ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Biteriko azoka eta eskolak





Pedro de Viteri arrasatearraren izena dute Gipuzkoako hainbat herritako eskolek, hark eman baitzuen horretarako berariaz behar zen dirua. Grosen ere eskola bat eraikiarazi eta eman zion auzoari. San Inazio elizaren ondoan zegoen, baina ez gaur egun izen bereko eskola dagoen aldean, beste aldean baizik.
Eraikin hark 810 m2 zituen, lorategiz inguratua zegoen, eta burdinazko hesi batez itxia. 1906ko uztailaren 7an inauguratu zen, eta 1950 arte han egin zituzten ikasketak Groseko neska-mutil askok.

Biteriko eskola horien ondoan Groseko azoka zegoen, Zabaleta, Galtzara Nagusia eta San Frantzisko kaleen artean. 1908an eraiki zuten, baina berehala txikia gelditu zen, hondatu ere egin zen, eta azkenerako itxi; baina auzokoen eskariz, konpondu, eta 1922an ireki zuten berriro.

Eskola horiek eta merkatua bota zituztenean Katalunia plaza egin zuten haiek zeuden lekuan. Baina geroztik eskola berri bat egin zen elizaren beste aldean, itxuraz eta tankeraz inguruarekin kontraste handia sortzen duena.

XIX. mendearen erdialdeko donostiarrek nekez antzemango zuten, urteen joanean eta hamaika buruhauste, proiektu, plangintza eta lanen ondoren, Ulia mendiaren magaletik Urumea ibaiaren bazterreraino zabaltzen zen eremu hondarrez estali hartan bertan halakoxe auzo eder eta bikain bat egongo zenik 150 urte geroago, donostiar guztiek Gros deitzen ziotena.