Hiri liberala
Harresiak bota ondoren, Donostia Easo Eder bihurtu zen garai berean, aldaketa handiak izan ziren Espainiako politikan. 1860. urtearen inguruan, liskar eta tirabira handiak izan ziren Espainiako politikan eta gizartean, eta eten handia izan zen ordu arteko gobernatzeko moduan.

Liberalismoaren alderdirik erradikalena, burgesia aurrerazalea, baztertua zegoen agintetik, Isabel II.a erreginak ez baitzion gobernuan sartzen uzten. Liberal moderatuak egon ziren, beraz, behin eta berriz agintean. Zapuztuta zeudenez, aurrerazaleek manifestazioak, istiluak, erreboltak... bultzatu zituzten, baina gobernuak behin eta berriz zapaldu zituen. Giroa gori-gorian zegoela, 1864an, ekonomia krisi handi batean sartu zen, eta, hurrengo urteetan, krisi hura areagotu baizik ez zen egin. Haren ondorioek ezinegona eta nahaspila sortu zuten gizartean. Irtenbide berriak bilatu ordez, monarkiak betiko moduan jardun zuen, politika gogor bat eginez.
1866ko irailean, liberalek herritarren eta militarren matxinada bultzatu zuten berriz. Oraingoan, ondo atera zitzaien. Gertaera hari La Gloriosa deitu zitzaion; Aintzazko Iraultza, alegia. Erregina tronutik bota zuten, eta Espainiatik ihes egin behar izan zuen.

Iraultzaileek sistema politiko berri bat jarri zuten abian, gizabanakoaren eskubideetan oinarritua, eta askatasuna ziurtatzen zuena. Burgesia iraultzaileak, hark bultzatua baitzen iraultza hura, arreta handiz zelatatu zituen matxinatuen joan-etorriak, beldur baitzen matxinada hark muturreraino joko ote zuen, eta beraren nahiak zapuztuko ote zituen. Zalantza, susmo eta eragozpen haiek gorabehera, hurrengo urteetan indarrean jarri ziren formula politikoek berrikuntza handia ekarri zuten Espainiara, agintari berriek borondate demokratiko sendoa erakutsi baitzuten. Geroztik, Sei urteko Demokratikoa edo Iraultzailea esan zitzaion garai hari.
Euskal Herriko probintziak berehala jarri ziren gobernuaren kontra. Egoera hark bultzada handia eman zion karlismoari, bere burua foruen aldeko eta Madrilen eredu zentralistaren aurkako aurkezten baitzuen. Euskal Herriko probintzietako maila sozial guztietako jende askok zeuzkan aintzat hartuak foruaren bitartez indarrean zeuden mugak zekartzan onurak; soldadutza egin beharrik ez izatea eta estatuaren ogasunari zergak ordaindu behar ez izatea ziren onura garrantzitsuenak. Abantaila haiek estu-estu lotuta zeuden foruari, eta forua babestu nahiak jende asko erakarri zuen Don Carlosen alde. Arrazoi horregatik jo zuten Euskal Herriko lurralde historikoek Espainian nagusi zen joeraren kontrako bidetik, eta hala ari izan ziren erregegaiaren alde eta Madrilen aurka.
Euskal Herriko hiri gutxi batzuk besterik ez ziren makurtu liberalen aldera. Eta jarrera horrek guztiz nabarmendu zituen Euskal Herriko probintzietako giro tradizionalista hartan. Horixe gertatu zen Donostian; handik aurrera, bere ezaugarri berezitzat hartu zuen liberalismoa, ia Gipuzkoa osoa karlisten aldekoa zelarik.

Erregina eta haren gortea Donostian zeuden Aintzazko Iraultza hasi zenean. Giroa osoa lasai zegoen Donostian. Inguruan istilurik eta zalapartarik sumatu ez zuenez, erreginak uste izan zuen gauza bera ari zela gertatzen Espainia osoan, eta iraultza haren garrantzia gutxietsi zuen. Ez zen egoeraren larriaz konturatu, harik eta, irailaren 28an, liberalek erreginaren armada garaitu zuten arte. Irailaren 30ean, erreginak erbesteratu egin behar izan zuen; Norteko geltokian hartu zuen trena, eta hara joan zitzaizkion Donostiako agintariak agur esatera.
|
Hiria zabaltzen
Gerrak hiriaren zabalkundea eten zuen. Bakea etorri zenean, berriz hasi zituzten Zabalgunea eraikitzeko lanak. Udalak hasierako irizpide estetizistari eutsi zion berriz ere. Goi mailako klaseek, elkar harturik, ahalegin handiak egin zituzten hiri eder eta dotorea eraikitzeko. Gerora, turismoaren eta zerbitzuen sektorea indartu zuten, kanpoko dirudun jendea erakartzeko. Eta ez zuten zalantzarik izan hasierako proiektua aldatzeko eta hobetzeko, hiri atsegin bat egiteko helburuarekin, betiere.
Hiria zabaltzerakoan, eragile haiek turismorako joera nabarmena bazuten ere, ez zituzten beste jarduera ekonomiko batzuk baztertu. Donostiako burgesiak ez zien muzin egin industriak eta merkataritzak ematen zituen irabazpideei. Aitzitik, inbertsioak egin zituen ekonomiaren hainbat alorretan. Baina kontu handia izan zuen paisaiari kalterik ez egiteko eta erdialdea txukun eta dotore mantentzeko. Pabiloiak, lantegiak, eta fabrikak aldirietara baztertu zituen -Antiguara, Egiara, Grosera...-, udatiarrek ikus ez zitzaten.
Hiriko espazioa funtzionaltasunaren arabera banatu zuten, beraz, garai hartako zabalgune gehienetan bezalaxe. Donostia eremu espezializatuetan banatu zuten: leku bat langintzarako izan ala bizitzeko izan, hartara egokitu zioten auzo edo leku jakin bat. Bizitoki hutserako ziren etxe multzoek helburu horretarakoxe behar ziren ezaugarriak zituzten, bai arkitekturaren eta bai soziologiaren aldetik.
Erdialdeari egokitu zitzaion erdigune burges eta turistikoa izatea. Hango eraikuntzak itxura uniformea eta dotorea zuen, soila, eta formaren aldetik neurrizkoa, Parisko hirigintzaren eraginez. Belaunaldiz belaunaldi, arkitektoek Donostiara aldatu zituzten Europan boladan zeuden estiloak, eraikin bikainenetan garbi sumatzen denez.
Antonio Cortázarri zor zaio lehenengo zabalgunearen klasizismoa; José Goicoak eklektizismorako joera izan zuen -Amarako eskolak, 1893; Diputazioko Jauregiko fatxada, 1879-1885; Artzain Onaren plaza, San Inazio eliza, 1892.-. Donostiako eraikin berezienetako batzuk estilo horretakoak dira: Kasinoa -Morales de los Ríos eta Aladrén, 1887-, frantses arkitekturaren eragina duena; Victoria Eugenia antzokia -Francisco de Urcola, 1912- eta María Cristina hotela -Charles Mewes, 1912-. Arkitektura zibilean, aipagarriak dira Prim kaleko eraikin modernistak -Art Nouveau estilokoak-, haietako onenak Luis Elizaldek eginak.
1888an, udalak Kontxako eta Ondarretako hondartzen arteko tontorra eskaini zion Mª Cristina erreginari, bere udako egoitza han eraiki zezan. Miramar jauregia Selden Wornumen planoen arabera eraiki zen, eta cottage ingeles baten tankera du, kutsu gotiko handiarekin. Kontxa urbanizatzeko lanak 1909an bukatu ziren, Juan Ramón Alday udaleko arkitektoak baranda azpiko pasabide irtena eraiki zuenean. Gran Kursaal kasinoak 1922an ireki zituen ateak; gaur egun eraitsia dagoen eraikin hura Bluysenek egin zuen, eta, batere orijinala ez bazen ere, txit handiustekoa zen tankeraz.
Arrazionalismoa izan zen Donostian garai hartan erabili zen azken joera estetikoa. Oso forma landuak zituen eta oso apaingarri gutxi. 1920ko hamarraldian sartu zen indar handiz Espainian joera hori. Donostian bi eraikin bikain utzi zituen: Klub Nautikoa eta Equitativa.
Auzoen plangintza egiterakoan, Donostiako handiki jendeak ez zuen erdialdean bezain txukun eta arretaz jokatu. Aldirietako auzoak hainbat zereginetarako erabili ziren: baziren bizitoki dotoreak, baziren fabrikak, baziren bizitoki arruntak... Eta erabilera horiek konbinatu beharrak oso itxura nabarra eman zien auzo horiei. Hortaz, gorabehera handiak izan ziren kalitatearen aldetik Antiguaren, Grosen, Ategorrietaren... artean. Biztanleen aldetik ere oso nahasiak ziren. Eta herritar apalentzat edo langile soilentzat ziren auzoetan, Egia-Atotxan bereziki, ez zuten inolako urbanizazio lanik egin: bere horretan utzi zituzten, batere zaindu gabe.
|