ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Kursaal



Lantxo honen hasieran ikusi dugun bezala, Groseko lehenengo Urbanizazio Plana (1891) egin ondoren, eta proiektu hura aurrera eramaten hasiak zirenean, arazoak sortu ziren Urumea ibaiaren eskuinaldean. Ezkerraldean euste horma eraiki izanak hondarren egongunea aldatzea ekarri zuen, eta eskuinaldean ere horma bat eraikitzeko premia sortu zen. Gainera, lan horiei esker eremu handi bat hartzen zitzaion itsasoari. Horrela sortu zen Itsas Kursaal zeritzan eraikina sortzeko asmoa. Gorabehera batzuen ondoren, azkenean "Sociedad Inmobiliaria y del Gran Kursaal" elkarteak beretu zituen lur eremu haiek, eskuinaldeko euste horma sonatu hura eta bi aldeak elkartuko zituen zubia egiteko lanak ordaintzearen truke.

1916an nazioarteko lehiaketa bat antolatu zen kasinoa eta antzokia izango zen Kursaal hura eraikitzeko, eta urte hartan bertan aukeratu zuten lehiaketa haren irabazlea: Parisko Auguste Bluysen arkitektoak aurkeztutako proiektua. Lucas Alday donostiar arkitektoa izan zen lan haien zuzendaria, eta, azkenerako, 1922ko uztailaren 29an inauguratu zen eraikin berria. Kasino-antzoki hori Europako onenetakotzat zeukaten garai hartan.
Eta, hala eta guztiz ere, ez zuen askorik iraun: inauguratu eta handik bi urtera, 1924ko irailaren 30ean Primo de Rivera jeneralak jokoa debekatu zuen. Harrezkero Kursaala gauza asko eta desberdinetarako erabilia izan zen: antzoki, zinema areto, dantzaleku, kirol lehiaketak egiteko areto, jatetxe, etab.

1960 urtearen inguruan "Sociedad Inmobiliaria y del Gran Kursaal" elkarteak auzitan jarri zuen ez bakarrik eraikin hura zertarako eta nola erabili, baita eraikinaren beraren izatea ere. Hala, 1964an nazioarteko lehiaketa bat egin zen bazter hartan eraikin berri bat egiteko, eta ehundik gora proiektu aurkeztu ziren. Kaliforniako Lubycz-Niycz irakaslea buru zuen arkitekto talde baten proiektuak irabazi zuen lehenengo saria.










Nolanahi ere, saritutako proiektua inondik ere eraikitzerik ez zegoenez, "Sociedad Inmobiliaria y del Gran Kursaal" elkarteak ahalegin handiak egin zituen lehiaketa hartan bigarren saria eskuratu zuen proiektua aurrera ateratzen, Fizinsky jauna buru zuen brasildar arkitekto taldearena. Bide hartatik ere ez zen korapilo hura askatu, eta beste konponbiderik ez zuten aurkitu, beste lehiaketa bat antolatzea ez bazen, oraingoan mugatua; Corrales eta Vázquez Molezún arkitektoen proiektuak, geroago L. Peña Ganchegui donostiar arkitektoa bildu zitzaiela, irabazi zuen bigarren lehiaketa hura. Era horretara, 1973ko abuztuaren 22an, aurkeztu zen udalean Kursaalerako behin betiko proiektua, inguru guztia urbanizatzeko lanak ere aintzat hartzen zituena.

Erabaki hark ez zuen hala ere erabateko konponbidea ekarri. Proiektu hartan bazen dorre bat udalaren arautegia betetzen ez zuena, luzeegia baitzen, eta, hortaz, proiektua berriz moldatu beharra egokitu zen, dorre haren luzera apaltzeko eta haren bolumena beste modu batera antolatzeko. Ika-mika haiek konpondu zirenerako, 1975 urtea zen. Kursaaleko lanak hasi, hasi ziren, baina bukatu ez... ez baitzuten zimenduak jarri besterik egin. Ordurako Itsas Kursaal Handia botea zen, bi urte lehenago, 1973an.









Hamar bat urte joan ziren, eta orube baztertu haren gainean ez ziren Donostian zurrumurruak eta proiektuen oihartzunak baizik aditzen, eta baita parte gaiztoko zantzuak ere: orube hark hilkutxa baten tankera omen zuen, eta horrek ez zuen ezer onik iragartzen.

1990ean, Donostiako udalak aurrea hartu nahi izan zuen, ordurako berea baitzuen Kursaaleko orube hura: lehiaketa mugatu bat antolatu zuen, eta sei arkitektori egin zien parte hartzeko gomita udalak proiektu hari jarri zizkion baldintzetan: eraikin berrian entzutegi bat eraiki behar zen, baita ere kongresu areto bat eta erakusketa areto bat, eta, horrez gainera, horretarako behar ziren zerbitzuak, kafetegia. jatetxea... Lehiaketa hartan Rafael Moneo nafar arkitektoaren proiektua aukeratu zuten, eta haren hitzetan, inguruko paisaian txertatutako proiektua zen berea, bi arroka handi Urumeako bokaleko hondarretan zut. Kursaal berria 1999ko udan inauguratu zen.