ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


OROIMENEAN HURBIL: 1936-2000



Félix Luengo



V



Kapitulu honek gaur egungo gizon-emakumeen oroimenean bizirik dauden gertaerak biltzen ditu. 1936ko Gerra Zibilarekin hasten da. Fronteak ez zuen askorik iraun Donostian. Indarkeriak ez zuen kalte handirik egin etxeetan eta kaleetan; bai, ordea, Donostiako gizartean, gertaera haien ondorioz, haustura handi bat izan baitzen donostiarren artean. Hurrengo hamarraldietan, gorabehera handiak izan ziren politikan eta ekonomian. XX. mendearen bukaerako eta XXI. mendearen hasierako urteetan, Donostiako bizitzak eta hiriak goraldi handia izan zuten.



Gerra Zibila




Donostia armetan (1936ko uztaila-iraila)



Falangea eta alderdi monarkikoak eta eskuineko katolikoak Errepublikaren kontra zeuden, eta gobernuaren aurkako matxinada bat bultzatu zuten. Indar horiek guztiak Bloque Nacional deitu zitzaion batasun batean elkartu ziren, eta estatu kolpe bat jo zuten, militarra gehienbat, eta politikaren aldetik anbiguo samarra. Hilabete asko eman zuten estrategia antolatzen, isilpean. Errepublikazaleek eta ezkertiarrek -Frente Popularek- 1936ko hauteskundeak irabazi zituztenean, eskuinak bizkortu egin zituen prestalanak. Hasieran, karlismoak ez zuen oso begi onez ikusi matxinada hura, baina, gero, Emilio Mola jeneralari men egin zion, eta, azkenik, matxinatuen alde egin zuen.



Gerra Zibila Donostian: barrikada bat Larramendi kalean.



Matxinada -El Alzamiento- 1936ko uztailean hasi zen, eta hiru urteko gerra zibila ekarri zuen Espainiara. Ordu arteko hauteskundeetan, Gipuzkoa kontserbadore samarra izan zenez gero, alderdi bai tradizionalistei eta bai nazionalistei eman baitzien gehienbat botoa, matxinatuek probintzia hori mendean berehala hartuko zutela uste izan zuten. Ez zen, ordea, hori gertatu, eta oraindik gutxiago Donostian.

Kolpe militar haren lehenengo zurrumurruak abuztuaren 17ko arratsean hasi ziren barra-barra zabaltzen, Donostiako udaldia indar betean zegoenean. Artola Goikoetxea gobernadore zibilak berehala lasaitu zituen turistak, eta albiste larri haiek gutxietsi zituen. Buruzagi nazionalistek eta ezkertiarrek haren jarrera arbuiatu zuten, eta "Agintarien Batzar" bat jarri zuten agintean haren ordez, Errepublikaren zilegitasuna defenda zezan. Batzar hartakoak ziren, besteak beste, buruzagi militarra -Carrasco komandantea- eta, jakina, Fernando Sasiain, alkatea.

Kalean tirabira handiak zebiltzan. Zuela hilabete batzuez geroztik, komunistek eta anarkistek beren militante batzuk infiltratuta zeuzkaten Donostiako falangisten artean. Kolpeak ez zituen, beraz, ustekabean harrapatu, bai baitzuten matxinatuen asmoen berri. Hortaz, bat-bateko miliziak antolatu zituzten berehala, eta eskura aurkitu zituzten arma gutxi batzuen jabe egin ziren.



Gerra Zibila Donostian: Kamoi blindatu bat kasinoaren aurrean.

Donostiarrak erne zeuden, Loiolako kuartelean esku hartzeko prest zeuden militarrek zer egingo ote zuten zain. Inork ez zeukan garbi zer jokabide izango zuten haiek. León Carrasco buruzagi militarrak behin eta berriz esana zuen leial iraungo zuela Errepublikaren alde. Baina soldaduak zalantza handian zeuden, ofizial guztiak bat ez zetozela ikusirik. Hala eta guztiz ere, Agintarien Batzarrak aintzat hartu zuen Carrascoren hitza; talde armatu bat antolatu zuen, hilaren 21ean Gasteizera abiatzeko, matxinatuen eskuetatik hiri hura askatzera. Bidean, Loiolako militarrak elkartuko zitzaizkiela uste zuten.
Donostia

erretaguardian


(1936ko iraila-1939ko apirila)

Irailaren 13tik gerra bukatu zen arte -1939ko apirila- Donostiak bere eguneroko bizitza berriz antolatu zuen, frontetik urruti egoteak ematen zizkion aukerez baliaturik. Hiri kosmopolita eta burgesa izateak berehala erakarri zuen errepublikanoen aldetik zetorren iheslari mordo handi bat; kulturako, politikako, eta goi mailako pertsona nabarmenak, batez ere.

Madrilek eta Bartzelonak Errepublikaren gobernuari leial iraun ziotenez gero, Donostia izan zen frankisten aldeko "hiriburu" alegiazkoa. Uste horretan zeuden behintzat diplomatiko eta enbaxadore batzuk, Donostian hartu baitzuten azkar asko egoitza. Donostian bizi ziren madrildarren eta katalanen kopurua asko handitu zen 3. Donostiarrek interes handiz jarraitu zieten gerraren nondik norakoei, baina eguneroko bizitza gerrari bizkarra emanez antolatu zuten. Aisia, bankuak eta negozioak normal antzean hasi ziren egunero-egunero jardunean. Aisiarako lekuetan joan-etorri handia zegoen. Hotel berriak ireki ere egin zituzten.

Erregimen berri haren aldeko intelektual ospetsuenek Donostian egoitza hartu izanak, batetik, eta papergintzak aukeran jartzen zuen azpiegiturak, bestetik, alde "nazionalaren" argitaratzeko eta propagandako gune nagusi bihurtu zuten Donostia. Itzal handiko kazetari eta idazle batzuek, eta goi mailako gizarteko beste pertsona ospetsu batzuek, halakoxe kulturazko eta fintasunezko kutsua eman zioten Donostiari; kulturaren hiriburu moduko bat izan zen, beraz, Espainia gerra latz batean sartuta egon zen bitartean.

Bertako hierarkian, kargu berri bat nagusitu zen, handia baitzen bere baitan biltzen zuen agintea: gobernadore zibila. Politikako gorabehera guztiak haren esku zeuden. Urteek aurrera egin ahala, gero eta eskumen gehiago izan zituen administrazioaren alorrean. Haien artean, garrantzitsuenetako bat alkateak eta zinegotziak izendatzea eta kargutik kentzea izan zen. Hartara, udalerrietako aginte osoa bere mendean zeukan. Zinegotziak txotxongilo huts bihurtu ziren, gobernuaren esanen betearazle soilak. Harrezkero, kargutik berehala boteak izateko arriskuak oso mugatu zuen haien zeregina.

Udalaren ahalmen politikoa zeharo gutxitua gelditu zen. Hala eta guztiz ere, lehenengo urteetan, jende askotxo ibili zen zinegotzi kargua hartu-utzi. Frankismoaren inguruan bildu ziren indar politikoak elkarren aurka baitzebiltzan, zinegotzi karguak nork beretzat hartuko ibili ziren batzuk eta besteak. Alderdi bakarraren itxuraren atzean, frankismoak tradizionalistak, falangistak eta Renovación Española alderdia bildu zituen 4, baina ustez bakarra zen alderdi horrek nekez ezkuta zitzakeen haien arteko tirabirak eta liskarrak. 1942 arte, ez zen udal egonkorrik izan Donostian.

Garaileen alderdiaren jarraitzaileen arteko ika-mikek ez zuten batere ahuldu erregimen frankistak aurkari politikoak zapaltzeko zuen ahalmen eta indar handia. Errepublikanoak, abertzaleak, eta ezkertiarrak zigortzeaz gainera, mendeku pertsonalak, susmo txarrak, eta salaketak ere baliatu zituzten frankistek donostiar asko eta asko Errepublikaren laguntzailetzat salatzeko eta gogor zigortzeko.

Etengabe atxilotzen zuten jendea, eta espetxe modukoak antolatu behar izan zituzten, Ondarretakoa leporaino beteta baitzegoen: San Jose zaharren etxea, Asaltoko Guardiak Zapatarin izan zuen kuartela, San José de la Montaña... Zigor gogorrenak epaitegi militarrek ematen zituzten; zenbat jende fusilatu zuten jakitea erraza ez bada ere, uste izatekoa da asko izan zirela.

1937ko urtarrilean, Comisión Provincial de Incautación de Bienes zeritzan erakunde bat antolatu zuten frankistek, garaituei beste zigor mota bat ezartzeko: isunak jartzea eta haien etxebizitzak bahitzea. Erakunde horren arduradunek ondarerik gabe utzi zituen familia asko. Funtzionario publiko asko ere zigortu zituzten: batzuei soldata aldi baterako kendu zieten, eta beste batzuk kalera bota zituzten.





Alferrik egon ziren haien zain. Ordurako, Mola jeneralak gogotik akuilatuak zituen Loiolako militarrak, eta soldaduak, Vallespín teniente koronela buru zutela, kuarteletik atera ziren, ez Gasteizera abiatzeko, Donostia mendean hartzeko baizik. Carrasco agintetik kendu zuten. Soldadu matxinatuak Donostiako erdialdera iritsi ziren, eta eraikin estrategiko batzuk hartu zituzten -Kasinoa, Mª Cristina Hotela, Klub Nautikoa, Komandantzia Militarra-. Miliziek aurre egin zieten barrikadetatik, eta aurki bildu zitzaizkien indar armatu gehiago.

1936ko abuztuko bonbardaketek Kontxako pasealekuan egindako txikizioa




Erresistentzia hark Vallespínen gizonak atzerarazi zituen. Beren posizioak utzi, eta atzera egin zuten, Santa Katalina Zubian barrena, Ametzagañako muinoan eta Polloen barrena, eta kuartelean babestu ziren berriz ere. Errepublikazaleek setioan jarri zituzten han. Hilaren 26an, hegazkin batek bi bonba jaurti zituen kuartelera. Urik eta argirik gabe, eta soldadu batzuk hilik zeuzkatela, militarrak uztailaren 28an errenditu ziren. Vallespínek Nafarroara ihes egitea lortu zuen. Sasiain alkateak garaipena ospatzera deitu zituen donostiarrak, Udaleko Bandaren musikaz lagundurik.

Matxinatzeko saio hura ikusita, Agintarien Batzarra Eibarrera joan zen uztailaren 21ean, segurtasunezko arrazoiak zirela medio. Donostia agintari ofizialik gabe gelditu zen, eta bat-batean sortu ziren milizia haiek mendean hartu zituzten kaleak. Buruzagi errepublikazaleek erakunde bat sortu zuten, Errepublikari leial iraun zuten indar guztiak elkartzeko eta agintean zegoen hutsunea betetzeko.



Francoren segizioa Hemani kalean, bere Guardia Mairua lagun zuela.




Uztailaren 27an sortu zen, bada, Gipuzkoako Defentsa Batzarra. Berehala izan zen hura benetako aginte bakarra, errepublikazaleen mende zeuden lekuetatik bakarturik gelditu baitzen Donostia. Batzar horrek bere gain hartu zituen udalari zegozkion zereginak. Udaletxean bertan ere batzar horren erakunde batek hartu zuen egoitza, Comisaría de Abastos zeritzanak.

Oso kontuan hartzekoa da batzar haren batzorde gehienetan ezkerreko indarrek zutela gehiengoa. Neurriz gaineko ordezkaritza hark kutsu iraultzaileko erabakiak harrarazi zizkien: ikastetxeak, eraikin erlijiosoak, eta etxe partikularrak bahitzea; fabriketan batzordeak antolatzea; enpresetan esku hartzea... Frente Popular zen haien komunikabidea, kutsu iraultzaile eta anarkistako egunkaria 1.

Iraultza kutsu bera nabaritu zen Donostiako kaleetan, batzar hark agindu zuen hilabeteetan. Miliziek erretaguardiako zereginak antolatu zituzten. Politikako eguneroko jardunean nagusitu zen kutsu iraultzaile hura ez zuen PNVk batere gogoko izan, ez baita ahaztu behar alderdi hura Aginte Batzarrean zegoela ezkerreko alderdiekin batera. Hortaz, Loiolako Santutegian bildu zituen bere miliziak, eta Donostian, berriz, ordena publikoa kontrolatzera mugatu zen, berari baitzegokion agintearen alor hura.



Ondarretako espetxea, Igeldo mendiaren pean.

Nazionalistek ordena publikoaren ardura zuten, baina ezin izan zituzten, hala ere, 1936ko udan Donostiako kaleetan izan ziren istilu latzak geldiarazi. Ondarretako espetxeari egin zioten erasoa izan zen gertaera gogorrena. Abuztuan zehar, hainbat eskuindar atxilotu zituzten Donostian. Hilabete hartan bertan, matxinatuek Donostia bonbardatu zuten. Mendeku hartzeko, milizianoek eskuineko atxilotuak gerra kontseiluan epaitu zituzten, heriotza zigorra eman zieten, eta berehala fusilatu zituzten.




Irailaren hasieran, matxinatuak gero eta hurbilago zeuden Donostiatik. Irailaren 5ean, Irun hartu zuten. Donostia matxinatuen esku erortzeko zorian zegoen. Irailaren 12an, Defentsa Batzordeak Bizkaira ihes egiteko plana antolatu zuen. Beste indar politikoek ez zuten aintzat hartu CNT sindikatuaren asmoa: etsaiari nola edo hala aurre egitea. PNVk, azken orduetan, lortu zuen Donostiatik ihes egiterakoan hilketa gehiagorik egin ez zedin eta milizianoek Donostia erre ez zezaten, Irunen egin zuten bezala. Irailaren 13ko goizean, Tercio de Lácar guda taldeko hogeita bost gizon, Ignacio Ureta kapitaina buru zutela, Mirakruz gainetik behera sartu ziren Donostian. Hirian barruratu ahala, kaleak erdi hutsik zeudela konturatu ziren. Donostiar gutxi batzuk besterik ez zituzten bidean, txaloka. Haietako batzuk ezkutatuta egon ziren aurreko bi hilabeteetan, espetxean sar ez zitzaten, eta hura zuten kalera irteten ziren aurreneko aldia. Donostiar gehienek, ordea, alde egin zuten, matxinatuen zigorraren eta mendekuaren beldur 2. Oso kontuan hartzekoa da egun haietan langileen auzoak zirela jende gutxien zutenak.

Gerra bukatua zen Donostiarentzat. Harrezkero, Gipuzkoako hiriburua erretaguardian egon zen.






OHARRAK

1
Egunkari hark joera zeharo iraultzailea zuen, nahiz zuzendaria, Ramiro Pérez Montesinos, Izquierda Republicana alderdiko militantea izan.

2
1934ko erroldan izena emanda zeuden 85.510 donostiarren kopurua 46.038ra jaitsi zen 1936ko urrian.

3
1937ko irailean, frankisten mendean erori eta handik urtebetera, biztanle kopurua 90.512raino igo zen Donostian. Gehikuntza hori ez zen kanpotarrengatik bakarrik izan. Kopuru horren baitan zeuden, baita ere, aurreko urtean Donostiatik ihes egin eta ordurako itzuliak ziren donostiar asko.

4
1937ko apirileko Bateratzeko Dekretuaren arabera, alderdi politiko guztiak desegin egin ziren, alderdi bakar batean sartzeko; Falange Española Tradicionalista de las JONS zeritzan alderdi bakar hari.