1840 ezkeroztik Donostian bazen ospitale bat, Erruki Etxearekin batera eraikia, Frantziskotarren komentu zaharra egon zen lekuan, gaur egun Zuhaizti eskola eta udaleko lantegi eta biltegi batzuk dauden lekuan, eta aurki Groseko Polikiroldegia eraikiko den tokian bertan.
Ospital hartan lekurik ez zegoenez, beste eraikin bat eraiki beharra egokitu zen, oso-osorik ospitalerako erabiliko zena. Leku jasoago batean kokatu zuten, itsas ondoan, eta hirigunetik urrunxeago, Ulia mendiaren magalean. Artean Gros auzoa izango zen leku haren urbanizazioa hasi gabe zegoela oraindik, 1881n udalak azkenean Manteo baserriko lurren zati bat erosi zion baserri haren jabe Sangarreneko baroiari. Hondar muino haien jabetza hain nahasia zegoen, non saio latzak egin behar izan ziren bilatzen, aztertzen eta ikertzen, lur haien jabea nor zen jakin ahal izateko. Proiektu hura udaleko arkitekto Goicoa jaun ospetsu eta lan honetan behin eta berriz aipatuak egin zuen.
|
Manteo Tolare baserria
Ospital Nagusi horrez gainera, infekzioak sendatzeko ospitale baten premia zegoen Donostian, baina ez zen erraza harentzat leku egoki bat bilatzea, inork ez baitzuen era hartako eraikin bat auzoan eduki nahi. Udalak, erabaki bat hartu beharrez, hasierako proiektua aldatu zezala eskatu zion Goicoa jaunari, eta, era horretara, elkartu zitzala bi ospitaleak, nagusia eta infekzioak sendatzekoa, leku berean. Beraz, bi ospitale horiek hainbat pabilioitan banatu ziren, muturretik elkartuta zeuden pabilioi haiek, eta zerbitzu orokor berberak zeuzkaten bientzat. San Antonio Abad ospitalea 1886ko abenduaren 4an inauguratu zen, eta 1960 arte egon zen jardunean, urte hartan zabaldu baitzuten Amarako ospitalea. Handik gutxira, Manteoko eraikin hura bota egin zuten, udalak alderdi hura urbanizatu nahi baitzuen, eta, era hartara, eskolak egin han.
|