IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   













HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiaren Historia »  Trantsizioa eta Demokrazia

Trantsizioa eta Demokrazia


Aldaketa latza

(1975eko azaroa

-1979ko urria)




Francisco Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen, Madrileko La Paz ospitalean, hilabete luzez azken hatsetan egon ondoren. Borbondarren monarkiaren esku utzi zuen estatua, Juan Carlos I.a izendatu baitzuen errege. Espainia osoa zalantza handian zegoen etorkizunari buruz, eta oso aintzat hartuak zeuzkan demokraziaren aurkako oztopo handiak: armada, agintea oraindik ere beren esku zuten francozale amorratuak...

Erregeak Adolfo Suárez izendatu zuen gobernu buru, eta estatua poliki-poliki demokraziarantz bidera zezala agindu zion, indarkeriarik eta eten handirik gabe. Aldatzeko prozesu mantso hark urrats nabarmen bat egin zuen Ley de Reforma Política esan zitzaion legearekin. Legebiltzar frankistek 1976ko azaroan onartu zuten lege hura, ekitaldi hark erakunde gisa desegin beharra esan nahi zuela aintzat harturik. Handik hilabetera, herritarrek lege hura onartu zuten, erreferendum batean bozkatu ondoren.

Gertaera politikoak bizkor baino bizkorrago etorri ziren bata bestearen atzetik. Handik lau urtera, estatu frankistaren egitura osoa desegina zegoen. Haren ordez, mendebalekoen tankerako demokrazia bat zegoen, indar betean. 1977an, Legebiltzar Konstituziogileetarako hauteskundeak egin ziren. Beste alderdi askoren artean, PCEk ere parte hartu zuen, inork espero ez bazuen ere, azken orduan legeztatu baitzuen gobernuak.

Legebiltzarkideek elkar hartzeko borondate zintzoz egin zuten konstituzioa. 1978ko abenduan, espainiarrek erreferendumean onartu zuten -%33ko abstentzioa, eta emandako botoen %87,87, alde-. 1979ko martxoan, legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren: UCDk, Adolfo Suárezen alderdiak, alde handiz irabazi zituen. Bera izan zen aro berri hartako aurreneko gobernu konstituzionalaren lehenengo gobernu burua.

Euskal Herrian, gertaera haiek denak zalantza eta ezinegon handiz bizi izan ziren. Jende asko zegoen susmo txarrez, Euskal Herriko probintziak Espainiako estatuan nola geldituko ote ziren beldurrez. Susmo horretan du oinarria konstituzioa onartzeko erreferendumean izan zen abstentzio handiak -% 54,49 Euskal Herrian-. Aldi berean, krisi ekonomiko gogor batek estutasun handiak sortu zituen herritarrengan: langabeziaren tasa %4,3koa zen 1976an; 1980an, berriz, %13,9koa zen. Bi faktore horiek zirela medio, frankismoarekin erabat haustekoen aldekoek indar handia izan zuten. Garai hartako lanuzte eta manifestazio ugariek areagotu egin zuten larritasuna eta egonezina. Eragin handiko gertaera odoltsurik ere ez zen falta izan: 1976ko martxoan, poliziak Gasteizko eliza batean bilduta zeuden langileei tiroka eraso zien, eta bost lagun hil zituen; Jurramendin, Lizarra inguruan, faxistek tiroka eraso zioten, 1976ko maiatzean, karlistek urtero han egiten zuten bilkurari.

ETA erakunde armatuak ere gogotik erabili zuen indarkeria. Uko egina zion demokrazia biderako prozesu hari, horrela ez omen zuelako bere helburua lortuko: Euskal Herriaren independentzia. Borroka armatuan jarraitu zuen, eta gero eta atentatu gehiago egin zituen. 1977an, Amnistiaren Legea onartu zen, ETAko militante presoak espetxetik atera zituena. Erabaki hark ez zuen batere aldatu erakunde haren estrategia, eta sekulako erasoaldi terroristari ekin zion: 144 pertsona hil zituen 1978-1979 urteetan.
ETAk gero eta ekintza armatu gehiago egin zituen, baita Trantsizioa bukatu ondoren ere. Nazionalismoaren sektore askok bat egin zuten haren helburuekin, eta babes politikoa eman zioten. 1978an, HB sortu zen -Herri Batasuna-, eta, 1980an, ezker abertzaleko elkarte mordo batek MLNV edo ENAM sortu zuen -Euskal Nazioaren Askapenerako Mugimendua-. ETAk gogotik baliatu zuen terrorismoa: hilketak, bahiketak, indarrezko lapurretak...



1977ko

hauteskundeak




1977ko hauteskundeek autonomiaren aurreko aldi bati eman zioten hasiera 11. Arabak, Gipuzkoak, eta Bizkaiak 1979an onartu zuten autonomia estatutu haren egitasmoa, HBk eta ezker muturreko alderdiek abstentzioaren alde egin bazuten ere. Donostian, hautesleen %59,70ek parte hartu zuten hauteskunde haietan; botoen %90,3 baiezkoak izan ziren -Euskal Herriko gainerako probintzietan izan ziren batez besteko emaitzen antzekoak ziren haiek-. Espainiako legebiltzarrak handik gutxira berretsi zuen euskal autonomia estatutua.

Lehenengo erreforma demokratikoek ez zuten, ordea, eraginik izan udalak aukeratzeko hautabideetan. 1978an Espainiako Konstituzioak onartzeak ekarri zituen aldaketak udaletara. Ordu arte, aldaketa bakarra izan zen udaletan: zinegotziek aukeratzen zuten, botazio sekretuaren bidez, alkatea. Donostian, sistema hori 1976an jarri zen indarrean, eta Francisco Lasa karguan berretsi zuen. Geroago, Lasak uko egin zion karguari, eta Fernando de Otazu izendatu zuten haren ordez. Hurrengo hilabeteetan, zinegotziek berek dimisioa emateko asmotan zebiltzala adierazi zuten, presio politikoen eta mehatxuen eraginez. 1978ko irailean, Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak Udal Batzorde bat izendatu zuen udalbatza haren ordez, udaletarako hauteskundeak egin arte. Ramón Jáuregui (PSOE) eta Iñaki Alkiza (PNV) izan ziren, txandaka, batzorde haren buruak.

Trantsizioak eragin handia izan zuen Donostiako bizieran. 1977. urteaz geroztik, herritarrek gogotik parte hartu zuten politikan. Gorabehera politikoek gogor astindu zuten donostiarren eguneroko bizitza: amnistiaren aldeko ekinaldia, ETAk diputazioko lehendakari Juan Mª Araluce erdialdeko kaleetan hil izana, ikurrina legeztatzea... Manifestarien eta poliziaren arteko liskarrak behin eta berriz izaten ziren Donostiako kaleetan; baita ETAren atentatu terroristak ere. 1978an, ETAk bederatzi pertsona hil zituen Donostian.




Udaletarako hauteskundeak



Alkate abertzaleak, 1979-1991



Espainiako Konstituzioa 1978an jarri zen indarrean, eta haren bitartez etorri zen demokrazia udaletara. Harrezkero, herritarrek aukeratu zituzten alkatea eta zinegotziak, hauteskundeetan botoa emanez. Alderdi politiko bakoitzak lortutako boto kopuruaren arabera banatu ziren gero zinegotzien karguak eta alkatearena.

Udaletarako lehenengo hauteskundeak 1979ko apirilaren 3an izan ziren. Haien emaitzek argi eta garbi utzi zuten joera politiko asko zeudela Donostian, bost alderdik lortu baitzuten botoen %15. Autonomiazalea ez zen eskuinak ez zuen hautagairik aurkeztu, eta PNV izan zen boto gehien jaso zituen alderdia -hautesleen botoen %22,6tik gora-. Jesús Mª Alkain izan zen bai aurreneko alkate abertzalea eta bai aldi honetako aurreneko alkate demokratikoa. Hurrengo hamabi urteetako alkate guztiak abertzaleak izan ziren.

Espainiako Trantsizio politikoan izan ziren tirabira handiek oihartzun handia izan zuten garai hartako Donostian. ETAk erasoaldi terrorista gogor bati ekin zion: 1979tik 1982ra 23 pertsona hil zituen Donostian. Giroa zeharo nahaspilatu zen eskuin muturreko terrorismoa ere ekinean hasi zenean. Batallón Vasco-Español zeritzan eskuineko talde terroristak haren ustez ETAko kideak zirenei erasotzen zien. Giroak okerrera egin zuen poliziak hainbat herritar hil zituenean: Arregi, Gladys del Estal...

Garai hartakoak dira, baita ere, ETAren aurkako lehenengo manifestazio jendetsuak. 1981eko otsailaren 9an, ETAk José Mª Ryan ingeniaria bahitu eta hil zuen, eta ekintza haren aurkako protesta izan zen ETAren aurkako aurrenekoa. Manifestazio hura Bulebarrera iritsi zenean, harrika eraso zioten; garbi geratu zen, beraz, euskal gizartean eta Donostiako gizartean ordurako zegoen zatiketa.

Gehiengoa zuten alderdi politikoek Espainiako Estatu berriak eskaintzen zituen bide demokratikoen alde gogotik egin zuten, bai eta Autonomia Estatutuaren alde ere 12. Ezker abertzaleak eta ezker muturreko beste alderdi batzuek, berriz, ez zioten inongo zilegitasunik eman estatuari, eta borroka armatuaren alde egin zuten. Indarkeriaz blaitutako giro hartan, aipagarria da ETAren parte batek -ETA politiko militarrak- hartu zuen erabakia: armak utzi eta demokrazian parte hartzeko aukera egin zuen, EE -Euskadiko Ezkerra- alderdiaren bidez.

Egoera latz hark kalte handia egin zion Donostiaren irudiari. Turismoa asko jaitsi zen, eta askoz bisitari gutxiago etorri zen urte haietan Donostiara. Udaldiko ekitaldi kultural nagusi batzuk kolokan egon ziren. 1979an, Musika Hamabostaldia bertan behera gelditu zen, eta Zinemaldiak "A" kategoria galdu zuen 1980an. Nolanahi ere, aisiaren, ikuskarien, eta kulturaren munduak bestelako bultzada batzuk izan zituen: EOS sortu zen -Euskadiko Orkestra Sinfonikoa-, ETB ere bai -Euskal Telebista-; Euskal Herriko Unibertsitatean fakultate berriak sortu ziren; unibertsitate horrek berak Udako Ikastaroak antolatu zituen... Jazzaldiak ospe handia hartu zuen, eta euskarazko liburugintzak eta kulturgintzak sekulako berpiztea izan zuten.

Udaletarako hurrengo hauteskundeak 1983ko maiatzaren 8an egin ziren. PNVk irabazi zituen, eta Ramon Labaien abertzalea izendatu zuten alkate. PNVk bere nagusitasuna indartu zuen Donostian, hautesleen %35,05ek hari eman baitzioten botoa. PSE-PSOE zen hurrengo alderdia, botoen %23,89rekin. Alderdi horrek 1979ko hauteskundeetan baino 9 puntu gehiago lortu zituen 13.

Labaien alkateak arreta handiz zaindu zuen turismoaren alorra. Bere agintaldian gogo biziz ekin zion Donostiaren ospea indartzeari eta ekintza eta jai berezi batzuk bultzatzeari: Aste Nagusia, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia... 1985ean berreskuratu zuen Zinemaldiak nazioarteko kategoria. Espainiako gobernuak udalak arautzeko lege berri bat eman zuen. Udalaren eskumenak alorka eta patronatu zeritzen departamentuetan banatu zituen. Bestalde, udalak parte hartzeko gero eta aukera handiagoa eman zien auzo elkarteei.

Euskal Herriko probintzien artean eta Espainiako Ogasunaren artean Kontzertu Ekonomikoaren Erregimena berriz indarrean jarri izanak diru gehiago biltzeko aukera eman zien udalei. Diru horien zati handi bat azpiegiturak hobetzeko erabili zuten udalek. Donostian, urte haietan konpondu eta egokitu zituzten Antzoki Zaharra eta María Cristina Hotela. Garai hartakoak dira, baita ere, futbol zelai berri bat eta zezen plaza berri bat egiteko aurreneko asmoak eta proiektuak.

Gizartean eta politikan indarkeria zen, aurreko urteetan bezala, eragile nagusia. ETAk eraso bizian jarraitzen zuen. Ezker abertzaleak gogortu egin zituen bere kale agerraldiak. Garai hartan hasi ziren frantses interesen kontrako erasoak eta herriko jaietako mobilizazioak -"Banderen gerra", agintarien segizioari abuztuaren 14an egiten zitzaion erasoa Santa Mariako basilikara Salbea entzutera zihoanean...-.

1986ko martxoan, Espainia OTANen sartzeko ala ez egin zen erreferenduma ere oso esanguratsua izan zen garai hartako giro politikoaren berri izateko. Oso bestelakoak izan baitziren emaitzak Donostian, eta Euskal Herriko bazter askotan, eta Espainian. Donostian, Espainia OTANen sartzearen aurkakoek irabazi zuten -botoen %64,62-; Espainian, berriz, sartzearen aldekoek irabazi zuten.

Garai hartan eguraldiak oso gorabehera bitxiak izan zituen: 1985eko urtarrilean elurte handiak izan ziren Donostian. Ohiz kanpoko eguraldi hark eragin handia izan zuen donostiarren bizitzan, elurrak eta tenperatura apalek bi aste iraun baitzuten. Egun haietan, ikuspegi eder askoak izan zituen Donostiak, eta hamaikatxo eskiatzaile ibili zen Kontxan barrena eskiatzen.

Udaletarako hurrengo hauteskundeak 1987ko ekainean izan ziren. Alderdi politikoen arteko indar oreka aldatuxea zegoen, eta hitzarmenak egin behar izan zituzten elkarren artean. PNV ahuldua zegoen, Garaikoetxearen eta haren jarraitzaileen zatiketaren ondoren 14. Eusko Alkartasunak alde handiz irabazi zuen Donostian -botoen %24,33-. Xabier Albistur izan zen hurrengo alkatea. Baina, hala eta guztiz ere, hitzarmen bat egin behar izan zuen EErekin, EAren botoekin bakarrik ez baitzuen gehiengo osoa. Bi alderdi horien esku egon zen hurrengo lau urteetan udaleko aginte taldea.

Udalak lan handia egin zuen azpiegituren eta horniduren alorrean. 1980ko hamarraldiaren bukaeran ekonomia gora egiten hasia zenez gero, udalaren proiektu asko errazago finantzatu ahal izan ziren. Orduko proiektuen emaitzak hurrengo urteetan sumatu ziren, geroago aipatuko denez.

Bai udaletan, bai diputazioetan eta bai legebiltzarrean zegoen elkar hartze eta koalizio giro hark Ajuria Eneko Ituna sinatzea bideratu zuen, 1988ko urtarrilean. Alderdi demokratiko guztiek, HBk izan ezik, Euskal Herriaren auzia konpontzeko irtenbide politikoen alde egiteko konpromisoa hartu zuten. Urte hartan bertan, Espainiako gobernua elkarrizketan hasi zen ETArekin -Aljerreko elkarrizketak-. ETAk su-eten bat iragarri zuen. Itxaropenez betetako hilabeteak izan ziren haiek. 1988an ez zen atentaturik izan Donostian.

Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioak hautsi zirenean, ETA berriro hasi zen erasoan -zortzi pertsona hil zituen Donostian, 1989ko ekainetik 1991ko maiatzera bitartean-. Ezker abertzaleak ere indarkeriari ekin zion berriz ere kalean. Erreibindikazio berriak ere bereganatu zituen; garai hartan -1989-1990- gori-gorian zegoen Leitzarango autobidearen auzian, ezezkoaren alde egin zuen gogor. Giro nahasi eta latz hura maiz islatu zen udalaren osoko bilkuretan.
Alkate

sozialista,

1991-2001




1991ko udaletarako hauteskundeetan abertzaleek alkatetza galdu zuten. Harrezkero, sozialista bat izan da alkate, Odón Elorza, Donostiak ordu arte izan zuen alkaterik gazteena 15. Abertzaleen arteko ika-miken ondorioz, PNVk sozialistekin elkar hartu behar izan zuen, eta bi alderdi horiek eta PPk -Partido Popular- eratu zuten udaleko gobernu batzordea.

Koalizio hura ohiz kanpokoa zen, aurreneko aldia baitzen hiru alderdi haiek agintean elkarrekin zeudela. Hurrengo hamarraldian, proiektu asko bideratu ziren Donostian; haietako asko aurreko udalek abian jarritakoak ziren. Baina proiektu berriak ere bultzatu zituzten: Ontzi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Zurriolako hondartza... Elorzaren lehenengo agintaldian inauguratu ziren.

Zinemaldiaren eta Musika Hamabostaldiaren goraldiak turista gehiago erakarri zituen Donostiara. Hainbat kirol ekitaldi ere izan zen Donostian; haietako batzuek ospe handia zuten nazioartean, eta, beraz, Donostia mundu osoan ezagutarazi zuten: Frantziako Tourra Donostiatik atera zen 1992ko udan, eta, 1993an, Munduko Maratoi Lehiaketa Donostian egin zen.

1993an, Ertzaintzak hartu zuen Donostian ordena publikoaren ardura, Espainiako poliziaren ordez. Kaleko indarkeriak bere horretan iraun zuen: gero eta jende gutxiago zebilen istilu haietan, baina askoz ere ekintza gogorragoak egiten zituzten. ETAk hamabi lagun hil zituen Donostian; haien artean, Gregorio Ordóñez, zinegotzia eta Donostiako PPko buruzagia. Indarkeria hari aurre egiteko, hainbat talde bakezale eratu zen, hilketen eta bahiketen aurkako bilkurak eta ekinaldiak antolatzeko -"begizta urdinarena", besteak beste-.

1995eko maiatzean, udaletarako hauteskundeak izan ziren berriz. Donostiarrek gogotik parte hartu zuten, aurreko hauteskundeetatik %10 igo baitzen emandako botoen kopurua. PP atera zen garaile, Jaime Mayor Oreja buru zuela 16. Inork gehiengoa lortu ez zuenez gero, alderdiek hitzarmenetara jo behar izan zuten berriz, Eusko Legebiltzarrean 1994. urteaz geroztik egin zen bezala, eta PNV, PSE-EE, eta EA alderdien arteko gobernu hirutarikoa izan zen hitzarmen haien emaitza. Hiru alderdi horiek berek bat egin zuten Donostiako udalean ere, eta Elorza izendatu zuten, berriz ere, alkate.

Alderdi politikoen sakabanatze hark, batzuetan, trabak sortu zituen erabakiak hartzerakoan. Baina, hala eta guztiz ere, udalak proiektu asko onartu eta bideratu zituen. 1998ko abuztuan, Aquariuma, Illunbeko zezen plaza, eta Bulebar eraberritua inauguratu zituzten. 1999an zabaldu zen Kursaaleko auditorioa eta kongresuen aretoa; eraikin ikusgarri hura Moneo nafar arkitektoak asmatutako bi kubotan banatua zegoen, Zurriolako Ibilbidean.

Gero eta herritar gehiagok egin zion aurre, indar handiz, ETAren indarkeriari. Aipagarriak dira, larritasun eta samin handia sortu zutelako, Fernando Múgicaren hilketa, 1996ko otsailean, eta Miguel Ángel Blancorena, 1997ko uztailean. Azken hilketa horrek eragin handia izan zuen bai Donostian, bai Euskal Herrian, eta bai Espainian. Geroztik, "Ermuko Espiritua" zeritzan higikundea sortu zen, PPk Espainiako gobernuaren ardura hartu zuen 1996ko legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi ondoren, HBk jokabidea leundu zuen... horiek izan ziren, besteak beste, Euskal Herriko alderdi politikoen estrategiak aldarazi zituzten gertaera nagusiak.

Ajuria Eneko Mahaia zeritzan hitzarmena geldirik zegoen, bere kideen arteko adostasuna lortu ezinik, eta, indarrean bazegoen ere, ez zuen inolako eraginik. Indar abertzaleek elkarrengana hurbiltzen hasi ziren, eta, hala, 1998ko irailean, hitzarmen bat sinatu zuten, Lizarrako Hitzarmena. Alderdi eta sindikatu abertzale guztiek eta IUk -Izquierda Unida- bat egin zuten hitzarmen harekin. Ia aldi berean, ETAk su-eten bat iragarri zuen; urtebete pasatxo iraun zuen.

1998an, urriaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Eusko Jaurlaritza PNV-EA koalizioaren esku egon zen, HBren laguntzarekin; izan ere, legebiltzarrerako hitzarmen bat egin zuten hiru alderdiok, bestela ez baitzuten aurreneko biek gobernatu ahal izateko bezainbat boto. =>






Espainia osoan jarduten zuten alderdiak, PP eta PSOE, alderdi abertzaleengandik urrundu ziren, eta batzuen eta besteen jarrerek tirabira eta liskar handia ekarri zuten hurrengo hilabeteetan.

Giro nahasi hartan egin ziren XX. mendeko azken udaletarako hauteskundeak. PNVk eta EAk hautagai zerrenda bateratua aurkeztu zuten. Odón Elorza buru zuen zerrendak aise irabazi zituen hauteskunde haiek -botoen %30,17 lortu zituen-. Koalizioan gobernatzeko aukera eskaini zien Elorzak Partido Popularreko zinegotziei.

Trantsizioaz geroztik XX. mendearen bukaera arteko hauteskundeen emaitzei erreparatuz gero, argi dago donostiarrek gehiago parte hartu izan zutela Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, udaletarako hauteskundeetan edo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino.


Kursaaleko auditorioa, Rafael Moneok 1999an egina.



Azken horietan, PNVri botoa emateko joera handiago izan zuten donostiarrek, eta, udaletarako hauteskundeetan, berriz, PSE-PSOEri. 1987. urteaz geroztik, Espainiako eskuinaren boto kopurua etengabe ari da handitzen. HBk -gaur egun EH, Euskal Herritarrok- boto kopuruan zertxobait behera egin zuen 1987tik 1996ra bitartean, baina azken hauteskundeetan gora egin zuen berriz.




Hiri berria





Donostiako biztanle kopuruak ez du gora egin 1970. urteaz geroztik: 175.000 biztanle inguru ditu. 1980ko hamarraldian, Donostiak orain baino biztanle gutxiago zituen. Beheraldi hartan eragina izan zuen, batetik, Astigarraga, 1987an, Donostiatik bereizi izanak; Donostiak 3.200 biztanle gutxiago izan zituen, beraz. Baina eragin handia izan zuten orobat ekonomiaren krisiak eta migrazioaren tasa negatiboak, jaiotza-tasak behera egin baitzuen horren ondorioz. 1996an, Donostiako biztanleriak zahartzera egin zuen, eta zahartze hori nabarmenagoa zen erdialdean aldirietan baino.

Biztanleen adinaren proportzioaren arabera, lanean ari diren donostiarren kopurua %44,68raino jaitsi da. Finantzako eta administrazioko zerbitzuetan lan egiten dute gehienbat donostiarrek. Turismoak, kongresuen antolamendua barne, indar handia du oraindik ere Donostian.

Estatistikek aditzera ematen dutenez, bertan jaiotako donostiarrak kanpotik etorritakoak baino gehiago dira orain. Donostiar euskaldunen kopuruak -bi urtetik gorakoen artean, %32,63 1997an- eta erdi euskaldunenak -% 25,87 urte hartan bertan- gora egin du.

Administrazioaren jokabidea garai batean baino garbiagoa da. Trantsizioaz geroztik, asko aldatu ziren gauzak alor horretan. Hirigintza kudeatzeko modua asko hobetu zuen aldaketa horrek. Aurreko hamarraldietan etxebizitzen salerosketan eta eraikuntzan egin ziren gehiegikeria asko geldiarazi zituzten udal berriek. 1977an, 1962ko Hirigintza Ordenatzeko Plan Orokor berria berraztertu zuten. Plan berri bat egin bitartean, udalak zorroztu egin zituen etxebizitzak eraikitzeko eta lehengoratzeko behar ziren kontrolak.

Udalak arreta handiz babestu zuen erdialdea eta zabalgunea, baina hango etxebizitzen prezioa oso garestitu zen. Aiete, Amara, Egia-Ametzagaña, eta Gros auzoek etxez gainezka egin zuten, eraiki gabe zeuden bazter guztiak etxeak eraikitzeko baliatu baitziren. Auzo berriak jaso zituzten:
Intxaurrondoko Iparraldea 1980ko hamarraldian; Amara Osinaga, Intxaurrondoko Hegoaldea, Berio, Errotaburu, Benta Berri... 1990eko hamarraldian. Eraikuntza berri haietako batzuek eztabaida gogorrak sorrarazi zituzten; batik bat, Urumearen ondoan, Frantziako Pasealekuaren jarraipen gisa egin zirenek. 1999. urteaz geroztik dago aurreikusia ingurabide berriak egitea, leku horiek guztiak elkarri lotzeko.

Ibilgailuen zirkulazioa arreta handiz antolatu nahi izan zuen udalak erdialdean. Era askotako erabakiak hartu ziren alor horretan: ibilgailuen pasabidea mugatzea -Parte Zaharrean, batez ere-, kale nagusi batzuk oinezkoen kale bihurtzea, kalean aparkatzeko sistema arautu bat indarrean jartzea, eta lur azpiko aparkaleku gehiago eskaintzea, besteak beste. Neurri horiek guztiek aldaketa handiak ekarri dituzte Donostiako kaleetara eta dendetara, eta eragina izan dute, orobat, donostiarren eguneroko bizitzan.

Mende bukaerako azken bi udalek ardura handia izan zuten kulturarako eta aisiarako eraikinak eta ekitaldiak sortzeko. Herritarren eskari gero eta handiagoak akuilatu zituen agintariak erabaki horiek hartzera. Gaur egun, kultura zerbitzuak Donostiaren ezaugarri nabarmena dira, eta eragina izan dute turismoan ere, garai batean turismoak izan zuen eskaintza ospe handikoak behera egin baitzuen XX. mendearen zati handi batean.

XXI. mendearen hasieran, Donostiak etorkizun oparoa du. Pluraltasun politikoa da haren ezaugarri nagusia, nahiz Euskal Autonomia Estatutuaren eta Espainiako konstituzioaren zilegitasunaren inguruko eztabaidak haustura sortu duen gizartean. Bestalde, azken 25 urteotako udal demokratikoen lana epaitu behar izanez gero, gehiago dago onetik txarretik baino. Donostiarrak aiseago bizi dira Donostian, eta berreskuratu dute hiria beren nahien arabera tankeratzeko ahalmena. Hala adierazten du Donostiako hirigintzaren itxura berrituak.




Oharrak



11
Euskal Herriko legebiltzarkideek "Euskal Herriko Kontseilu Nagusia" eratu zuten 1978an. Erakunde horrek autonomiarako egitasmo bat egin zuen, eta estatu demokratiko berriak aldezten zuen estatutuen bidetik -Autonomien Espainia- bideratu zuen autonomia. PNVk alde batera utzi zituen ordu arte izan zituen susmoak, eta gogotik ekin zion bide hari.
Nafarroak autonomia prozesu hartatik kanpora utzi zuen bere burua, eta probintzia bakarreko erkidegoa eratu zuen. Erabaki hori izan zen Euskal Autonomia Estatutuaren aurkakoek beren jarrera justifikatzeko erabili zuten argudio nagusietako bat.

12
Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo hauteskundeak 1980ko martxoan egin ziren. Donostiako boto emaileen %55,3k hartu zuen parte hauteskunde haietan. Eusko Alderdi Jeltzaleak aise irabazi zituen botazio haiek, eta, handik gutxira, haren hautagai Carlos Garaikoetxea izendatu zuten lehendakari.

13
Emaitza haietan, eragin handia izan zuen alderdi horrek berak 1982ko urrian Espainiako legebiltzarrerako hauteskundeetan izan zuen arrakasta handiak, PSOE gobernura iritsi baitzen, eta Felipe González izendatu baitzuten Espainiako lehendakari. Gobernu berri hark aldaketarako itxaropen handiak sorrarazi zituen Espainiako gizartean.

14
Aurreko hilabeteetan, Lurralde Historikoen Legeari buruzko eztabaidak eta PNVren baitan buruzagitza nork eskuratuko izan ziren tirabira gogorrek dimisioa ematera bultzatu zuten Garaikoetxea lehendakaria, eta alderdikideak bitan banatu ziren. Harrezkero, nazionalismo moderatua banatuta aurkeztu zen hauteskundeetan. Garaikoetxeak sortu zuen alderdi berriak EA zuen izena -Eusko Alkartasuna-. 1986ko hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz, eta hark lortu zituen boto gehienak. Baina nazionalisten arteko zatiketa hura beste alderdi guztien mesederako izan zen, gutxitu egin baitzuten abertzaleekin botoetan zuten aldea. PNVk bakarrik agintzeko nahiko boto lortu ez zituenez gero, koalizio gobernu bat osatu behar izan zuen PSOErekin batera. Hurrengo urteetan ere, huraxe izan zen Eusko Jaurlaritza eratzeko bidea. Jose Antonio Ardanza jelkidea izan zen PNVk eta PSOEk eratutako gobernu hartako lehendakari berria.

15
Hauteskunde haien emaitzek garbi utzi zuten EAk ez zuela gora egin eta HBk behera egin zuela. PSEk, eskuin espainolistak -PP (Partido Popular) alderdian bildua-, eta PNVk, berriz, gora egin zuten.

16
PP etengabe ari zen gora aurreko urteez geroztik, Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeek -1993- eta Eusko Legebiltzarrerakoek -1994- garbi aditzera ematen zutenez.