![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
1874ko abenduan Borbon familiak Espainiako erregetza berreskuratu zuen. Martínez Camposen kolpe militarrak amaiera eman zion "Sei Urtekoari", eta monarkia berrezarri zuen: Isabel II.aren oinordekoa izendatu zuten errege, haren seme Alfontso XII.a. Cánovas del Castillo gobernu buruaren helburu nagusia monarkia indartzea zen. Oso kontuan hartu zuen alderdi bera -moderatua- behin eta berriz aukeratzeagatik bota zutela azkenean Isabel II.a tronutik. Hutsegite hura bera berriz ez egitearren, txandakako sistema bat antolatu zuen, alderdi politiko guztiek agintea izan zezaten, eta bat bera baztertuta geldi ez zedin. Cánovasek oinarriak jarri zituen, beraz, liberalismoaren bi joera nagusietako buruzagiak, moderatuak eta aurrerazaleak, txandaka gobernuan ari izan zitezen. Horretarako, bakezko baliabideak erabili zituen, eta, ustez, demokratikoak. Cánovasen asmo hura ondo aterako bazen, behin alderdi batek eta hurrengoan besteak atera behar zuen hauteskundeetan irabazle. Herritarren botoa faltsutu egin behar izan zuten, beraz, aldez aurretik hitzartutako garaipen baten mesedetan. Amarru hura zilegi iruditzen zitzaion Cánovasi, erregeak erregetzan betiko iraungo zuela ziurtatzeko. "Jauntxokeria" deitu zioten garai hartan bertan sistema hari. Indarrean jarri zenean, bi alderdi haiek zorrotz txandakatu ziren agintean, baina sistema hark erro-errotik gaiztotu zuen politika osoa, hautesleen botoa gutxiesteaz gainera, itxurakeria huts bihurtu baitzituen hauteskundeak. Botazioetatik boterearen gorengo mailaraino zegoen tarte handi hartan ustelkeria nagusitu zen, ez baitzegoen beste biderik aldez aurretik hitzartutako emaitzak hauteskundeetan lortu ahal izateko. Hiri bakoitzeko handiki jendeak -herriak "jauntxo" esaten zien- aukera ezin hobea izan zuen tarte horretan zeinek bere egoera hobetzeko. Haiek ziren agintarien eta herri xehearen arteko kate begia, eta haiek eskaintzen zieten agintariei herriaren babes "ofiziala".
"Ustelkeria" eta "oligarkia" ziren sistema hura kritikatzen zutenen artean gehien entzuten ziren hitzak. Sistema makur hartan, ordea, herritarrek ordu arte baino askatasun handiagoa izan zuten. Gobernuan egoteko txanda liberalei egokitzen zitzaienean nabaritu zen gehien askatasun hura. Liberalei esker, Espainian prentsako eta adierazteko askatasuna ezarri zen, joera askotako alderdi eta sindikatuak sortu ziren, eta garrantzi handiko neurriak hartu ziren laguntza sozialari zegokion alorrean. 1890ean, esate baterako, liberalek gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zuten; horrek ez zuen, ordea, hauteskundeetako iruzurra eta amarrua geldiarazi. Monarkiaren kontra zeuden alderdiak oso ahulduta egon ziren aurreneko hamarraldietan. XX. mendearekin batera, indartu egin ziren, eta gero eta jende gehiago erakartzeko gauza izan ziren. Hala hasi ziren liskarrak eta protestak, motelak hasieran, gero eta gogorragoak ondoren, harik eta Cánovasek antolatutako estatu haren oinarriak desegin zituzten arte. Bi indar berri, sozialistak eta nazionalistak, elkartu zitzaizkien monarkiaren aurkakoei -karlistei eta errepublikanoei, alegia-; hala, erregeak gero eta babes gutxiago zuen gizartean. Garai hartan, Donostia liberalismoaren eredu izan zen. Donostiak XIX. mendean nortasuna tankeratua zioten ezaugarri haiek berak indartu zituen: hiri zabala, kosmopolita, tolerantea, eta ikasia eta landua. Ezaugarri horiek bat egiten zuten liberalismoarekin. Izen horren pean hainbat joera politiko zeuden elkartuta -kontserbadoreak, berez liberalak zirenak, eta errepublikazaleak-, eta bakoitzak bere erara adierazten zuen bere pentsaera. Joera horiek guztiek bazuten ardatz garbi bat: askatasuna eta, batez ere, tradizionalismoaren eta nazionalismoaren ukazioa. Hauteskundeetan halakoxe baieztapen lausoez osatutako programa bat hitzartzen bazuten ere, ezin zuten ezkutatu buruzagitza sendorik gabeko indar politikoen multzo nahasi bat besterik ez zirela azken batean. Beraz, hitzarmenak egin behar izaten zituzten elkarren artean, hauteskundeetan irabazteko eta gobernatu ahal izateko. II. Karlistaldiaren ondorengo urteetan, Donostiak erregearen alde egin zuen, hiri guztiz liberala baitzen. Nola Gipuzkoa karlismoaren jarraitzaile porrokatua zen, donostiarren jarrerak ez zituen asko goxatu gipuzkoar askoren haserreak. 1884. urteaz geroztik, karlistek beren esku zeukaten Gipuzkoako Diputazioa, eta, haren bidez, Kontzertu Ekonomikoa 7. Donostiako burgesiak aurre egin nahi izan zien, eta, horretarako, koalizio bat eratu zuten, errepublikazale moderatuak eta erregezaleak elkartzen zituena. Donostiako handikiak gogotik borrokatu ziren beren interes politikoen eta ekonomikoen alde. Garai hartako politikan nabarmendu ziren, besteak beste: Jose Matxinbarrena, Brunet familia, Jamar familia, Fermín Calbetón... Talde horrek agintea eskuratu zuen Diputazioan, eta, beraz, Gipuzkoa osoan, aldez aurretik ondo antolatua baitzuten dena, hauteskundeetan irabazi ahal izateko 8 Gaur elkartu eta bihar bereizi ibili zen bolada batean koalizio hura. Azkenean, erabat hautsi zenean, kontserbadoreek hartu zuten aginpidea. Eskuinaldeko talde askorekin egin behar izan zituzten itunak, baita integristekin ere. Lizarriturry, Mercader, Laffitte, eta Enrique de Satrústegui ziren kontserbadore aipagarrienak. Kontzertu Ekonomikoen hitzarmena gobernu zentralarekin berritu beharrak estualdi handiak sortu zituen Donostiako kaleetan, bai 1893an eta bai 1904an. Indar asko elkartu ziren zerga erregimen hitzartu haren alde, eta hala sortu zen, 1904an, Liga Foral Autonomista zeritzan elkartea. Errepublikazaleak, liberalak eta integristak bildu ziren elkarte hartan, bi helburu nagusi lortzeko: Kontzertua Gipuzkoari ahalik eta onura gehien ekarriko zion moduan negoziatzea, eta tokian tokiko jauntxoak garaitzea. Kontzertu berria izenpetu zutenean, Liga hura desegin egin zen. Donostiarrek hamaika aldiz jasan behar izan zituzten jauntxoen amarruak. 1900etik aurrera politikan izan ziren gorabeherek indarra kendu zieten jauntxokeria haiei. XX. mendearen hasieran gizartean izan ziren aldaketek apaldu egin zuten oligarkiak ordu arte hauteskundeetan izaten zuen indarra. Jauntxoek gero eta esku gutxiago zuten gizartean. Egoera berri hartan, errepublikazaleek eta sozialistek gora egin zuten hauteskundeetan, gero eta errotuago baitzeuden gizartean. Botazioen emaitzak garbiagoak zirenez geroztik, argi ikusi zen erdiko klaseek zer-nolako indarra hartua zuten Donostian. Eta klase haiek politikan parte hartu izana Donostiaren oso ezaugarri berezia izan zen. |
Hauteskundeak
1931ko apirilaren 12an egitekoak ziren hauteskundeak udaletako ordezkariak aukeratzeko baizik ez ziren. Baina, egun hartan, hautesleek, alkate-zinegotziak aukeratzeaz gainera, monarkia epaitu ere zuten. Botazioetan, errepublikaren aldekoak atera ziren garaile Espainiako hiri gehienetan. Politikari guztiek, eta erregeak ere bai, botazio haien emaitzak monarkia auzitan jartzen zutela interpretatu zuten. Alfontso XIII.ak aintzat hartu zuen herriaren erabakia. Tronua utzi zuen, eta alde egin zuen Espainiatik. Horrela hasi zen Espainiako Bigarren Errepublika, herritarrek gogo beroz goraipatua. Agintari errepublikanoek borondate handiz eta zintzo jokatu zuten demokraziaren alde. Hurrengo urteetan, gogotik saiatu ziren Espainiako politika aldatzen eta eraberritzen. Eta, Espainia modernizatzeko ahalegin handi hartan, ez ziren makalak izan konpondu beharreko arazoak, oinarri-oinarrizkoak baitziren: baserrietako eta landako jabetza nola banatu erabakitzea, Eliza katolikoak eta Armadak estatuan eta gizartean zuten estatusa eta maila egokitzea, irakaskuntza hedatzea eta hobetzea... Gertaera haiek guztiek oihartzun handia izan zuten Donostian. Hauteskundeen, mitinen, eta bestelako adierazpideen bitartez, donostiarrek gogotik parte hartu zuten politikan. Zeregin publikoetan herritarrek erruz eta gogoz parte hartze hura izan zuen Espainiako II. Errepublikak ezaugarri berezia, irrika handia baitzegoen bazterretan, diktaduraren garaian lozorroan nahitaez egon ondoren. Donostiako boto-emaileak ez ziren joera bakarrekoak; alderdi errepublikazaleak eta ezkerrekoak nagusitu baziren ere, nazionalismoa eta eskuina ez zeuden batere ahul. Gipuzkoan, berriz, nazionalismoa eta eskuina ziren jaun eta jabe. Berriz ere, Donostia eta Gipuzkoa ez zetozen bat politikan; aitzitik, Donostiak garbi utzi zuen bere joera aurrerazalea garai hartako botazio sarrietan: 1931ko apirileko udaletarako hauteskundeetan, 1931ko ekaineko Legebiltzar Konstituziogilerako hauteskundeetan, eta, aurrerago, 1993ko eta 1936ko legebiltzarrerako hauteskundeetan. Joera demokratiko aurrerazale berri hura ezkerreko alderdietan gorpuztu zen, eta, hala, bat egin zuen liberalismoarekin; alegia, XIX. mendeaz geroztik Donostian guztiz errotua zegoen pentsaerarekin. Gidari errepublikazaleek eta ezkertiarrek zintzo jokatu zuten aurrerabidearekin zerikusia zuten balioen alde; eta, eduki ere, donostiarrek oso aintzat hartuak zeuzkaten balio horiek. Horri esker irabazi zituzten garai hartako botazio gehienak, eta horri esker hartu zuten aginpidea udalean 1931n. Demokraziak, beraz, aldaketa handia ekarri zuen udalera, errepublikazaleak eta sozialistak nagusitu baitziren. Alkate berria, Fernando Sasiain, Donostiako Unión Republicana alderdiko lehendakaria zen. Gipuzkoako politikan ere eragin handia izan zuen, eta, bere kargutik, autonomiaren alde egin zuen argi eta garbi 9 Udalak gogotik egin zuen orobat Kontzertu Ekonomikoaren alde, "Ardoaren Gerra" zela eta. Espainiako Ogasunak edari alkoholdunen zerga kendu nahi izan zuenean, Gipuzkoako udalerri gehienak aurka jarri zitzaizkion. Erabaki hark kalte egiten zien Euskal Herriko probintzietako diputazioei, zerga haren bidez biltzen zituzten irabaziak kentzen zizkielako. 1934ko udan zehar, udalek hainbat ekinaldi egin zituzten zerga hura biltzeko ahalmena ken ez ziezaieten. Donostia izan zen, gutxiengo monarkikoa izan ezik, erresistentziako ekintza haien bultzatzaile nagusia. Gobernuak aurre egin zion udalen oposizioari, eta hamaika iskanbila eta nahasmendu izan zen bazterretan. Istilu haietan, Sasiain kargua uztera behartu zuten eta auzipetu egin zuten, eta udaleko zinegotzi gehienek dimisioa eman zuten. 1934tik 1936ra, behin-behineko udalbatza izan zen Donostian agintari. Ordu arteko udalbatzak 1936an hartu zuen berriz ere agintea, Frente Popularek Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituenean. Liskar haiek oihartzun handia izan zuten Donostian; ez, ordea, II. Errepublikan Espainian izan ziren bestelako gertaera aipagarri batzuek: komentuei su emateek, nagusien eta langileen arteko liskarrek... 1934ko urrian, langileen erakundeek erabateko lanuztera deitu zuten, CEDA alderdiko eskuineko politikariek gobernuan parte har ez zezaten. Militarrek Donostiako kaleak hartu zituzten. Indarkeria nagusitu zen egun haietan, eta hainbat grebalari balaz hil eta zauritu zituzten. Gobernuak gerrako egoera ezarri zuen, eta León Carrasco komandante militarrak hartu zuen Donostian aginpidea. Izen hori bera behin eta berriz aipatuko da 1936ko gertaerez hitz egiterakoan; baina horiek hurrengo kapituluko kontuak dira. |
|
Alderdi politiko tradizionalak gainbeheran hasi ziren, eta, 1917tik 1923ra, krisialdi handi bat izan zuten: zatiketa ugari izan zituzten, hautesleek ez zituzten aintzat hartzen, eredu zaharkituak bideratu nahi izan zituzten... Alderdiak zatitu eta sakabanatu egin ziren, eta inork ez zuen nahaspila hartan nagusitzeko behar besteko indarrik izan. Egoera hartan, PNVk -artean, Comunión Nacionalista Vasca zuen izena- indarra hartu zuen Donostian. 1920tik 1922ra, zinegotzi kopurua gehitu zuen, aldez aurretik lan handia egin baitzuen herritarren artean alderdiaren berri ematen. Kataluniako Kapitain Jeneral Miguel Primo de Riverak 1923ko irailean jo zuen kolpe militarrak botazio bidezko sistema etenarazi zuen. Diktadura ezarri zuen, erregearen babesarekin, 1930eko urtarrila arte. Konstituzioa indargabetu zuen, Espainiako legebiltzarra desegin zuen, eta zentsura gogor bat ezarri zuen. Donostian ez zitzaion indar handiz aurka egin kolpe militar hari. Errestaurazioaren aldeko alderdiak gainbeheran zeuden, eta ezkerreko alderdiak ez zeuden behar bezala antolatuta. Ez da ahaztu behar, gainera, erregearen familia, eta diktadorea bera ere, Donostiara etortzen zirela udaldi oro. Primoren aurkako etsaitasuna areagotu egin zen jokoa debekatu zuenean, Donostiak bere bi kasinoak itxi behar izan baitzituen -Gran Kursaal kasinoa kolpea baino urtebete lehenago inauguratu zuten, 1922an-. Diktaduraren garaian, politikak ez zuen gorabehera handirik izan
|
Donostian. Kontserbadore ospetsu batzuk -Vicente Laffitte, J. A. Lizasoian, Gaytán de Ayala, Pérez Arregui, Paguaga...- diktadoreak sortu zuen alderdi politiko berrian sartu ziren, Unión Patriótican. Haren bidez hartu zuten esku diputazioan eta udalean. Aurreko agintarien bide berak jorratu zituen udalak: zabalgunea eta turismoa. Jarraitasun hark garbi erakusten zuen Donostiako burgesiak zenbateraino hartzen zuen elkar bere interesen alde, nork bere joera politikoak alde batera utzita. Diktadura 1930eko urtarrilean erori zen, eta politikariak zer gertatuko zain geratu ziren. Alfontso XIII.ak 1923 arte indarrean egon zen sistema berrezarri nahi izan zuen. Erregearen aldeko indarrak, ordea, lur jota zeuden. Oposizioa, berriz, indartuta eta antolatuta zegoen. 1930eko abuztuan, errepublikazaleak, katalanistak, eta Indalecio Prieto buruzagi sozialista Donostian bildu ziren, eta han izenpetu zuten "Donostiako Ituna", sinatzaileak monarkia erorarazteko konpromisoa hartzera behartzen zituena. Hurrengo hilabeteetan, oposizioak nahasmendua eta iraultza pizteko saioak eragin zituen, baina ez zuten sistema politiko hura aldatzea lortu. Gertaera odoltsuak ere izan ziren, hildakoak eta guzti, baina monarkiak agintean iraun zuen, hala ere. Erregea hauteskundeen emaitzek bota zuten tronutik. Indarkeriaz lortu ahal izan ez zena baliabide huts-hutsik demokratikoen bidez lortu zen; alegia, diktaduraren ondorengo aurreneko hauteskundeek desegin zuten monarkia. |
|
OHARRAK
7
8
9
|
|
|