![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
Gaur egun Gros esaten zaion auzo horren lehen hirigintza proiektua José Goicoa udaleko arkitektoak egin zuen 1891n; harenak dira orobat Donostiako proiektu eta herri lan asko eta asko. Urte haietan etxeak eta eraikinak ugari jaso ziren, inongo ordenarik eta antolamendurik gabe, Urumea ibaiaren eta Ulia mendiaren artean. Ikusi besterik ez dago Txofreko erretenari zer gertatu zitzaion. Erreten hartako ura edateko ona zen, ez zuen ur emari handirik, baina oso kalitate onekoa izan behar zuen eta oso egokia baita ere janaria egosteko; Uliatik isurian zetorkion ura hartzen zuen, hondar eremuetan barrena sartzen zen, Pasaiara zihoan bidetik hurbil, eta azkenean Urumeara husten zituen urak, Santa Katalina zubiaren ondoan. Txofre baserritik zetorkion erreten hari izena, baserri hari hala esaten baitzitzaion, agian haren lehenengo jabea Jofre Ibañez de Yarza zuelako, 1579an Donostiako alkate izana. Urteen joanean, "Jofre" izen hori Txofre bihurtuko zen, eta izen hori bera jarriko zitzaion erreten hari, baserri hari, eta, gerora, zezen plazari, eta baita, zezen plaza bota ondoren, haren gainean egin zen plazari eta kaleari ere. 1760ko plano batean "Txofreko Hareatza" esaten zaio leku horri.
Txofreko erreten hura, beraz, kutsatuz joan zen, bazter haietan fabrikak ugaritzen hasi ahala. Hortaz, jakin badakigu 1848an donostiarrek asko estimatzen zutela oraindik hango ura edatea. Baina handik urte gutxi batzuetara, 1862an, Cortazar arkitektoak konponbide bat bilatu behar izan zien erreten hartako usain txarrei. Ordurako hiru ziren han kokatutako fabrikak: bi garagardo fabrika eta txokolate fabrika bat. Horiez gainera, baziren burdin lantegiak, litografia bat eta kapela fabrika bat ere. |
Fabrika horiek guztiek, eta han ziren bizpahiru garbitokik, Txofreko erreteneko urak erabiltzen zituzten. 1885ean, leku batean baino gehiagotan aipatzen da ur lohitsu, kaltegarri eta usain txarreko haren kolore nazkagarria, nahiz erreten hura ia ibilbide osoan estalia zegoen ordurako. Aise esan daiteke Txofreko erreten hura Groseko auzo jaio berriko industriaren goraldiak hondatu zuela, eta auzo hartan 1899ko hirigintza proiekturik ez egin izanak eman zuela hartarako bidea, proiektu hori, arestian aipatu den bezala, ez baitzen 1891 urtea arte egin.
Goicoa jaunaren proiektu hura aurrera atera ahal izateko, udalak gogotik negoziatu behar izan zuen Tomás Gros eta haren koinatu Juan Iribas lur haien jabe nagusiekin. Azkenean, antolatuta gelditu zen Irunerako errepide nagusiaren (gaur egun Mirakruz kalea dago hor) eta Kolon pasealekuaren arteko eremua; kale hori ez zen zuzena izango, okertua baizik, itsas bazterraren itxurak hala behartuta. Plano hartan ageri dira baita ere Galtzara Nagusia, Aita Larroca, Trueba, Zabaleta... kaleak. Iparragirre kalea eta Kale Berria ere plano horretan ageri dira, izen horiexekin, baina beste kaleekiko zeharka lerrokatuak, ordurako eraikita zeuden eraikin batzuk errespetatu nahi izan zirelako, eta Kale Berria, berriz, Atotxarekiko komunikazio zuzena zelako; beste kale horiek, berriz, zuzen-zuzen zeuden lerrokatuta menditik ibairaino. |
Proiektu hartan baziren alderdi jakingarri batzuk. Donostian hainbeste buruhauste sortzen dituen ipar-mendebaldeko haizetik gerizatu ahal izateko moduan aukeratu zen kale gehienen orientazioa. Eliza non kokatu erabakitzerakoan, oso kontuan hartu zuten bazela ordurako kapera bat jendearentzat zabalik Manteoko ospitalean, eta baita ere eliza bat Atotxan. Elizaren aurrean kale bat eratu zuten, Aita Larroca kalea, alde banatan arkupeak zituena, era horretara ibilbide bat sor zedin udan eguzkitik eta neguan euritik babestua.
Bazen beste kale bat auzo sortu berri hartan garrantzi handia izango zuena, Galtzara Nagusia, alboetan zuhaitz ederrak izango zituena. Azkenik, ibilbide eder bat eratu zuten itsasoaren ondoan, Kolon pasealekua, itsas ertzean txaletez eta billaz osatutako ilara bat izango zuena, hala izan zedin Kontxako pasealekuaren pareko edo hura baino gailenago. |
Auzo berri hura, beraz, ez zen hiriaren erdialdean sortzen ari zen zabalgunea baino eskasagoa izango.
Udalak 1891ko ekainaren 22an onartu zituen José Goicoa jaunaren planoa eta proiektua. Negoziazio neketsu eta gogorretan sartu beharra zegoen orain, bai lurrak erosteko eta bai kaleak egin eta antolatu ahal izateko. Aldi berean. behar ziren baimen guztiak eskatu zitzaizkion "Ministerio de Fomento y Construccion Civiles" erakundeari, baina hark zehaztasun gehiago eskatu zituen, harik eta 1894ko ekainaren 8an "Gaceta de Madrid" albistariak Donostiako udalari Gros auzoaren hirigintza proiektua egiteko eta horretarako lanak hasteko baimena eman zitzaiola argitaratu zuen arte.
|