1. 7. Lengoak eta Enrike. Azkenean Xiriako


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Amantxi »  1. 7. Lengoak eta Enrike. Azkenean Xiriako

Amantxi

VII



Lengoak eta Enrike. Azkenean Xiriako.



(Enrike eskuiko atean azaltzen da: ta, agur egin ondoren, bata ta besteari begiraka asten da, Amantxi zein dan ezagutu naiean; gero beatzakin keñi egiten dio Andre Brijida’ri zein ote dan Amantxi.)

Brij.- (Mutua izan bear du onek.) (Andre Brijida’k Enrike’ri keñu egiten dio Amantxi erakutsiaz.)

Enri.- Ezin ukatu! Sartu naizenetik nabaitu det zure arpegian Loreaga’tarren edertasun zoratzallea. (Amantxi’rengana juan, belaunikatu ta eskuetan muñ emanaz.) Artu itzazu, Amantxi, nere agurketa xamurrenak.

Brij.- (Belaunikatze ori Ameriketan ikasikozuen.)

Aman.- Ongi etorria izan zaite.

Enri.- Eskerrik asko.

Aman.- Andre Brijida, nere lengusua.

Enri.- (Andre Brijida’ren aurrean belaunikatu ta eskuan muñ emanaz.) Urte askoan.

Aman.- Gurasuak ondo utzi al dituzu? Enri.- Ederki. Zuretzako goraintzi laztan bioztsuak eman dizkidate.

Aman.- Ta zer dio Andre Agustina maitagarriak?

Enri.- Zutzaz asko gogoratzen da: ta nik ere beti gogoan euki zaitut.

Brij.- (Amar urtian ezagutu da.) Enri.- Eta orain gure biotzak batutzeko ordua iritxi da.

Aman.- (Andre Brijida’ri begiratuaz.) Ai...

Brij.- (Amantxi’ri begiratuaz.) Ai...

Enri.- Bai, Amantxi, bai. Nere itzaren jabe naiz eta bete bearrak osatzeko gertu nago.

Aman.- (Andre Brijida’ri begiratuaz.) Ai...

Brij.- (Amantxi’ri begiratuaz.) Ai...

Enri.- Ni urrutietan izan naizen bitartian gertatu danaren berri badet, Orrengatik, buru-estalkiarekin ikusteaz batere arritu ez naiz. Guziya barkatzen dizut...

Brij.- (Barkatu...) Enri.- Eta zurekin bat egitera nator.

Aman.- (Andre Brijida’ri begiratuaz,) Ai...

Brij.- (Amantxi’ri begiratuaz.) Ai...

Enri.- Izketan beste asko bezin trebea ez naizela badakit. Baña urrutietako ibilketak nere besoa sendotu dute, nere bularrak indartu, nere biotzeko suak bizitu; ta orain, naizen guzia, nere bulartsutasuna, nere almena, nere ezpata...

Aman.- (Altxiaz. Andre Brijida ere altxatzen da.) Zure ezpata?

Enri.- Nere ezpata, bai; guziya, guzi-guziya zure oñetan jartzen det.

Aman.- Guziyen bearrian gera bada.

Brij.- Bai orixe.

Enri.- Agindu lasai.

Aman.- Urrutietan izan zeran bitartean. emen gertatutakoen berri zerbait badezu; baño ez dakizu guziya.

Brij.- Ez ta erdirik ere.

Enri.- Esan bada. Itzegin zazute.

Aman.- Zorapenaren azpian nago.

Enri.- (Parrez) Ja, ja, ja! Brij.- Zorapena ikaragarria.

Enri.- (Parrez) Ja, ja, ja! Zorapena! Aman.- Zorapena, bai, eta gela onetan bertan.

Brij.- Argi-mutil ori emendik ateratzeakoan, emen agertuko da bere barbulla ta zalapart izugarriakin.

Enri.- (Parrez) Ja, ja, ja! Zorapena! Ameriketan nitzala, egun batian iritxi giñan alako eleiz-antzeko batera. Ederra zan: guziya urrez josiya zegon. Puskik aundiyena eguzkiaren antzera eratua zeukaten. Ura... jaungoikoa omen zan. Jaungoikoa! An egur-puskak eta arri koskorrak ere badira jaungoikuak diranak. Zerbaitengatik esaten zuen gurekin zan praile batek: jaungoiko asko dan tokian, ez dala Jaungoiko bat ere.

Brij.- Ez noski.

Enri.- Urre-puska ura arrapatu biar genuela, juan giñan egun batian. Indiyo kaskar oietzaz eltxua bezela bazan; eta, gu ikusi ginduztenian, besoak luzatuta karrasika asi ziran:

Kaila llaki pununki txaupituta gamusak.

Orduan nik ezpata atera, aurreratu ta kankarreko bat eman nion urre-puska arri, ta an juan zan zilipurdika. Esan zazute orain, urrezko jaungoikoa txetu zuen ezpata batek zer egingo duen zoratzalle arlote batzuekin.

Aman.- Zer egingo duen ikusteko zaleturik gaude.

Enri.- Bereala ikusiko dezu. Egin bearrak ez dira geroko utzi bear.

Aman.- Ori da nik nai detana. Brijida, Xiriako’ri deitu zaiozu. (Andre Brijida’k txintxarria jotzen du.) Guk argi-mutillakin alde egindakoan, zorapena emen izango dezu. Zer egin bear dan badakizu.

Enri.- Ori nere gain gelditzen da.

Xiri.- (Eskuiko lenengo atian azalduaz.) Zer agintzen dezute, andreak?

Aman.- Argi-mutil ori ar zazu, ta juan egin bear degu. Gero, beti bezela, atia sendo itxiko dezu. (Enrike’ri) Atia itxitzeaz ez dezu noski ajolik izango?

Enri.- Nik? Ez ta batere.

(Xiriako’k argi-mutilla artu du ta atean itxoiten dago. Amantxi’k eta Andre Brijida’k ate aldera egiten dute.)

Aman.- Orduan baguaz.

Enri.- Baña, juan baño len, ez didazu pozgarrizko itz goxo bat esan bear?

Aman.- Zorapenetik gaizkatzen naubenena izango naiz ni.

Enri.- Orduan neria zera.

(Amantxi ta Andre Brijda eskuiko atetik juaten dira.

Ondotik, Xiriako argi-mutillarekin. Antzertokia illunpetan gelditzen da.)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org