ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Zurriolako hondartza

Gros auzoko leku eta

eraikin jakingarri batzuk


Lan honen bigarren zati honetan Gros auzoko leku jakin batzuen historia aipatuko da, gauza bat dela bestea dela garrantzitsuak edo bereziak izan direlako, den-denak aipatzeak luzeegi joko liguke eta. Horietako batzuk aspaldi desagertu ziren. beste batzuek aldaketa handiak izan dituzte, baina zeinek bere aldetik auzo honen historiaren alderdi jakin baten berri ematen dute, batek garai batekoa, beste batek leku jakin batekoa, eta horiek denek elkartuta Gros auzoaren historia labur hau osatzen eta aberasten dute.



                Urumeako bokalea ixteko lanak



Zurriolako hondartza



Liburu honen hasieran esana dugu Donostia, sortu zenetik eta 600 bat urtetan, etxe multzo txiki bat besterik ez zela Urgull mendiaren inguruan bildua. Gainerako guztia hareatza zen, itsasbehera zenean ia Groseko osorik urak hartzen zuena: hura dena hondartza handi bat zen. Baina Urumea ibaiko urak bideratu zituztenean hasi ziren gaur egun ditugun hondartzak mugatzen. Orain dela ehun bat urte arte, Zurriolako hondartzak, adibidez, ia Gros osoa hartzen zuen, Irunera zihoan errepideraino.



Lur sail haiek lehenengo aldiz urbanizatu zirenean, 1891ko proiektuaren ondorioz hain zuzen, horma bat eraiki zuten kostaldean, gaur egun Colon pasealekua dagoen lekuan bertan. Hala, Zurriolako hondartza eder askoa zen, itsasbeheran batez ere, eta itsasertz hartan eraiki ziren txaletak Kontxako pasealekukoen eta Ondarretakoen parekoak ziren.

Arestian aipatu dugu baita ere nola 1911ko proiektu berriak Urumea ibaiaren eskuinaldea bideratu zuen bokaleraino, eta, hartara, zubi berri baten bidez, elkartu zituztela Reina Regente kalea eta itsasoari kenduko zitzaizkion lur sail berri haiek, eta, beraz, Colon pasealekuko txaletetako jabe pribilejiatu haiek protesta egin zutela, ordu arte izana zuten ikuspegi eta kokaleku ederra galtzeko beldurrez. Ez zitzaien ordea bururatu ere egin itsas aurreko leku eder hura galtzeaz gainera, ia-ia hondartzarik gabe ere geldituko zirela. Eta halaxe gertatu zen.




XX. mendea aurrera zihoan, eta donostiarrek Zurriolako hondartza berreskuratzeko premia izan zuten. Juan Machimbarrena izan zen premia eta nahi hura planoen bidez adierazi zuen lehena, proiektu bat aurkeztu baitzuen itsasertzeko ibilbide hura Sagueseraino eta Zemoriaraino urbanizatzeko, eta aldi berean Zurriolako hondartza zabaltzeko.

Handik gutxira, beste ingeniari batek, Ramon Iribarrenek, beste proiektu bat landu zuen, Zurriolako hondartza zabaldu ez ezik, hiriarentzat zeharo berreskuratzen zuena. Udalak berehala onetsi zuen proiektu hura, eta 1944an hasi ziren lanak. Hartarako behar ziren harriak Monpaseko harrobitik atera zituzten, eta tren txiki baten bidez garraiatzen zituzten itsasertzean barrena Urumea ibaiko bokaleraino, kai muturra egin ahal izateko. Lanak ordea oso motel zihoazen. Era hartako lanabesekin ezin ziren proiektu hartarako behar ziren harri bloke handiak atera, eta, azkenean, 1948an, lanak gelditu behar izan zituzten. Behin baino gehiagotan egin ziren Zurriolako hondartza txiki hura zabaltzeko saioak, harik eta, azkenean, lanei behar bezala heldu eta, 1995eko maiatzaren 8an, gaur egun bazter horretan dagoen hondartza bikaina inauguratu zen arte.