 |
|
 |
 |
Bosgarren irudia
V
Bata eta bestea. Gero Mutua
|
(Bata ezkerreko atzetik sartzen da)
Bata: Koldobika!
Bestea: Eme…
Bata: A, bai! Eme…zortzi, ez, ez. Eme…retzi. Ez eta ere.
Bestea: Eme-terio.
Bata: Hori duk: Emeterio. Banekian nik zerbait. Bada, Emeterio, Iruñeko bidea bazekiat nondik den.
Bestea: Nik ere bai.
Bata: E?
Bestea: Bai; nik ere bai.
Bata: Niri oraintxe esan zidatek.
Bestea: Niri ere oraintxe bertan.
Bata: Orduan ez ziok ezer gehiago esan beharrik. Dakian bezala Iruñeko bidea hemendik duk.
(Ezkerreko atzea erakutsiaz)
Bestea: Ez, jauna; Iruñeko bidea hemendik duk.
(Ezkerreko aurrea erakutsiaz)
Bata: Hemendik dela.
Bestea: Ez, jauna; hemendik.
Bata: Baina…
Bestea: Hemendik, bai; hemendik.
Bata: Ezetz.
Bestea: Baietz.
Bata: Ezetz.
Bestea: Baietz.
Bata: Hau ez duk horregatik biak bat.
Bestea: Ez; biak bi, duk hau.
Bata: Baina, baserritar batek oraintxe esan zidak eta.
Bestea: Niri berriz, gizaseme batek.
Bata: Gizaseme batek?
Bestea: Gizaseme batek, bai.
(Eskuinera begiratu ondoren)
A! Han dagon gizaseme hark.
Bata:
(Eskuinera begiratuaz)
Gizaseme hark?
(Berriro begiratuaz)
Gizaseme…
(Ostera begiratuaz)
Ez; gizaseme horrek ez dik ezer esan.
Bestea: Ez didala… ?
Bata: Ez jauna, ez.
Bestea: Esango didak niri ez didala esan…?
Bata: Ez eta hitzik ere.
Bestea: Ez didala…
Bata: Ezta erdirik ere. Nola esango zian, mutua duk eta.
Bestea: Mutua hori?
Bata: Bai.
Bestea: Hori mutua?
Bata: Bai.
Bestea: Berritsu galanta hori. Isilik edukitzen lanak eman zizkidak.
Bata: Hori gure sukaldeko pertza baino mutuagoa duk bada.
Bestea: Hori? Hitzontzi. Belarrietatik ere hitza zihoakiok.
Bata: Belarrietatik, balitekek. Baina ahotik ez.
Bestea: Deituko zioagu eta ikusiko duk.
Bata: Ikusi, bai; baina entzun, ez.
Bestea: Berehala deituko zioat.
Bata: Bai; berehala.
(Biak eskuinera alderatzen dira)
Bestea: E! Zu! Zu!
Bata:
(Lehenbizi txistua jota)
Zatoz, zatoz hona.
(Biak erdiratzen dira)
Bestea: Orain jakingo diagu.
Bata: Berehala.
(Mutua eskuinean azaltzen da)
Bestea: (Mutuari) Zatoz hona.
(Mutua bien erdian jartzen da)
Eta orain nahi duzun guztia hitz egin. Mutua omen zara eta…
(Parrez eta isekaz Batari begira)
Bata: Berritsua omen zara eta..
(Parrez eta isekaz besteari begira)
Bestea: Mutua…
Bata: Berritsua…
(Mutuak ezer ulertu gabe, isiltzeko keinuak eta abar egiten ditu. Bestea zerbait konturatzen hasi da)
Bestea: Baina zer: agortu egin al zara?
Bata: Galde hakio honi, oilaskoak zenbatean dauden.
Bestea: Lehen ezin isilarazi, eta orain…
Bata: Berriz ere mutua, errazago isilaraziko duk, hitz eginarazi baino.
(Mutuak keinu batzuk egin ondoren, eskuinetik alde egingo du)
Bestea: Mutua! Honek bai pipen txortena jo digula.
Bata: Eta badakik orain Iruñeko bidea hori dela.
Bestea: Hala izan beharko dik.
Bata: Bai; eta hemengo korapiloa askatu duk eta goazemak.
Bestea: Bai! Goazemak Iruñera.
Bata: San Ferminetako zezenetara.
Bestea: Biak!
Bata eta bestea: Biak bat!
(Elkarri heldu eta biak oso alaitsu Iruñeko erara dantzatuaz, ezkerreko atzetik joaten dira)
|
Ezkutazapia jaisten da
AMAIA
|
|
|
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |