IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  Hiri liberala

Hiri liberala

Hiri liberala

Harresiak bota ondoren, Donostia Easo Eder bihurtu zen garai berean, aldaketa handiak izan ziren Espainiako politikan. 1860. urtearen inguruan, liskar eta tirabira handiak izan ziren Espainiako politikan eta gizartean, eta eten handia izan zen ordu arteko gobernatzeko moduan.

Liberalismoaren alderdirik erradikalena, burgesia aurrerazalea, baztertua zegoen agintetik, Isabel II.a erreginak ez baitzion gobernuan sartzen uzten. Liberal moderatuak egon ziren, beraz, behin eta berriz agintean. Zapuztuta zeudenez, aurrerazaleek manifestazioak, istiluak, erreboltak... bultzatu zituzten, baina gobernuak behin eta berriz zapaldu zituen. Giroa gori-gorian zegoela, 1864an, ekonomia krisi handi batean sartu zen, eta, hurrengo urteetan, krisi hura areagotu baizik ez zen egin. Haren ondorioek ezinegona eta nahaspila sortu zuten gizartean. Irtenbide berriak bilatu ordez, monarkiak betiko moduan jardun zuen, politika gogor bat eginez.


1866ko irailean, liberalek herritarren eta militarren matxinada bultzatu zuten berriz. Oraingoan, ondo atera zitzaien. Gertaera hari La Gloriosa deitu zitzaion; Aintzazko Iraultza, alegia. Erregina tronutik bota zuten, eta Espainiatik ihes egin behar izan zuen.

Iraultzaileek sistema politiko berri bat jarri zuten abian, gizabanakoaren eskubideetan oinarritua, eta askatasuna ziurtatzen zuena. Burgesia iraultzaileak, hark bultzatua baitzen iraultza hura, arreta handiz zelatatu zituen matxinatuen joan-etorriak, beldur baitzen matxinada hark muturreraino joko ote zuen, eta beraren nahiak zapuztuko ote zituen. Zalantza, susmo eta eragozpen haiek gorabehera, hurrengo urteetan indarrean jarri ziren formula politikoek berrikuntza handia ekarri zuten Espainiara, agintari berriek borondate demokratiko sendoa erakutsi baitzuten. Geroztik, Sei urteko Demokratikoa edo Iraultzailea esan zitzaion garai hari.

Euskal Herriko probintziak berehala jarri ziren gobernuaren kontra. Egoera hark bultzada handia eman zion karlismoari, bere burua foruen aldeko eta Madrilen eredu zentralistaren aurkako aurkezten baitzuen. Euskal Herriko probintzietako maila sozial guztietako jende askok zeuzkan aintzat hartuak foruaren bitartez indarrean zeuden mugak zekartzan onurak; soldadutza egin beharrik ez izatea eta estatuaren ogasunari zergak ordaindu behar ez izatea ziren onura garrantzitsuenak. Abantaila haiek estu-estu lotuta zeuden foruari, eta forua babestu nahiak jende asko erakarri zuen Don Carlosen alde. Arrazoi horregatik jo zuten Euskal Herriko lurralde historikoek Espainian nagusi zen joeraren kontrako bidetik, eta hala ari izan ziren erregegaiaren alde eta Madrilen aurka.

Euskal Herriko hiri gutxi batzuk besterik ez ziren makurtu liberalen aldera. Eta jarrera horrek guztiz nabarmendu zituen Euskal Herriko probintzietako giro tradizionalista hartan. Horixe gertatu zen Donostian; handik aurrera, bere ezaugarri berezitzat hartu zuen liberalismoa, ia Gipuzkoa osoa karlisten aldekoa zelarik.

Erregina eta haren gortea Donostian zeuden Aintzazko Iraultza hasi zenean. Giroa osoa lasai zegoen Donostian. Inguruan istilurik eta zalapartarik sumatu ez zuenez, erreginak uste izan zuen gauza bera ari zela gertatzen Espainia osoan, eta iraultza haren garrantzia gutxietsi zuen. Ez zen egoeraren larriaz konturatu, harik eta, irailaren 28an, liberalek erreginaren armada garaitu zuten arte. Irailaren 30ean, erreginak erbesteratu egin behar izan zuen; Norteko geltokian hartu zuen trena, eta hara joan zitzaizkion Donostiako agintariak agur esatera.

Hiria zabaltzen


Gerrak hiriaren zabalkundea eten zuen. Bakea etorri zenean, berriz hasi zituzten Zabalgunea eraikitzeko lanak. Udalak hasierako irizpide estetizistari eutsi zion berriz ere. Goi mailako klaseek, elkar harturik, ahalegin handiak egin zituzten hiri eder eta dotorea eraikitzeko. Gerora, turismoaren eta zerbitzuen sektorea indartu zuten, kanpoko dirudun jendea erakartzeko. Eta ez zuten zalantzarik izan hasierako proiektua aldatzeko eta hobetzeko, hiri atsegin bat egiteko helburuarekin, betiere.

Hiria zabaltzerakoan, eragile haiek turismorako joera nabarmena bazuten ere, ez zituzten beste jarduera ekonomiko batzuk baztertu. Donostiako burgesiak ez zien muzin egin industriak eta merkataritzak ematen zituen irabazpideei. Aitzitik, inbertsioak egin zituen ekonomiaren hainbat alorretan. Baina kontu handia izan zuen paisaiari kalterik ez egiteko eta erdialdea txukun eta dotore mantentzeko. Pabiloiak, lantegiak, eta fabrikak aldirietara baztertu zituen -Antiguara, Egiara, Grosera...-, udatiarrek ikus ez zitzaten.

Hiriko espazioa funtzionaltasunaren arabera banatu zuten, beraz, garai hartako zabalgune gehienetan bezalaxe. Donostia eremu espezializatuetan banatu zuten: leku bat langintzarako izan ala bizitzeko izan, hartara egokitu zioten auzo edo leku jakin bat. Bizitoki hutserako ziren etxe multzoek helburu horretarakoxe behar ziren ezaugarriak zituzten, bai arkitekturaren eta bai soziologiaren aldetik.

Erdialdeari egokitu zitzaion erdigune burges eta turistikoa izatea. Hango eraikuntzak itxura uniformea eta dotorea zuen, soila, eta formaren aldetik neurrizkoa, Parisko hirigintzaren eraginez. Belaunaldiz belaunaldi, arkitektoek Donostiara aldatu zituzten Europan boladan zeuden estiloak, eraikin bikainenetan garbi sumatzen denez.

Antonio Cortázarri zor zaio lehenengo zabalgunearen klasizismoa; José Goicoak eklektizismorako joera izan zuen -Amarako eskolak, 1893; Diputazioko Jauregiko fatxada, 1879-1885; Artzain Onaren plaza, San Inazio eliza, 1892.-. Donostiako eraikin berezienetako batzuk estilo horretakoak dira: Kasinoa -Morales de los Ríos eta Aladrén, 1887-, frantses arkitekturaren eragina duena; Victoria Eugenia antzokia -Francisco de Urcola, 1912- eta María Cristina hotela -Charles Mewes, 1912-. Arkitektura zibilean, aipagarriak dira Prim kaleko eraikin modernistak -Art Nouveau estilokoak-, haietako onenak Luis Elizaldek eginak.


1888an, udalak Kontxako eta Ondarretako hondartzen arteko tontorra eskaini zion Mª Cristina erreginari, bere udako egoitza han eraiki zezan. Miramar jauregia Selden Wornumen planoen arabera eraiki zen, eta cottage ingeles baten tankera du, kutsu gotiko handiarekin. Kontxa urbanizatzeko lanak 1909an bukatu ziren, Juan Ramón Alday udaleko arkitektoak baranda azpiko pasabide irtena eraiki zuenean. Gran Kursaal kasinoak 1922an ireki zituen ateak; gaur egun eraitsia dagoen eraikin hura Bluysenek egin zuen, eta, batere orijinala ez bazen ere, txit handiustekoa zen tankeraz.

Arrazionalismoa izan zen Donostian garai hartan erabili zen azken joera estetikoa. Oso forma landuak zituen eta oso apaingarri gutxi. 1920ko hamarraldian sartu zen indar handiz Espainian joera hori. Donostian bi eraikin bikain utzi zituen: Klub Nautikoa eta Equitativa.

Auzoen plangintza egiterakoan, Donostiako handiki jendeak ez zuen erdialdean bezain txukun eta arretaz jokatu. Aldirietako auzoak hainbat zereginetarako erabili ziren: baziren bizitoki dotoreak, baziren fabrikak, baziren bizitoki arruntak... Eta erabilera horiek konbinatu beharrak oso itxura nabarra eman zien auzo horiei. Hortaz, gorabehera handiak izan ziren kalitatearen aldetik Antiguaren, Grosen, Ategorrietaren... artean. Biztanleen aldetik ere oso nahasiak ziren. Eta herritar apalentzat edo langile soilentzat ziren auzoetan, Egia-Atotxan bereziki, ez zuten inolako urbanizazio lanik egin: bere horretan utzi zituzten, batere zaindu gabe.



Donostiako zabalgunearen eragile nagusiak; ezkerretik eskuinera: Antonio Cortázar, José Goicoa, eta Nemesio Barrio



Egun gutxi batzuk lehenago erreginari eta gorteari harrera ezin hobea egina zioten agintari haiek berek higikunde iraultzailearen alde egin zuten. Beldur ziren iraultza hark ez ote zuen muturrerago joko, eta hura bideratzen saiatu ziren. Agintari liberal berriek berehala sortu zuten erakunde berri bat, udaletako aginpidea bere gain har zezan: Batzorde Iraultzailea. Hori ikusirik, Donostiako burgesiak bizkor hartu zuen esku Donostian eratzekotan ziren batzorde hartan, eta kosta ahala kosta saiatu zen herriak batzordekideak demokrazia bidez aukera ez zitzan. Talde berezi batek aukeratu zituen, azkenean, batzordekide haiek, eta batzorde horretan donostiar handi batzuk zeuden: Fermin Matxinbarrena eta Fermín Lasala, besteak beste.

Erakunde berri hori izendatu orduko, izena aldatu zuen, eta Gobernu Batzordea esan zitzaion harrezkero, zer joera politikoa zuen garbi adierazirik. Probintzia osoko aginpidea hartu zuen bere gain, eta bere betekizunak moderazioz eta zuhurtasunez bete zituen, harik eta, 1868ko urrian, desegin zen arte.

Hurrengo urteetan ere, Donostiako burgesiak aginpidean iraun zuen. Inguru osoa karlisten aldekoa zutenez, Donostiako joera bateko eta besteko liberalek elkar hartu behar izan zuten, beren arteko ika-mikak alde batera utzirik, eta fronte trinko bat eratu zuten: "Batasun Sakratua" -joera eta irizpide desberdineko liberalen elkartasuna, alegia 3. Gobernuarekin zituen harremanak aldartetsuak izan ziren: batzuetan alde eta besteetan kontra; politika berriaren alde egin zuen, gobernuak Euskal Herriko probintzien erregimen berezia errespetatu zuen bitartean.

Karlisten matxinadak estutu egin zuen donostiarren arteko lotura, Donostia baitzen liberalek Gipuzkoan zuten ia herri bakarra; ia probintzia osoa etsai zuten, beraz, donostiarrek.

Gerra 1872. urtearen bukaeran hasi zen, eta berehala ikusi zen indarrak ez zeudela batere berdinduak. Gipuzkoa Don Carlosen alde ari zen borrokan, eta karlistek beren mendean edo setioan zeuzkaten herri gehienak: Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar, Tolosa.

Karlistak gero eta hurbilago zeuden Donostiatik. 1875ean, hiria bonbardatzen hasi ziren. Hiru lerroko sare batek babesten zuen Donostia: Lehena, Igeldotik Pasaiaraino, Lugaritz, Puio, Altza, eta Ulian barrena; bigarrena, Antiguatik Egiara, Uliaren oineraino; eta hirigunetik hurbilen zegoen lerroa, hirugarrena, Mirakontxan hasten zen, San Bartolomen barrena jarraitzen zuen, eta Santa Katalinan bukatzen zen.

Borbon familiak erregetza berriz ere hartu zuenean, eta Alfontso XII.a izendatu zutelarik errege, elkarren kontrako bi indar haien arteko harremana aldatu egin zen. Espainiako politika zertxobait baretu zen, eta gobernu berriak gatazka hura konpontzen ahalegintzeko beta izan zuen. Bere armadaren indar guztia erabili zuen helburu hori betetzeko. Bestalde, errege berriak joera moderatuko politikari askoren atxikimendua izan zuen. Alfontso XII.ak jarraitzaile asko kendu zizkion Don Carlosi, haren alde bolada baterako baizik egin ez zutenen artean.


1876. urtearen hasieraz geroztik, liberalek indar handiko armada bat eratu zuten, Euskal Herriko probintzietako hainbat lekutan karlistak garaitu zituzten, eta, pixkanaka-pixkanaka, atzera egitera behartu zituzten. Otsailaren 18an, Donostiako setioa altxatu zuten. Donostiarrek pozez ospatu zuten garaipen hura.





Oharrak

3
Garai bateko moderatuak, eta federalistarik erradikalenak, batasun horretatik kanpo gelditu ziren.