IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  MUGA BERRIEN BILA: 1516-1700

MUGA BERRIEN BILA: 1516-1700


José María Imízcoz

Hiria, portua eta gotorlekua

XV. mendearen bukaeran, istilu handitan hasiak ziren donostiarrak beren agintarien kontra: gogor salatu zizkioten oligarkiari udal politikan egiten zituzten amarruak eta jukutriak. Hiribilduko hamar edo hamabi familia nagusiek berentzat bakarrik hartua zuten aginpidea, eta beren buruen eta beren ahaideen mesedetan baliatzen zuten. Udaleko karguak, nonbait, berentzat besterik ez ziren. Karguak aukeratzeko sistemak ziurtatzen zuen monopolio hori: kargua uztekotan zegoen udalbatzak berak eratzen zuen hurrengo Erregimentuko kideak aukeratuko zituen hautesle multzoa.

1511ko Ordenantzek aldaketa handiak egin zituzten atal horretan. Harrezkero, hautesleak goi mailako bizilagunen errolda batean zozketa bidez aukeratuko ziren; *millaristas* esan zitzaien bizilagun jakin haiei. Sistema hura ere elitista zen, zeren eta, errolda hartan izena emana egoteko, ondasun higiezin jakin batzuk, *millares* esaten zitzaienak, eduki beharra baitzegoen; alegia, gizartearen gorengo mailan egotea eta aberastasunen jabe izatea behar bezala frogatuta eduki beharra zegoen 1. Nolanahi ere, ordenantza haiek politikara erakarri zituzten negozioetan gora egin zuten familiak, ordu arte Erregimentutik baztertuak egon baitziren. Familia haietako asko kanpotarrak ziren jatorriz. 1488ko sutearen ondoren etorriak ziren Donostiara bizitzera, merkataritzako negozioen errentagarritasunak akuilatuta. Hala, besteak beste: Idiáquez, López de Aguirre, Olózaga, Ercilla, eta Echeberri familiak.
XVI. eta XVII. mendeetan, Donostiak goraldi bat izan zuen hasieran.

Erdi Aroko eredu ekonomikoa gorenera heldu zen garaia izan zen hura. Gero, krisialdi batean sartu zen, eta donostiarrek beren aberasbidearen oinarriak berriz aztertu behar izan zituzten. Donostiako hiribilduak bizi izan zituen gerrek eta liskarrek zerikusi handia izan zuten gorabehera haietan, Austriatarren Inperioaren baitan zegoenez, haietan parte hartzera bultzatu baitzuten agintariek. Nahasmendu haiek zirela medio, Donostiako gizartearen goi maila berritu egin zen, eta, hartara, gizarte osoa ere nahastu egin zen.

XVI. eta XVII. mendeetan, Donostia sendotu eta indartu egin zen erakunde gisa, bai hiri barruko politikari zegokionez eta bai kanpoaldera begira. Udalak bere eskumena eta bere aginte sistema indartu zituen. Kanpoaldera begira, berriz, erregeek gero eta begikoago zeukaten, eta Donostiak haien alde egindako ahaleginak aintzat harturik, Hiri titulua eman zioten.


Donostiako hiribilduaren barrutiak Pasaiatik Mendizorrotzera doan lur eremua hartzen zuen bere baitan. Barrualdetik, Donostiako mugak uztai moduko bat eratzen zuen Usurbil, Hernani, Astigarraga, eta Errenteria aldean. 1519an, Andoaingo unibertsitateak Donostiaren mende egoteari utzi zion, eta Tolosaren baitan sartu zen.

Hurrengo bi mendeetan, Donostia auzitan ibili zen herri mugakideekin, erakunde gisa zituen eskubideak baliarazteko. Liskarrik gogorrenak Pasaiako portuak sortu zituen, itsasketarako leku ezin egokiago haren irrikan baitzeuden inguruko hiribildu guztiak. XVI. eta XVII. mendeetan zehar, Atlantiko alderako itsas bidaien eta negozioen goraldiak sekulako eragina izan zuen: portu gehienek ez zuten orduko eskariak eta premiak betetzerik izan. *El Pasaje* edo Pasaia zen tamaina hartako ontzidiak bere baitan hartzeko gauza zen portu bakarra, baina Donostiak hura erabiltzeko kobratzen zituen zerga handiak ezin eramanik, Errenteriak, Oiartzunek, Hondarribiak eta Lezok behin eta berriz salatu eta auzitara eraman zuten Donostia. Pasaian merkataritza librea eta zergarik gabea izan zedila eskatzen zuten lau herri horiek. Donostiak, berriz, bere uren gainean zeukan monopolioa argudiatzen zuen behin eta berriz, eta erne-erne egoten zen alor horretan inork iruzurrik egin ez ziezaion.


1577an, Errenteriako, Oiartzungo eta Hondarribiko biztanle batzuk Gipuzkoako probintziatik bereizteko ahaleginetan hasi ziren, haien ustez probintziak onartu egiten baitzituen Donostiak zuzen kontra ezartzen zizkien inposizio haiek. Gipuzkoatik bereizteko mehatxurik gogorrena 1614an izan zen, Pasaiak Gipuzkoako Ogasun Kontseiluari jakinarazi eta eskatu baitzion bereizi egin nahi zuela eta aldendu, bai Hondarribitik eta bai Donostiatik.

Donostiak salerosketan zuen indar handia merkataritzan hainbat mendez geroztik zeuzkan pribilegioetan oinarritua zegoen. Hamarrenak eta bidesariak ordaintzetik salbuetsita egotea, asteroko merkatuak zergarik ordaindu gabe egitea, *alkabalen* zerga ordaintzeko errolda egiteko baimena (1506-1509 urteez geroztik)... horiek ziren, besteak beste, erregeek Donostiari emanak zizkioten pribilegioak, nekazaritzan zuen urritasun handia berdintzeko.

Erregeek bazekiten Donostiak nahitaez kanpotik ekarri beharra zeukala alea, are gehiago gotorleku bihurtu zenez geroztik, hango guda taldea ere mantendu behar baitzuen. Horregatik eman zioten Donostiari laboreak hirira zergarik ordaindu gabe libre ekartzeko pribilegioa. "Deskarga erdiaren" pribilegioak indartu egiten zuen, gainera, Donostiak elikagaiez hornitzeko zuen politika: portuan aingura botatzen zuten ontzi guztiek gariaren eta jan-edanen erdia portuan nahitaez deskargatu behar zuten, donostiarren artean saltzeko gero. Batzuetan, hornigaien premia handitu egiten zen, bai Donostiara soldadu gehiago bidali zituztelako, bai estutasun handiko egoera zegoelako. Halakoetan, premiarik larrienak betetzeko, Nafarroatik edo Frantziatik ekartzen zuten donostiarrek garia.

Donostiak barrutiko eta merkataritzako eskubideez baliatzetik ateratzen zituen irabaziak, bai eta bere ondasunak ematen zituzten errentetatik ere (*propios*). Lehenengoak ontziek salgaiak portura iristean ordaindu behar zituzten zergak ziren -*cayaje* esaten zitzaion porturatzeagatik ordaindu beharreko zergari, eta *loaje*, berriz, lonjako zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu behar zenari-. *Propio* zerizten errentek -larreak, errotak, jabetzak, hareatzetako txabolak...- alokairuan zein baldintzatan uzten ziren, hartara irabazi gehiago edo gutxiago ematen zituzten.

XVI. mendearen bukaeraz geroztik, udala gero eta gehiago zorpetzen ari zen, harik eta 1615ean zorra 30.000 dukateraino gehitu zen arte. 1597ko eta 1598ko izurriteek, gerrek eta gerren ondorioz erregeari nahitaez egin beharreko zerbitzuek, bai gizonetan eta bai diru emaitzetan, erregearen egonaldiek, auziek -batez ere Pasaiako barrutiko eskumenari buruzko liskarrek sortuak, haiek izan baitziren luzeenak eta garestienak-... neurriz gora gehitu zituzten gastuak eta desorekatu zituzten balantzeak. Defizita berdindu beharrak beste nonbaitetik diru gehiago biltzera behartu zuen Erregimentua: mugako zergak igo zituen, beraz. Erabaki horrek oso ondorio kaltegarriak izan zituen. Artileari ezarri zitzaizkion zerga berriek halako moduan garestitu zuten salgai hura, non Nafarroatik eta Aragoitik zetozen salgaiak ez baitzituzten gehiago Donostiako portura ekarri. Harrezkero, Baionako portura eraman zituzten.

Donostiako ekonomiaren bizitasunari bere hiru portuetan antzematen zitzaion.






Kontxakoan ontzien joan-etorria nahiko handia zen garai hartarako. XVI. mendearen lehenengo erdialdean, zabaldu eta berritu egin ziren portuko instalazio zaharrak. Portuaren tankera berriak Itsasoko Ate zaharra aldatu beharra ekarri zuen: 1522an, lekuz aldatu zuten, jendea errazago sartu-irten ahal izan zedin harresietatik.

Santa Katalinako Kofradiak zuen portua gobernatzeko eta zaintzeko ardura; zergak biltzeko ahalmena ere bazuen. Kofradia hartako maiordomoak *cayaje* izeneko zerga biltzen zuen, eta dirua instalazioak mantentzeko eta hobetzeko erabiltzen zuen. Bere esku zuen, orobat, kasu jakin batzuk legez epaitzeko ardura, eta isunak ere jar zitzakeen, behar izanez gero, inork portuetako arauren bat betetzen ez bazuen. Maiordomoak ahalmen horiek izateak ez zuen esan nahi ermandade hark aginte eta itzal handia zuenik. Garai batean bai, aginpide handia izan zuen Donostian, baina, XV. mendearen bukaeraz geroztik, Erregimentuaren mende gelditu zen. Kofradia haren bilakaerak garbi erakusten du kontzejuak zenbateraino jokatu zuen nagusikeriaz.

XVI. mendean itsasketek eta itsas jardun osoak halako goraldi handia izan zuten, non portuetan gero eta ontzi handiagoak behar izan baitzituzten. Ontzioletan berehala hasi ziren 400 *upeletik* gorako ontziak egiten -*upela* ontzien edukiera neurtzeko antzina erabiltzen zen neurri bat da, tona baten bost seirenen balio bera duena-; eta 800 edo 1.000 upeleko ontziak ere egin zituzten. Itsasontziak zenbat eta handiagoak egin ahala, orduan eta nabarmenago gelditu ziren Erdi Aroko portuen muga estuak. Ontzi handi haietako bat bera ere ez zen kabitzen, adibidez, Kontxako portuan, nahiz zuela gutxi eraberritu zuten. XVI. mendearen erdialdetik aurrera, kai berriak proiektatu ere zituzten, portuaren inguru osoa har zezaten bere baitan. Baina, 1594an, asmo hura baztertu egin behar izan zuten, dirurik ez zegoelako; XIX. mendearen erdialdea arte ez zen asmo hura berriz abian jarriko. Kontxako portuaren ordez, Santa Klara uharteko ainguralekua erabiltzea bururatu zitzaien, badian bertan. Baina leku hura arriskutsua gerta zitekeen, bai galernengatik eta bai frantses kortsarioek inongo zigorren beldurrik gabe eraso zezaketelako.

Ekinaldi handiko itsasketak -Ternuara zihoazen espedizioak, Indietako ontzidia, Euskal Herriko burdina Sevillara garraiatzeko bidaldiak, gerra ontzidiak...- Pasaiako portutik baizik ezin zitezkeen abia, hura baitzen Kantauri alde osoko porturik onena, eta ontzidi handienak bere baitan hartzeko gauza zen bakarra. Donostia etengabe ibili zen Pasaia inguruko hiribilduekin lehia gogorrean, Pasaian zituen eskumenei eusteko.

Donostiako aginteak berari zegozkion eskubideak eta mugako zergak jasotzen zituen Pasaian. XVI. mendearen bukaera arte diru bilketa hura portuzain batek egiten zuen. Garai hartan, Donostiako lau errejidoreak jarri zituzten haren ordez, eta zeregin horretan urte osoan zehar txandaka aritzen ziren lauak. Txanda zegokienean, Pasaiako dorrean hartzen zuten bizilekua. Jende asko ibili zen kargu haren irrikan, zeren eta, pixkanaka-pixkanaka, zerga gehiago erantsi baitzituzten -*lastraje, anclaje, mollaje*...-, eta zerga horietatik korrejidore haiek irabaziak ateratzen baitzituzten berentzat ere.

Beste komunikabide eta biltoki batzuek osatzen zuten Donostiako merkataritzaren azpiegitura: Santa Katalinako portuak eta izen bereko zubiak, Pasaiatik Donostiara zeraman bideak, barrualdeko bideek -Hernanira, Usurbilera, Loiolara...-, alondegiak, burdinazko lonjek... Horien guztien gainean zegoen antolatua salerosketen gorabeherei eta gizonen, kapitalen, eta salgaien joan-etorriari eusten zien sare estua.




Hiria, probintzia

eta monarkia




Erdi Aroa bukatutakoan, Donostia itxuraz zeharo aldatuta zegoen garrantzi handiko alderdi batean: lehen merkatari gunea izandakoa orain gotorlekua zen. 1476ko eta 1512ko setioen ondoren, hiria gotortu zuten, eta Erdi Aroko ingurune hesitua hobeto antolatu zuten. Babeserako lanak Errege-Erregina Katolikoen agindupean hasi ziren, eta, pixkanaka-pixkanaka, hurrengo erregeek ere hobetu egin zituzten hiribildua gotortzeko lan haiek. Kubo Inperiala -1520 ingurukoa-, Lehorreko Atearen ondoan, eta Urgull mendian -Behatokian, Urumearen bokaleari begira- artilleriarentzat eraiki ziren plataformak izan ziren harresi berrietako lan garrantzitsuenak. XVII. mendearen bigarren erdialdean, lehorreko harresi tarte berria da aipagarriena, albo batean San Feliperen baluartea eta bestean Gobernadorearen baluartea zituena. 1688an gazteluko bolborategian izan zen leherketa batek egindako txikizioak konpondu behar izan zituzten geroztik; konponketa lanek hiru urte iraun zuten, eta asko hobetu zuten gotorlekua.


1523. urteaz geroztik, guarnizioak egoitza finkoa hartu zuen Donostian. Bake garaian 500 gizon ziren; baina, mehatxurik izanez gero, izan zitezkeen 2.000 gizon ere, borrokarako prest. Donostiarrak militarrekin batera bizitzen ohitu ziren. Soldaduek Parte Zaharrean eratzen zituzten ilarak, eta hantxe egiten zituzten maniobra militarrak. Zalaparta batean ibiltzen ziren tabernetan, kalean barrena ere ibiltzen ziren... 1706 arte ez zuten kuartelik izan han bizitzeko, eta, beraz, partikularren etxeetan hartzen zuten ostatu, han oheak alokaturik. Kapitain jenerala, probintziako agintari militar nagusia, Hondarribian bizi zen, harik eta 1568an bizilekua Donostian hartu zuen arte.

Soldaduak eta donostiarrak ez ziren beti elkarrekin bakean bizi izan. Gehiegikeriak egin izana eta berek nahi baino gehiago tartean sartu izana egozten zieten militarrei udaleko agintariek. Horregatik, 1582an, Erregimentuak erregeari eskatu zion egin ziezaietela goi mailako ofizialei hiru urtero egoitza-epaiketa bat.

Erregeek berehala antzeman zioten Donostiaren ekinari eta lehiari, zerbitzu handiak eta sarriak egin baitzizkion Koroari, bai politikan eta bai alor militarrean; Donostia erregeen esker onaz baliatu zen probintzia osoaren gainetik gailenago agertzeko. Gainerako hiribilduen barneko tirabirez ere baliatu zen helburu horrekintxe. Beraz, Donostiak halako moduan indartu zuen bere izate eta garrantzi politikoa, non, XVI. mendearen hasieran Gipuzkoak hainbat agintegune baldin bazituen, handik bi mendera hautsia baitzegoen probintzia barneko oreka hori, eta Donostia bihurtua baitzen Gipuzkoako erdigune, bai administrazioaren, bai ekonomiaren, bai politikaren, eta bai indar militarraren aldetik.


Hiribilduek Gipuzkoako aginte erakunde nagusian -Batzar Nagusietan- zuten ordezkari kopurua *su* kopuruaren arabera zegoen banatua; alegia, hiribildu bakoitzaren barrutian zenbat herrixka eta *su* zeuden zenbatzen ziren, eta horren arabera erabakitzen zen ordezkari kopurua. Irizpide horri jarraituz, Donostiak, Segurak, Villafranca de Oriak eta, batez ere, Tolosak zituzten ordezkari gehien. Eta, beraz, "hiribildu nagusi" horiek zuten erabakiak hartzeko ahalmen handiena.

Hiribildu horiek probintziako agintean zuten nagusitasuna gogo txarrez hartu zuten beste hiribildu guztiek, aginpidetik baztertuak baitzeuden. 1517an protestan hasi ziren, botazio sistema eta, beraz, Batzar Nagusietan ordezkariak aukeratzeko modua aldatu beharra zegoela eskatuz. Protesta hark 1521 arte iraun zuen liskar handi bat sortu zuen, "Komunitateen arteko Gerra" esan zitzaiona. Erregea nahasmendu hartaz baliatu zen Batzar Nagusietan zuen aginpidea indartzeko: harrezkero, Batzar Nagusiak baliozkoak izango baziren, Korrejidoreak bileran egon beharra zeukan 2.

Liskar hartan, Donostiak erregearen alde egin zuen; erregeak aintzat hartu zion laguntza hura, eta bai saritu ere, 1522an, "Prestu eta Leial" titulua emanez. Liskar hura komuneroek galdu izanaren ondorioz, bai erregearen agintea eta bai Donostiako hiribildua bera gailendu egin ziren probintzian. Baina konpondu gabe zegoen hala ere liskar hura sortu zuen ezinegona, eta, beraz, probintziako aginpideari buruz hiribilduek elkarrengana zituzten aurkakotasunak eta ezinikusiak bizi-bizirik egon ziren mende osoan zehar.

XVII. mendearen hasieran, tirabira haiek liskarrak sorrarazi zituzten berriz, baina oraingoan hiribildu ahaltsuenen baitan. Haien mende zeuden herrixka asko zein bere hiribildutik bereizten hasi ziren. Tolosak, Segurak, eta Villafranca de Oriak 35 leku galdu zituzten. Eta leku horiek banako independente gisa sartu ziren Batzar Nagusietan. Donostiak eta beste hiribildu batzuek gogotik bultzatu zuten herrixken bereizte hura, "Hiribildu Nagusien" agintea ahuldu nahi baitzuten, haiek Batzar Nagusietan zuten nagusitasun politikoa gal zezaten.

Harrezkero, hirurogeita bost hiribildu bildu ziren Batzar Nagusietan. Bestelako oreka politiko bat nagusitu zen haren baitan, eta arestian aipatu diren hiru hirien boto kopurua asko gutxitu zen. Bestalde, hiribildu horien bereizitako lekuek Donostiaren alde ematen zuten botoa, haren zordun baitziren aurrez Donostiak eman zien laguntzagatik. Laguntza hori erabakigarria izan zen Donostiarentzat Pasaiako Portuan Donostiak zituen eskubideak Batzar Nagusietan eztabaidatu zirenean. 1615ean, Pasaiak eta Urnietak Donostiako eskumen barrutitik bereiztea eskatu zuten. Donostiak Koroako goi mailako agintariekin zituen harreman onei esker lortu zuten donostiarrek bi leku horiek bere baitatik ez bereiztea, beste leku batzuk bereizi ziren bezala 3.

Hurrengo urteetan, Donostiak gorantz egin zuen erregearen laguntzaz. 1662an, "Hiri Prestu eta Leial" titulua eman zion erregeak, eta, 1699an, "Hiri Txit Prestu eta Txit Leial" titulua. Ez da harritzekoa, beraz, Erregimentuaren eta Gortearen arteko harreman onak ikusirik, erregeak probintzian zuen agintari nagusiak, korrejidoreak, Donostian hartzea bizilekua XVII. mendean 4. Entzutegiak eta Diputazioak joera bera izan zuten.

Bi erakunde horiek egoitza Donostian jarri izanak hiriburu politikoa izateko bidean jarri zuen, berez, Donostia. Hala ere, donostiar askok ez zuen oso begiko korrejidorea Donostian etengabe egotea. Beldur ziren udaleko administrazioan eskua behar baino gehiago sartuko ote zuen, Pasaiako Portuari zegokion auzian batez ere.


OHARRAK

1
Ordenantza horien arabera, hautesle batek *millar* erdi eduki behar zuen; eta bi *millar*, gainera, aukeratua izan nahi bazuen. XVI. mendean zehar, *millar*ren jabe edo *millarista* izateko baldintzak gero eta gehiago zorroztu zituzten. Egoera hori ikusita, bizilagunek ez zuten hauteskundeetan parte hartzeko gogo handirik izaten. Aditu batzuek egin dituzten kalkuluen arabera, irizpide horrek donostiarren %2ra mugatzen zuen hauteskundeetan parte hartzeko aukera.

2
Era berean eskatu zuen erregeak hiribilduetako prokuradoreek gaztelania jakin zezaten, hitzez eta idatziz. Eskakizun hori aintzat harturik, Donostiako eta beste udalerri batzuetako handikiek berehala eskakizun hori bera ezarri zuten zeinek bere hiribilduetako erakundeetan.

3
Antonio de Aróstegui, Martín de Aróstegui, eta Antonio de Oquendo izan ziren, besteak beste, Donostiak aldi hartan Koroan izan zituen babesle ahaltsuak.

4
Ordu arte korrejidoreak "txandako lau hiribilduetan" hartzen zuen txandaka bizilekua -Donostian, Azkoitian, Azpeitian, eta Tolosan-, XVI. mendeko lehenengo hogeita bost urteetan ezarri zen ohituraren arabera.