Goicoa jaunak Gros auzoa sortzeko eta antolatzeko egin zuen proiektu haren azken baimenak XIX. mendearen bukaeran eskatu eta eman zirenean urbanizazio lanek indar handia hartu zuten; eta, 1894an, behin betiko onartu zenean proiektu hura, etxe eraikitzaileen ekina hainbesterainokoa izan zen, non udalak behin baino gehiagotan promotoreak geldiarazi behar izan baitzituen, gauzak behar bezala egin zitezen.
Lehia bizi hartan, zezen plaza eraikitzeko asmoak indar handia hartu zuen. Aspaldi batean Donostiako alkate izandako Jofre Ibañez haren baserriarenak ziren lurretan zegoen muinoa aukeratu zuten horretarako; arestian aipatu dugu, Txofreko erretenaz hitz egin dugunean, nola gizon haren izenak izan zuen bilakaera fonetikoak sortua dela gaur egun "Txofre" esaten diogun izena.
Otsailaren 17an Gregorio Reparazek, Zezen Plaza Berriko Batzordeko lehendakariordeak, zezen zirko bat eraikitzeko baimena eskatu zion udalari. Aurreneko baimena jaso ondoren, apirilaren 28an Gregorio Reparazek zezen plaza berriko planoak aurkeztu zituen udalean; udaleko arkitekto Goicoa jaunak bere oniritzia eman zien plano horiei, eta, hala, maiatzaren 20an udalak zezen plaza egiteko behin betiko baimena eman zion batzorde hari. Berehala hasi ziren lanak, han-hemen sortu ziren traba, oztopo eta eragozpen txikiak alde batera utziz.
|
Hasteko, Txofreko iturriak oztopo egiten zien lan haiei, baina udaleko lanetarako ingeniari Manuel Sarasolak "guztiz ere ezinbestekoa" zela esan zuen. Azkenean, iturria beste leku batera aldatzeak ekarri zuen arazo haren konponbidea.
Zezen plaza 1903ko udan inauguratu zen. 70 bat urte iraun zuen, eta bitarte horretan zezenketaririk ospetsuenek jardun zuten han; hura omen zen gainera, adituek diotenez, zezen plaza guztien artean tauromakiaren arauak zorrotzen errespetatzen zitueneko bat.
Txofreko zezen plaza bizkor eraiki bazuten, bota ere laster batean bota zuten. 1973ko urriaren 25ean, Zezen Plaza Berriko Kontseilari Ordezkariak, Mauricio Matallanes Michelena jaunak, zezen plaza botatzeko eta hango lurrak inguruko kaleen mailara berdintzeko asmoa agertu zion udalari. 1974ko urriaren 4an zezen plaza botatzeko baimena eman zion udalak batzorde horri; hurrengo hilabetean lur hura zelaitzeko baimena ere eman zitzaion, eta zehazten zen orobat hango hondarra Kontxako eta Zurriolako hondartzetara bota zitekeela, baina baldintza jakin batzuekin, besteak beste, "guztiz ere garbiak diren hondarrak Kontxako hondartzan botako direla, eta zikin samarrak daudenak, berriz, %20tik gorako lur kopururik ez dutenak alegia, Zurriolako hondartzan, ibilbidea bukatzen den lekuan".
Zezen plaza hori zegoen lekuan Txofre plaza dago gaur egun.
|