![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
III Zoriaren gurpila: 1700-1864 Miguel Artola Goian Kapitulu honetan aipatuko den garaian, ehun eta berrogeita hamar urte pasatxo, donostiarren zoriak bat-bateko jirabirak egin zituen, batzuetan alde eta besteetan kontra. XVIII. mendea urrezko aroa izan zen Donostiarentzat, eta haren distirari argi eta garbi antzematen zaio Santa Mariako basilikaren arkitekturan. Baina, mende horren bukaeran, gerra eta inbasio garai bat hasi zen; Donostia zeharo porrokatua gelditu zen, eta donostiarrak, berriz, miseria gorrian. Donostia lur jota gelditu zen, beraz; haren balentriak eta egite handiak iraganeko kontuak ziren ordurako, baina, halako batean, zer-nolakoek beste urrezko aldi batera goratu zuten. Zoria halakoxe modu aldakorrean txandakatzea, ustez inolako trantsiziorik gabe, Fortuna jainkosak egina baizik ezin zitekeen izan, nonbait.
|
Gotorlekua
Karlos II.arekin bukatu zen Austria etxearen ondorengotza Espainiako tronuan, ondorengo zuzenik gabe hil baitzen. Bera hil ondoren potentzia handiek Inperioa erdibanatuko zuten beldurrez, Karlos II.ak oinordeko sendo bat bilatu zuen hil aurretik, bere familiaren interesak alde batera utzita. Anjouko duke eta Luis XIV.a Frantziako erregearen biloba Feliperi eman zion erregetza -gerora Felipe V.a izango zenari-, hark halako lurralde handi-zabala desegiten utziko ez zuelakoan. Oinordeko hori izendatzeak larritasun handia sortu zuen Europako agintari guztiengan. Inperioa Borbon etxearen esku gelditu zen, beraz: Frantzian agintean zegoen dinastia beraren esku. 1701eko urtarrilaren 22an, Felipe V.ak geldialdi bat egin zuen Donostian, Madrilera bidean. Geroago, foruak beteko zituela zin egin zuen Batzar Nagusien aurrean, eta euskal probintzien pribilegio bereziak berretsi zituen 1704ko otsailaren 28ko Errege Zedularen bitartez. Baina errege berriak ez zuen erregetza bakezko giroan hartzerik izan. Tronua eskuratu ahal izateko, errege berriak gerra egin behar izan zuen, bai Italian eta bai Iberiako Penintsulan. Gerra hark ez zuen Gipuzkoan oihartzun berezirik izan, ezpada gudarosteak handik igaro zirela. 1713an Utrechteko ituna sinatzeak bakea ekarri zuen, baina potentzia handiek ez zuten itun hura askietsi. Frantziak ere errege berri haren nahikariei aurre egin behar izan zien, nahiz frantsesa zen, eta erasoa jo zuen, odol loturak alde batera utzita. Frantziak Berwickeko dukea bidali zuen Espainiara, 26.000 gizon bere agindura zituela, eta, 1719an, muga zeharkatu zuten Beratik. Ahalik eta kalte eta txikizio handiena egiteko agindua eman zieten. Irun, Hondarribia, eta Hernani mendean hartu ondoren, uztailaren 1ean Berwick Aieten kokatu zen, eta setioan jarri zuen Donostia. Handik hilabetera, donostiarrak errenditu egin ziren. Frantsesek ez zuten donostiarrik hil, eta haien ondasunak, libertateak, eta burujabetza errespetatu zituzten. Frantsesen erasoa odolgiroa izan ez bazen ere, militarrek txikizio handiak egin zituzten, eta, haiek egon ziren bitartean, izurriek jende asko hil zuten Donostian. Frantsesek bi urtez eduki zuten Donostia beren mendean. Haiek alde egin eta gero, Felipe V.ak harresiak konpondu eta hobetu zituen, Próspero Verboom flandriar ingeniariaren planoen arabera. Zurriola aldeko harresi berria izan zen haren berrikuntza nagusia. Donostia hiri gotortua zenez, hantxe bizi izan zen 1646. urteaz geroztik kapitain jenerala edo probintziako buruzagi militar nagusia. Urte hartan aldatu zuen egoitza Hondarribitik Donostiako Amezketa etxera, izen bereko dorretik hurbil. Komandante nagusia -brigadierra- eta alkaidea edo gazteluko komandantea -kapitaina- ziren Gipuzkoako gainerako agintari militarrak. Konpondu gabeko arazoa zen oraindik soldadu multzo handi hari hirian nola ostatu eman. Garaiak bakezkoak izan ala liskartsuak izan, hartara izaten ziren 500etik 2.000ra soldadu Donostian. Gazteluan alkaidearentzat eta 200 bat gizonentzat baizik ez zegoen lekurik, eta horiek Macho esaten zaion lekuan zuten bizilekua. Urgull mendian bazen beste kuartel bat, San Joango kuartela, hiriaren aldera, baina, 1740an, soldaduz hustu zuten, erortzeko bidean zegoelako. Badakigu harresietatik kanpo beste bi kuartel ere bazirela: San Rokekoa bata eta "Presidiokoa" bestea, harresiaren ondoan. Ez batak eta ez besteak ez zuten armetarako patiorik, eta, beraz, soldaduek Plaza Zaharrean egiten zituzten, ordu arte bezala, beren ariketak eta maniobrak, zibilen ukondoz ukondo. |
|
Lehorreko komunikabideak oso kaskarrak ziren. Nola oso gaizki eginak eta ezin okerrago zainduak zeuden, zama arineko salgaiak besterik ezin ziren haietatik eraman. Bide zolaren egoera txarrak sekulako astinaldiak eragiten zizkien salgaiei, eta, beraz, oso sendoak izan beharra zeukaten gorabehera haiekin ez hondatzeko. Irinak, egurra, lingoteak, haragi-arrain gazituak, armak... eta era horretako salgaiak baizik ez zituzten garraiatzen bide haietatik. 1760tik 1775era bitarte, Gipuzkoako probintziak Ibilgailuen Errepidea eraiki zuen: Madrilgo Gortea eta Irun -eta Paris- lotzen zituen bidearen azken tartea, alegia. Francisco de Iberok proiektatu zuen errepide hura. Gipuzkoako bi portu nagusiak Donostian bazeuden ere, Iberok ez zuen Donostia aintzat hartu bere errepiderako. Donostiara errepide hartatik joateko, bigarren mailako bi bidetatik desbideratu beharra zegoen, Hernaniko Bidetik edo Errenteriako eta Herrerako galtzadatik.
Lehorreko komunikabideak asko hobetu zituen ibilbide berri hark. Baina, hala eta guztiz ere, itsaso bidezko garraioa lehorrekoa baino askoz ere hobea zen. Inguru haietako porturik onena, Pasaia, Donostiak zeukan, eta, hari esker, probintzia osotik kanpoaldera zihoan merkataritza osoa monopolizatu ahal izan zuen. Aurreko kapituluetan aipatu dugu Gipuzkoan labore gutxiegi zegoela bertako biztanleak ase ahal izateko. Erdi Aroaz geroztik, kanpoalderako salerosketa alea erostera zegoen bideratua, gipuzkoarrek jatekoa izan zezaten. Gipuzkoarrek eta donostiarrek Lapurdira jotzen zuten gehienbat, eta han betetzen zituzten beren ontziak gariz, garagarrez, eta zekalez. Ordainketen balantza, ordea, desorekatua zegoen. Gipuzkoatik eramaten ziren salgaiek ez zuten dagoeneko interes handirik sortzen Europako merkatuetan, eta haien salmentak ez zuen ematen atzerritik ekarritako hornigaiak eta bizigaiak ordaintzeko lain. Aurreko mendeetan, Euskal Herriko burdina landua oso estimatua zuten Europan, baina, 1752rako, Europako beste burdin mota batzuek gaina hartua zioten Euskal Herriko burdinari. Ondasun handirik ez baitzuten Europan salgai eskaintzeko, gipuzkoarrek eta donostiarrek bitartekotza zerbitzuekin ordaintzen zituzten inportazioak; alegia, Nafarroako eta Aragoiko salgaien salerosketan jardunez. Ez daukagu salerosketa haien kopurua neurtzerik. Ez dago batere garbi ezta ere jarduera haiek sortzen zituzten irabaziek halako defizit handiak berdindu ahal izango zituztenik. Baina gauza ziurra da, nolanahi ere, Gipuzkoa, nekazaritzaren aldetik urria bazen ere, nahikoa eta gehiago hornitua zegoela itsasoz. Aise antzeman daiteke ordainketen eta irabazien arteko balantza horretan bazegoela kontu sail bat erabakigarria; irabazi gehienak ematen zituena, baina aldi berean ezkutuena: kontrabandoa. Erregea portuetako irteerak eta sarrerak zorrotzago kontrolatzen saiatu zen. Finantza publikoei egiten zitzaien iruzurra gelditzeko erabaki sendoa hartu zuen Borbon etxearen administrazioak, eta, beraz, aduanak kostako lerrora eraman zituen, aduanak portuetan kokatuz errazago zaindu eta ikuskatu baitzitzakeen salerosketako harreman guztiak. 1718ko otsailaren 13an, Campofloridoko markesak Donostiako aduanak inauguratu zituen, eta, handik astebetera, Bizkaikoak. Estatuak bertakoen pribilegioak errespetatu eta bete zituen betiere; alegia, bai alea zergarik ordaindu gabe ekarri ahal izatea eta bai burdina esportatzerakoan ere zergarik ez ordaintzea. Alferrik izan zen, ordea: Bizkaia eta Gipuzkoa matxinatu egin ziren, eta Batzar Nagusiek, matxinatuekin ados egonik, ez zuten ezer egin matxinada hura zapaltzeko. Berwickek Donostia mendean hartu zuenean, ez zen bete mugak lekuz aldatzeko erabakia. Frantsesek alde egin zutenean, Espainiako agintariek mugak berriz barrualdera eramatea erabaki zuten, Ebrora, eta han ezarri ziren 1722ko Errege Agindu baten bitartez. Kontrabandoak indarrean jarraitzen zuen, eta Espainiako Finantzen Idazkari Patiñok Gipuzkoako probintziarekin negoziatu zuen, kontrabandoari aurre egiteko eta haren eragina mugatzen saiatzeko. Patiñok, azkenean, lortu zuen Batzar Nagusiek bere gain har zezaten kontrabando mota zabalduenetako baten aurka borrokatzeko konpromisoa: Baionatik eta Donibane Lohitzunetik ekarritako tabakoaren kontrabandoaren aurka. Konpromiso horren ordainetan, Gipuzkoak Amerikatik kolonietako salgaiak inportatzeko baimena lortu zuen: kakaoa, banilla, txokolatea, azukrea, kanela...2. Gipuzkoarrek berehala sumatu zuten Amerikako portuekin tratuak zuzenean egin beharra zeukatela, salerosketa hari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, zeren eta salgai berberaren prezioak alde handia baitzuen Amerikan erosiak izan ala Cádizen erosiak izan. Baina, halako ekinaldi handiak aurrera egingo bazuen, Erregeak ontzat eman beharra zeukan, eta, gainera, ordu arte sekula behar izan ez ziren dirutzak behar ziren. Gipuzkoarrek Holandako eta Ingalaterrako Indietako Konpainien eredua hartu zuten. 1728an, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia sortu zuten. Akzio bidezko merkatari elkarte bat zen hura, Venezuelara urtean bi ontzi bidaltzeko ahalmena zeukana, kolonietako salgaiak salerosteko 3. Amerikatik itzultzerakoan, bi ontzi horiek Cádizetik igaro beharra zeukaten salgaiei zegozkien eskubideak ordaintzeko. Koroak kortso zeritzan agiria eman zion Caracasko Gipuzkoar Konpainiari; alegia, gobernuaren babesean kortsario gisa erasoaldiak egiteko baimena eman zion, hori baitzen kortso agiri hura. |
Era horretara, Koroak aukera egokia zuen Venezuelako kostetan aritzen ziren holandar kontrabandisten aurka ekiteko. Caracasko Gipuzkoar Konpainian baziren 300 tonatik gorako edukiera eta suzko 50 aho zituzten fragatak -Venezuelara urtean bitan bidal zitzaketen merkataritzako bi ontziak-; baziren gaztelaniaz jabeque eta euskaraz xebeka esaten zitzaien hiru mastako ontzi itsasbazterrekoak, arraunez ere bazebiltzanak, eta bailandrak ere bai; bi ontzi mota horiek 10 kanoi edo gutxiago zituzten, txikiak eta bizkorrak ziren, eta haiekin aise egiten ziren maniobrak. Fragata handien lagun joaten zen ontzidi laguntzaile bat zen hura. Behar izanez gero, babesa ematen zieten, eta, gainera, erraz sartzen ziren Ameriketako ibaietan eta itsasadarretan. Konpainiak berak egin zituen bere ontziak Pasaiako ontzioletan.
Ekinaldi hark arrakasta handia izan zuela ikusita, Koroak pribilegio gehiago eman zizkion. Hurrengo urteetan, Cumanára eta Margarita eta Trinidad uharteetara zabaldu zuen Caracasko Gipuzkoar Konpainiak salerosketan libre jarduteko zeukan eremua. Itsasontzi haiek Amerikarako bidaiaz baliatzen ziren kreolek edo europar gurasoengandik jaiotako amerikarrek eskatzen zituzten Europako produktuak hara eramateko. Euskal Herriko burdina eta hartatik eratorritako produktuak berehala izan ziren eskatuenetakoak. Gainerakoan, kontsumorako salgaiak eramaten zituzten euskaldunek Amerikara, ehunak eta hornigaiak batik bat, Gipuzkoan ekoizten ez zirenak. Hortaz, negozio hark, Konpainiari berari irabazi handiak eman bazizkion ere 4, ez zion proportzio eta neurri berean irabazpiderik ekarri Gipuzkoako ekonomiari. Ontzigintza izan zen Caracasko Gipuzkoar Konpainiak Gipuzkoako ekonomian izan zuen eragin nagusia. Neurri handiko ontzi kroskoak Pasaian baizik ezin zitezkeen egin, eta han zazpi ontziola ere izan ziren. Haietako bik, Barrio Vizcaya eta Sableo esaten zitzaienek, bi zubiko ontziak egin ere zituzten. Konpainiak 24 fragata eginarazi zituen Pasaiako ontzioletan. Bestalde, portua baitzen Amerikarako joan-etorri guztien erdigunea, Donostiak irabazi handiak atera zituen portuan zituen eskubideetatik, ez baita ahaztu behar beretzat bakarrik hartua zeukala hura erabiltzeko baimena. Konpainia ahaltsu hark beste negozio batzuk ere sorrarazi zituen: txokolate fabrika txikiak, Europako salgaiak inportatzen zituzten enpresak -gero Amerikan banatzeko-, eta portuko eta itsasketako joan-etorriarekin zerikusia zuten langintza guztiak. 1779ko apirilean, Frantzia eta Espainia gerran hasi ziren Ingalaterrarekin, Estatu Batuen independentziaren alde. Rodney britainiar almiranteak Kantauri itsasoko kosta ozbottomatu zuen, eta Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren 25 itsasontzi harrapatu zituen. Hurrengo urteetan, itsaso bidezko ontzien joan-etorria oso moteldu zen, eta baita ito ere, eta horrek oso eragin kaltegarria izan zuen kolonien eta metropoliaren arteko harremanetan. 1782 eta 1783 urteetan, Konpainiak Holandako banderapean egin zituen bidaldiak. Hurrengo urtean, desegin egin zen. Enpresaren ondasunen eta hartzekoen zati bat gordailuan jarrita zegoen San Carlosko Bankuan. Diru horiek enpresa berri bat sortzeko erabili ziren: Filipinetako Konpainia. Enpresa hori 1785ean sortu zen, aurreko enpresak kolonietan zituen negozioak aurrera ateratzeko azken ahalegin gisa. Eta, beraz, pribilegio bat lortu zuen, 1790. urtea arte merkataritzan aritzeko eremua Caracaseraino zabaltzeko. Aukera horri esker, urte batzuk lehenago han utzitako ondasunak eta errentak berreskuratzen saia zitekeen enpresa berri hori. Baina, ordurako, Koroak merkataritzan aritzeko ematen zituen era horretako pribilegioak zeharo bestelakotuta zeuden. 1778. urteaz geroztik, Iberiako Penintsulako portuek bazuten Amerikako ia kostalde osoarekin libre salerosteko ahalmena. Erabaki hark ez zituen ez Bilbo eta ez Donostia kontuan hartzen, probintzia salbuetsiak izatea haien kalterako interpretatu baitzuten legegileek. Estatua ahalegin bizian zebilen berriz lurralde historikoak estutzen, hala amore eman zezaten eta barrualdeko foru aduanak kostara alda zitzaten. Aduanak Ebron zeuzkaten bitartean, euskal probintziak atzerritartzat hartuko zituen estatuak. Eta, atzerritarrak baldin baziren, zegozkien mugako zergak ordaindu behar zituzten. 1779an, Iberiako Penintsula barruan merkaturatu zen Euskal Herriko burdinak aduanako eskubideak ordaindu behar izan zituen, erabaki horren ondorioz; eta orobat ordaindu behar izan zituen eskubide horiek 1780an Donostiak ekarri eta Gaztelan eta Aragoin banatu zuen kakaoak. Aduanak kostan ez jarri izana hartu zuen aitzakiatzat estatuaren administrazioak 1783an Gipuzkoari Amerikarekin salerosketan libre aritzeko eskubidea ukatzeko, nahiz Iberiako Penintsulako gainerako portu guztiak zuela bost urtez ari ziren eskubide horiez gozatzen. Pixkanaka-pixkanaka, Donostia ibilbide handietatik eta ekonomiako sare indartsuenetatik aparte geratzen ari zen.
|
|
Hiria, Probintzia,
Mende horretan, Diputazioak aldaketa handia izan zuen. 1747 arte, txandako hiribilduko agintariek baizik ez zuten eratzen Diputazioaren agintea. Harrezkero, txandatik kanpo zegoen hiribildu bakoitzaren ordezkari bat eta txandako hiribildu ez zirenen lau ordezkari erantsi zitzaizkion Diputazioaren aginte batzarrari. Guztira, kargua urtebeterako zuten hamaika lagunek gehi korrejidoreak eratzen zuten aginte batzar hura. 1759an, Donostiak txosten bat aurkeztu zuen bi erakunde horiek egoitza Donostian har zezaten. Diputatu nagusiaren karguak gero eta garrantzi handiagoa izan zuen, eskumen asko hartu zituen bere gain, eta eskumen haiek denak araututa gelditu ziren 1780an Zarautzen egin zen bileran. 1766ko matxinadak sortu zituen istiluetan eta iskanbiletan Donostiak aukera ezin hobea izan zuen Koroari bere atxikimendua adierazteko. Esquilacheko markesaren erabaki batek sorrarazi zuen matxinada hura. Haren ustez, biztanleak hobeto hornitu zitezkeen janariz baldin eta alearen prezioa libre uzten bazen. Laborearen prezioa igotzeak bultzada handia emango omen zion merkatuari, zeren eta, markes horren ustean, produkzioa gehituko eta salerosketak bizkortuko baitzituen. Erregearen Kontseiluak ontzat hartu zuen erabaki hura, eta 1765eko ekainean finkatu zen salerosketen askatasuna. 1766ko martxoan hasi ziren Espainiako hainbat tokitan istiluak, herritarrei zuzenean egin baitzien kalte alearen prezioa igo izanak. Gipuzkoan matxinada apirilaren 15ean hasi zen, Loiola inguruko herrietan batik bat. Matxinoek astebete baino gutxiago behar izan zuten probintziaren barrualdea beren mende hartzeko. Donostiatik hirurehun gizoneko batailoi bat abiatu zen matxinada zapaltzeko. Herritar soilez eratutako konpainia batzuk zituzten lagun; guztira, beste hirurehun gizon. Bidean, Peñafloridako kondea, San Millaneko markesa, eta Narrosko markesa bildu zitzaizkien. Gudu talde hura 70 presorekin itzuli zen Donostiara. Probintziako agintariek alea libre salerosteko eskubidea zegoela eman zuten aditzera. Liskar hartan Donostia erabakitasun handiz ari izan zen lege aldaketa haren alde. Gatazka hura bukatu zenean, Donostia indartuta atera zen, irabazleekin bat egin baitzuen. |
Hiria: Hirigintza
Donostia berez hiri militarra izateak tankera berezia eman zion hango hirigintzari. Debekatuta zegoen harrizko eraikuntzak jasotzea harresietatik 1.500 kanako eremuan (1.225 metro), distantzia hori baitzen kanoi bala batek gehienez ere irits zezakeen bitartea; debeku horren bidez eragotzi nahi zen etsaien artilleriak babeslekuren bat izan zezan Donostiari eraso nahi izanez gero. Arrazoi beragatik, hirigunearen mugakide ziren auzoak -Santa Katalina, San Martin, eta Antigua- babeserako ingurutzat zeuzkaten izendatuak agintariek, eta, beraz, hango etxeak adobez eta zurez baizik ezin zitezkeen eraiki. Era horretara, inork Donostia setioan jarriz gero, hiriaren defendatzaileek erraz desegin zitzaketen auzo horiek, etsaiari babeslekurik ez uzteko. Harresien barruan, eraikinak gero eta altuagoak ziren. Hasierako ordenantzek debekatuta zeukaten etxeak harresiak baino altuagoak izan zitezen. Baina, biztanleria gero eta gehiago hazten ari baitzen, agintariek etsi egin behar izan zuten, eta etxeak goratzeko baimena eman zuten. 10.000 lagun bizi ziren pilatuta 625 eraikinetan, eta etxe haietako batzuk bost edo sei solairukoak ziren. Ura zen donostiarren arazo nagusia. Donostia aldeko lurretan baziren donostiarrak urez hornitzeko bezainbat akuifero, baina putzuek kalitate txarreko ura ematen zuten. Garai batean, agintariek ura Morlansetik ekartzeko lotune bat egin zuten, aurrenekoa. Ageriko akueduktu baten bidez ekartzen zuten ura harresiraino. Han sei kanilako iturri batera isurtzen zen, bai ugari isuri ere, eta handik hartzen zuten ura harresi barruko donostiarrek. Hala eta guztiz ere, morroi-neskameak zituzten familiek Urumearen beste aldetik ekarrarazten zuten ura, Txofreko iturritik. Hango urek ospe handia zuten, eta goi mailako familia guztien etxeetan ur hura edaten zuten. XVIII. mendeak Donostiako hirigintzara ekarri zuen berrikuntzarik handiena erdi-erdian egin zen Plaza Berria izan zen, gaur egun Konstituzio Plaza esaten zaiona. Hura eraikitzeko, hamaika gorabehera eta ozbottomo izan ziren: auziak, maileguak eskatzeko finantza eragiketak, orubeak hustu eta erosi beharra... 1719an Berwick frantses militarrak Donostia mendean hartu zuenean, eraikuntza lan haiek bertan behera utzi zituzten, eta ez zituzten berriz abian jarri 1823 arte. Hércules Torrellik asmatu eta antolatu zuen plaza hura, eta haren zantzuak nabarmenak dira gaurko Konstituzio Plazan. Plazako mendebaldeko atalean Udaletxea zegoen, Torrellik berak egindako eraikin barroko bikaina. Eraikin hura Udalaren eta Kontsulatuaren egoitza izan zen. Beheko solairuko arkuetan alondegia ipini zuten, eguraldiaren gorabeheren babesean.
|
|
Plaza Berri hura berehala erabili zen aisiarako eta jendarteko harremanetarako. Ordu arte, Plaza Zaharra erabiltzen zuten donostiarrek horretarako, baina leku desegokia zen hura, militarren maniobrek eta herritarren joan-etorriek elkarri enbarazu besterik ez baitzioten egiten. Plaza Berriaren oin angeluzuzena biltoki egokia izan zen donostiarrentzat, eta berehala jarri zuten han zezen plaza berria, herritarren gozamenerako.
Arte erlijiosoak beste eraikin bikain bat izan zuen mende hartan: Santa Mariako basilika. Gure egunetaraino gorde den eliza orube hartan bertan Ama Birjinari eskaini zitzaizkion beste eraikin zahar batzuen gainean jaso zuten. Donostiako Kontsulatuak Pedro de Lizardiri eta Miguel de Salazarri eman zien, 1743an, lan hura egiteko ardura, eta berak finantzatu zuen haren kostua. Arkitektoek elizaren oina zabaldu zuten, ordu arte klaustrorako erabili zen eremuaren zati bat erantsi baitzioten. Eraikin barroko berri hark ez zuen klaustrorik. Francisco de Iberok bukatu zituen, 1746an, eliza hura eraikitzeko lanak. Aipatu ditugun horiez gainera, Donostian ez zegoen monumentu aipagarri askorik, hauek izan ezik: elizetako eta komentuetako eraikuntza lana, Mollako lonja, Trinitate kaleko espetxe publikoa, Zurriolako hiltegia, eta Presidioko eta San Rokeko kuartelak. Jauregien artean bikainena Idiáquezkoa zen, Kale Nagusian, eta hura izaten zen errege-erreginen egoitza Donostiara etortzen edo Donostiatik igarotzen zirenean. Portuan Kontsulatuaren biltegia zen eraikinik nabarmenena, Spanochiren harresitik urrutien zegoen muturrean. Donostiako gizartea piramide moduan zegoen antolatua, mailaz mailako gizarteek ohi duten bezala. 1799an gizonezkoei buruz egin zen galdeketa batean ageri denez, 56 titulu eta premu zeuden gizartearen goiko mailan, eta horiek errentetatik bizi ziren. Pribilegiatu multzo horrez gainera, goi mailako merkatariak eta erregearen ofizialak zeuden piramide haren erpinean. Guztira, ez ziren berrehun lagunetik gora izango. Gero, maila apalxeagoan, apaizak zeuden. Haietatik, 69 elizgizon sekularrak ziren -alegia, ez zeuden monasterio edo ordena baten araupean-, eta 25, berriz, erregularrak, monasterio edo ordena baten araupean. Erlijiosoen komunitateek, bai emakumezkoenek eta bai gizonezkoenek, mende asko zeramatzaten Donostian, Jesusen Lagundiak izan ezik. Baina, jesuitak Donostian aspaldi kokatuak ez baziren ere, gogotik lotu zitzaizkion lanari, |
sermoiak egiten, mezak ematen, otoitzaldiak antolatzen, eta irakaskuntzan.
San Bartolomeko monasterioa zen Donostiako monumentu nagusietako bat; haren fatxada ere Torrellirena zen. Goi mailako familietako alabak baizik ezin ziren han sartu. Inkisizioak bi ordezkari zituen Donostian, mendekoak. Uste izatekoa da ez zutela zeregin handirik izan. 2.000tik gora gizon aritzen zen eguneroko eta sasoiko nekazaritzako lanetan hiri osoko biztanleen mantenurako. 330 lur jabe edo lurra errentan hartzaile eta beste horrenbeste morroi aritzen zen nekazaritzako lanetan 5. Nekazaritzako sektore horretan aritzen ziren Donostiako langile gehienak. Negozioen sektorean ere jende mordoa ibiltzen zen lanean, eta horrek argi eta garbi adierazten du zein indar handia zuen merkataritzak Donostian. Galdeketa hartan ez zen emakumezkoen lana aipatzen. Uste izatekoa da emakume gehienak etxeko lanetan aritzen zirela. Inguruko baserrietako emakume baserritarrak egunero joaten ziren Plaza Berrira barazkiak saltzera. Baserrira itzultzerakoan, donostiarren arropa zikinak eramaten zituzten baserrietara, han garbitzeko. Buru gainean ekartzen zituzten gero atzera Donostiara, fardel handietan tolestuak. Larunbata izaten zen arropa garbi gehien eramaten zuten eguna. Duela mende askotik emakumeek baizik egiten ez zuten beste lan gogor bat Pasaiako batelariena zen. Emakumeek arraunean eginez eramaten zituzten bidaiariak txalupan Herreratik Pasaiara. Hura zen badia zeharkatzeko biderik erosoena eta azkarrena. Ilustrazioaren higikunde intelektuala XVIII. mendeko gertaera berezi bat izan zen. Gipuzkoan, higikunde hura Euskalerriaren Adiskideen Elkartean gorpuztu zen. Frantses akademien tankerako elkarte hura Peñafloridako kondeak sortu zuen, 1764an, eta Bergaran izan zuen egoitza. Elkarte hura hartu zuen eredutzat izen bertsuko Madrileko elkarteak: Sociedad Económica de Amigos del País de Madrid. 1777an, Donostiak lortu zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak diru laguntza eman ziezaion Donostiako Marrazki Eskolari. Elkarte hura Nautika Eskola berriz irekitzen saiatu zen Kontsulatuaren laguntzaz, baina, baliabiderik ez zegoenez, ekintza goresgarri hura asmo hutsean gelditu zen. |
|
Erregimentua, Udala
eta Auzo batzarra Erregimentua zen Donostian agintzen zuen erakundea. 1747ko Ordenantza Berezien Bildumak esaten digu nolakoa zen erakunde hori, eta nolakoak ziren garai hartan indarrean zeuden legeak. Bilduma horretan esaten denez, pertsona jakin batzuen batzarra zen Erregimentua, eta hark zeukan hirian aginte gorena. Bi alkate, lau errejidore 6 eta bi zinpeko nagusi zituen, eta azken bi horiek zorro batean sartutako botoak atereaz aukeratzen zituzten. Bi teniente aritzen ziren lehenengoen ordezko. Horiek denak kargu publikoak ziren, hiriaren ordezkariak. Karguak urtebeterako ziren, eta ezin zen ez epe hori luzatu eta ez karguan berehala berriz aritu, harik eta denbora tarte bat iragana zen arte. Kapitular esaten zitzaien, eta jaun gisa tratatzen zituen jendeak. Kapitular horiek aukeratzen zituen hautesleen errolda odolez aitoren semeak zirenentzat zegoen gordea, eta kristau zaharrak eta ondare ezagunekoak ere izan behar zuten; millarrak esaten zitzaien 7. Beren agintaldian udalaren ondarea kudeatu behar zuten, eta arauak ematen zituzten, bai betearazi ere, erregearen onespenarekin edo gabe. Erregimentuaren egoitza Torrellik Plaza Berrian egin zuen eraikin berrira aldatu zen. 1732 arte, Erregimentuak Santa Teresako komentuko elizako koruan egiten zituen bilerak, eta, handik aurrera, Trinitate kaleko etxe batean. Ofizialak ere -sindikoa, eskribaua...- bilera haietara joaten ziren, eta enplegatu haiei hiriak ordaintzen zien beren lana. Udalaren gobernuak beste bi bilera mota zituen, haietara joaten ziren karguen araberakoak. Kapituluko bileretan bizilagun berezien kopuru zehaztu gabe bat biltzen zen garrantzi handiko egoeretan: derramak egin behar zirenean, erroldak egin behar zirenean, ordenantza berriak egin behar zirenean... Halakoetan, bilerari Udalbatza esaten zitzaion. Karlos III.ak Erregimentuko kide kopurua aldatu zuen, eta bost kide gehiago erantsi zizkion: prokuradore sindiko bat, hitz egiteko eskubidea zuena baina botoa emateko eskubiderik ez zuena -herriaren ordezkari moduko bat zen-; eta herri xeheko lau diputatu, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea zutenak, baina hornidurei zegozkien erabakietan besterik ez. Azken horiek noizbehinka besterik ez ziren agertzen Donostiako Erregimentuan, eta, 1779tik aurrera, kargu haiek kendu egin zituzten. Prokuradore sindikoak garrantzi handiko zeregina zuen, batez ere eraikuntzako ordenantzak betearazterakoan 8. Donostiak bere ondare propioa zuen. Hiriak zeuzkan errentak udalaren diru kutxarako erabiltzen ziren. Baina ondare horri buruz ez dago, gainontzean, bestelako berririk. Donostiak Hernaniko eta Urnietako hiribilduekin batera zeukan Urumeako mendien jabetza. |
Uste dugu Igeldo eta Ulia, eta, agian, baita Zubieta ere, Donostiako hiriarenak izango zirela, baina hiru lur sail horien aipamenik ez dago Donostiako 1780ko propioen edo ondasunen zerrendan. Badira, ordea, zergen errenten eta hiriak haragi eta arrain kontuetan zuen monopolioaren eta etxeen alokairuak sortutako errenten aipamenak.
XVIII. mendearen erdialdera, udalaren finantzen egoera oso kezkagarria zen, defizit kroniko larrian baitzeuden. Donostiak 231.000 dukaterainoko zorra zuen hainbat mailegarirekin, batez ere erlijiosoen komunitateekin. Hiriak Erregimentuaren zergak eta propioak zeuzkan, besteak beste, berme gisa eskainiak. Urteroko korrituak ordaindu beharrak arriskuan jartzen zituen Erregimentuaren ondareak ematen zituen errentak. 1758an, Erregearen Kontseiluak ahalmena eman zion Pedro Cano Mucientes korrejidoreari Donostiako Erregimentuaren kontuak aztertzeko eta bide onera ekartzeko. Gizon hark aurrekontu zehatz bat egin zuen, eta mugako zergak zertxobait ukitu zituen, geroztikako balantzeak orekatu ahal izateko. Gizarteko laguntza erlijiosoen komunitateen esku zegoen gehienbat. Behartsuenei era askotara laguntzen zieten: umezurztegien eta ospitaleen bitartez, komentuen ateetan jatekoa dohainik emanez... XVIII. mendea bitartean, Donostiako Erregimentuak hartu zituen pixkanaka-pixkanaka bere esku zeregin horiek. Erruki etxea Auzo Aberatsen Batzar baten esku utzi zuen 1714an. San Antonioko ospitalea ere udalaren zerbitzura zegoen. Hasieran, Santa Katalinako zubiaren ondoan zegoen, baina, Karlos III.aren erreinaldian jesuitak bota zituztenean, ospitale hori jesuitek Trinitate kalean zeukaten Josulagunen Etxera eraman zuten. Udalak bere esku hartu zuen orobat irakaskuntza, bai oinarrizko irakaskuntza eta bai Kontsulatuaren Nautika Eskola (1765). |
|
OHARRAK
1 Martín de Olózaga (1723) eta Bautista de Eliza (1727) dira ezagutzen ditugun komisario zaharrenak. 1800. urteaz geroztik, itsasgizon euskaldunak eta gipuzkoarrak izendatu zituzten maiz kargu horretarako; besteak beste, José de Astigarraga, 1802an. 2 1727ko otsailaren 8an sinatu zen hitzarmen hori. 3 Elkarte hori sortu eta hurrengo hilabeteetan, akzioen balio izenduna 15 errealeko 500 pesotan ezarri zen. Konpainia hori abian jarri zenean, 706.300 dukateko kapitala zeukan -1.413 akzio-, eta bost zuzendarik kudeatzen zuten kapital hori. 4 Akzioek urtean %8ko irabaziak eman zituzten, batez beste. Baina kopuru horrek gorabehera handiak izan zituen. Lehenengo urteetan irabaziak neurriz gainekoak izan ziren; bukaeran, berriz, %3koak izan ziren. 5 Beste iturri batzuetatik dakigunez, haien lana ez zen nahikoa biztanle guztiei jaten emateko. Oso gauza deigarria iruditzen zaigu 50 gizon aski izatea arrain merkatua hornitzeko; agintariak, berriz, lehia bizian ari ziren bitartean laboreak eta ardoa inportatzen. Bestalde, 32 tabernari zeuden. 6 Lau errejidoreak txandaka aritzen ziren karguan, hiru hilabetean behin ordena publikoa zaintzeko. Matxinadak zapaltzeko baliabide handirik ez zegoenez, neurriak aldez aurretik hartzea zen onena. Agintariek biztanleen urrats guztien berri izaten zuten, berriemaileen sare ilun baten bitartez. Atzerritarrei galdetzen zitzaien ea zergatik etorriak ziren, ea nongoak ziren, ea zein zen haien familia, eta ea zer ondasun zituzten. Hamaika esamesa eta zurrumurru zebilen bazterretan. Errejidoreak fiel gisa aritzen ziren kaleetan -kaleko zaindari gisa, alegia-, eta haien lekukotasunak frogaren balioa zuen epaitegian. 1766ko matxinadaren ondoren, Erregimentuak auzoko tenienteak eta alkateak izendatu zituen; urtero aldatzen ziren kargu haiek zaindaritza lanak indartzen zituzten. Kana t’erdiko makila batekin (1,25 metro) eta in fraganti harrapatutako edozein gaizkile berehala atxilotzeko behar ziren armekin ibiltzen ziren errondan. Haien lanetako bat atzerritarrei Donostian zertan zebiltzan galdetzea zen. 7 Azken eskakizun horrek ondasun higiezinen jabeak izan behar zutela esan nahi zuen, beste kapitulu batzuetan ikusi dugunez. Garai hartan, millarrak 1.000 dukaten balioko ondasunak eduki behar zituen; izan zitekeen, beraz, etxe bat, mahasti bat edo sagasti bat. 8 Ezagutzen diren ordenantza zaharrenak, aurreko kapituluetan esan dugunez, 1489koak dira. 1537an eta 1630ean eraberritu zituzten. 1735ean onartu zen ordenantza multzo berria, aurrekoak eguneratzen eta hobetzen zituena. 9 Hiribildu berriak sortzen zirenez -Goierrin sortu berri ziren hiribilduak, besteak beste-, gero eta zailagoa zen Batzar Nagusietan gehiengoa izatea. Gero eta herri gehiagok elkar hartu beharra zeukan gehiengoa izateko, eta, bereziki, 12 hiribildu "nagusiek". Hiribildu batzuen eta besteen interesak elkarren kontrakoak izaten ziren maiz, eta botoa, hartara, sakabanatu egiten zen; elkar hartzeko negoziazioak gero eta nekezagoak ziren. |
|
|