Nolanahi ere, hiriko harresi barruan donostiar batzuk zabalgune berria nola egin pentsatzen hasiak ziren bitartean, merkatari aberats batek begiz joak zituen ordurako Santa Katalina zubitik harago zeuden hareatza haiek. José Gros zuen merkatari hark izena, eta Donostiatik kanpoko lur sail mordoxka baten jabea zen. Merkatariaren senak esango zion hondarrezko eremu haiek balio handikoak izan zitezkeela noizbait, eta, izan ere, asmatu zuen azkenean. Beraz, hamaika gorabehera, eztabaida eta negoziazioren ondoren, José Grosek hondar sail haien zati handi bat erosi zion Udalari; 1849ko ekainaren 1a ageri da erosketaren dokumentuaren izenburuan.
|
Dokumentu horretan bertan aditzera ematen denez, hondar sail haiek ez omen zuten "herriarentzat inongo baliorik", eta "musu truk ematen zaizkie lur horiek hobetu nahi dituzten partikularrei". José Gros jaunak erantzukizun eta ardura hau hartu zuen bere gain dokumentu hartan: "hondar sail horiek ondo landu eta gobernatu, eta hondarra besterik ez dagoen tokian erein-lurrak, baratzak eta lorategiak egin, eta, horrez gainera, zuhaitzak eta zuhaixkak landatu, edo lur haietarako gehien komeni diren landare motak bestela, era horretara berdetu daitezen bazter haiek eta izan daitezen emankorrak". Beldurrik gabe esan daiteke egun hura izan zela, 1849ko ekainak 1, Grosen sorrera eguna, artean ez baitzituen baserri gutxi batzuk besterik, sakabanatuak eta modu txarrean urrutiratuak.
José Gros jaunak ez omen zituen erosi berria zuen hondar eremu haren zeuzkan eskubideak puska batean ezertarako erabili. Hortaz, hango hondarra, batetik, baserritarrek erabiltzen zuten, arestian esan dugun bezala, lur buztintsu haiek hobetzeko, eta, bestetik, eraikitze lanetan zebiltzanek, Donostian garai hartan egiten ari ziren herrilan askotan sortzen ziren zuloak betetzeko, batez ere tren geltokia eraikitzeko lanetan, hura baitzen hondar sailak erosteko asmoa Donostian aldi hartan egin zen eraikuntza adieraziz lanik nagusia: Norteko geltokia, 1864ko abuztuaren 15ean inauguratuko zena.
|