Hirugarren irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Biak bat »  Hirugarren irudia

Hirugarren irudia

III

Bata eta bestea
(Bestea eskuinetik sartzen da)

Bata: Ola, On kaballeo, geldituar un txolarte.

Bestea: Atrakazion tenemos eo que.

Bata: No te es atraskasion, aurrera-kasion si que.

Bestea: Tanto panparroikeri porque te tienes pistola eo hasi.

Bata: Yo no te tienes pistola. Pistola te has teniro Joxe Menardo de Bordagoiko.

Bestea: Que saltsas.

Bata: Pero ya te estas mas mejor. En omalezencia paeze ke.

Bestea: A mi no errenbolberme txitxares, porque no se que hazer con atzaparras.

Bata: Atzaparras? Meter en guantes.

Bestea: Y tu, porque meterte con mi?

Bata: Por hazer una perguntasion.

Bestea: Y porque perguntasion?

Bata: Porque te has querao sin aurrea-kasion.

Bestea: Qué ernegasion!

Bata: Sin aurrea-bide, si. Dos bides ya te atienes y no te sabes que bide es el bide por qué bides dos y …

Bestea: Oraintxe ia amorratu hazi nauk hire erdara traketsarekin.

Bata: Baina euskalduna al haiz hi?

Bestea: Zer uste huen ba? Ez al duk ikusten euskaldun pasaportea non daramadan?

(Sudurra erakutsiaz)

Bata: Eta Iruñera al hoa?

Bestea: Ez; Leitzara noak.

Bata: Leitzan ere ba al dira zezenak?

Bestea: Ez; Leitzan mojak dituk.

Bata: Eta mojak toreatzera al hoa? Bestea: Ez; mukiak kentzera noak. Hori duk jakin beharra.

Bata: Zer nahi duk. Nik honelakoa nauk eta.

Bestea: Guztia esango diat ba. Badakik, harizko musuzapi eder batzuk nire ezkonarrebak bidali zizkidak.

Bata: A! Bazekiat. Eta hik orain musuzapi horiekin mukiak kendu behar dizkiek.

Bestea: Ez hezakeela horrelako astakeriarik esan. Nire izebak, ahizpa bat dik moja Leitzan. Eta musuzapiak bidali dizkiagu hara hizkiak, letrak, bordatzeko.

Bata: Baita, baita. Orain ulertzen diat.

Bestea: Baina eskutitzean gaizki jarri ditek, eta orain noak ni propio, hitzez dena den bezala adieraztera.

Bata: Baita ere, baita ere.

Bestea: Badakik, nire izena emerekin asten duk, baina ez duk emerekin asten.

Bata: Zer korapilo da hori?

Bestea: Bai ba. Ni eme nauk…

Bata: Eme?

Bestea: Eme, bai.

Bata: Oi! eta ni arra.

Bestea: Ni nauk Eme-terio.

Bata: eta ni Arra-pael. Horra arra eta emea non bildu garen.

Bestea: Dena dela Eme ez duk eme jarri behar. Jarri behar duk: E.

Bata: E?

Bestea: E, bai.

Bata: E!

Bestea: Eta hori adieraztera elkarrekin joango gaituk.

Bata: Ni Iruñera noak ordea.

Bestea: Eta ni Leitzara. Baina nola Iruñeko ondoan dagoen…

Bata: Orduan, ederki. Hi, mojetara; eta ni San Ferminetako zezenetara.

Bestea: Hi zezenetarako zale handia izan behar duk.

Bata: Itsutua, mutil, itsutua.

Bestea: Ezagun duk. Eta hi zezenetan askotan izango hintzen.

Bata: Nire bizian, orain arte… behin bakarrik izan nauk.

Bestea: Ez duk asko.

Bata: Baina, itsutua, itsutua. Ondo gogoratzen nauk. Orain hamasei urte, lehenengo eta azkeneko aldiz nire aitak eraman ninduan. Lehenbiziko hagina atera nuenean.

Bestea: Eta zeinek atera zian?

Bata: Herriko errementariak. Azkarra huen. Esku tresnekin ezin zuenean, sutegiko suhatzarekin, tenaza handiekin haginak ateratzen zizkian.

Bestea: Gure herriko Brigida Anttoni azkarragoa duk oraindik.

Bata: Haginak zerekin ateratzen dizkik ba?

Bestea: Ukabilarekin.

Bata: Ez duk makala.

Bestea: Bernaino gizajoari ere, alabari zirri egin ziolako eman zion zartatekoarekin hiru agin eta letagin bat atera zizkioan.

Bata: Ez dik indar gutxi.

Bestea: Uzkudunek hartuko lituzkek haren indarrak. Behin batean, urte askoren buruan amonatxo gaixo bat herrira bihurtu, Brigida Anttoni bera laztantzeko asmoan joan huen eta eman zion estualdiarekin bi kostila hautsita utzi zizkian.

Bata: Ez nikek horregatik emakume horren senar izan nahi.

Bestea: Senarra? Ezpain okerra duk. Ahoa honela okertuaz ibiltzen duk. Berak jaiotzatik dela ziok; baina nik uste diat emaztearen kinkinazoren bat izan behar duela.

Bata: Maite-maite egingo zioan eta.

Bestea: Emakume hori inguru hauetan guzietan ezagutzen ditek. Nire herri berekoa duk. Badakik bide honetan bertan.

(Eskuina erakutsiaz)

ezkerrera, aldapa gora, ordubeteko bidea…

Bata: Ordubeteko bidea? Izan nauk eta zikiratzailetzat hartu naitek.

Bestea: Zikiratzailetzat? Eta bizirik nola atera haiz?

Bata: Ahal dudan bezala.

Bestea: Han zikiratzailea begiz ezin ikusi ditek.

Bata: Bazekiat, bai. Larri ederrak igaro behar izan dizkiat. Eta, okerrena amorru bizian etorri zaidan atso lodi bat…

Bestea: E?

Bata: Piper-morrua zirudien sudur mamitsu batekin…

Bestea: Hori, hori.

Bata: Begietan betaurreko batzuk beribiletako farolak bezalakoak…

Bestea: Hori, hori.

Bata: Eta biboteak berriz kale-garbitzaileen erratzak baino handiagoak...

Bestea: Hori, hori. Horixe duk Brigida Anttoni. Harrapatu izan bahindu haginik gabe uzten hau.

Bata: Ez, ez zian haginik nahi. Nire hesteak behar omen zizkian. Berak hala zioan behintzat. Ez zekiat nire hesteak zertarako behar zituen.

Bestea: Zertarako beharko zizkian: txorixoak egiteko noski.

Bata: Ez nauk ari, txorixoa! Nire hesteak neronek behar dizkiat. Bai, ba, San Ferminetako zezenetara joateko.

Bestea: Ni ere, hirekin joango nauk.

Bata: Hi ere, bai?

Bestea: Bai, Leitzako eginbeharra amaitu, eta biak joango gaituk Iruñera.

Bata: Hori duk: biak.

Bestea: Biak bat.

Bata: Bai; biak joango gaituk… bidea asmatzen badugu.

Bestea: Izan ere…baina hi lehen nondik joan hintzen?

Bata: Noiz gero?

Bestea: Lehenengo aldiz, edo azkeneko aldiz zezenetan izan hintzenean.

Bata: Ez ninduan ordea Iruñean izan.

Bestea: Non bada?

Bata: Pasai Donibanen.

Bestea: Hori besterik duk. Baina, Pasaian, zezen kaxkarrak izaten dituk ordea.

Bata: Pasaian? Zezen bizi, argi, azkarrak, letraduak baino gehiago bazekitek.

Bestea: Eskribauak izango dituk orduan.

Bata: Oroitzen nauk zezen adar motz bat. Biziagoa huen. Bere adar motzekin haizea ere harrapatzen zian.

Bestea: Horrenbeste haizerekin puztu ere egingo huen.

Bata: Toreadoreak berriz praketatik hartu eta airean zerabilzkian.

Bestea: Airean karrakilo.

Bata: Halako batean, toreadore bati jarraitzen ziok, eta toreadoreak, galdua aurkitu zenean, bere burua itsasora bota zian.

Bestea: Itoko huen!

Bata: Bai zera. Berehala han ziak zezena eta zapla! Hura ere itsasora! Zanbulla talenta!

Bestea: Eta bazekiat. Biak estropadan hasiko hituen.

Bata: Nik zezenaren alde jokatuko nian ba.

Bestea: Nik ere bai.

Bata: Igeri egiten zian patxada batekin fa… fa… Noizean behin burua jaso eta esaten zian: “Caballeo eche uste un perra y cojeré con la boca”.

Bestea: Zezenak?

Bata: Zezenak, bai.

Bestea: Hik amets egingo huen.

Bata: Zer egin behar nian. Nik uste diat zezen hark musean ere bazekiela.

Bestea: Bai, baina, Iruñeko zezenak bestelakoak izaten dituk.

Bata: Bai noski; auzoko Martin Joxek makina bat aldiz esaten zian. Hura urtero joaten huen. Beste lau edo bost lagunekin goizean goizetik alpargata zuri-zuriak jarri eta han zihoazaan. Zenbat aldiz irrikitzen gelditu ote nauk...

Bestea: Eta zergatik ez hintzen joaten?

Bata: Patrikan flemoia nuelako.

Bestea: Gaitz txarra duk hori.

Bata: Garratza. Baina aurten, txanpon batzuk bildu dizkiat, eta alpargata zuri-zuriak jarri, eta beintizinko baino dotoreago etxetik irten nauk.

Bestea: Ausoko Martin Joxe bezala.

Bata: A! eta hark esaten zian nola behin Iruñean lehenbiziko zezena atera zen beltza; bigarrena bel-beltza; hirugarrena bel-bel-bel-beltza; eta laugarrena bel-bel-bel-bel-bel-bel-beltza.

Bestea: Eta hire iritzian, zein duk beltzena?

Bata: Beltzena?

Bestea: Beltzena, bai.

Bata: Beltzena … guri gertatzen zaiguna: bi bide aurrean eta ezin asmatu nondik joan. Hori duk beltza, hori.

Bestea: Egia diok, to; eta zer edo zer egin beharko diagu. Bestela, honela bagaude, aurtengo San Ferminetarako ez gaituk Iruñera iritsiko.

Bata: Ez eta datorren urtekoetarako ere.

Bestea: Zirt edo zart egin behar diagu ba.

(Pixka bat oldoztu ondoren)

Bata: Bai, hi hago hemen pixka batean, eta ni bitartean zerbait aurreratuko nauk, aztarrenik ateratzen ote dudan.

Bestea: Hoa bai. Hemen itxoingo diat.

(Bata ezkerretik joaten da)

Gezurra dirudi. Biderik ez balitz, nola edo ala antolatuko ginateke; eta hemen baten ordez bi bide, eta ezin ezer egin. Ez ba aukerarik ez delako. Nik ere zerbait egin behar nuke ba. Ez dakit zer…

(Batera eta bestera begiratzen du eta azkenik eskuinera begira gelditzen da)

E? Hor dabilen gizaseme horri deituko diot.

(Oihuka)

E! Zu! Adiskidea! Zu! (Harrizkoa balitz bezala) Zu! Astakirtena! (Oraintxe begiratu du) Zu, bai! Hator hona, gizona! Hona! (Noizbait ere)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org