ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Ekonomia zaharrak eta berriak





Erdi Aroko joan-etorrietatik

kolonietako ekonomiara


Ia XVI. mende osoan, Donostiak goraldi handia izan zuen merkataritzan, eta Erdi Aroko ibilbideen erabilerak goren maila iritsi zuen. Donostiako portuan salgaien joan-etorria areagotu egin zen, nahiz Donostiakoa apa1 samarra izan Kantauri aldeko portuen artean, eta bai inportazioek eta bai esportazioek gora egin zuten. Inportazio gehienak Frantziatik eta Ingalaterratik egiten ziren; era askotako salgaiak inportatzen ziren: lehengaiak, manufakturak, eta laboreak, gehienbat. Artilea, burdina eta altzairua ziren gehien esportatzen ziren gaiak.

Artilea XVI. mendeko esportaziorik jorienetako bat izan zen, eta Donostiako portua nabarmendu zen artilea esportatzen zuten Kantauri aldeko beste portuen artean. Nafarroako artilea esportatzen zuen gehienbat, eta baita Errioxakoa eta Aragoikoa ere; Nafarroakoa baino gutxiago, ordea. Bilbok, berriz, Gaztelako artile merinoa esportatzen zuen gehienbat. Portuetako esportatzaileek faktore gisa lan egiten zuten maiz barrualdeko artile merkatari handientzat. Donostiarrek harreman estua zuten Iruñekoekin. XVI. mendearen erdialdean aipatzekoak ziren artilearen salerosketan Luis Cruzat, Martín de Beroiz, eta Martín de Gúrpide.

Artilearen eskariak 1570etik 1580ra bitarte izan zuen bere goren maila. Geroztik, Flandriarekin eta Ingalaterrarekin izan zen gerrak bidea oztopatu zion Gaztelatik zetorren artileari. Nafarrek mugako zerga gutxiago ordaintzen zuten Donostian -dukat bat zaku bakoitzeko, eta gaztelarrek, berriz, lau dukat zakuko-, eta horri esker egin ahal izan zioten donostiarrek aurre krisialdi hari. Hurrengo urteetan, artilearen eskariak gora egin zuen Frantzian, eta, handik gutxira, Ingalaterran ere bai, eta horrela bihurtu zen Donostia portu nagusi artilea esportatzen zuten Kantauriko portuen artean. Nagusitasun horretan zerikusia izan zuten, orobat, Donostiaren lehiakideek, Bilbok, batez ere, izan zituzten estutasunek.

XVII. mendearen bigarren erdialdean, egoera hark azpikoz gora egin zuen. Bilboko portuak beretzat bakarrik hartu zuen artile merinoaren esportazioa. Baina, aldez aurretik, Urduñako pasabidea ireki zuen, eta handik bideratu zituen Gaztelatik zetozkion salgaiak. Donostiak, berriz, behin betiko galdu zuen Nafarroako eta Aragoiko artilea saltzeko aukera, aurreko mendean halako goraldia ekarri bazion ere. Portuetako zergak gehitu izanak ekarri zuen beheraldi hori 5. . Artile ekoizleek beste bide bat bilatzea erabaki zuten, zerga horiek ez ordaintzeko. 1654. urteaz geroztik, artilea lehorretik eramaten zuten Baionaraino, eta handik zuzen eramaten zuten Frantziako industrietara.
Burdina

Europako merkatuan zegoen benetako Euskal Herriko produktu bakarra burdina zen. Modu askotara merkaturatzen zuten: erdilandua, barretan, edo burdinkietan zeharo landua.

Urumea ibarreko burdinoletako eta Jaurerriko (Somorrostroko) meatzeetako burdina inportatzeko eta esportatzeko joan-etorriak Donostian gurutzatzen ziren. Bizkaiko minerala, zaina, Santa Katalinako ibai portuaren inguruan ainguratzen zuten ontzietan iristen zen. Handik, azpialdea laua zuten ala izeneko ontzi batzuetan Urumean gora eramaten zuten burdinoletaraino. Burdinola horiek bertako minerala ere lantzen zuten, baina Somorrostrokoak kalitate hobea zuen; Muskizekoak, batez ere. Hango sutegiak izen handia zuen bai beste sutegietan eta bai merkatuetan, eta, beraz, gipuzkoarrek eta nafarrek lehengai hura nahi izaten zuten beren burdinoletan. Olagizonek bertako burdin mearekin nahasten zuten labeetan Bizkaiko burdin hura.

Ala esaten zitzaien ontzi haiek ibaian beherako bidea egiten zuten, Santa Katalinaraino, barrualdeko burdinolek landutako burdina garraiatzen. Donostian bertan ere baziren burdingintzaren inguruko lantegiak: sutegiak, burdin dendak, arma dendak, eta ainguren saltokiak. Burdingaiak hiru lonjatan biltzen zituzten, eta han egoten ziren esportaziorako itsasontzietan noiz zamatuko zituzten zain. Santa Katalinako lonja edo biltegia zen bata, Kontxako portuari begira zegoena zen bigarrena, eta Pasaiakoa hirugarrena; azken hori Hondarribiko hiribilduarekin batera eraiki zuten.




XVI. mendean zehar, burdinaren negozioan sartuta zeuden profesionalek gero eta harreman estuagoak izan zituzten elkarren artean, eta burdingintzaren alor jakin batzuetan zebiltzanak beste alor batzuetan jarduten hasi ziren: batzuek burdinolak errentan jarri zituzten, edo burdina egitea eskatu zieten, batetik bestera oso klausula aldakorrak zituzten kontratuen bidez. Olagizon ahaltsu batzuk, bestalde, beren produktuak merkaturatzen hasi ziren. Batzuetan, irabazpide hutsez egindako ezkontzen bitartez lotu zitzaizkion elkarri Donostiako itzal handiko familia batzuk eta barrualdeko burdinolen jabeak. Donostiako handikiek estrategia guztiak baliatu zituzten burdingintzaren negozioan aurrera egiteko; negozio kopuruagatik eta beren ahalmen handiagatik, aipagarriak dira Juan López de Aguirre, eta Cruzat, Engómez, Elduayen, Goizueta, Lazón, Oquendo, eta Urnieta familiak.

Mende hartako azken hamarraldietan, Euskal Herriko burdingintzak gainbehera egin zuen, krisiak jota. Merkatuan Europako burdina berriak nagusitu ziren, eta Europako Iparraldean baztertu egin zuten Euskal Herriko burdina. Horrez gainera, itsasoan nagusi ziren nazioek elkarri egiten zizkioten gerrek eta kortsarioen bitarteko txikizioek hondamen handiak sortu zituzten Euskal Herriko merkataritzako ontzidian. Arrazoi horiek guztiak zirela eta, Europako Iparraldeko merkatuak itxi egin zitzaizkion Euska1 Herriko burdinari. Beheraldi hark hurrengo mende osoan iraun zuen.

Gainbeherak eta estutasunek hartara bultzaturik, donostiar batzuk berehala hasi ziren beste hautabide batzuk aztertzen, beste kontinente batzuek eta beste ekonomia batzuek eskaintzen zituzten aukerak aintzat hartzen. Geroztik, ekonomiaren birmoldatze hark arrakasta izan zuen azkenean, negozio gizon haiek erregearekin eta haren koloniekin zituzten harreman onei esker.


Kantauri itsasoan arrantzan ibiltzen ziren arrantzale apalak baxurako arrantzari esker bizi ziren; atunzuria, sardina, bisigua eta legatza harrapatzen zuten gehienbat itsasbazterreko arrantza mota horretan. Era horretara harrapatutako arraina Donostian bertan saltzen zuten. Alturako edo itsas zabaleko arrantza, berriz, tamaina handiko industria zen, eta kapital handiak behar ziren hartarako. Merkatariak edo ontzi jabeak izaten ziren arrantza mota horren eragileak, diru asko behar izaten baitzen Galiziara eta Irlandara egin beharreko bidaldiak finantzatzeko, eta, are gehiago, 1534-1540 urteez geroztik, Ternuara egin beharrekoak. Udaberria eta uda izaten ziren bakailaoaren arrantza aldiak; balearen arrantza aldiak, berriz, urtarrila arte luzatuz joan ziren.

Ternuako arrantza lekuetan bete-betean eta antolamendu jakin baten arabera arrantza egiten hasteak aldaketa handiak ekarri zituen arrantzaren sektorera. Espedizioek gero eta gehiago irauten zuten, gero eta ontzi handiagoak eta hobeto hornituak behar izaten zituzten 6. ... Alegia, kapital handiak behar ziren, eta ahalegin handiak egin zituzten, beraz, kapitalak biltzeko. Kapitain armadoreek, kapitalistek eta ontzi jabeek maiz elkar hartu zuten hasierako inbertsioari aurre egin ahal izateko. Ekinaldi hura arrisku handikoa zen, bistan denez: bidaldi luzea, piratak eta kortsarioak, eta izadiak bazter haietan berez sortzen zituen arriskuak -izotzak, batez ere-. Irabazien goseak bultzatzen zituen arriskuei aurre egitera, ia ehuneko ehunekoak izaten baitziren maiz irabaziak. Negozio hari halako etekin handia ateratzen zitzaiola ikusirik, aurki agertu ziren probintziako inbertitzaileak, eta baita mailegu-emaileak, lukurariak, eta aseguratzaileak ere. Emaitzek, hala ere, gorabehera handiak izaten zituzten.


Baleek urtero-urtero zeharkatzen zituzten San Lorentzoko Golkoko urak, eta arrantzale euskaldunak hara abiatzen ziren baleak harrapatzera. Balea oso aintzat hartua zen Erdi Aroaz geroztik, oso-osorik baliatzen eta merkaturatzen zelako. Lumera edo balearen koipea zen errentagarriena, argiterian eta oihalgintzan erabiltzen zelako. Baleazaleek berek destilatzen eta ontziratzen zuten lumera, Ternuan jaso zituzten lantegietan edo itsasontzian bertan. Adituen kalkuluen arabera, Euskal Herriko portuetara 20.000 upel lumera iristen ziren, batez beste, urtero. Euskal Herriko portuetatik ontzi txikiagoen bidez banatzen zituzten Ingalaterrara eta Flandriara. Lehorreko bideen bitartez, Iberiako Penintsulan barrena eramaten zuten Nafarroarantz, Aragoirantz, eta Gaztelarantz.

Ontzien luze-laburrak eta handi-txikiak agerian utzi zituzten Erdi Aroko portuen mugak. Pasaiako portua guztiz egokia nola baitzen sakonera handiko ontzientzat, hala bihurtu zen Gipuzkoako baleontzien portu nagusi. Pasaiatik abiatzen ziren kostaldeko hiribildu askotako ontziak arrantzara; eta, balea harrapatzeko aldia bukatu ondoren, Pasaiara iristen ziren berriz. 1580ko lekukotasun baten arabera, 13 edo 14 ziren Donostiatik Ternuara abiatzen ziren ontziak, eta ontzi bakoitzak 70etik 100 bat marinelera zituen, ontziaren tamainaren arabera. Haietatik, lau edo sei Pasaiako portu inguruko lekuek pleitatuak ziren: guztira, 300etik 500era gizon ontziratu zituzten, eta, 2.000 upelerainoko
edukiera zamatu zuten, denen artean, ontzi horietan.

Bakailaoa zen Ternuan harrapatzen zuten beste arrain nagusia. Bakailaotan aritzen ziren arrantzaleak Donostiara itzultzen ziren gero, eta handik bakailaoa probintzia osora banatzen zen. Merkatura atera aurretik, bakailaoa aldez aurretik landu beharra zegoen: umotu, gazitu, lehortu, eta fardeletan ipini. Lan horiek emakumezkoek egiten zituzten, Donostiako hareatzetan Zurriolakoetan, batez ere-.

Horretarako propio egokitutako txabola batzuetan eskuztatzen zuten bakailaoa. Emakumezko askok txabola horietan hartzen zuen bizilekua lan hark irauten zuen bitartean. Hasieran, txabola horiek ez zuten alde handirik sareak eta arrantzarako aparailuak gordetzeko erabiltzen ziren txosna ziztrinekin; askotan, zeharo utziak eta erortzeko zorian egoten ziren. 1540. urteaz geroztik, jendea bakailaoa aintzat hartzen hasi zenean, txabola haien balioa handitu egin zen. Nonahi ugaritu ziren, eta sekulako dirutzak ordaintzen zituzten haiek errentan hartzeko. Behin arraina egokitua eta prestatua zegoenean, joan-etorri handia izaten zen Zurriolako inguru hartan, mandazain asko biltzen baitzen han, fardelak mandoen gainean zamatu eta Nafarroara, Aragoira, eta Gaztelara bakailaoa saltzera abiatzeko.




Krisiak eta

birmoldatzeak

(1575-1700)




Historialari gehienen ustean, merkataritzak krisi handi bat izan zuen XVII. mendean, Donostiaren ekonomia gogotik zanpatu zuena. Ordu arte erabili zituzten merkataritzako bideek behera egin zuten, argi eta garbi; hala eta guztiz ere, ekonomiaren oinarriak, edo haien zati bat bederen, aurrekoak bezain irabazi handiko beste alor batzuetara bideratu zituzten.

1570etik eta 1580tik aurrera Europako potentziek elkarren artean izan zituzten gerrek burdingintzan aritzen ziren edo Ternuara espedizioak bidaltzen zituzten enpresa asko itxiarazi zituzten. Baina etorkizun handiko beste alor batzuk zabaldu ziren, erregearen zerbitzuan edo itsasoz haraindiko inperioan. Aldaketa eta eraberritze handiko garai hartan, elkarren lehian ibili ziren molde zaharreko eta molde berriko ekonomia, eta nahasmendu handia izan zen bazterretan.

Ontzigintza izan zen gerratearekin batera gora egin zuen ekonomiaren alorretako bat. Langintza horrek tradizio luzea zuen, Erdi Aroan baitzituen sustraiak. Ordu arte arrantza ontziak egitera mugatua zen langintza hori. Baina, XVI. mendearen bigarren erdialdean, ontzigileek gogotik ekin zioten neurri handiko itsasontziak egiteari, hori eskatzen baitzuten bezero berriek: Indietako itsasketan eta Erregearen Ontzidian negozioak zituzten merkatariek, alegia.

1563ko Erregearen Pragmatikarekin batera, Koroa bere ontzidirako eskariak egiten hasi zen maiztasun jakin batez. "Itsas Armada Garaiezinaren" hondamenaren ondoren (1588), Koroak gero eta eskari gehiago egin zituen, eta, gorabeherak izan baziren ere, 1680 arte ontzigintzak goraldia izan zuen 7. . Geroztik, halako geldialdi bat izan zuen.

Ordu arte, ontziolak Santa Katalina inguruan, Urumea ibaiaren ertzean eta Ergobia auzoan egon ziren. Lantegi txikiak izaten ziren, eta maisu arotzen ardurapean zeuden; arotz haiek itsas arotzak ziren -de ribera esaten zitzaien gaztelaniaz-, eta trebeak eta adituak izaten ziren ontziak bikeztatzeko langintzan. Aldi baterako egiten zuten lana ontzioletan, eta, arrantza ontzi txikiak egiteaz gainera, bestelako lanak ere egiten zituzten: arrantza, zurgintza...

Ontzi handiak egin beharrak profesionalizazioa ekarri zuen, eta orobat lan guztiak ontziola espezializatuetan bildu beharra. Ontzigileek berehala jo zuten begiz Pasaia, leku guztiz egokia baitzen ontziolak han kokatzeko. Enpresa gizon haiek itzal handiko jendea ziren: ontzi jabeak eta negozio gizonak, eta gehienbat merkataritzako irabaziekin pilatutako kapital handien jabeak. Harreman onak zituzten Itsas Armadarekin eta Gortearekin, eta, horri esker, abantaila handiak izaten zituzten kontratuetan. XVI. mendean, Miguel de Oquendo eta Juanes de Amézqueta ontzi jabeak gailendu ziren negozio haietan. Haren seme Martinek XVII. mendearen lehenengo erdialdean jardun zuen, Antonio de Lajust eta Francisco de Beroiz ere gailendu ziren garai berean. XVII. mendearen bigarren erdialdean, Miguel de Aristeguieta eta Ignacio de Soroa aipatu behar dira, eta, mende haren bukaeran, Pedro de Aróstegui eta Felipe eta Simón de Zelarain anaiak.

Ontzigintzaren bizitasun hark goraldia ekarri zuen harekin zuzenean edo zeharka zerikusia zuten alor askotara, lantegiak errentan jartzen zituztenengandik hasita. Lehengaien eta produktu landuen eskariak joan-etorri handia bultzatu zuen kostaldearen eta barrualdearen artean, ontziolak zurez eta burdinkiz hornitzeko. Donostian eta Pasaian, adibidez, Oiartzungo haraneko olagizon nagusiak bete-betean aritu ziren ontzigileentzat lanean, eta, horiez gainera, lanbide askotako maisuak ere bai: itsas arotzak, aroztegiko arotzak, bikeztatzaileak, ainguragileak, upelgileak, ontzietarako sokagile maisuak...

Austriatarren Inperioaren politika gerrazaleak beste irabazpide batzuk sortu zituen, eta donostiar saiatuenak erne egon zitzaizkien aukera berri haiei.
Bake garaian arrantza ontzien edo merkataritzako ontzien jabe izandako gizon batzuek ondo baino hobeto jakin zuten gerrak ekarri zituen aukerez baliatzen. Haien artean nabarmenetako bat kortsarioen jarduna izan zen, eta ospe handikoa, gainera, kortsario izandako asko heroien mailara jaso baitzituzten. Maisu askok eskuratu zuten itsasontziak armaz josteko eta Koroaren etsaiei erasotzeko baimena ematen zien erregearen agiria. Enperadorearen bermeak legezko bihurtzen zituen hura gabe piraten ekintza soilak besterik ez ziren txikizio haiek. Kortsarioek ez bakarrik ez zuten zigortuak izateko beldurrik; horrez gainera, harrapakin guztia berentzat hartzen zuten sari gisa. XVII. mendean, kortsarioen ekinak gero eta ugariagotu egin ziren, bai eta Amerikako uretaraino iritsi ere. Gerrako ekinaldi haietan gizon asko hil zen; handiak izan ziren, ordea, batzuek haietatik atera zituzten irabaziak.

Beste donostiar batzuk Erregearen Itsas Armadan nabarmendu ziren. Horietako asko itsasketan tradizio handia zuten familietatik zetozen; batzuk kortsario gisa ibiliak ere ziren garai batean. Inperioaren ontzidian sartu izanak amaiera bikaina eman zien haien karrerei. Oquendotarrak, lau anaia Echeverritarrak, Ugalde eta Orella anaiak... era askotako jardunetan ibiliak ziren goi mailako jendearen adibide garbia dira; tankera horretako gizonak iaioak izan ziren Koroaren zerbitzuan karrera bikain bat egiten eta, aldi berean, beren interes partikularren alde aritzen.

Garai horretan metatu ziren dirutza handiak ez zituzten, hala ere, inperioaren alde lan egindako leinuetako heroiek eskuratu; are gutxiago erregearen administrazioan nabarmendu ziren idazkari eragin handikoek. Aberastasunik handienak Euskal Herriko burdina kolonietara eramaten jardun zuten merkatariek eskuratu zituzten; haietako asko zeharo ezezagunak ziren.

Kolonizazioaren garaian burdin meatzeak ez zuen inolako bultzadarik izan Amerikan. Aldi berean, Erdi Aroaz geroztik jardun betean ari izan ziren Europako bideak zeharo trabatu eta oztopatu izanak hondoa jotzeko mehatxupean zeukan Euskal Herriko burdingintza. Merkatari handi gutxi batzuek Kontinente Berria begiz jo zuten, eta produkzioa alde hartara bideratzeko aukera aztertzen hasi ziren. Koroak laguntza eta bermea eman zion asmo horri: Amerika Euskal Herriko burdinarentzat gorde zuen, mugako zergei erregimen pribilegiatu bat emanez. Baina elite bat baizik ez zen gai halako negozio handietan sartzeko. Enpresa edo familia talde txikiak ziren haiek, beren ondarean burdinolen jabetzak edo errentak, edukiera handiko itsasontziak eta biltegiak Sevillan zeuzkatenak. Haien harreman sarearen baitan, bazituzten bizilekua Amerikan hartutako ahaideak ere, eta haiek arduratu ziren burdina Amerikan lehorreratu ondoren hura modurik errentagarrienean banatzeaz.

Itsasoz haraindiko lurraldeekiko merkataritzako harreman guztiak Sevillatik bideratu behar ziren nahitaez, hango Casa de Contrataciónek edo Kontratazio Etxeak baizik ez baitzituen ematen Amerikarekin salerosketan aritzeko behar ziren baimenak. Baina, aztarna askoren arabera, zilegi da esatea gipuzkoarrek harreman zuzena izan zutela Pasaiaren eta Amerikaren artean, legezko bideak saihesturik eta haiei jaramonik egin gabe.

Gipuzkoako burdingintzak ez zuen askorik parte hartu negozio horretan, Bizkaiko burdin kopuruarekin konparatuz gero. Baina, hala eta guztiz ere, Indietatik eta Sevillatik Donostiara iristen ziren salgaien zenbatekoak argi eta garbi adierazten du negozio horietan parte hartu zuten familiek ordu artekoekin parekorik ez zuten ondasun kopuru ezin handiagoak bereganatu zituztela 8. . Beste muturrean, salgaiak betidaniko merkataritzako bideetan barrena salerosten jarraitu zuten merkatariek -Cruzat, Pérez de Lazón, Pérez de Tolosa...- atzera egin zuten gizarteko mailan, haien negozioak gutxituz joan ziren ahala. XVII. mendearen bukaerarako, haien izenak ez zeuden jadanik Donostiako goi mailako familien zerrendan.


OHARRAK



5
Donostiarrek, ordea, erregeak zergak gehitu izanari egotzi zioten beheraldi hura; eta, beraz, hamarren zaharrari egin zitzaion %7’5eko gehikuntza eta 1654. urteaz geroztik zakuei ezarri zitzaizkien beste zerga batzuk kentzea eskatu zuten.

6
Bakailao ontziek 200 upeleko edukiera zuten; baleontziak, berriz, 200etik 500 bat upel artekoak. Haietako batzuk edukieraz 800 upel ere baziren, eta haiek izan ziren, inondik ere, garai hartako itsasontzirik handienak.

7
XVII. mendean ontzigileek monarkiarekin egin zituzten kontratuak asiento esaten zitzaion modu berezi batean egiten ziren: ontzigileak gastu guztiak aurreratzen zituen, eta eskaria hitzartutako epearen barruan bukatzeko konpromisoa hartzen zuen, aldez aurretik ezarritako prezioan. Kontratu mota horrek kreditua izatea zekarkion Koroari; ontzigileak, berriz, bere gain hartu behar zituen arrisku guztiak.

8
Gipuzkoara leku horietatik iristen ziren salgai gehienak Donostiara iristen ziren, baina horrek ez du esan nahi donostiar familientzat bakarrik zirenik. Uste izatekoa da, hala ere, bai Donostia eta bai Pasaiako portua guztiz indartu eta gailendu zirela, eta haiek zirela finantzagune nagusiak probintziako negozio gizonentzat.