Hizketa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Axentxi eta Kontxexi »  Hizketa

Hizketa


(Iruditegiak aurkeztatzen du etxe bateko gela nagusia. Ateak atzean eta aldamenetan. Zabalduak berek agintzen duten eran: mahaiak apainketaz hornituak, kadirak, aulkiak eta abar; bi aulki txiki aurrealdean.)

Estalgarria jasotzen denean agertuko da Kontxexi atzeko atean, kanpora deiadarka.





KONTXEXI Axentxi!

AXENTXI (Barrendik.) Kontxexi! Banator!

KONTXEXI Amak utzi al dizu!

AXENTXI (Sartuko da galtzarbean bordatzeko lanabesa dakarrela.) Hemen naiz, Kontxexi.

KONTXEXI (Laztanduaz eta musuka jateko zorian.) Zer poxa ematen didazun!

AXENTXI Bai ni ere, panpoxa, poxik nator zuregana.

KONTXEXI Zer esan dizu amak?

AXENTXI Etortzeko. Nola ez bada? Zein joango da andre Prudentxiren etxera?

KONTXEXI Hura ez da andre Prudentxi, andre hitzontzi da.

AXENTXI Ezta andre hitzontzi ere. Andre hitz-jario!

KONTXEXI Arrazoia duzu bai, ama-alaben artean, a zer iturria!

AXENTXI Bai, bai, hitza partitu zenean, han ziren bai.

KONTXEXI Etxe hartan egiten da, lan gutxi eta hitz asko.

AXENTXI Egia oraintxe esan duzu. Baina guk gaur egingo dugu hemen, hitz gutxi eta lan asko.

KONTXEXI Ez da gaizki esana.

(Mahai gainean dagoen bordatzeko lanabesa hartuko du Kontxexik, bi lagunak eseriko dira aulki txikietan, bata bestearen aldamenean, eta hasiko dira lanean.)

AXENTXI Izan ere, etxe hartan uzten al dute lanean? ziri eta ziri mundu guzien kalte marmarizoka.

KONTXEXI Orain konturatzen naizela, han utziko nuen rellenatzeko algodoia. (Mahai gainean bilaka.)

AXENTXI Utz ezazu, nik emango dizut; ez zoazela hara. (Ematen dio.)

KONTXEXI Ez nuke nahi. Andre Prudentxiren kabu gabeko erretolikak aditzera?

AXENTXI Hori, Bakailao-xaltxa-eneko andre Tomaxa han ez badago.

KONTXEXI Egia: inori behin ere txanda ematen ez dion atso berritsu hura han dagoenean, zein haien tartean egon!

AXENTXI Andre zintzarri haren ahotik atera zirenak atzo arratsaldean! Gogoratzen al zara zer esan zituen Expain-mehe-eneko Katalintxorengatik.

KONTXEXI Izan ere. Eta Xudur luxe-eneko Mikelatxorengatik?

AXENTXI Horretan arrazoi pixka bat bazeukan.

KONTXEXI Bai, neska barbantzu haren harrokeriek zer esana franko ematen dute.

AXENTXI Nola ez? Sitsa baino harroago inon kabitu ezin dela... (Presaka, batak bestiari hitza amaitzen lagatzen ez diola.)

KONTXEXI Itxura gabeko pirpilin-parpaz gorputz guzia lotua...

AXENTXI Mototsean, berriz, tontor bat kanpandorrea baino luzeagoa...

KONTXEXI Eta gero denek dakigu nola dabiltzan etxean...

AXENTXI Zorrak hemen eta zorrak han...

KONTXEXI Zorrak bazter guzietan...

AXENTXI Barrenak huts...

KONTXEXI Eta kanpoan harro...

AXENTXI Horiek, eta Mari-lixiba-enekoak...

KONTXEXI Eta Kattalin-oker-enekoak. (Biak batean.)

KONTXEXI

Eta Lukainkategi-enekoak
xuxu muxu
makarrosa pare
itsusi puska
tximiniako kea baino
beltzagoko
kedar purtzil haiek.
A zer!...
AXENTXI

Eta beste Arkakuxu-enekoak
xoxo kabi
pantasiosa pare
itsusi zatar
tximua bera baino
kankarroagoko
neska zirtzil haiek.
A zer!...




KONTXEXI (Zintzarri soinua entzuten da.) Ai! Dendatik deitzen didate. Noan, zer nahi ote duen amak. Itxaron ezazu, banator berehala. (Joaten da.)

AXENTXI Bai, bai, zoaz; bitartean jarraituko diot lanari. (Isilaldi baten ondorean.) Hau bera ere ez da kamutsa. (Kontxexirengatik.) Hau ere amaren alaba da bai. Ez dute biek ere oliorik behar mingaina dantzatzeko. Gezurra dirudi nola diren jende batzuk: norbaitentzat gaizki esaten ari ez direnean, ez dute onik. Hauen etxean gehiago begiratzen zaio kanpoko lapikoari, su ondoko eltzeari baino; eta zer gertatzen da gero? barren guziak kiskaliak dauzkatela... eltze barrengoa bezala.

KONTXEXI (Sartuaz.) Zure bila dira. Zera da, zereko zera...

AXENTXI (Lana aulki gainean laga eta altxaz.) Egietan?

KONTXEXI Bai, zera: nola...Urdai azpiko... edo baserri hura...

AXENTXI A, bai: Burdin azpiko...

KONTXEXI Andre bat... kokots azpia bizarrez betea duen bat.

AXENTXI Ber-bera. Andre Mikela Anttoni. Haren semea da, bada, igandeetan etortzen den mutil koxkor bat, Lonbardino...

KONTXEXI Bernardino izango da.

AXENTXI Ez dakit nik baina, Lonbardino deitzen diote. Badu buru bat ilargia bera baino handiagoa. Betea baldin badu a zer mauka gurasoentzat, ja! ja! (Joaten da.)

KONTXEXI (Isilaldi txiki baten ondorean.) Honek ere ez du guraize bila auzora joan beharrik. (Axentxirengatik.) Badaki, badaki. (Eseri eta hasten da lanean.) Lan horretan aurrekoen oin berekoa da. Beti esan ohi da horren etxekoengatik, mingain txarrekoak direla, eta aurrera ere hala izateko itxurak dituzte. Ez dakit nik nola duten inorentzat marmarizoan aritzeko grina txar hori. Ezin eraman dut nire aurrean besterentzat gaizki esatea. Horrengatik ez dut joan nahi andre Prudentxirenera, aho-zabal eta mingain luxe jende haien tartera, eta... Axentxik ere badu haien antz pixka bat.

AXENTXI (Sartuaz.) Etxerako mandatu bat zuen. (Eseri eta hasten da lanean.) Gauza bat esateko zenbat aldiz berriztu didan: «Ene maitea ez zaizu ahaztuko, e, amari esango diozu maitea, e...», eta maitea gora eta maitea behera... ahaztu ere egin zait ia zer mandatu zuen.

KONTXEXI Baserritarrak hala dituzu.

AXENTXI Zer kirtenak diren.

KONTXEXI Ez txikiak ere.

AXENTXI Asto tartean jaio, asto tartean bizi, eta...

KONTXEXI Ai!! (Jostorratzarekin zulatuko du behatza eta garrasi ikaragarri bat egingo du.)

AXENTXI Min hartu al duzu?

KONTXEXI Ai! Ai! Horra zure berriketarekin zer egin zaidan.

AXENTXI Nire berriketarekin?

KONTXEXI Bai, isildu gabe ari zara mundu guzientzat gaizki esaka eta...

AXENTXI Ni? Zuen etxeko kontuak dira horiek. Zuek zarete horrelako gaizki esaleak.

KONTXEXI Lotsagabea! Gu ez baino zuek zarete. Herri guzia harritua dago zuen mingain zitalarekin.

AXENTXI (Altxatuaz.) Likiskeria! Mingaina ez baino ezpata pozoitua da zuek guztiek ahoko zuloan daukazuena.

KONTXEXI (Altxatuaz, oso haserre.) Zoaz hemendik, petral hori.

AXENTXI Agudo gero. Ez dut nahi horrelako etxe nazkagarrian egon.

KONTXEXI Zakarra kanpora!

AXENTXI Eta zakarrik handiena etxean.

KONTXEXI Zoaz hortik purtzila.

AXENTXI Zirtzila! (Joaten da.)

KONTXEXI (Aurreratuaz.) Gezurra dirudi horrelako mirabe mingain gaiztokoa munduan sortzea.

AXENTXI (Ateetan berriro agertuaz.) Zein da, zein: hitzontzi eta hitz-jario? (Joaten da.)

KONTXEXI (Lasterka atera joan eta deiadarka.) Axentxi!!

AXENTXI (Barrendik oihuka.) Kontxexi!!

AMAITU DA







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org