IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   



HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  Hiria aurrerabidean

Hiria aurrerabidean



Turismoa eta gortea





1887an, María Cristina erregina Donostiara etorri zen bisitan, sendagileek hala aholkatuta, nonbait, haren semearen osasuna indartzeko. Harrezkero, uda guztietan etorri zen, harik eta, 1929an, hil zen arte 4. Donostia eta Santander lehian ibili ziren erregina uda pasatzera nork erakarriko, baina, azkenean, erreginak Donostia aukeratu zuen. Bi hiri horiek bazuten eredu bat, gertu: Miarritze, Napoleon III.ak begiz joa baitzuen uda han igarotzeko. Enperadoreak udaldian egoitza Miarritzen hartu izanak sekulako goraldia ekarri zuen Lapurdiko hiri horretara; eta, goraldi huraxe bera nahi baitzuten donostiarrek eta santandertarrek zeinek bere hiriarentzat, hartara ari izan ziren lehia bizian Espainiako gortea udaldian erakartzeko, eta, hartarako, gogotik ahalegindu ziren zeinek bere hiriaren eta hondartzaren bikaintasuna goraipatzen.

Mª Cristina erregina uztailaren erdialdera iristen zen Donostiara, eta irailaren bukaera arte edo urria aurreratuxea zegoen arte gelditzen zen han. Gortea erreginarekin batera etortzen zen, eta, bolada hartan, Donostia izaten zen Espainiako erresumako hiriburua. Horrek onura handiak ekarri zizkion turismoaren sektore guztiari; hurrengo hamarraldietan turismoak gero eta indar handiagoa izan zuen, eta ez ziren makalak izan hari esker batzuek eskuratu zituzten irabaziak.

Paisaiaren bikaintasunak eta edertasunak eta hiriak eskaintzen zituen zerbitzuek zerikusi handia izan zuten erreginaren erabakian. Ospe handiko bisitari haien erakarmenez, gero eta turista gehiago etortzen zen urtero-urtero Donostiara, gorabehera politikoei jaramonik egin gabe. Turismoaren sektoreak berehala asmatu eta bilatu behar izan zituen aisiarako eta jolaserako baliabide gehiago, turistak luzaroago gera zitezen.

Ekimen publikoak eta pribatuak batera ari izan ziren goi mailako turista haiei beren mailako denbora-pasak eta jolasak eskaintzeko. Kasinoa izan zen ahalegin haien ondorio garbia. 1887an inauguratu zuten, eta ezin hobeki bete zuen bere eginkizuna: Donostiako udaldiari bizitasuna ematea. Hura ez zen izan, ordea, turisten gozamenerako egin zen ahalegin bakarra. XX. mendearen hasieran, kiroletarako, ikuskizunetarako, eta denbora-pasarako hainbat eraikuntza lan egin zen Donostian, eta, hartarako, oso kontuan hartu zuten zuhaitz eta landareetarako lekuen eta bizitokirako lekuen arteko harmonia.

Ulia mendian, adibidez, hainbat eraikin jaso zuten, eta aire bidezko transbordadore bat ere ipini zuten. Loiola auzoan zezen plaza estali bat kokatu zuten. 1912an jarri zuten abian Igeldoko funikularra, eta hurrengo urteetan egin zituzten Pasealeku Berria eraikitzeko lanak. Kontxako hondartza ere dotoretu egin zuten: La Perla, harrizko eraikina, eta Erreginaren Bainu Etxea -gaur egun Eguzki elkartea dagoen lekua- jaso zituzten 1911tik 1912ra bitartean. 1921ean, udalak Urgull mendia erosi zuen, herritarren aisiarako. 1922an inauguratu zen Kursaaleko Kasino Handia. Horrez gainera, zezen plaza, hipodromoa, golf zelaia... eskaintzen zizkien Donostiak udatiarrei, eta, 1924rako, Europan boladan zeuden beste leku turistiko guztiak baino askoz eskaintza handiagoa zuen Donostiak.



Propagandak argi eta garbi nabarmentzen zuen Donostiako udaldia elitista zela, eta hondartza inguruko etxeen tankerak eta, udatiarren aisiarako eta jolaserako, Donostiak eskaintzen zuen guztiak azpimarratu besterik ez zuen egiten elitismo hori. Baina, aristokratekin batera, berehala sumatu ziren Donostian halako ospea eta goi maila ez zuten bisitariak: erdiko klase aberastuak.

Aberasbideak

Ez zen turismoa izan Donostiaren aberasbide bakarra. Turismoa sasoi bakar batera mugatua zegoenez, irabaziak urte osoan emango zituen jardunbideak bilatu beharra zegoen. Burgesiak ahaleginik handienak turismora bideratu bazituen ere, ez zien beste sektore batzuei muzin egin. Dirudun familia saiatuenek beste aukera batzuk aztertu zituzten inbertitzeko, eta kontu handiz ibili ziren, inbertsio batzuek besteei trabarik egin ez ziezaieten.

Donostiako burgesiak aldi berean bultzatu zituen merkataritza, industria, eta finantzak. Jarduera horiek elkarri trabarik egin gabe eta elkarren osagarri egin zuten aurrera, eta sendotu egin zuten Donostiako hiriaren ekonomia. Garai hartan lanean ari zen jendeak zer-nolako lana egiten zuen aztertuz gero, argi ikusten da ekonomiaren bigarren eta hirugarren sektorea ere indartsuak zirela, eta ez hirugarrena bakarrik, hiriak propagandarako baliatzen zuen irudi berriak aditzera ematen zuenez.

Bertako industrian langile askok lan egiten zuen -lanean ari zirenen %40’2k 1900. urtean, eta %41’8k 1930ean-. Donostiako fabrikak, probintziakoak bezala, txikiak ziren tamainaz, eta oso kapital txikiarekin hasiak ziren lanean. Ekonomiako sektore askotan eta elkarren oso desberdinetan aritzen ziren fabrika haiek; batik bat, eta garrantzi handienekotik txikienekora, eraikuntzan, ehungintzan, elikagaien industrian, eta tabakogintzan. Haien artean, baziren bi garrantzi handikoak: Lizarriturry y Rezola (1864), Antiguan, kandelak, koloniak, eta xaboiak egiten zituena; eta Cementos Rezola (1858), Añorgan.

Donostiako kapitalak ez zien muzin egin garai hartan Gipuzkoan sortu ziren industria berriei. Enpresa askotan parte hartu zuen, eta Donostia inguruan jardunean zeuden fabriketan inbertitu zuen, batez ere.

Lanean ari zirenen artean, hirugarren sektoreak biltzen zuen, proportzioan, langile kopuru handiena -% 51’1 1930ean-. Militar, funtzionario, eta neskame-morroien kopurua neurriz gainekoa zen XIX. mendean, eta horregatik zen hain handia Donostian hirugarren sektorean ziharduten langileen proportzioa. XX. mendeak aurrera egin ahala, ostalaritzako eta lanbide liberaletako langintzek askoz ere indar handiagoa izan zuten. Gizartea bera gero eta modernoagoa eta gero eta konplexuagoa zela esan nahi zuen horrek. Gutxika saltzen zuten saltokiak gero eta gehiago espezializatu ziren. Eta luxuzko salgaiak bereziki udatiarrei saltzen zizkieten denda jakin batzuk izan ziren espezializazio horren eredu bitxiena. Saltoki horietako batzuk sasoikoak izaten ziren; alegia, udan baizik ez zituzten zabaltzen ateak.

Finantzako erakundeek osatzen zuten Donostiak hirugarren sektorean zuen aukera zabala, eta haiek ematen zuten negozio kopuru handi hark behar zuen oinarria eta euskarria. 1899an zabaldu zituen ateak Banco Gipuzcoano banketxeak. Hurrena, Banco de San Sebastián izan zen, 1909an, Donostiako goi mailako jaun batzuek sortua. 1879an, udalak Aurrezki Kutxa sortu zuen -geroago, Donostiako Aurrezki Kutxa deitu zioten, eta, geroago, Gipuzkoako Kutxarekin bat eginik, gaur egungo Kutxa sortu zen-, banketxeenaren oso bestelako helburuaz: jendea dirua aurreratzera bultzatzea, eta kapital txikia bereganatzea.

Berehala hasi ziren horiek goi mailako jendearen bide berbera egiten, eta haien jokabideak eta itxurak imitatzen. Gizarteko mailan gora igotzea zen haien nahia, horretarako diruz estu ibili behar baldin bazuten ere. Kontxan jendaurrean agertzeak "itxura ona ematen zuen", eta, XX. mendeak aurrera egin ahala, gero eta burges dirudun gehiago etorri zen beren familiekin uda Donostian igarotzera. Haiek ere ederki gozatu zuten Donostiako udaldiaz, diruz aristokratak baino estuago ibili behar izanagatik.


1920 inguruan, turismoa beheraldian zegoela uste izan zuen askok. Primo de Riverak 1925ean jokoa debekatu izanak ezinegona sortu zuen goi mailako jendearengan, eta udatiar askok Miarritzera alde egin zuen. Hala eta guztiz ere, 1927an, udatiarren kopurua berriz ere handitzen hasi zen. Eta are gehiago ugarituko zen 1930eko hamarraldian.

Nolanahi ere, turismoa "krisian" zegoela aipatzen zuen hainbat donostiarrek behin eta berriz. Donostiara azken boladan beste era bateko udatiarrak etorri izanak sortua izan behar zuen sentipen hura. Izan ere, erdiko klaseko gero eta udatiar gehiago etortzen zen, eta berehala gainditu zuten aristokraten kopurua. Horrek ezinegona sortu zuen turismotik bizi zen sektorean. Estutasunak, ordea, ez ziren orduan hasi; gerora hasiko ziren, bai gogor estutu ere, Espainiako II. Errepublikaren garaiko iskanbilek eta nahasmenduek bazterrak astindu zituztenean.







Hiri amestua



Donostiaren irudia

Hirigintzako proiektu nagusiak ereduzkoak izan ziren. Kontxa, Askatasunaren Hiribidea, Bulebarra, eta Pasealeku Berria: horra Donostiak bere buruaren propaganda egiteko zeukan erakusleihorik onena. Donostiarrek eta bisitariek berehala aukeratu zituzten leku horiek, egoitza han hartzeko... eta, batez ere, "besteak ikusteko" eta "besteek norbera ikusteko". Familia dirudunentzat, paseoa izaten zen harremanetarako eta lagunarterako aukera egokiena.

Burgesiak berehala aukeratu zuen zabalgunea jendarteko harremanetarako. Kale haien dotoretasunean aurkitzen zuten burgesek beren mailari zegokion giro egokia. Parte Zaharrak garai bateko indarra eta bizitasuna galdu zuen. XIX. mendearen bukaera arte, hango kaleetan bizi izan ziren bai herri xehea eta bai goi mailako jendea. Baina, XX. mendeko aurreneko hogeita hamar urteetan, herri xehea baizik ez zebilen kale haietan.

Donostiak hiri modernoaren ospea zuen. Donostiako burgesiak atsegin handiz bereganatu zituen teknologiak haren esku jarri zituen berrikuntza guztiak; bai aurki aldatu ere, haiek zirela medio, hiriaren itxura eta tankera. 1899an, kaleetako argiteria elektrikoa inauguratu zuten. Kale haietan barrena aurki ibili ziren tranbiak eta, geroago, automobilak 5. Baina, haien prezioa garestia baino garestiagoa zenez, gutxi batzuen handizalekeriaren erakusgarriak izan ziren hasieran. Alfontso XIII.a erregeak bultzada handia eman zien automobilei, oso auto zalea baitzen, eta, udaldietan, autoak gidatzen ibili ohi zen Donostian barrena. 1935 aldera, automobilak garraiobide elitista izateari utzi zion.






XX. mendearen hasieraz geroztik, kirolerako zaletasunak gora egin zuen Donostian. Jendea txirrindularitzan, igeriketan, futbolean... aritzen zen, eta pilotan ere bai. Zaletasun hura giro eta joera berri batek bultzatua zen: ohitura osasuntsuei eta gorputz ariketei eman zitzaion garrantziak, alegia. Kirol horietan guztietan talde profesionalak sortu ziren. San Sebastián Ciclista Foot-ball Club taldeak Ondarretako zelaian jokatzen zituen partiduak. Baina handiki jendearen denbora-pasa hark gero eta futbolzale gehiago erakarri zituen. 1910ean sortu zen Real Sociedad de Foot-ball. Halako jendetza handia biltzen zen talde berri haren partiduetan, non, azkenean, Atotxako zelaira joan behar izan baitzuten; 1913an eraiki zuten, futbol zale mordo handi hura barruan har ahal zezan.

Udalak telefono sare bat antolatu zuen Donostian, eta 1908an lortu zuen hura erabiltzeko baimena. Donostiarrek zinema ikusteko aukera ere izan zuten, horretarako berariaz egindako aretoetan -Novedades, 1912; Miramar, 1913; Bellas Artes, 1914; El Príncipe, 1922-. Irrati emanaldiak entzuteko aukera ere izan zuten 1925. urteaz geroztik -Radio San Sebastián-.

Hiriaren modernizazioak zerbitzu eta azpiegituren sare bat ere ekarri zuen, higienea eta osasunaren premiak behar bezala zaintzen eta betetzen zituena. Udala berehala arduratu zen behartsuei eta baztertuei laguntzeko zerbitzu publikoak antolatzeaz eta ur hornidura bideratzeaz 6. Udalak alor horretan egin zituen inbertsioek asko jaitsarazi zuten heriotza-tasa; izan ere, Donostiako heriotza-tasa, batez beste, Espainiakoa baino askoz ere txikiagoa zen. Burgesiak ederki atera zien etekina aurrerapen horiei, eta ondo asko baliatu zituen turismorako propagandan. Donostiak higienearen aldetik eskaintzen zuen ziurtasuna oso kontuan hartu zuten udatiarrek ere, eta, hartara, bisitarien kopurua ugaritu egin zen.

Ametsa deseginik



XIX. mendearen erdialdeaz geroztik, Donostiako goi mailako klaseek ahalegin biziak egin zituzten hiri kosmopolita, dotorea, eta burgesa egiteko. Hurrengo hamarraldietan, berehala atera zioten etekina beren asmoari, gogotik ustiatu baitzituzten bai hiriaren baliabideak eta bai bere irudia; turismoaren alorrean, batez ere.

Hala eta guztiz ere, donostiar guztiek ez zuten aintzat hartu hiriak udatiarren artean zuen izen ona. Karlistek eta integristek gogotik kritikatu zuten jokoaren eta beste jolas batzuen zitalkeria. Nazionalistek -Engracio de Aranzadi, "Kizkitza"ren bidez- uko egin zioten kosmopolitismoari eta turismoari, haiei egozten baitzieten Donostiak bere euskal sena galdu izana. Sozialistek ere ez zuten batere begiko Donostia udatiarren hiri bihurtu izana, eredu industriala eta merkataria hobesten baitzuten Donostiarako.

Donostia "Easo Ederra" bihurtu izanak behe mailako klaseei egin zien kalte handiena. Estu eta larri atera behar izan zuten bizimodua hiri berez garesti hartan, non prezioak igo besterik egiten ez baitzituen udatiarren etorrerak. Etxebizitza erosi eta alokatu behar izaten zutenean nabaritzen zuen gehienbat herri xeheak Donostiaren garestitasuna. Nolanahi ere, herri xehearen ezinegonak ez zuen istilurik sortu, harik eta XX. mendea aurreratuxea egon zen arte. Ordu arte, Donostiak hiri baketsu eta lasaiaren ospea izan zuen, eta inoiz edo behin izan ziren zalaparta bakanek ez zuten ospe hura gezurtatu.


1916. urtearen bukaeran, egoera hura aldatzen hasi zen. I. Mundu Gerra bitartean eta hurrengo urteetan, langileek liskar handiak sorrarazi zituzten Espainian, eta giro zalapartatsu hark eragina izan zuen Donostian ere. 1916. urtearen bukaeran, UGT eta CNT sindikatuek lanuztera deitu zuten, oinarri-oinarrizko elikagaiak garestitu izanagatik protesta egiteko. Borroka gogorrak izan ziren Donostian manifestarien eta Guardia Zibilaren artean. 1917tik 1923ra bitartean, langileek behin eta berriz egin zituzten protestak eta lanuzteak Espainian, eta haien oihartzunak Donostiara ere iritsi ziren, ozenago batzuetan, motelago bestetan.

Donostiako ekonomiaren gidariak oso kezkatu ziren, istilu eta nahasmendu haiek oso eragin kaltegarria izango zutelako turismorako propagandan. "Arazo soziala" ordu txarrean plazaratu zen haientzat Donostiako eguneroko bizitzan, eta zeharo lausotu zuen udaldirako hiri txit egoki haren irudi idealizatua. Liskar haiek agerian utzi zuten Donostiako gizartea askok uste baino askoz ere konplexuagoa egin zela ekonomiaren eta industriaren aurrerabidearen itzalean. Langileen mugimenduak eta herritar askoren estutasunek eta nahigabeek lokaztu egin zuten propaganda ofizialak lau haizetara zabaldua zuen hiri eta bainu etxe burgesaren irudi idilikoa.

Oharrak


4
1898. urtean izan ezik, Espainiaren eta Kubaren arteko gerra zela eta.

5
1933an, 8.923 automobil zeuden matrikulatuta Donostian.

6
Ur gabezia konpontzeko, udalak ura ekarri zuen Añarbetik -1899an- eta Artikutzatik -1919an erosi zuen udalak lur sail hori-.
Udalak osasun publikorako zerbitzu bat sortu eta mantendu zuen, eta langile espezializatuak jarri zituen zeregin horretan. Familia behartsuei laguntzen zien, eta ospitaleko zerbitzuak eta sendagaiak dohainik eskaintzen eta ematen zizkien. San Antonio Abad Ospitaleari -1888- eta Zorroagako Zaharren Etxeari -1910- diruz laguntzen zien, Ongintzako Batzordearekin batera.
Premia handian zeuden herritarrei laguntzeko, bazituen udalak beste erakunde batzuk ere: San Bartolomeko Egoitza -1909-, Gipuzkoako Errukizko Egintzen Elkarteak sortua, eta kaleetako behartsuei aterpea ematen ziena; La Gota de Leche, eskoletako jangelak, haurrei jaten emateko; eta baita "sukalde merkeak" ere.