IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  Handikiak eta boterea

Handikiak eta boterea


XVI. mendearen bukaeran hasi ziren gorabehera ekonomikoek Erdi Aroko merkataritzako bide joriak hondatu zituzten, eta salgaiak bide haiexetatik garraiatuz aberastu eta gizarteko mailan gora egin zuten handikiak ere haiekin batera hondoratu ziren.



Negozio askoren porrotak ordu arte Donostiako aginpide politikoaren eta sozialaren goren mailan egon ziren handikien gainbehera ekarri zuen, beren ondasunak galtzearekin batera.

Merkataritza ito zuen gerrate hark berak aberasbide berriak sorrarazi zituen beste batzuentzat. Aukera haiek irispide zabalekoak ziren, eta zeharo gainditzen zuten Donostia eta haren inguruetako negozio esparrua: kortsarioaren jarduna, Erregearen Itsas Armada, Indietako ontzidia, eta ontzigintza; Gorteko administrazioko jarduna ahaztu gabe. Garaile berri haiek bazuten ezaugarri berezi bat, ordu arte beren lekuan egon zirenengandik zeharo bereizten zituena: Koroaren helburuei eta Kolonietako Inperioari zeharo atxikiak egotea.

Itzal handiko bihurtu berri zen jende haietako asko jatorri ilunekoak ziren, baina horrek ez zien inolako trabarik egin gizarteko mailan gora egin zuten igoaldi ezin bizkorragoan. Donostiako antzinako aristokratek, ordea, zeharo erdeinatu zituzten etorri berri haiek. Goi mailako gizartea berritzeko prozesu hark Erdi Aroko leinu askoren hondamena ekarri zuen. Abizen tradizional asko behin betiko desagertu zen urteko liburuetatik. Haien artean, gutxi batzuk besterik ez ziren izan, mailaz igotzeko eta aberasteko modu berriei muzin egin gabe, garai berrietara moldatzen jakin zutenak. Berástegui, Engómez, eta Beroiz familiak, besteak beste.

Bai horientzat eta bai gizarteko mailaren gorenera iritsi berrientzat, familiak eratzen zuen talde zabala oinarri ezin sendoagoa zen beren maila ondo finkatzeko. Harremanak ezkontza bidez ondo baino hobeto aukeratuz eta indartuz, haien negozioek gora egin zuten. Maiz gertatzen zen aitaginarrebek eta suhiek jarduera ekonomiko osagarrietan parte hartzea, lotura batez baino gehiagoz elkarri loturik. Olagizonen eta merkatarien arteko hitzarmena gizaldiz gizaldi egon zen finkatua. Hurrengo mendeetan, handikiek beste era bateko hitzarmenak, loturak, eta harremanak egin zituzten elkarren artean: kortsarioak Amerikako merkatariekin, arrantzako enpresa gizonekin edo ontzigileekin ahaidetu ziren.






Gizartea, kultura eta

eguneroko bizitza Donostia





Gipuzkoako artzapezpiku barrutiaren barruan zegoen, eta barruti hori, berriz, Iruñeko elizbarrutiaren baitan. XVI. mendean, eliza katolikoak Trentoko Kontzilioa izan zuen gertakari nagusia. Pedro Pacheco apezpikua (1539-1545) izan zen Donostiako bazter hauetan kontzilio hartako irakaspenen zabaltzaile nagusia. Hura eta haren ondorengoak behin baino gehiagotan bildu ziren eliztarrekin, eta bilera haietan gogotik saiatu ziren Trenton salatu ziren apaizen gehiegikeriak geldiarazten, eta predikazioaren eta kristau ikasbidea irakatsi beharraren alde mintzatu ziren.

Inkisizioak begiz jo zuen Donostia, bertakoek, merkataritza zela bide, Europarekin zituzten harremanen gerizpean luteranismoa sartuko ote zen beldurrez. Donostiarrek, ordea, ez zioten jaramonik egin Luteroren doktrinari. Donostiak bete-betean bizi izan zuen kontzilio hartako elizgizonek abian jarri zuten erreforma katolikoa. Donostiako antzinako monasterioek aintzat hartu zituzten berrikuntza haiek. San Bartolomeko lekaimeak klausuran itxi ziren, baina askoz geroago, 1563 inguruan. Donostiako familia nagusietako batzuek komentuak sortu zituzten harresien barruan eta kanpoan, garai hartako erlijio ordena ospetsuenen eskutik: San Telmo (domingotar lekaideak, 1531), San Sebastian Antiguakoa (domingotar lekaimeak, 1546), San Frantzisko (frantziskotarrak, 1606), Jesusen Lagundiaren ikastetxea (1619), eta Santa Ana (karmeldar oinutsak, 1663).

Kabildo bakar batek administratzen zituen Santa Maria eta San Bizente parrokiak, baina lehenengoa bestea baino gorago zegoen mailaz. 1580an, Pedro de Lafuente apezpikuak parrokia bakoitzaren esparruak mugatu zituen. Bi bikario ziren esparru haien arduradunak, kabildo horrek eta udalbatzak aukeratuak; azkenik, apezpikuak onetsi behar zituen hautatuak. Hamarrenak eta *hasikinak* -elizari zerga gisa ematen zitzaizkion fruituak eta abereak- ziren bi eliza horien irabazpide ekonomikoak, fundazio elizkoiek biltzen zituzten diruez gainera: urteurrenak, ondare emateak, eta emaitzak. Pasaiako San Pedron eta Altzako San Martzialen biltzen ziren *hasikin* guztiak ere bi eliza horiek eskuratzen zituzten, hiribilduko jarduera ekonomikoak aspaldi-aspalditik ezarrita zeuzkan zergen eskubideez gainera 9.



Ordenak eta kabildoak mokoka eta liskarrean ibili ziren behin baino gehiagotan, beren eragina eta itzala gizartean ahalik eta gehien zabaltzeko grinaz. 1619an Jesusen Lagundia Donostiara iritsi izanak ondo asko argitzen du kontu hori. Zinegotzi talde batek deituta kokatu ziren jesulagunak Donostian, Santa Anako basilikan eskola baten ardura bere gain har zezaten. Jesulagunen etorrerari halako aurkakotasunez eta indarkeriaz egin zitzaion aurre, non 1627 arte ezin izan baitzuten Donostian behar bezala egoitza hartu.

Erlijiozko ospakizun handietan ere berehala sortzen ziren batzuen eta besteen arteko susmo txarrak. Handikiak eta bazkunak oso sentikorrak izan ziren halakoetan, eta arreta handiz aztertzen zituzten ospakizun horietan zein lekutan egon beharra egokitu zitzaien, zer nolako sinboloak agertuko ziren, zein ordenatan hartuko zuen talde bakoitzak parte... Zeren eta, azken finean, era horretako elizkizunek aukera paregabea eskaintzen baitzuten nork bere burua edo bere taldea eta nork bere aginpidea eta ahalak jendaurrean erakusteko.

Goi mailako jendeak urruti zituen jomugak eta helburuak, arestian esan dugunez: Gortea, Itsas Armada, itsasoz haraindiko lurraldeak, eta, oro har, beren familien edo negozioen adarrak noraino iritsi, hara zituzten jarriak beren begiak. Bitartean, donostiar gehienen zereginak –herri xehea, edo, gaztelaniaz esaten zitzaion bezala, *el común*- ez ziren ia inoiz Donostiako mugetatik harago joaten. Kofradien, parrokien, auzoko edo kaleko auzo bilkuren eta era horretako jende biltzeen muga estuen barruan igarotzen zuen herri apalak bere bizitza.

Itsas bidezko joan-etorrian parte hartzen zuten profesional eta langile soil guztiek Santa Katalinako Itsasgizonen Kofradian aurkitzen zuten babesa; XII. mendekoa zen kofradia hori. Azken Erdi Aroan izan zuen garairik gorena, bere kideen eskubideen alde gogotik esku hartu behar izan baitzuen garai hartan. Kaiak mantentzea eta konpontzea, kaiak garbitzea eta itsas bidezko joan-etorria zaintzea ziren haren eginkizun nagusiak. Bere bazkideen ongizateaz ere arduratzen zen: behartsuei lagunduz, hiletak prestatuz... Dirua bildu ere zuen turkiarren mende erori eta haien eskuetan preso zeudenak erreskatatzeko.

San Pedroko Kofradia 1491n sortu zen, eta aurrekoaren mendekoa zen. Maisuen edo ontzi jabeen zerbitzuan zegoen. Erlijioak garrantzi handia zuen haren eginkizunetan, baina arrantzaren kontrola eta salmenta eta horrelako zeregin ekonomikoak ere haren esku zeuden. La Mota gazteluan su bat edo argiontzi bat ipinia zeukalako zen batik bat ezaguna kofradia hori; argi hori itsasargi gisa erabiltzen zuten itsasontziek, porturako bidean. Estutasunetan zeuden bazkideei ere laguntzen zien, eta, oro har, Donostiako behartsu guztiei.

Gainontzeko lanbideetako eskulangileek zeinek bere ermandadea zuten. Den-denek hiru zeregin nagusi izaten zituzten: lan arauak antolatzea, kideei erlijioaren bidez laguntzea eta gizartean bizi ahal izateko laguntza ematea. Donostian ugariak ziren ermandadeak, Europa modernoko hirietan bezalaxe, eta gizartekotzeko sare estu bat eskaintzen zieten herritarrei. Kofradia eta ermandade haiek hierarkia eta korporazio kutsu handia eman zioten Donostiari.
Donostian bizi

Osasunaren egoera txarrak eta hondamenek eragin kaltegarriak izaten zituzten maiz donostiarren bizitzan. Izurri bubonikoa portutik sartu zen Donostian 1597an, eta hurrengo bi urteetan sekulako txikizioak egin zituen: 650 hildako Donostian, eta 364 Pasaian. Suteek hondamen izugarriak egiten zituzten, 1489ko Ordenantzek suteen aurkako neurriak hartzera behartuagatik. Donostia lau aldiz erre zen bi mendetan: 1512an, 1524an, 1630ean, eta 1688an.

Hirigintzan aldaketak izan ziren. Erregimentuak iturri eta putzu berriak eraiki zituen, eta Morlansetik eta Olarayatik ura ekarri zuen harresien kanpoalderaino. Kale batzuk ere harriztatu zituen. Gero eta etxe gehiago eraiki ziren adreiluz edo harlanduz, sugarrak zabal ez zitezen udal arautegiak agintzen zuena betez. Eraikinen altuera igo zuten, lau solairutik bost solairura, eta haietako batzuetan komun moduko batzuk ipini zituzten: zuloak besterik ez ziren, zuzen-zuzenean beheko solairuko eskortara isurtzen zutenak.

Nobleek hiriko plazara aldatu zuten beren egoitza, hura baitzen berez paseatzeko eta gizarte harremanetarako leku egokiena. Harrizkoak zituzten etxeak, burdin landuko balkoiekin. Gela asko izaten zituzten etxe barruan, bai eta sotoak, usategia, putzua, baratzak, eta labea ere. Altzari eta jantzi aberatsak zituzten, eta zaldiak eta zalgurdiak ere bai. Kristala ez zuten ia-ia erabiltzen garai hartan, ezta jauregietan ere, eta paper ezkoztatuarekin edo argizariz estaliarekin ixten zituzten leihoak. Goi mailako klaseek hiru otordu egiten zituzten egunero, eta txokolatea hartzen zuten gosaltzeko. Haien jakietan herri xehearenetan baino askoz proteina gehiago izaten ziren. Herri xeheak, berriz, ogia jaten zuen gehienbat; batez ere, garagarrez egindako ogi biribilak. 700 gramokoa zen pertsona bakoitzak egunero jaten zuen ogi kopurua, eta, horrez gainera, olioarekin, urdaiarekin, eta egoskari batzuekin egindako eltzekari bat ere bai, sagardoarekin edo ardoarekin batera. Gauean, arrain pixka bat edo bakailao pixka bat afaltzen zuten.

Herritar gehienek soldatatik ateratzen zituzten beren errentak. Zein lanbide zuten, hartara diru gehiago edo gutxiago irabazten zuten, eta eskulangileei sagardoa ere ematen zitzaien, diru soldataz gainera. Eguneko soldata 2 errealetik 5era bitartekoa izaten zen. Pertsona bakoitzak erreal bat gastatzen zuen egunean jaten, eta, beraz, soldata bakarrarekin nekez manten zitekeen familia osoa.

Nekez jakin daiteke, baita ere, orduko jendea zenbateraino zen ikasia eta eskolatua, horri buruz ez baitzaigu garai hartako berririk ia iritsi. Badakigu XVI. mendean bazela Donostian itsasketako eskola bat, Santa Katalinako Kofradiak antolatua, eta Andrés de Poza lizentziadunaren ardurapean. 1606an, Erregearen Agindu batek manatu zuen ireki zedila "Gipuzkoako, Bizkaiko Jaurerriko, eta Lau Hiribilduetako Marinelen Mintegia", marine1 gaituak presta zitzan, eta, hartara, gero Erregearen Itsas Armadan ari ahal izan zitezen.

Aristokraten semeek baizik ezin zituzten goi mailako ikasketak egin, eta apaiz izateko ikasketak edo lege ikasketak aukeratzen zituztenek Salamancako Unibertsitatera joan behar izaten zuten. Harresi barruko Santa Ana basilikan eginak izango zituzten, seguru asko, oinarrizko ikasketak, han ematen baitzizkieten eskolak ume txikiei.

Lan egutegian erlijio jai asko zeuden, eta jai haiek zorrotz betetzen zituzten, lanik egin gabe: igandeak, Korpusa, eta Elizaren beste festa nagusiak; baina orobat kofradien patroiak, erregutze bereziak... Jai horiek denak hots handiz eta kale agerraldi bikainez ospatzen ziren, garai hartako eliz jaiera barrokoak ohi zuen bezala. Ospakizun laiko batzuk, ordea, elizakoak baino goragokoak izaten ziren, handitasunez, distiraz, eta bikaintasunez. Hala, esate baterako, erregearen familiako norbait Donostiara etorri zen hiru alditan egin ziren ospakizunak, 1565ean, 1615ean, eta 1630ean 10. Donostia eta donostiarrak gogotik apaindu ziren erregearen familiako kideei ongietorria egiteko; su festak, su armez egindako ohorezko agurrak, sokamuturra, eta prozesioak antolatu zituzten, besteak beste, bisitarien eta bertakoen aisiarako.

Sokamuturra eta zezenak ziren donostiarren denbora-pasarik maiteenak. Udako hilabeteetan lau zezenketa egiten ziren. Jai egunetan, gazteak merkatuko plazan biltzen ziren txistuaren eta danbolinaren hotsaz dantza egitera. 1489ko Ordenantzek debekatuta zeukaten jokoa, baina donostiarrek gogotik jokatzen zuten ezkutuan, bai diru kopuru handiak jokatu ere, eta, askotan, negozioak eta tratuak jokoaren lagunartean egiten zituzten. Donostiako handiki jendea ere jokozale amorratua zen.

XVIII. mendea hasi zenean, nahasmendu eta gorabehera handiak zituen Donostiak, bai ekonomian eta bai gizartean. Hurrengo gizaldia distiratsua izan zen; historialari guztiak bat datoz horretan. Kapitulu honetan ikusi dugu nola jarri ziren 1800eko loraldia ekarriko zuten oinarriak. Prozesu hartan ezbeharrak, ezurteak, eta gertakizun latzak ere izan ziren, baina, oro har, ondorioak emankorrak izan ziren: muga berriak ireki baitziren Donostiarentzat, eta donostiarrak gogotik ahaleginduko ziren egoera itxaropentsu hari etekin handiak ateratzen.


Emakumeak zenbat eta apalagoak bizi mailaz, orduan eta gehiago lan egin behar izaten zuten. Emakume askok oso lan gogorretan jardun behar izan zuen; Pasaiako batelariak, adibidez, arraunean zebiltzan badiako bazter batetik bestera joaten ziren ontzietan; beste emakume batzuek beren senarrei laguntzen zieten kaietan fardelak zamatzen. Elikagaiak prestatzeko lanak ere emakumezkoek egiten zituzten gehienbat -ogia eta bizkotxoak egiten marinelentzat, bakailaoa prestatzen txaboletan...-, bai eta ostatuetako lanak, ura garraiatzea, eta antzeko lanak ere. Emakumeek gizonen soldataren erdia edo laurdena kobratzen zuten gehienetan.

Eskaleak edo erlijioz, arrazaz edo kulturaz desberdinak zirenak gizartetik baztertu egiten zituzten garai hartako Gipuzkoan. Testuinguru hartan, Donostia jarrera irekiagoa izateagatik nabarmendu zen bere ingurunetik,
itsasketan eta merkataritzan mendez mende jardun izanaren eraginez, ziur asko.

Donostian atzerritar askok hartu zuen bizilekua, frantsesek batez ere. XVII. mendean zehar, Europako merkataritzaren krisiak, nazioarteko konkurrentziak, eta gerrek xenofobiarako halako joera bat sortu zuten donostiar batzuengan. Jakin ahal izan da, orobat, esklabo beltz batzuk salerosi zirela Donostian, handikien neskame-morroi izan zitezen.

Eskaleek eta gaixoek 1485. urteaz geroztik San Martin auzoan zabalik zegoen San Lazaro ospitalean zuten babes etxea. 1538an San Antonio Abad ospitalea Santa Katalina inguruan eraiki izanak indartu egin zituen Donostiak gizarteari eskaintzen zizkion babesak. 1592. urteaz geroztik, ospitale hori Itsas Armadako gaixoentzat erabili zen, Felipe II.ak berariaz hala aginduta.




OHARRAK

9
Alegia, Donostian aingura botatzen zuen ontzi bakoitzaren irabazien ehuneko bat, kairatzeko eskubideen zati bat, 4 marabedi Donostiatik ateratzen zen salgai-karga bakoitzarengatik, 2.000 marabediko errenta urtean, erregeak emana (San Bizente). Donostian ontziratzen zen burdinagatik ordaindu behar izaten zen hamarrena ere bi eliza horiek jasoko zuten, seguru asko.

10
1565ean, Isabel de Valois frantses printzesa Donostiatik igaro zen, Espainiara iritsi baitzen Felipe II.arekin ezkontzera. 1615ean, Felipe III. a eta haren alaba Ana Austriakoa, Frantziako Luis XIII.arekin ezkonduko zena, Donostiatik igaro ziren. Azkenik, Felipe IV.a eta haren alaba Mª Teresa, Frantziako Luis XIV.arekin ezkonduko zena, Donostian izan ziren.