|
Eskuartean duzun lan hau Donostiako Euskararen Udal Patronatuak 1999ko maiatzean deitu zuen “Donostiako euskararen historia ikertzeko beka”ra aurkeztu genuen “Donostiarrak eta euskara: XVI-XVIII mendeak” proiektuaren emaitza da. Deialdiak zioen moduan, “bekaren helburua Donostiako euskararen historia aztertzea da. Batez ere XVI, XVII eta XVIII mendeei dagokiena”.
|
|
Lan hau burutu ahal izateko hiru iturritik edan ditugu beharrezko datuak: agiritegi desberdinetan gordetzen diren dokumentuak lehenik, garaiko autoreek beren lanetan esandakoak bigarrenik, eta gaiaren inguruko bibliografia azkenik, izan dira iturri horiek. Hiru hauen emaria ez da, hala ere, maila berekoa gertatu, lana irakurtzen zoazen neurrian ikusiko duzunez.
Beharrezko datuak bildu ditugula esan dugu, baina ordea (eta zoritxarrez), hauek ez dira izan guk nahi izango genituzkeen adina. Lana egiterakoan, Donostiako historia aztertu duten hainbat ikertzailek topatu duten arazo berbera izan dugu guk ere, nola ez. Gauza jakina denez, Donostia ia erabat kiskali zen 1813ko sutean. Etxe batzuk zutik gelditu ziren, baina ez udal agiritegia. Bestela esan, herri jakin baten pasatako mendeetako historia aztertzeko oinarrizkoa izaten den udal agiririk ezin izan dugu arakatu, duela ia bi mende erre zirelako.
|
Gauzak honela, zeharkako dokumentuak aztertzera beharturik ikusi genituen geure buruak. Hauetako gehienak pleituak izan dira, elizakoak (Iruñeko Artxibo Diozesanokoak) nahiz zibilak (Tolosan dagoen Gipuzkoako Agiritegi Orokorrekoak), eta beste hainbat, gutxiengoa beti ere, paper ofizialak (testamentuak, botere-gutunak, ordain-agiriak...) eta bataio-liburuak izan dira. Honek, hemen aurkeztera gatozen lanaren izaera goitik behera baldintzatu du, espero zitekeen bezala.
Pleituen bitartez, garai bateko gizartearen antolamendua nolakoa zen jakitera iris gaitezke, baina ez da bide oztopo-gabea izaten. Azken finean, pleituak ez ziren egiten helburu horrekin, oso bestelako batekin baizik. Hori dela eta, hauetatik atera daitezkeen datuak, gehienetan, zeharkakoak dira, eta askotan hankamotz gelditzen da historialaria egoera baten berri eman nahi duenean. Hau da guri gertatu zaiguna.
Historia egiteak berezko duen arazo honi beste bat gehitu beharko genioke, gure aztergaiari zuzen-zuzenean dagokiona. Lanaren gaia euskararen historia genuen; baina kezka linguistikoak edo soziolinguistikoak historiaren joan-etorrian oso berandukoak dira eta, ondorioz, honen inguruko informazioa oso urria.
Lanaren Egitura
Aurkitu ditugun oztopoak aipatuta, gatozen lanaren egituraz hitz bi esatera. Bildu ditugun datuak honela egituratu ditugu:
Lehen atalean, mugarri ditugun mendeetan atzera egingo dugu, Donostia sortu zen garairaino. Zein eragin izan zuten gaskoiek herriaren sorreran? Zein hizkuntza hitz egiten zen garai hartan? Frogatuko dugun moduan, herriaren historiaren lehen mendeen nondik norakoak ezagutzea oso garrantzitsu izango da aztertu dugun garaiko hainbat datu linguistiko modu egokian interpretatu ahal izateko.
Bigarren atalean, pleituetatik atera ditugun datuak azaldu eta aztertuko ditugu, hiru azpisail desberdinetan banaturik: donostiarrek mezak euskaraz izan zitezen egin zituzten eskaerak (berez ez ziren eskaera zuzenak izaten, elizarekin zituzten arazoen artean aipatzen zutenetako bat baizik), pleituetako frogantzak jasotzera bidaltzen ziren hartzaileen inguruko kontuak, eta euskaraz idatzirik aurkitu ditugun pasarteak.
Hirugarren eta azkenean, datu horiek guztiak oinarritzat hartuta, XVIII. mende amaierako gizarte donostiarrean euskarak bizi zuen egoeraren zertzelada batzuk eskaintzen saiatuko gara, bere xumean aurrerantzean egingo diren lan sakonagoen oinarri izan daitekeena.
Lanari eskaini diogun sarrera hau ixteko, puntuok oinarritzat ikuspegi historikoa hartuz aztertu ditugula esan behar dugu. Irizpide filologikoa, zalantzaren bat sor zezaketen datuak argitzeko baliagarria izan denean soilik baliatu dugu. Interes filologiko hutsa duten datuak lan hauen helburuetatik kanpo zeudela iruditu zaigu, eta horrexegatik beste batean aztertzeko utzi ditugu.
Amaitzeko, gauza bat besterik esatea ez zaigu gelditzen: ez dakigu lanaren mugatuak atzetik duen saioaren neurria emango ote duen... baina tira, hori irakurleak iritzi beharko duen gauza da.
|
|
| |
 |
 |
|