IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   



HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  Zoriaren gurpila: behean

Zoriaren gurpila: behean








Hondamena

eta berreraikitzea






Setioa eta sutea (1813ko uztaila-abuztua)

Napoleonek hainbat hitzarmenetan sarrarazi zuen Espainia, eta hitzarmen horiek, azkenerako, Fontainebleauko Ituna ekarri zuten. Itun hartan bazen erabaki iraingarri bat Ingalaterrarentzat, zeren eta Frantziak eta Espainiak Portugal erdibanatuko baitzuten, eta Portugal baitzen Ingalaterrak kontinentean zuen babesle nagusia. Beraz, frantses armadak Iberiako Penintsula zeharkatu beharra zeukan Portugalerako bidean. Baina, zeharkatu ez ezik, berehala antzeman zitzaion frantses gudarosteari Espainiako lurraldeak ere mendean hartu nahi zituela. 1808ko martxoan, frantsesak Donostian kokatu ziren. Oraingoan, udalaren agintea errespetatu zuten, baina udalak ezin izan zuen ezer egin egoera berri hark sorrarazi zituen ondorio kaltegarriak eragozteko: zerga bereziak ordaindu behar izan baitzituen eta zerbitzu bereziak egin soldaduei, bai ospitaleetan zainduz, bai ostatu emanez, bai batera eta bestera garraiatuz...



Handik lau urtera, Errusiako frontean soldadu gehiago behar zituela eta, Napoleonek berehala atera zituen Espainiatik soldadu oste ugariak, bere gudu gizon onenak, ekialdeko gerra ekinaldira laguntzera joan zitezen. Wellington ingeles jenerala egoera horretaz baliatu zen 1812an, Madrilen sartzeko. Aurre egin zien frantsesei, eta haiek atzera egin zuten, Irunerantz, errepidean barrena. Gasteizen aurre egin zioten Ingalaterrako armadari, eta, gudu hura galdu ondoren, talde txikietan sakabanatu ziren, baina ez zuten talde horiek denek mugaraino iristerik izan. Soult mariskalari, erreinuko ordezkari militarraren titulua zuelarik, Iruñea eta Donostia bere mendean gordetzeko agindua eman zioten. Etsaiei eutsi behar izan zien, Fernando VII.arekin ustez hastekotan ziren negoziazioen zain.

Frantsesek ez zituzten Donostiako babeslekuak hobetu, baina artilleria indartu zuten, eta soldadu gehiago ekarri zituzten. 1813ko udan, 3.000 soldadu ondo trebatu eta ehun bat artillero zituzten Donostian. Uztailean, soldadu eta hornigai gehiago iritsi ziren Donostiara, ingelesak erasotzeko zorian zeudela ikusita. Rey jenerala zen Frantziako armada haren buruzagia. Wellingtonek, hasieran Iruñera joateko asmotan bazegoen ere, Donostiara jo zuen azken unean. 10.000 gizon bildu zituen, ingelesak eta portugesak, eta setioan jarri zuen Donostia.

San Bartolomeko monasterioak, Santa Klara uharteak, San Frantziskoko komentuak eta Santa Katalinako zubiak eratzen zuten gerriko moduko batek babesten zuen hiria. Setioa, berez, uztailaren 7an hasi zen. Lehorreko fronteak eta Zurriolako hormak bat egiten zuten lekua zen harresietako gunerik ahulena. Ingelesen ustez, leku hura ez zegoen gotorlekuko beste eraikuntza gotor batzuk -hornabekea eta baluartea- bezain ondo babestua, eta, beraz, hura zen zulo bat irekitzeko leku egokia. Ingelesen artilleria Txofreko hareatzan zegoen zabaldua, eta handik bi zulo ireki zituen horma hartan uztailaren erdialdera. Baina erasotzaileei oso gogor egin zieten aurre Behatokiko bateriatik, eta ezin izan zuten zulo horietaraino iritsi.

Abuztuaren 27an, ingelesak Santa Klara uhartean lehorreratu ziren, eta uharteak txalupa txiki batzuen bidez hiri setiatuarekin zuen komunikazioa eten zuten. Ekintza horrek garbi adierazten zuen azken erasoa aurki egitekoak zirela ingelesak. Abuztuaren 31ko goizean, boluntario talde batek eta Robinsonen ingeles brigadak zulo haietako batera iristea lortu zuten. Harresiaren gainean borroka gogorrak izan ondoren, aliatuak Donostian sartu ziren arratsaldeko lehenengo orduetan. Frantsesak gazteluan babestu eta gotortu ziren, eta han eutsi zioten egun gutxi batzuetan.

Donostiako udala Leigth Hay jeneralaren kuartelera eraman zuten. Kartutxoen bidez, Wellingtonen gizonek Donostia erre zuten. Batere gupidarik gabe torturatu eta hil zituzten donostiarrak, ustez ezkutatuta zeuzkaten ondasunak eman ziezazkieten. Biharamunean, komandanteak Donostiatik alde egiteko baimena eman zien bizirik gelditu ziren donostiarrei. Herritarrek alde egin ondoren, ingelesak zazpi egun t’erdiz ibili ziren harrapaketan. Astigarragan zeuden soldadu aliatuak ere aurki hurbildu ziren Donostiara, harrapaketan parte hartzera.
Mendearen

amaiera




XVIII. mendean Donostiaren goraldia bultzatu zuen eredu ekonomikoak porrot egin zuen mende haren azken hamarraldietan. Merkataritzak eta azpiegiturek lur jo zuten hainbat gertaeraren eraginez: Ingalaterraren aurkako gerra, kolonietan izan zen politika berria, frantsesek Gipuzkoa mende hartu izana, Donostiak Pasaia galdu izana...


1778an Iberiako Penintsulako portuak Amerikarekin salerosketan libre aritzen hasi izanak zeharo indargabetu eta deuseztatu zituen Caracasko Gipuzkoar Konpainia eta antzeko enpresa pribilegiatuak. Bestalde, Koroa merkataritzarako askatasunaz baliatu zen aduana bakarrak kostan izango zituen nazio merkatu bateratu bat nahitaez sortzeko.

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia itxi izanak eragin kaltegarria izan zuen Donostiako merkatarien jardunean, eta, hala, bide berriak bilatu behar izan zituzten. Donostiak uste izan zuen Amerikarekin salerosketan aritzeko baimenak onura handiak ekarriko zizkiola, eta hala berdindu eta gainditu ere ahal izango zituela foru aduana zaharrak barrualdetik kostara ekartzeak egingo zituen kalteak. Koloniekin salerosketan libre aritzeak eskaintzen zituen aukerak ondo pisatu eta aztertu zituen, eta, hartara, Espainiako ekonomian sartzearen alde egin zuen. Erabaki horren kontra zeudenek Gipuzkoan esportatzeko salgairik ez zegoela argudiatu zuten, eta foruen babespean gipuzkoarrek zuten bizi kalitate ona ere gogorarazi zuten.

Konbentzioaren Gerrak eztabaida hura eten zuen. Kostako merkatariak eta barrualdeko lur jabeak aurrez aurre zeuzkan jarrera elkarren aurkakoak garbi definituta zeuden ordurako.


1789an, Frantziako Iraultzak Erregimen Zaharraren oinarri politikoak eta legezkoak deuseztatu zituen. Gertaera haiek hain bizkor gertatu ziren, non inguruko monarkiak txundituta utzi baitzituen, iraultza haren bilakaerari harri eta zur begira, zer egin ez zekitela. Iraultzaileek gizabanakoa goratu zuten -Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena, 1789-, monarkia parlamentario bat ezarri zuten -1791ko Konstituzioa-, eta Errepublika aldarrikatu zuten, 1792an. Luis XVI.a 1793ko urtarrilean hil izanak Europako potentzien uste okerrenak berretsi zituen. Berehala hasi ziren gerran Frantziako Errepublikarekin, baina ez zuten aldez aurretik elkar hartzeko edo gutxieneko hitzarmen bat egiteko ardurarik izan. Herrialde bakoitzak bere kabuz ekin zion Frantziaren aurkako erasoari, eta Espainiak ere bai. 1793an -gerra hartako lehenengo urtean, alegia-, ez zen Bidasoako mugaldean gerrak eragindako joan-etorri handirik izan.


1794ko udan, frantsesek erasoa jo zuten mendebaldeko Pirinioetan. Frantses Konbentzioaren armadak, Muller buruzagi zuela, Bera, Hondarribia, eta Donostia -abuztuaren 4an- mendean hartu zituen, inolako erresistentziarik gabe. Abuztuaren 9an Tolosa hartu zuen, aldez aurretik Billabonan guduan aritu ondoren. Lurralde horiek Konbentzioaren agintepean gelditu ziren. Konbentzioak ordezkari berezi batzuk izendatu zituen hiribildu haietan agintari. Ordezkari haien boterea mugagabea zen, zergei zegozkien erabakietan, batez ere. -->







--> Donostia izan zen Frantziako gobernu iraultzaileak Gipuzkoan zuen erdigune politikoa, han hartu baitzuten bizilekua agintariek. Abuztuaren 16an, Zaintzarako Udal Batzorde bat eratu zuten, hamabi kidek osatua; gehienak frantsesak ziren. Izenez besterik ez zen udal batzordea, zeren eta mendean hartutako lurralde osoan baitzeukan aginpidea eta eskua. Irailaren hasieran, herritarrak matxinatu egin ziren Donostian. Agintariek elizgizon batzuk eta herritar batzuk atxilotu zituzten, matxinadaren eragile izatea egotzirik, eta Baionara eraman zituzten bahitu gisa. Gertaera hori aitzakiatzat harturik, agintariek elizgizonen ondasunak harrapakatu zituzten. Ordu arte, emigratuen jabetzak bahitu, hartu edo saldu besterik ez zituzten egin 10. .


1794ko eta 1795eko neguan, Donostia gerra egoeran egon zen. Frantziako Errepublika pentsatzen hasia zegoen mendean hartutako lurralde hura Frantziarentzat beretu ala ez. Egoera larri hura ikusirik, Espainiako Koroak, berandu bazen ere, frantsesekin itun bat egitea erabaki zuen, lurralde hartatik frantsesak nola erretiratuko ziren erabakitzeko. Manuel de Godoy Karlos IV.aren balidoa aritu zen Espainiako erregearen izenean negoziatzen. Negoziazio haien ondorioetako bat San Ildefonsoko Hitzarmena izan zen, 1796an sinatu zena, Napoleon Frantziako buruzagi zela. Hitzarmen haren bidez, Espainia Frantziaren eskumakila bihurtu zen, eta Frantziak Ingalaterrarekin izan zituen liskarretan nahitaez borrokatu behar izan zuen Frantziaren alde 11.

Frantziaren eta Ingalaterraren arteko gerra haietan Espainiak bere historiako porrotik




handienak jasan behar izan zituen: Trafalgarrekoa, adibidez, 1805ean.

Frantsesen okupazioak eta harrapaketak kalte handiak egin zituen Donostian, Baina askoz handiagoak izango ziren handik urte gutxira, 1805ean, Donostiak izango zituen kalteak. Urte hartan, Pasaia Donostiatik bereizi zen. Horrela bukatu ziren mende askotan Pasaiako portuaren eskubideari eta eskumenari buruz inguruko herrien artean izan ziren liskar gogorrak. Aldez aurretik, Vargas Ponce itsasgizon eta historialariak txosten bat egin zuen auzi hari buruz. Itsas bazter hartan hiribildu berri bat sortzearen alde zegoen txosten hura; han bertan zegoen Pasaiako hiribildua -1770ean Hondarribitik bereizi ondoren sortu zena- eta izen bereko lekua -Donostiarena zen itsas bazterra- bilduko zituena. Vargas Poncerentzat, Donostiak portuan zituen interesak neurriz gainekoak ziren eta zuzen kontrakoak, eta kaltegarriak gehienen onerako.


1814an, Donostia Pasaiako portua berreskuratzen ahalegindu zen, Fernando VII.a erregea estutuz. Baina ez zuen sekula berreskuratu leku ezin egokiago hura.















Hiri liberala





1808tik 1833ra Espainiako Koroa bilakaeran aritu zen: Erregimen Zaharrari berez zegokion monarkia absolutista zena monarkia konstituzionala bihurtu zen. Bitarte horretan, aginpide aldaketak eta liskarrak izan ziren. Aldaketa hartan, ordea, hamaika aurrerapen eta atzerapen izan zen. Era horretako gobernu sistema bat indarrean jartzeak gauza asko aldatu beharra zekarren: lurraldea beste modu batera administratzea, korporazioak aldatzea, lehengo agintarien ordez agintari berriak jartzea, herritarren eskubideak eta betebeharrak ziurtatzea... Balio, iritzi, eta jokabide berri haiek pribilegioak berentzat bakarri hartuak zituzten gizatalde jakin batzuen eskubideen kalterako ziren, eta, beraz, ez zeuden haiei bakez amore emateko prest. Zer-nolako horiek oso moteldu zuten Espainiak liberalismorantz egin zuen bidea.



Espainiako lehen gobernu konstituzionala 1808koa izan zen, Napoleonek Espainia inbaditua zuen garaikoa. Espainiako gorteak Cádizen bildu ziren, eta lehian aritu ziren okupazioko gobernuarekin legezko aginpidea nork zuen erabaki nahian. 1812an eman zuten konstituzio liberalaren bitartez, diputatuek berrikuntza politikoak eta sozialak bultzatu zituzten. Cádizko gorteen legegintza ez zen Gipuzkoara iritsi, harik eta frantsesek alde egin zuten arte; 1813 arte, alegia. Gipuzkoako eta Donostiako erakundeek Konstituzioa beteko zutela zin egin zuten, eta haren oinarriak aldatzeari ekin zioten, Erregeordearen dekretuak ezarritakoa betez 13. Baina Fernando VII.ak, Espainiara itzuli zenean, estatu kolpe bat jo zuen Konstituzio haren aurka. Cádizko Gorteek egindako urrats liberal guztiak desegin zituen, eta argi eta garbi adierazi zuen horrela zein ziren bere asmoak. Egindako aurrerabideari jaramonik egin gabe, errege absolutista baten gisa hasi zen gobernatzen.

Riegok 1820an jo zuen errebolta militarrak parlamentarismora bideratu nahi izan zuen erregea. Fernando VII.ak Konstituzioa beteko zuela zin egin behar izan zuen. Hala hasi zen 1823 arte baizik iraungo ez zuen aldi berri bat, "Hirurteko Liberala" esan zitzaiona. Aldi laburra izan zen arren, gizarteak ideia liberalak zer ziren eta zertarako bide ematen zuten jakiteko aukera izan zuen, eta argudioak eman zizkien bai liberalismoaren aldekoei eta bai kontrakoei, zeinek bere iritzien alde edo kontra.

Estatu liberalak kostara eraman zituen foru aduanak; Donostiako merkatariak pozez txoratzen zeuden, era horretara kanpoaldeko merkataritzan parte hartzea bazeukatelako, Espainiako portuen baldintza beretan. Egoera berri hari esker, irabazi handiak izan zituzten. Irabazi horietako asko hiria berreraikitzeko lanetan inbertitu zituzten, eta, horrela, Donostiak bultzada handi bat izan zuen. Gipuzkoar gehienek, aitzitik, Espainiako lurraldean sartzearen alderdi txarra besterik ez zuten ezagutu. Aurrenekoz, kupoak edo zergak ordaindu behar izan zituzten probintziaren zergak ordaintzeko: bai zerga zuzena, bai kontsumoari zegokion zerga, eta bai etxeei zegokiena. Soldadutza egin beharra ere egokitu zitzaien.

Aldi liberal hura 1823an bukatu zen, Frantziak Espainian esku hartu zuenean. Apirilean, Angulemako dukeak Pirinioak zeharkatu zituen, armada baten buru zela, "San Luiseko Ehun Mila Semeak", Fernando VII.ari laguntzeko eta erregetza absolutista berriz ezartzeko. Erakunde absolutistak indarrean jarri zituzten berriz ere erakunde liberalen ordez. Erregeak Frantziako armadarekin negoziatu zuen, eta Espainian gera zedila lortu zuen, matxinada gehiago izango ote ziren beldurrez. Helburu berarekin, bere aldeko zibilek eratutako talde armatu bat finantzatu zuen: Boluntario Erregetiarrak. Fernando VII.aren erregetza bukatu zenean, iraganak ziren aginte absolutistaren hamar urte (1823-1833), liberalismoaren aldeko urrats guztiak zeharo baztertu zituena.



Donostian egoera ez zen batere gozoa. Aduanak berriz Ebrora eraman izanak oztopatu egin zuen Hirurteko Liberalean merkataritzak hasia zuen goraldia. Portuko salgaien joan-etorria eten egin zen, eta hiria berreraikitzeko lanak gelditu egin ziren. 1828an, Donostiak lortu zuen, azkenean, Amerikarekin salerosketan libre aritzeko pribilegioa. Baina erabaki hori ez zen 1836 arte aplikatu. Nolanahi ere, atzerapen horrek ez zuen garrantzi handirik izan, zeren eta, ordurako, koloniek independentzia lortua baitzuten, eta haiekin salerosketan libre aritzeko pribilegio hark ez baitzuen jadanik zentzurik, nahiz metropoliak ez zuen hori onartu nahi.

Amerika gero eta urrunago zegoen Donostiako merkatarien jomugatik. Europa ere ez zen inondik ere merkataritzarako helburu egokia. Kontxako portuan ez zegoen aduanarik, baina Atlantiko aldeko gainerako herrialdeetan aduanek tinko zirauten. Nazioen arteko mugek zeinek bere kostak babesten zituzten, eta mugako zergak ezartzen zizkieten atzerritik zetozen salgai guztiei. Iberiako Penintsulako merkatuak aukera egokiak eskaintzen zizkion Euskal Herriko burdinari. Burdingintzan zeukaten tradizioa aintzat harturik, merkatari handiak Espainiako industria iraultzaren buru izateko aukera aztertzen hasi ziren. Baina, burdinaren salerosketarako, Ebroko aduana oztopo handia zen, zergak ordainarazten baitzizkion Euskal Herritik Iberiako Penintsulara bidaltzen zen burdinari.
Donostia

berreraikitzen:

1814-1849





Txikizio haren ondoren Donostian zutik iraun zuten eraikin bakarrak elizak eta komentuak izan ziren, altuegiak zirenez, artilleriaren sua ez baitzen haietara iritsi; eta, horiez gainera, Trinitate kaleko -gaur egun Abuztuaren 31 kalea esaten zaio, gertaera haren oroitzapenez- hogeita hamasei etxe ere bai. Donostiarrak baserrietan, komentuetan, eta oihalezko dendetan aterpetu ziren, hondakinak begien bistan zituztela.

Irailaren 8an, inguru haietan zebiltzan itzal handiko donostiarrek Zubietako Aizpurua oinetxean udalbatza gisa biltzea lortu zuten, tristuraz eta zirraraz beterik. Garrantzi handikoak izan ziren Donostiaren etorkizunerako bilera hartan hartu zituzten bi erabakiak: donostiarrak han bertan geldi zitezela, eta hiria berreraikitzea. Wellingtonek berak atzera bota zituen udalak kalte ordain eske egin zizkion eskari guztiak. Espainiako erregeak ere ez zituen aintzat hartu laguntza eskariak. Etsipenak etsipen, donostiarrek Berreraikitzeko Lanetarako Batzorde bat sortu zuten 1813ko abenduan. Lehenengo bileran, batzorde hark proiektu bat eskatu zion Pedro Manuel de Ugartemendia arkitekto eta ingeniarien kapitainari.

Batzorde hark ez zuen Ugartemendiaren lehenengo proposamena onartu, bikainegia iruditzen baitzitzaion. Proiektu hartan kaleak eta Plaza Berria zuzendu egiten ziren, eta Plaza Berriari oin oktogonala ematen zitzaion. Banaketa berri hark atzera bota zituen orubeen jabeak, lehenbailehen nahi baitzuten haiek beren orubeez baliatu, bai behin-behineko eraikinak egiteko, bai etxe moduko eraikin kaskarrak eraikitzeko han eta maizterrak hartu ahal izateko. Etxebizitza gehienak suntsituta zeudenez, aterpeen premian zeuden donostiar gehienak, eta oihalezko dendak eta txabolak errentan jarri zituztenek irabazi handiak izan zituzten. Baina Ugartemendiaren planoak eremuak trukatu beharra zekarren, eta hirigintzako operaziorik ezin zitekeen, beraz, egin 12. Proiektu harekin bat ez zetozenek beste hautabide batzuk eskatu zituzten.

Bitartean, Napoleonek alde batera utzi zituen Espainiako tronuan agintzeko nahiak, eta etortzen utzi zion Fernando VII.a "Desiratuari". Horren ordainez, Pirinioetako frontea neutrala izan zedila besterik ez zuen eskatu, eta hala hitzartu zuten Valençayko itunean, 1813ko abenduaren 12an. Fernando VII.ak liberalen erabaki guztiak indargabetu zituen, buruzagi liberal nabarmenenak espetxera bidali zituen, eta 1808. urtea baino lehen zeuden egoera berean berrezarri zituen hirietako Erregimentuak.

Donostia berreraikitzeko lanek aurrera jarraitu zuten, politikako gorabeherei jaramonik egin gabe. Hainbat proiektu egin zituzten bata bestearen atzetik, eta ez polemika gogorrik gabe. Bat etortzea zaila zenez, berreraikitzeko lanek ez zuten aurrera egiten. Azken erabakia erregearen laguntzaileen esku gelditu zen. Erregearen Kontseiluak erabaki salomoniko bat hartu zuen: Manuel Gogorza bigarren alkateak izenpetutako planoa aukeratu zuen. Proiektu hartan kaleek lehengo tankera bera zutelako hobetsi zuen, hiru kale zabaltzea izan baitzen aldaketa bakarra. Baina Ugartemendiari eman zion arkitektura lanen zuzendaritza, bai jatorrizko planoa hobetzeko eta eraikuntzako ordenantza berriak idazteko ahalmena eman ere.

Ugartemendia gogotik baliatu zen bere ahalmenez Gogorzaren jatorrizko planoa aldatzeko, eta asko hobetu zuen kaleen antolamendua eta tankera. Eraiki aurretik egokitzeko lanak -zuloak betetzea, lurrez hustea, kaleak eta beste egitura batzuk irekitzea- 1816 arte luzatu ziren. Ordu arte ezin izan zuten etxeak jasotzen hasi. Etxe partikularrak 13 metroraino luze ziren: beheko solairua eta hiru solairu teilatuaren hegaleraino. Fatxadak harlanduz edo adreiluz estali zituzten, eta burdinazko balkoiekin apaindu zituzten. Koroak hartu zituen bere gain eraikin publikoak eraikitzeko lanen gastuak.

Santa Katalinako zubia zurez berreraiki zuten. Udaletxea aurrekoaren orube berean eraiki zuten, Plaza Berrian. Silvestre Pérezek proiektatu zuen, Akademian Ugartemendiaren irakasle izandakoak. Estilo neoklasikoko eraikin monumentu bat egin zuen. Eraikuntza lanek 1829tik 1832 arte iraun zuten. Irakaslea hil zenean, ikaslea ari izan zen haren ordez. Ugartemendia aukera hartaz baliatu zen egin beharrekoak iruditu zitzaizkion zuzenketa guztiak egiteko. Aldirietan Erruki Etxe berri bat, ospitale bat, eta zirkuluerdiko oina zuen hilerri bat eraiki zituzten.


I. Karlistaldiak bete-betean harrapatu zuen Donostia berreraikitzeko lanetan. Gerrate hark lan guztiak geldiarazi zituen.






Lur jabeek, ordea, pozik zeuden egoera hartan. Beren lur sailen errentei eta, noizean behin, kontrabandoak ematen zizkienei esker, bizimodu erosoa eta lasaia zen haiena. Batzuen eta besteen aurkako interesak 1831n Donostian egin zen Batzar Nagusian plazaratu ziren. Idatzi baten bidez, Donostiako Udalak eta Merkataritza Batzordeak aditzera eman zuten Espainiako merkatuaren barruan sartu nahi zutela, merkataritzaren eta industriaren protekzionismoaren bila. Probintziatik bereizteko mehatxu lauso bat ere bazegoen idazki hartan. Haien aurkakoak sutan jarri ziren. Gogor erantzun zieten, esanez aduanak kostara ekartzeak prezioak igoaraziko zituela, eta igoera horren galerak esportazioek emango zituzten irabaziak baino handiagoak izan zirela; Donostiaren ordezkariak isilarazten saiatu ziren, beraz.


1833an, Fernando VII.aren heriotzak liskarra sorrarazi zuen. Ez zegoen batere garbi nor izango zen erregea haren ordez, aurrez aurre baitzeuden Carlos Mª Isidro, Fernando VII.aren anaia, eta Isabel, Fernando VII.aren alaba, biak erregetza eskuratu nahian. Espainiako erreinu osoko absolutistek eta liberalek bataren edo bestearen alde egin zuten aukera. Bataren zein bestearen aldekoak borroka gogorrean ari ziren aginpidea nork eskuratuko.

Politika ekonomikorako eredu bat ala bestea aukeratu beharrak elkarren aurrez aurre zeuzkan gipuzkoarrak. Aurki aukeratu zuen alderdi bakoitzak bere erregegaia Espainian lehian ari ziren bien artean. Donostiak batailoi bat eratu zuen, Isabel II.a zeritzana, eta Isabel izendatu zuen erregina Plaza Berrian. Diputazioak ere Isabelen alde egin zuen, eta Donostian babestu zen, karlistek Gipuzkoako barrualdean hartu zuten indarraren beldurrez. Monarkia liberalak erregimen konstituzional lauso bat ezarri zuen, Agiri Emate baten bidez adierazia: 1834ko Errege Estatutua; donostiarrak pozez zoratzen zeuden.



Gerrako frontea ez zen Gipuzkoara urte bete geroago arte iritsi. 1835eko udan, karlistek Hernani, Errenteria, eta Bidasoaren ertza hartu zituzten mendean. Jauregik Donostiara atzerarazi zituen bere guda talde liberalak, eta Donostia blokeatuta gelditu zen lehor aldetik. Itsaso bidezko komunikazioa, berriz, ez zen eten. Donostiak harremanak izan zituen Getariako goarnizioarekin, eta itsas ibilbide erregular bat izan zuen Sokoarekin. Ingalaterrak laguntza militarra bidali zuen: Britainiar Lejioa. Uztailean lehorreratu ziren Donostian. Lacy Evans jenerala eta Chichester brigadierra ziren gudaroste horien buruak, eta Lord John Hay zen itsas armadako eskuadroi baten buruzagia.


1835eko abuztutik 1836ko ekaina arte, bi alderdiak aurrera eta atzera ibili ziren, noiz batzuk noiz besteak, San Bartolomeko, Oriamendiko, eta Hernaniko gainaldeetan.
Geroztik, frontea ez zen mugitu, eta Oriamenditik Pasaiaraino Donostia inguratzen zuen lerroan finkatu zen urtebetez, aldaketa handirik gabe.


1837. urtearen hasieran, Evansek erasoa jo zuen karlisten babesguneen kontra; porrot egin zuen, eta dimisioa aurkeztu zuen. Bere agindupean zeukan armada ere berarekin eraman zuen, gizon asko hil baitzizkioten. Espartero eta haren gizonak etorri ziren ingelesen ordez. Armada berri hark Hernanin bertan eraso eta garaitu zituen karlistak, bai Andoaineraino atzerarazi ere. Ekialdetik ere aurrera egin zuen; Oiartzun, Irun, eta Hondarribia mendean hartu zituen, eta Frantziarako bideak ere libre utzi zituen. Maiatzean, frontea Donostiatik urrundua zen, eta, harrezkero, Donostia erretaguardian egon zen.

Urte hartan, konstituzio berri batek monarkia parlamentarioaren eredua indartu zuen 14. Karlisten artilleriaren erasoak bukatu zirenez, Donostia konstituzio haren eta Gorteen eta gobernuaren dekretuen edukiak aplikatzen ahalegindu zen. Udal berria aurrerazalea zen. Urte hartako irailean, Gorteen dekretu batek foru diputazioak indargabetu zituen, eta gehiengo liberala zuten probintziako diputazioak jarri zituen haien ordez. Aduanak ez zituzten, hala ere, kostara eraman, donostiarrak horren irrika bizian bazeuden ere, gerra giroak eta gobernu aldaketek ez baitzuten hartarako biderik ematen.

Bergarako Itunak eman zion 1839an amaiera I. Karlistaldiari; itun haren arabera, estatuari foruak errespetatu behar zituela gogorarazteko konpromisoa hartu zuen Esparterok. Karlistekin adiskidetzeko, gobernuak Batzar Nagusiak eta foru diputazioak indarrean jarri zituen berriz, bai eta hauteskundeetarako arauak ere. Probintziako Diputazioak ere mantendu zituen, baina hauteskundeak antolatzeko zeregin bakarrera mugatu zituen haien ahalmenak. Horrek denak zapuztuta utzi zituen donostiarrak 15.

Handik urtebetera, beste krisi politiko batek matxinada bat sorrarazi zuen forudun lurraldeetan. Arrazola ministroak aurkeztu zuen udalen lege berria izan zen matxinada horretarako aitzakia. Euskal probintziak matxinatu egin ziren, beren ustez beste erasoaldi liberal bat zen erabaki hartatik beren eskubide historikoak defendatzeko. Espartero bera etorri zen matxinada hura zapaltzera, eta foruen erregimena deuseztatzen zuen dekretua izenpetu zuen Gasteizen, 1841eko urriaren 29an. Harrezkero, estatuaren legeak nahitaez bete beharko ziren euskal probintzietan, haiei inongo mugarik ezarri gabe -garai bateko *pase forala* bete behar izan gabe, alegia-. Probintziako diputazioak ezarri ziren bete-betean foru diputazioen ordez. Aduanak kostan ezarri ziren behin betiko.


1844an, Narváez izendatu zuten gobernuburu Esparteroren ordez. Hurrengo hamar urteetan gobernuak moderatuak izan ziren joeraz. Gobernu haietako buruek Gasteizko Dekretua leundu zuten, eta garai bateko eskumenak itzuli zizkieten foru erakundeei: udalei, Batzar Nagusiei eta diputazioei. 1854 arte, foruen erregimenak bere horretan tinko iraun zuen, harik eta II. Karlistaldiaren ondoren behin betiko desagertu zen arte.













Gipuzkoako hiriburua




Gipuzkoako hiriburua "txandako" sistemaren bidez izendatu zen ordu arte. Hiru hilabetez behin Batzar Nagusien egoitza ofiziala ziren lau hiribilduetako agintariak eta erakundeak ziren txandaka hiriburu: Donostia, Tolosa, Azpeitia, eta Azkoitia. Denborak aurrera egin ahala, hiru hilabeterako aldi hura luzatu egin zen. 1747tik aurrera, hiru urtez behingoa izan zen, eta, XVIII. mendearen bukaeran, korrejidore batzuk hiriburua Donostian kokatzearen alde zeuden.


1812ko Konstituzioak probintziako kapitalaren kontzeptua definitu zuen. Argi zegoen hiriburu izendatuko zen hirian zentralizatuko zirela zerbitzuak, bulegoak eta agintarien egoitzak, eta horrek abantailak ekarriko zituela. Frantsesen okupazioa bitartean ezin izan zen erabaki hori indarrean jarri. Baina, ordurako, Gipuzkoan hasiak ziren pentsatzen txandako sistema haren ordez hiriburu finko bat ezartzea. 1854 arte ez zuten hiriburu finko hura izendatu. Ordu arte, Tolosa eta Donostia lehia gogorrean aritu ziren, baina, azkenean, Donostia izendatu zuten hiriburu. Urte hartatik aurrera hasi zen Donostia hiriburu izateak zekarzkion abantailetatik etekinak ateratzen. Administrazioko bulegoak eta kargu publikoenak Donostian egoteak aurrerabide handia ekarri zion hiriari, eta hala gailendu zen alor guztietan beste hiribildu eta hirien gainetik.

Donostia Gipuzkoako hiri nagusi bihurtu zen kulturaren aldetik ere, tertuliei, ikuskizunei, eta moldiztegiei esker. Gorabehera politiko eta militarrek hiritarren ekimen asko zapuztu zituzten: Donostiako Elkarte Ekonomikoa edo Anaien Batasuna, besteak beste. Gizarteko harremanak leku publikoetan edo pribatuetan egiten ziren bileretara eta lagunarteetara bideratu ziren; besteak beste, Kafearen Etxea, Collado familiaren bilkurak, La Balandra elkartea... Elkarte horiek denek joera ilustratu eta liberal nabarmena zuten, eta eragin handia izan zuten donostiarren kultura urbanoan, iritziak eta joerak indar handiz tankeratu baitzituzten, bai artean eta bai politikan. Jarduteko ahalmena mugatua izan zuten, hala ere, agintari zibilek eta, batez ere, elizakoek ezartzen zituzten mugak ez baitziren oso zabalak.



Prentsa izan zen herritarrak iritzi edo joera jakin batera makurrarazteko baliabiderik eraginkorrenetako bat. Alfabetatze indizeen ondorioz uste izan daitekeena baino askoz handiagoa zen haren eragina. Inprimatzen zen ale kopuruari etekin handia ateratzen zitzaion, zeren eta, besteak beste, oso errotua baitzegoen kafeetan egunkaria ozen irakurtzeko ohitura.

Napoleonen armadak euskal probintziak mendean hartu zituen garaian, *Gazeta del Oficio del Gobierno de Vizcaya* izan zen okupatzaileen egunkari ofiziala. Hirurteko Liberala arte ez zen donostiar egunkaririk izan; *El Liberal Guipuzcoano* izan zen aurrenekoa, eta berehala nabarmendu zen bere informazioaren kalitateagatik. 1830 arte, gobernu absolutistak bere egunkaria izan zuen: *La Estafeta*. I. Karlistaldiak oso moteldu zuen egunkarien aurrerabidea, nahiz 1837ko Errege Dekretuak askatasun handia ematen zuen. Gerra bukatu arte ez zen hasi Baroja moldiztegia egunkari berriak ateratzen: *La Crónica de Guipúzcoa* eta *El Liberal Guipuzcoano*.
Mende horren erdialdetik aurrera, egunkariak profesionalak izan ziren.

Azken urteetako gerrek zeharo itoa utzi zuten Donostiako ekonomia. Merkataritzak eta industriak ez zuten gora egin 1840 eta 1860 arte. Mendearen erdialderako, Donostiako portua ezin zitekeen inondik ere parekatu inguruko beste portuekin. Ur eremuak XVI. mendeko perimetro bera zuen, eta itsasaldien arriskupean zegoen oraindik ere, zuela 200 urte bezalaxe.


1853an, portuari beste kai bat eransteko asmoak indarra hartu zuen Donostian, Lizardik XVIII. mendean izan zuen asmo beraren ildotik. XIX. mendeko proiektua aurrekoa baino apalagoa zen. Albateak edo barrualdea itsaslasterretatik babesteko eragozgarri mugikor batzuk zeuzkan. Estatuak parte hartu zuen lan horien finantziazioan, 1852ko Arautegian onartutakoa betez. Hiri barrutik portura sartzea errazteko, ate bat ireki zuten harresietan, Portalón, Portu kalea eta portua lotzen zituena. Kai berri hari esker, Donostiak portua merkataritzarako erabiltzen jarraitu ahal izan zuen. Kai hura estreinatu eta berehala, salgaien joan-etorri handia izan zen Donostiatik Habanara eta Habanatik Donostiara, eta, aurrerago, baita beste leku batzuetara ere.

Bide sarea oso hondatuta zegoen, eta gerra bukatu ondoren konpondu zuten. Garai hartakoa da Antiguako komentua San Martineko auzoarekin lotu zuen errepidea, hareatzaren oinean. Errepide haren tankera olatuen lerroari egokitu zioten, eta hark eman zion Kontxari bere itxura berezia. 1864an, burdinbideak osatu zuen Donostiara sartzeko komunikabideen sarea.

Garraiobide berriei esker, ez zegoen inolako eragozpenik Donostiara iristeko. Eta hori ezinbesteko baldintza zen ordurako zale ugari Donostiara etorrarazi zituen jarduera jakin baterako: itsasoan bainuak hartzeko. Itsasoan bainatu zale asko etorri zen Donostiara XIX. mendean. Napoleonen inbasioaren ondorengo urteetan, udaleko agintariek kezka handia izan zuten bainu hartzaileak sexuaren arabera bereizteko. XIX. mendearen erdialdean, bainuzainek gurpilen bidez mugitzen ziren etxetxo mugikorrak eramaten zituzten hondarretan barrena itsasertzeraino, bainu hartzaileen erosotasunerako.

Donostiarrek argi eta garbi sumatu zuten hondartzari etekin ekonomikoa ateratzeak zer-nolako aukerak eskainiko zizkien hurrengo urteetan. Baina aukera berri haiek auzitan jartzen zuten ordu arte hirian indarrean egon zen eredua, bai ekonomian, bai hirigintzan, eta baita paisaian ere. Beraz, XIX. mendearen erdialdera Donostian sumatu ziren aukera haiek guztiak beteko baziren, aldaketa handiak egin beharra zegoen. Aldaketa haiek eztabaida gogorrak sortu zituzten donostiarren artean, ondorioak ez baitziren makalak. Eztabaida, liskar, eta gorabehera horiek denak hurrengo kapituluan aztertuko ditugu.








OHARRAK

10 150etik gora lur sail eta orube Donostiako barrutian; alegia, Donostia bera, Lezo, Errenteria, eta Oiartzun.



11 Godoyk desamortizaziora jo behar izan zuen hain zeregin garestiak finantzatzeko. Aurrena, haien errentak errukizko egintzak egiteko erabiltzen ziren ondasunak bahitu zituen. Eta horretarakoxe zeuden sortuak eta antolatuak Donostiako Erruki Etxea eta Ospitalea. Desamortizazioaren legeak indarrean jartzearekin batera bi erakunde horiek baliabiderik gabe gelditu ziren. Harrezkero, behartsuei eta gaixoei laguntzeko behar ziren diruak udaleko aurrekontuak ordaindu behar izan zituen.

12 Donostia berreraikitzeko. Erregearen Kontseiluak eman behar zuen azken baimena kontu politikoetan eta finantzarioetan; eta Akademiak, berriz, berea, baina hirigintzari zegokion alorrean. Udalak, erakunde horiek zuzenketak egingo zituztela aldez aurretik ikusiz, erraz bota zitezkeen eraikinak egiteko baimena besterik ez zuen eman.

13 Frantses okupatzaileek Donostia mendean hartua izan zuten garaiak garrantzi handiko ondorio politikoak izan zituen donostiarrengan. Bai Donostiako agintariak eta bai Gipuzkoako Diputazioa Cádizko Gorteen kausa liberalen alde zeuden. Erregimentua Udal bihurtu zen, Cádizko Konstituzioak eta 1812ko maiatzaren 23ko Dekretuak agindutakoa betez. Udal berri hartarako aukeratu ziren kargu gehienak izen berriak ziren, eta uste izatekoa da, beraz, belaunaldi aldaketa bat gertatu zela orduan. Ez dirudi zentzugabea kargudun horiek gehienak liberalak izango zirela uste izatea.

14 1837ko Konstituzioak ez zuen "monarkia parlamentarioaren" kontzeptua erabat lantzen. Liberal aurrerazaleek, konstituzio haren bultzatzaileek, amore eman zuten, eta onartu zuten Erreginak izan zezala azken erabakia gobernuaren eta gorteen arteko liskarretan. Isabel II.ak behin baino gehiagotan erabili zuen erregetzari zegokion pribilegio hori, eta, halakoetan, liberal moderatuen alde jokatu zuen beti.

15 Zinegotzi izan behar zuten bizilagunek berek uko egin zioten erakundea berritzeari, eta hauteskundeak boikotatu zituzten. Ez zuten ordezkaririk bidali ezta ere Debako Batzar Nagusira. Gorteak amore eman zuen donostiarrekin udaleko administrazioari zegokionez, baina zorrotz ohartarazi zien bete egin behar zituztela probintziarekin zituzten betebeharrak.