IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  Frankismoa

Frankismoa
Gerraondoa. Garai ilunak

(1939-1945)




1939ko apirilean, bakea etorri zenean, Donostia estualdietan sartu zen. Batetik, Espainiako gerra bukatu zenean, Madril berriro izan zen Espainiako Estatuko hiriburua. Iheslariak zein bere herrira itzuli ziren, eta Espainiako hiri handiak bizimodu normala egiten hasi ziren. Donostiak "Ordezko Hiriburu" izateak eman zion zeregina galdu zuen, eta, horrekin batera, gerra bitartean izan zuen distira ere bai. Bestetik, Espainiako gobernuak indarrean jarri zuen autarkia ekonomikoaren muga estuek beheraldi latz batean murgildu zuten Espainia osoa; ezurte haiek 1950eko hamarraldia aurreratuxea zegoen arte iraun zuten.



1940ko hamarraldi osoan, industriaren produkzioa geldituta egon zen. Kontzertu Ekonomikoa kendu izanari egotzi zitzaion Gipuzkoa aldean geldialdi haren erantzukizun nagusia. Baina, horrez gainera, zailtasun handiak zeuden lehengaiak ekartzeko, eta energiarako indarrak ere oso urriak ziren.

Nolanahi ere, produkzioko sektore jakin batzuk indarrean egon ziren urte haietan, eta batzuek gora egin ere zuten: arrantzak, adibidez. Alor horretan enpresa asko sortu izanak Pasaia -Antxoko eta San Pedroko barrutiak, garai batean Pasaje de Aquende eratzen zutenak- Donostiaren baitan berriz ere hartzeko aspaldiko nahia berpiztu zuen donostiar askorengan. 1948ko uztailean, Espainiako Ministroen Kontseiluak nahikari hari ezetz esan zion behin betiko.

Herritarrei zorrotz mugatu zitzaien oinarri-oinarrizko gauzak erosteko ahalmena; cartilla esaten zitzaien koaderno moduko batzuen bidez, agintariek zorrotz neurtzen zuten gauza bakoitza zer kopurutan kontsumi zezakeen bakoitzak. Politika ekonomikoak ezin izan zuen inflazioa jaitsi.

Gosetea eta urritasuna nagusitu zen bazterretan. Egoera gogor hartan iruzurrak aurki egin zuen bidea: estraperloa eta merkatu beltza erabili zituen askok bide ofizialetatik lortzerik ez zegoena eskuratzeko. Salerosle maltzurrenek dirutza handiak atera zituzten era horretara.
Erregimen frankistaren zapalketa ez zen gerrarekin bukatu. Gobernuak ez zion, inondik ere, antolatzen utzi oposizioari 5. Espainiako probintzietan gobernadore zibilak zuen politikako kontu guztien ardura osoa. Politikari frankistak berehala hasi ziren Gipuzkoako gobernadore zibilaren kargua bereganatzeko irrikan. Franco jenerala udaldi oro bertara etortzeak garrantzi handia eman zion Donostiari, eta, jakina, hango agintariei. Beraz, Gipuzkoako Gobernu Zibila oso baliabide egokia zen mailaz gora egiteko; garrantzi handiko urratsa zen, alegia, frankismoaren politikan karrera egiteko. Gipuzkoakoa ez zen falangista mordo bat ibili zen, hortaz, kargu hartan oso epe laburrean; jende askotxok izan zuen betekizun hura, baina ez zuten karguan luzaro irauten, berehala izendatzen baitzituzten goragoko mailako zereginetarako.

Urte haietan jo zuten goia falangisten eta tradizionalisten arteko tirabirek. Zatiketa oso handia zen frankismoaren aldeko talde politikoen artean, eta haiek bateratzeko saio guztiak ustel atera ziren. Jendaurreko ekitaldietan, behin baino gehiagotan izan ziren tirabirak, eta baita irainak ere. Gobernadorea zein joeratakoa izan, hartara ezartzen zituen bere aldekoak, eta baztertzen bere kontrakoak, aukeratzea berari zegokion karguetan; Probintziako Diputazioaren lehendakaritzan, batez ere. Baina Donostiako udalean ere zinegotzi mordoa ibili zen kargua hartu eta kargua utzi, gobernadoreak ezarritako dantzan.

Urte haietan, udalbatzak udaletxea lekuz aldatzea erabaki zuen, Konstituzio plazatik -lehen Plaza Berria izan zena, eta, garai hartan, Plaza del 18 de Julio izendatu zutena- Kasinoaren egoitzara, jokoa debekatu zutenez geroztik, hutsik baitzegoen, zertarako erabili ez zekitela. Udalbatzak Luis Arizmendi arkitektoari eman zion eraikin hura egokitzeko ardura, eta hark egiturako ardatz nagusiak errespetatu zituen. Egokitzeko lan haiek 1947an bukatu ziren, eta udalbatza, eta udal administrazioaren bulegoak, egoitza berrira aldatu zituzten.




Turismoa ere bizkortu egin zen, hainbat arrazoiri esker. Franco jeneralak, Espainiako Estatuko buru berriak, monarkiaren tradizioari eutsirik, udaldi ofizialak Donostian igarotzea erabaki zuen. 1939an, udalak, halako ohore handia eskertzeko, Francoren esku jarri zuen Aieteko jauregia. Francoren etorrerak berehala erakarri zituen Espainiako goi mailako handikiak. Udaldian, Donostiako hondartzak eta hotelak berriz bete ziren jendez.

Nazioarteko egoerak ere onura handia ekarri zion turismoari. II. Mundu Gerra bitartean (1939-1945), goi mailako europar asko, frantsesak gehienbat, Donostian babestu ziren.
Beren herrialdeetan nekez izan zezaketen erosotasunaren bila etorriak ziren Donostiara. Haiekin batera, kontsulatuen ordezkariak ere etorri ziren, eta baita bidaia lagun isilago batzuk ere: informazio zerbitzukoak eta espioiak, bai naziak eta bai aliatuak.

Ez da harritzekoa, beraz, 1946rako, lehen baino hotel gehiago izatea Donostian, eta haietatik hiru luxuzkoak izatea gainera. Horren guztiaren eraginez, merkataritza eta finantzak gogotik ari izan ziren jardunean. Gipuzkoako eta Euskal Herriko per capita errenta Espainiakoa baino askoz gehiago igo zen, batez beste. Baina oparotasun hori, arestian aipatu dugunez, ez zen denen esku egon.




Garai berriak.





Erregimen frankista sendoturik (1945-1959).



Franco jeneralaren diktadura oso egoera larrian gelditu zen 1945ean, II. Mundu Gerran aliatuek Europako nazio totalitarioak -Italia eta Alemania- garaitu zituztenean. Munduko nazioek bakarturik egotera kondenatu zuten Espainia, eta ez zioten Nazio Batuen Elkartean (NBE) sartzen utzi. Bakarturik gelditu behar izan zuen aldi hartan bertan izan zuen Espainiako ekonomiak bere boladarik latzena, eta orduantxe jasan behar izan zituen herriak ere sufrimendurik handienak. Baztertze hark bere ekonomia babesteko estrategia bat bideratzera behartu zuen Espainiako estatua: autarkiara; soil-soilik Espainiak zeuzkan baliabideekin aurrera egitera, inportaziorik gabe, alegia.

Hurrengo urteetan, "Gerra Hotzak" estualdi hartatik ateratzeko aukera eman zion Francori. Errusiaren eta haren esaneko herrialde komunisten goraldiak eragin handia izan zuen mundu osoko herrialdeen arteko orekan, eta mendebaldeko potentziak mehatxatu zituen. Egoera aldatu egin zenez gero, potentzia horiek bestelako jarrera batez begiratu zioten Espainiari. Oso kontuan hartu zituzten Espainiak aldarrikatzen zuen antikomunismo basa hark ekar ziezazkiekeen onurak. Beraz, onartzeko modukoa ez izanik ere, kidetzat hartu zuten Francoren erregimena, bai Espainiako II. Errepublika baino kideagotzat hartu ere, zeren eta hark, herritarren botoez zilegitua bazen ere, ezkerralderako joera, haien ustez, gehiegizkoa izan baitzuen.

Herrialde kapitalistek faxismoa alde batera utz zezala eta estatuari ukitu demokratiko bat eman ziezaiola eskatu zioten Francori, berez diktadura hutsa zenak itxura hobexeagoa izan zezan munduaren aurrean. Falangek gero eta indar gutxiago izan zuen. Estatu frankistak "mendebaldeko" itxura zuten lege berriak eman zituen -Fuero de los españoles, 1945-, eta zertxobait moteldu zuen oposizioaren aurkako zapalketa. Aita Santua eta Estatu Batuak harremanetan hasi ziren Espainiarekin -Eliza katolikoak konkordatua izenpetu zuen, eta Estatu Batuek bi estatuei soilik zegozkien hitzarmenak sinatu zituzten 1953an Espainiarekin-. 1955ean, Espainia NBEn sartu zen. Autarkia bukatu egin zen, eta, traba ekonomikoak alde batera utzirik, Espainiako ekonomia indartzen hasi zen.

1945eko ekainean hartu zuen Francok estatuaren itxura eta ospe txarra zertxobait garbitzeko erabakietako bat, udalei zegokiena: Ley de Bases del Régimen Local zeritzan. Lege horrek zinegotzien karguak korporazioen zeharkako botoz aukeratu behar zirela agintzen zuen 6. . Baina, 1.000 biztanletik gorako udalerrietan, gobernadoreak aukeratzen zuen alkatea. 1947tik 1975era bitartean -diktadura bukatu zen urtea-, Donostiako alkateek 3,2 urte iraun zuten, batez beste, agintean.
Hauteskunde sistema horrek oso aukera gutxi eskaintzen zituen, eta, beraz, oso jende gutxi hurbildu zen politikara. 1950eko hamarraldirako, politikarien beste belaunaldi bat hasi zen politikan, aurrekoa baino askoz epelagoa frankismoari buruz. Politikari haiek goi mailakoak ziren gehienbat, bai gizarte mailaz eta bai irabazpidez. Haietako gehienek "apolitikotzat" zeuzkaten beren buruak, eta politikan omen zebiltzan ez erregimen frankistari atxikiak zirelako, interes profesionalengatik baizik. Joera hori indartu egin zen Opus Deiko teknokratak Espainiako gobernuan sartu zirenean eta liberalizazio prozesu bat bultzatu zutenean. 1958ko azaroaren 22an Donostian aukeratu zituzten zinegotziak eredu horretakoxeak ziren. 1959ko otsailean, Antonio Vega de Seoane izendatu zuten Donostiako alkate; Donostiako familia errepublikazale ospetsu batekoa zen.

Oposizioa liberalizazio txiki hartaz baliatu zen bere burua berriz antolatzeko eta bere erreibindikazioen alde egiteko. Garai hartakoak dira bai Donostian izan ziren lehenengo lanuzte jendetsuak -1951, 1956...-, hiria geldiarazi zutenak, eta bai kutsu nazionalistako beste protesta batzuk. Legez kanpoko taldeek Elizaren babesa izan zuten.

Eliza katolikoaren hierarkiaren eta erregimen frankistaren arteko harreman onei esker, elizak gogotik egin zuen lan gizarterako egintzetan, baina, alor horretan, erlijioaren eta aisiaren arteko mugak oso lausoak ziren. Tarte horrek jarduteko eta ari izateko aukera ematen zuela berehala erreparatu zioten era askotako elkarte eta higikundeek, eta, hala, elizaren babesean bideratu zituzten zeinek bere elkarteak eta lagunarteak. 1949an, Donostiako elizbarrutia Gasteizkotik bereizi zen. Apezpikuaren egoitza Donostian egoteak indar handia eman zien elkarteei, gazte elkarteei batez ere. Berehala bat etorrarazi zituzten elkarte horiek -HOAC, JOC-aisiarako eta denbora-pasarako helburuak eta gizartera bideraturako helburuak, eta baita oposizio politikoari zegozkion asmoak ere.

Kezka intelektualak beste inon plazaratzerik ez zeudenez gero, Donostian egiten ziren ekitaldi artistiko eta literarioetan aurkitu zuten beren adierazpide egokia. Donostiar ekin eta saiatuenek tertulia eta kulturako talde asko bultzatu zituzten, eta haiek izan ziren eztabaidatzeko eta zeinek bere iritziak eta ideiak adierazteko eta besteenak entzuteko ia leku bakarrak. Musika emanaldiak, kontzertuak, hitzaldiak... ere antolatzen zituzten 7. . Irakaskuntzan ere eskaintza ugaritu egin zen, erdi mailako ikasketak egiteko ikastetxeak -Peñaflorida Institutua, 1956- eta goi mailako ikasketakoak zabaldu baitziren: Peritu Industrialen Eskola, Irakasle Eskola; Enpresa Tekniken Goi Mailako Eskola -ESTE, 1956-; Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoak -EUTG, 1959-; eta Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola -1961-.






Hiria zabaltzen eta handitzen

(1960-1970)



1960ko hamarraldian, ekonomiak aurrerabide handia egin zuen, industrializazioari esker, batik bat. Espainiako baserriek biztanle asko galdu zituzten, zeren jende asko, nekazaritza utzirik, hirira joan baitzen, industrian lan egitera. Nekazaritzako bazterrak gogotik husten ari ziren garai haietakoak dira hirietako jendetza handiaren etorria eta emana. Jende kopuru handi batek aukeratu zuen Euskal Herria bizitzeko eta lan egiteko, eta, Euskal Herriaren barruan, Donostia gehienbat.

Elikagaien sektorean ari ziren fabrika asko azkenaldi hartan sortu izanak erakarri zuen, batez ere, jende asko kanpotik Donostiara lanera. Hauek ziren, besteak beste, alor horretako enpresa nagusiak: Sociedad Azucarera del Ebro, 1952; Koipe, 1954; Savin, 1959; Caldos Rápidos S. A. -geroago Starlux S. A.-, 1958. 1960tik 1975era bitarte, 135.149tik 169.622ra biztanleko hazkundea izan zuen Donostiak. Hura izan zen, Gerra Zibilaz geroztik, Donostiak, proportzioan, izan zuen biztanle gehikuntzarik handiena.

Jende multzo handi hartatik gehienak kanpotarrak ziren. 1975ean, Donostiako biztanleen erroldako bizilagunen erdia pasatxo besterik ez zen Donostian bertan jaioa. Biztanleen %10,98 Gipuzkoan jaioa zen, eta %10,47, berriz, Araban, Bizkaian, eta Nafarroan. %26,08 Espainiako probintzia askotatik etorria zen. Jaiotzen eta heriotzen arteko proportzio naturalak ere eragina izan zuen biztanle kopuruaren hazkunde horretan. Ekonomiaren goraldiak izugarri hazi zuen jaiotza-tasa -gertaera hari baby boom esan zitzaion-, harik eta, 1960an, %32,4raino iritsi zen arte 8.

Enplegu gehienak hirugarren sektorean zeuden; %60tik gora 1970ean. Donostiak indar handia hartu zuen zerbitzu hiri gisa, baina industria ere ez zebilen batere makal.

Jendetza harentzat bizitokiak bilatu beharrak zeharo itxuraldatu zuen Donostia. Eta ondorio gaizto bat ekarri zuen horrek: etxebizitzetarako lekuak plangintza zeharo anarkikoz antolatu ziren, eta hango bizilekuak ez ziren, azkenean, batere egokiak eta itxurazkoak izan. Donostian XX. mendean eraiki ziren zabalguneak biztanle kopuru handi hari oso epe laburrean egoitza bilatu beharrez egin ziren; presaka eta korrika. Hiriko agintariek oso ahul jokatu zuten irizpide teknikoak ezartzeko orduan. Etxejabe eta etxegile pribatuek etekin handiak atera zituzten nahasmen hartatik, gauza asko ezkutuka eta isilean egin baitziren, eta ez baitzen izan inolako kontrol politikorik.

Eskaria hain handia nola zen, eta presa handia baitzegoen, etxebizitzaren sektoreak zeharo baztertu zuen XIX. mendeko eredu burges eta dotorea. 1950ean, Pedro Bidagorek Hiria Ordenatzeko Plan Orokorra egin zuen Donostiarako. Udalak ez zuen aintzat hartu, eta beste proiektu bat egin zezala eskatu zion Alustiza arkitektoari. Bitartean, etxebizitzak eraiki eta eraiki ari ziren Donostian, 1940ko Hirigintzako Planari geroztik egin zitzaizkion aldaketen arabera. Azkenean, 1962an, udalak Hiria Ordenatzeko Plan Orokorra onetsi zuen, baina, arau emailea bazen ere, ez zen nahitaez bete beharrekoa, eta etxegileek ez zuten, hortaz, oso aintzat hartu. Hori baino eragin handiagoa izan zuten etxebizitzen eraikuntzan eta salmentan inflazioak eta espekulazioak. Garai hartakoak dira Amaratik Anoetaraino egin zen auzo berria -Amara Berria- eta Donostiako ekialdean -Altza eta Herrera inguruan- egin ziren auzoak.

Hiriak ez zuen azpiegitura nahikorik biztanle kopuru handi harentzat, eta udalak zerbitzu sareak handitu eta hobetu behar izan zituen. Besteak beste, osasunaren alorrekoak -Arantzazuko Ama Erietxea eta Gipuzkoako Ospitalea, 1959-1960-; kirola egiteko lekuak -Anoetakoa-; hilerria handitu zuten; urak ekarri zituzten -Añarbe ibaiko urtegitik ura ekartzeko Udalerrien Mankomunitatea, 1968-; eta garraioak hobetu zituzten. 1968tik 1974ra, trolebusetako kable elektrikoak kendu zituzten, haien ordez autobusak jartzeko. 1975ean, Bilbao-Behobia autobidea inauguratu zuten; Donostiako ingurabidea haren baitan zegoen. Eta, azkenik, 1955ean, Hondarribiko aireportua zabaldu zuten, itsasoari hartutako lurretan.



Amarako zabalgunea eraikitzeko proiektuen planoak. 1) Azqueta eta Gurruchaga, 1913. 2) Machimbarrena eta Gaiztarro, 1940. 3) 1943an egindako aldaketak.
Erregimen

frankistaren

azken urteak

(1970-1975)




Erregimenaren zurruntasun politikoaren eta hark zapaldua zeukan gizartearen arteko aldea eta bereizketa zeharo handitu zen 1970eko hamarraldian. Ekonomiaren goraldiak eta kulturaren susperraldiak ekarri zituzten aldaketek gero eta gehiago indartu zuten demokraziaren aldeko erreibindikazioa. Baina Franco eta bere "guardia zaharra" tinko baino tinkoago zeuden beren jarrera gogorrean; erregimenaren baitako aurrerazaleen eta atzerakoien arteko lehia eta liskarrak konpontzeko, beste irtenbiderik ez zuen asmatzen diktadurak: errepresio gogorra. Hala eta guztiz ere, oposizioak borrokan jarraitu zuen, eta, azkenerako, estatuak eman nahi zuen itxura liberalxeagoa zeharo gezurtatzea lortu zuen.

Euskal Herrian, ezkerrak eta abertzaletasunak gora egin zuten. Alderdi trotskistek eta maoistek indar handia hartu zuten unibertsitatean. 1968an, abertzaleek Donostia aukeratu zuten Aberri Eguna ospatzeko, eta poliziak hiri osoa hartu zuen protestak zapaltzeko. Hala eta guztiz ere, oposizio antifrankista gori-gorian zegoen. Manifestazio gero eta ugariago eta gero eta jendetsuago haiei aurre egiteko, gobernuak "salbuespeneko egoera" jarri zuen indarrean behin baino gehiagotan: 1968ko abuztuan, 1969ko urtarrilean, 1970eko abenduan, eta 1975eko maiatzean.

Urte haietan, ETAk indar handia hartu zuen. 1968an, ETAk Melitón Manzanas polizia burua hil zuen. Burgosko epaiketak (1970) eta gobernuak 1975eko irailean, besteak beste, ETAko bi militante fusilatu izanak jende askoren atxikimendua sortu zuen erakunde harenganako, jendetza handia biltzen baitzen kutsu politiko handia zuten greba eta manifestazioetan. Oihartzun handia izan zuten, batik bat, 1974ko abenduan eta 1975eko irailean egin ziren protestek.

Donostiako udaletxean gauzak lehengo berean zeuden: alkate bat jarri eta bestea kendu zebilen oraindik ere gobernadore zibila. Urte haietako alkateek garrantzi handiko erabakiak hartu zituzten: 1972an, Miramar jauregia erosi zioten Erregearen Familiari; Donostiako Hiriko Telefono Sarea, bere garaian aitzindaria izan zena, Compañía Telefónica Nacional de España elkarteari saldu zion udalak. 1973an, Donostian oso nabarmenak eta eragin handikoak ziren eraikinak eta monumentuak bota zituzten: Gran Kursaal eraikina, Txofreko zezen plaza, eta Arbide jauregia.

Frankismoaren garaiko azken udalbatza 1974an eratu zen. Francisco Lasa Echarri izendatu zuten alkate, frankismoari lotuegia ez zegoen gizona. Hala eman zuen aditzera kargua hartzerakoan egin zuen hitzaldian, eta, bukaeran, hitz batzuk euskaraz egin ere zituen. Lasa alkate zela, Donostia berez definitzen duen leku bat inauguratu zuen udalak: Haizeen Orrazia. Baina gizon haren agintaldia 1975. urteaz geroztikako gertaera politiko zurrunbilotsuei dago lotua: Francoren heriotzari eta Espainiako Trantsizioaren aurreneko urratsei.




Ekonomian, demografian, eta hirigintzan izan ziren aldaketek askoz ere aldaketa handiagoak eragin zituzten gizartearen pentsaeran. Espainiako gobernu teknokrata berriek Europara hurbildu nahi izan zuten, eta zertxobait liberalago jokatu zuten kulturaren, ikuskizunen, eta prentsaren alorrean. Asmo horrekin plazaratu zen behintzat, 1966ean, Prentsa Legea, "Fragaren Legea" ere esan zitzaiona. Lege horren ondorioz, kulturako ekintzak egiteko eta elkartzeko aukerak ordu arte baino zilegiago izan ziren. Alor horretan behintzat, frankismoaren lehen garaiko jokabide ilunenak atzean gelditu ziren. Ez, ordea, politikaren alorrean; erregimen frankistak gogor eutsi zion debekuari: ez zen hor ez aurrerabiderik ez askatasunik batere izan 9.

Errepresioa gogorra bazen ere, demokraziaren aldeko bultzada gero eta handiagoa zen herritarren artean. Gero eta ugariago ziren mota, helburu, eta tankera askotako elkarteez baliatu zen herritar asko Francoren aurkako jardun politikoan aritzeko, eta zeinek bere ideiak elkarte horien bidez aditzera emateko. Elizak ere bat egin zuen oposizioarekin askatasunaren aldeko protesta askotan. Elizaren eta agintarien arteko harremanak gero eta hotzagoak ziren. Apaiz batzuk erbesteratu egin zituzten. Lorenzo Bereziartua (1963) eta Jacinto Argaya (1968) izan ziren garai hartan Gipuzkoako gotzainak.
Kulturan eta, oro har, gizartean, ahalegin handiak egin ziren urte haietan Donostian ekitaldiak, ikuskizunak, elkarteak, higikundeak... sortzeko eta antolatzeko 10. Gaur egun Donostian sona handia duten kultur ospakizun batzuk orduan sortu ziren: Jazzaldia, adibidez, 1965ean hasi zen. Garai hartakoak dira orobat Unibertsitate Publikoko lehenengo fakultateak eta eskolak: Zuzenbidea (1968), Informatika (1971), eta Petrokimikak (1975).

Herritarrek ordu arte baino askoz ere gutxiago parte hartzen zuten udaletarako hauteskundeetan. Erregimenak hautabideen oinarriak ezertxo ere aldatu ez zituenez gero, hautesle gehienek ez zieten jaramonik egiten botazio haiei. Lehen bezala orduan ere, gobernadoreak izendatzen zuen alkatea: makina bat alkate ibili zen kargua hartu eta kargua utzi. Udalak, hala eta guztiz ere, herri lan eta ospakizun nabarmen batzuk egin eta sortu zituen; haietako batzuk indarrean daude gaur egun ere: Urgull mendia gauez argitzeko lanak (1963), Kontxa gauez argitzekoak (1964), eta Su Artifiziaien Nazioarteko Lehiaketa (1963).




OHARRAK

5
PNVk informazio zerbitzu bat zuen iparraldean, eta agente sare bat antolatzen saiatu zen hegoaldean. 1941eko urtarrilean desegin zuen poliziak, eta hango kideak atxilotu. Gehienei heriotza-zigorra ezarri zieten, baina, geroztik, ia denei bizia barkatu zieten. Nazionalistak oso ahulduta gelditu ziren hurrengo urteetan. PCEk Euzkadi Roja aldizkariko ale batzuk argitaratzea eta banatzea lortu zuen. Baina, 1945ean, alderdi horren arduradun nagusiak sarekada batean erori ziren.

6
Boto horien nolakotasunak garbi adierazten zuen lege hori asmo demokratiko oso mugatuarekin egina zela. Familietako buruek zinegotzien heren bat aukeratzen zuten; beste heren bat sindikatuen ordezkariek aukeratzen zuten; azken herena elkarte ekonomiko eta kulturalek aukeratua zen.
Donostian, 1948an egin ziren era horretako hauteskundeak. 100.000 biztanletik gora bizi ziren Donostian, baina boto emaileen erroldak ez zituen 31.799 familia buru, sindikatuen alorreko 40 ordezkari, eta 39 elkarte eta erakunde besterik aintzat hartu.

7
Leandro Martín Santos sendagilea buru zuen Círculo Cultural Guipuzcoano erakundea izan zen elkarte horien artean bikainenetako bat. Mónaco kafe etxea, Gipuzkoako Diputazioko liburutegia, Gipuzkoako Artezaleen Elkartea, eta Círculo de Lectores bizitasun handiko topalekuak izan ziren.
Aranzadi Zientzia Elkartea, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, eta Eusko Ikaskuntza ikerketako lanetara emanago zeuden; eta Cultura Musical elkarteak eta Zinemaldiak -1953. urteaz geroztik- kalitatezko kultura eskaintza eta ikuskizuna konbinatzen zituzten. Zinemaldia 1957an indartu zen, nazioarteko maila eman ziotenean.

8
Aurreko hamarraldietakoa baino askoz ere hazkunde handiagoa zen hura, 1941ean %14,5ekoa eta 1950ean %20,9koa izan baitzen jaiotza-tasa.

9
Kulturaren alorrean agintariek ekarri zuten liberalizazio moduko hark bestelako erreibindikazioak, politikakoak eta lanekoak, plazaratzera bultzatu zituen belaunaldi berriak. Donostiar askok egin zion garai hartan aurre erregimenari, era askotako agerraldien eta ekintzen bitartez: Maiatzaren lehena ospatuz, ikastolak sortuz, alderdi politikoak legez kanpo isilean berrantolatuz... 1962an, donostiar batzuk erbesteratu zituzten, Francoren aurkako bilera batean izan zirelako Munichen.

10
Aipagarriak dira, besteak beste, auzo elkarteak, mendizale elkarteak, zine-forumak, Donostiako liburu denda nagusietan literaturari buruz antolatu ziren tertuliak, kultura higikundeak -Ez dok amairu, Gaur...-.