1874ko abenduan Borbon familiak Espainiako
erregetza berreskuratu zuen. Martínez Camposen kolpe militarrak
amaiera eman zion "Sei Urtekoari", eta monarkia berrezarri
zuen:
Isabel II.aren oinordekoa izendatu zuten errege, haren seme
Alfontso XII.a. Cánovas del Castillo gobernu buruaren helburu
nagusia monarkia indartzea zen. Oso kontuan hartu zuen alderdi bera
-moderatua- behin eta berriz aukeratzeagatik bota zutela azkenean
Isabel II.a tronutik. Hutsegite hura bera berriz ez egitearren,
txandakako sistema bat antolatu zuen, alderdi politiko guztiek
agintea izan zezaten, eta bat bera baztertuta geldi ez zedin.
Cánovasek oinarriak jarri zituen, beraz, liberalismoaren bi joera
nagusietako buruzagiak, moderatuak eta aurrerazaleak, txandaka
gobernuan ari izan zitezen. Horretarako, bakezko baliabideak erabili
zituen, eta, ustez, demokratikoak. Cánovasen asmo hura ondo aterako
bazen, behin alderdi batek eta hurrengoan besteak atera behar zuen
hauteskundeetan irabazle. Herritarren botoa faltsutu egin behar izan
zuten, beraz, aldez aurretik hitzartutako garaipen baten mesedetan.
Amarru hura zilegi iruditzen zitzaion Cánovasi, erregeak erregetzan
betiko iraungo zuela ziurtatzeko.
"Jauntxokeria" deitu zioten garai
hartan bertan sistema hari. Indarrean jarri zenean, bi alderdi haiek
zorrotz txandakatu ziren agintean, baina sistema hark erro-errotik
gaiztotu zuen politika osoa, hautesleen botoa gutxiesteaz gainera,
itxurakeria huts bihurtu baitzituen hauteskundeak.
Botazioetatik boterearen gorengo mailaraino
zegoen tarte handi hartan ustelkeria nagusitu zen, ez baitzegoen
beste biderik aldez aurretik hitzartutako emaitzak hauteskundeetan
lortu ahal izateko. Hiri bakoitzeko handiki jendeak -herriak
"jauntxo" esaten zien- aukera ezin hobea izan zuen tarte
horretan zeinek bere egoera hobetzeko. Haiek ziren agintarien eta
herri xehearen arteko kate begia, eta haiek eskaintzen zieten
agintariei herriaren babes "ofiziala".

"Ustelkeria" eta "oligarkia"
ziren sistema hura kritikatzen zutenen artean gehien entzuten ziren
hitzak. Sistema makur hartan, ordea, herritarrek ordu arte baino
askatasun handiagoa izan zuten. Gobernuan egoteko txanda liberalei
egokitzen zitzaienean nabaritu zen gehien askatasun hura. Liberalei
esker, Espainian prentsako eta adierazteko askatasuna ezarri zen,
joera askotako alderdi eta sindikatuak sortu ziren, eta garrantzi
handiko neurriak hartu ziren laguntza sozialari zegokion alorrean.
1890ean, esate baterako, liberalek gizonezkoen sufragio unibertsala
ezarri zuten; horrek ez zuen, ordea, hauteskundeetako iruzurra eta
amarrua geldiarazi.
Monarkiaren kontra zeuden alderdiak oso ahulduta
egon ziren aurreneko hamarraldietan. XX. mendearekin batera, indartu
egin ziren, eta gero eta jende gehiago erakartzeko gauza izan ziren.
Hala hasi ziren liskarrak eta protestak, motelak hasieran, gero eta
gogorragoak ondoren, harik eta Cánovasek antolatutako estatu haren
oinarriak desegin zituzten arte. Bi indar berri, sozialistak eta
nazionalistak, elkartu zitzaizkien monarkiaren aurkakoei -karlistei
eta errepublikanoei, alegia-; hala, erregeak gero eta babes gutxiago
zuen gizartean.
Garai hartan, Donostia liberalismoaren eredu izan
zen. Donostiak XIX. mendean nortasuna tankeratua zioten ezaugarri
haiek berak indartu zituen: hiri zabala, kosmopolita, tolerantea,
eta ikasia eta landua. Ezaugarri horiek bat egiten zuten
liberalismoarekin. Izen horren pean hainbat joera politiko zeuden
elkartuta -kontserbadoreak, berez liberalak zirenak, eta
errepublikazaleak-, eta bakoitzak bere erara adierazten zuen bere
pentsaera. Joera horiek guztiek bazuten ardatz garbi bat: askatasuna
eta, batez ere, tradizionalismoaren eta nazionalismoaren ukazioa.
Hauteskundeetan halakoxe baieztapen lausoez osatutako programa bat
hitzartzen bazuten ere, ezin zuten ezkutatu buruzagitza sendorik
gabeko indar politikoen multzo nahasi bat besterik ez zirela azken
batean. Beraz, hitzarmenak egin behar izaten zituzten elkarren
artean, hauteskundeetan irabazteko eta gobernatu ahal izateko.
II. Karlistaldiaren ondorengo urteetan, Donostiak
erregearen alde egin zuen, hiri guztiz liberala baitzen. Nola
Gipuzkoa karlismoaren jarraitzaile porrokatua zen, donostiarren
jarrerak ez zituen asko goxatu gipuzkoar askoren haserreak. 1884.
urteaz geroztik, karlistek beren esku zeukaten Gipuzkoako
Diputazioa, eta, haren bidez, Kontzertu Ekonomikoa 7.
Donostiako burgesiak aurre egin nahi izan zien,
eta, horretarako, koalizio bat eratu zuten, errepublikazale
moderatuak eta erregezaleak elkartzen zituena. Donostiako handikiak
gogotik borrokatu ziren beren interes politikoen eta ekonomikoen
alde. Garai hartako politikan nabarmendu ziren, besteak beste: Jose
Matxinbarrena, Brunet familia, Jamar familia, Fermín Calbetón...
Talde horrek agintea eskuratu zuen Diputazioan, eta, beraz, Gipuzkoa
osoan, aldez aurretik ondo antolatua baitzuten dena, hauteskundeetan
irabazi ahal izateko 8
Gaur elkartu eta bihar bereizi ibili zen bolada
batean koalizio hura. Azkenean, erabat hautsi zenean,
kontserbadoreek hartu zuten aginpidea. Eskuinaldeko talde askorekin
egin behar izan zituzten itunak, baita integristekin ere.
Lizarriturry, Mercader, Laffitte, eta Enrique de Satrústegui ziren
kontserbadore aipagarrienak.
Kontzertu Ekonomikoen hitzarmena gobernu
zentralarekin berritu beharrak estualdi handiak sortu zituen
Donostiako kaleetan, bai 1893an eta bai 1904an. Indar asko elkartu
ziren zerga erregimen hitzartu haren alde, eta hala sortu zen,
1904an, *Liga Foral Autonomista* zeritzan elkartea.
Errepublikazaleak, liberalak eta integristak bildu ziren elkarte
hartan, bi helburu nagusi lortzeko: Kontzertua Gipuzkoari ahalik eta
onura gehien ekarriko zion moduan negoziatzea, eta tokian tokiko
jauntxoak garaitzea. Kontzertu berria izenpetu zutenean, Liga hura
desegin egin zen.
Donostiarrek hamaika aldiz jasan behar izan
zituzten jauntxoen amarruak. 1900etik aurrera politikan izan ziren
gorabeherek indarra kendu zieten jauntxokeria haiei. XX. mendearen
hasieran gizartean izan ziren aldaketek apaldu egin zuten oligarkiak
ordu arte hauteskundeetan izaten zuen indarra. Jauntxoek gero eta
esku gutxiago zuten gizartean. Egoera berri hartan,
errepublikazaleek eta sozialistek gora egin zuten hauteskundeetan,
gero eta errotuago baitzeuden gizartean. Botazioen emaitzak
garbiagoak zirenez geroztik, argi ikusi zen erdiko klaseek
zer-nolako indarra hartua zuten Donostian. Eta klase haiek politikan
parte hartu izana Donostiaren oso ezaugarri berezia izan zen.
|
Hauteskundeak
1931ko apirilaren 12an egitekoak ziren
hauteskundeak udaletako ordezkariak aukeratzeko baizik ez ziren.
Baina, egun hartan, hautesleek, alkate-zinegotziak aukeratzeaz
gainera, monarkia epaitu ere zuten. Botazioetan, errepublikaren
aldekoak atera ziren garaile Espainiako hiri gehienetan. Politikari
guztiek, eta erregeak ere bai, botazio haien emaitzak monarkia
auzitan jartzen zutela interpretatu zuten. Alfontso XIII.ak aintzat
hartu zuen herriaren erabakia. Tronua utzi zuen, eta alde egin zuen
Espainiatik.
Horrela hasi zen Espainiako Bigarren Errepublika,
herritarrek gogo beroz goraipatua. Agintari errepublikanoek
borondate handiz eta zintzo jokatu zuten demokraziaren alde.
Hurrengo urteetan, gogotik saiatu ziren Espainiako politika aldatzen
eta eraberritzen. Eta, Espainia modernizatzeko ahalegin handi
hartan, ez ziren makalak izan konpondu beharreko arazoak,
oinarri-oinarrizkoak baitziren: baserrietako eta landako jabetza
nola banatu erabakitzea, Eliza katolikoak eta Armadak estatuan eta
gizartean zuten estatusa eta maila egokitzea, irakaskuntza hedatzea
eta hobetzea...
Gertaera haiek guztiek oihartzun handia izan
zuten Donostian. Hauteskundeen, mitinen, eta bestelako adierazpideen
bitartez, donostiarrek gogotik parte hartu zuten politikan. Zeregin
publikoetan herritarrek erruz eta gogoz parte hartze hura izan zuen
Espainiako II. Errepublikak ezaugarri berezia, irrika handia
baitzegoen bazterretan, diktaduraren garaian lozorroan nahitaez egon
ondoren.
Donostiako boto-emaileak ez ziren joera
bakarrekoak; alderdi errepublikazaleak eta ezkerrekoak nagusitu
baziren ere, nazionalismoa eta eskuina ez zeuden batere ahul.
Gipuzkoan, berriz, nazionalismoa eta eskuina ziren jaun eta jabe.
Berriz ere, Donostia eta Gipuzkoa ez zetozen bat politikan;
aitzitik, Donostiak garbi utzi zuen bere joera aurrerazalea garai
hartako botazio sarrietan: 1931ko apirileko udaletarako
hauteskundeetan, 1931ko ekaineko Legebiltzar Konstituziogilerako
hauteskundeetan, eta, aurrerago, 1993ko eta 1936ko legebiltzarrerako
hauteskundeetan.
Joera demokratiko aurrerazale berri hura
ezkerreko alderdietan gorpuztu zen, eta, hala, bat egin zuen
liberalismoarekin; alegia, XIX. mendeaz geroztik Donostian guztiz
errotua zegoen pentsaerarekin. Gidari errepublikazaleek eta
ezkertiarrek zintzo jokatu zuten aurrerabidearekin zerikusia zuten
balioen alde; eta, eduki ere, donostiarrek oso aintzat hartuak
zeuzkaten balio horiek. Horri esker irabazi zituzten garai hartako
botazio gehienak, eta horri esker hartu zuten aginpidea udalean
1931n.
Demokraziak, beraz, aldaketa handia ekarri zuen
udalera, errepublikazaleak eta sozialistak nagusitu baitziren.
Alkate berria, Fernando Sasiain, Donostiako *Unión Republicana*
alderdiko lehendakaria zen. Gipuzkoako politikan ere eragin handia
izan zuen, eta, bere kargutik, autonomiaren alde egin zuen argi eta
garbi 9
Udalak gogotik egin zuen orobat Kontzertu
Ekonomikoaren alde, "Ardoaren Gerra" zela eta. Espainiako
Ogasunak edari alkoholdunen zerga kendu nahi izan zuenean,
Gipuzkoako udalerri gehienak aurka jarri zitzaizkion. Erabaki hark
kalte egiten zien Euskal Herriko probintzietako diputazioei, zerga
haren bidez biltzen zituzten irabaziak kentzen zizkielako. 1934ko
udan zehar, udalek hainbat ekinaldi egin zituzten zerga hura
biltzeko ahalmena ken ez ziezaieten.
Donostia izan zen, gutxiengo monarkikoa izan
ezik, erresistentziako ekintza haien bultzatzaile nagusia. Gobernuak
aurre egin zion udalen oposizioari, eta hamaika iskanbila eta
nahasmendu izan zen bazterretan. Istilu haietan, Sasiain kargua
uztera behartu zuten eta auzipetu egin zuten, eta udaleko zinegotzi
gehienek dimisioa eman zuten. 1934tik 1936ra, behin-behineko
udalbatza izan zen Donostian agintari. Ordu arteko udalbatzak 1936an
hartu zuen berriz ere agintea, *Frente Popular*ek Espainiako
Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituenean.
Liskar haiek oihartzun handia izan zuten
Donostian; ez, ordea, II. Errepublikan Espainian izan ziren
bestelako gertaera aipagarri batzuek: komentuei su emateek, nagusien
eta langileen arteko liskarrek... 1934ko urrian, langileen
erakundeek erabateko lanuztera deitu zuten, CEDA alderdiko eskuineko
politikariek gobernuan parte har ez zezaten. Militarrek Donostiako
kaleak hartu zituzten. Indarkeria nagusitu zen egun haietan, eta
hainbat grebalari balaz hil eta zauritu zituzten. Gobernuak gerrako
egoera ezarri zuen, eta León Carrasco komandante militarrak hartu
zuen Donostian aginpidea.
Izen hori bera behin eta berriz aipatuko da
1936ko gertaerez hitz egiterakoan; baina horiek hurrengo kapituluko
kontuak dira. |