatu zuen sartaldetik Donostiako udal barrutia. 1379an, Igeldo, Zubieta, Ibaeta eta Andoaingo kolazioak Donostia barruan gelditu zirenean, Donostiako hiribilduaren eremuak 134 kilometro koadro zituen guztira. |
Donostiako hiribilduak Gipuzkoarekin eta penintsulako
kostaldearekin izan zuen harremana
|
Pertsonak eta ondasunak ez zeuden batere seguru udaletako mugetatik kanpo; alegia, leinu feudalen mendean zeuden lurretan. Arriskutsua zen barrualdeko bideetan barrena ibiltzea. Bidelapurrak nonahi zebiltzan, eta mehatxatuta zeuzkaten bai salgaien eta merkatarien joan-etorria eta bai bidaiariak berak ere. Ez da harritzekoa, beraz, hiribilduek erregeari babeserako baliabideak eskatu izana, bai baitzekiten zer nolako onurak ekarriko zizkien bidelapurrak behar bezala zigortzeak eta geldiarazteak; eta, hartara, indarrak bildu zituzten lurralde hura baketzeko. Horrela sortu ziren han-hemen Ermandadeak, harik eta, 1397an, Gonzalo Moro korrejidoreak Getarian bildu zuen bileran "Gipuzkoako Ermandadea" eratu zuten arte. Erakunde horrek hiribildu guztiak elkartzen zituen, eta zazpi alkatek osatutako elkargo bat zuen zuzendari. Hura zen Gipuzkoak bere lurraldea administratzeko izan zuen lehenengo erakundea, eta Donostiak eraginkor hartu zuen parte haren sorreran.
Donostia bere lurraldearen egitura finkatzen ari zen, eta, aldi berean, gauza bera ari ziren egiten beste hiribildu batzuk ere. Era berean, eta, prozesu beraren beste alderdi bat balitz bezala, hiribildu horiek berak gero eta gehiago ahalegindu ziren zein bere mendeko lurraldea ere egituratzen, udalaz gaineko batasun bat osatzeko. Antolamendu hori egiteko premia larria baserri giroan zeuden estutasunek sorrarazia zen berriz ere; estutasun horren adierazpide batek, hain zuzen: indarkeria feudalak. Jauntxoek eta gaizkileek gogor zigortua zuten probintzia osoa XIV. mendearen hasieratik, bai botereaz inongo neurririk gabe eta gehiegikeriaz |
baliatuz, bai lapurretez eta bai hilketez, inork inoiz zigortzen ez zituela. Gaizkileek beti aurkitzen zuten alderdiren bat edo ahaide nagusiren bat beren gaiztakeriak babesteko prest zegoena, non ez zegoen hura ere gaiztakeria horietan erabat nahastua.
Donostiako hiribilduak Gipuzkoako probintziaren gorabeheretan parte hartzea gauza berria baldin bazen, aspaldiko kontua zen, ordea, Donostiak Europarekin eta Iberiako Penintsularekin zituen harremanak, bere merkatari tradizio sendotik baitzetorkion kanpoalderako joera hura. XIV. mendean, indartu egin zen joera hori. Donostiak gogotik parte hartu zuen Gaztelako erregeen hainbat ekinaldi politikotan, itsasontzi armatuekin lagundurik. Baina, gehienbat, merkataritzaren esparruan hartu zuen parte, Finisterretik Flandriaraino eta Ingalaterraraino doan Atlantikoko eremu zabalean. Donostiarren itsas bidezko joan-etorriak hegoalderaino eta ekialderaino zabaldu ziren, Sevillarantz eta Mediterraneo alderantz. Euskal Herriko portuak Europako iparraldea eta hegoaldea lotzen zituen kosta inguruko itsasbideen erdi-erdian zeuden, eta horregatik parte hartzen zuten halako bizitasunez eta lehiaz Europako mutur batetik bestera salgaiak ekartzen eta eramaten. Batzuen eta besteen arteko konkurrentziak espezializatu beharra ekarri zuen: Bizkaiko portuak, Mutriku eta Deba, Gaztelatik zetorren artile merinoa eta burdina garraiatzen ari izan ziren; Donostia, berriz, Baionarekin aritu zen lehian Nafarroako salgaiak -artilea batez ere- eta hegoaldeko nekazaritzako produktuak -ardoak, fruituak...- garraiatzeko. |
|
|