 |
|
 |
 |
|
Biozberak
Lenguak eta Lolot
Lolot.- (Eskutik sartuaz. Asieratik Bebel ezkerreko izpilluaren aurrian egongo da.) Bebel, emen al dezu... zera...? (Mariano jauna ikusten du.) A! Mariano jauna, noiz etorri da?
Mar. j.- Aistiyan, eta ementxen negon zure aizpatxoarekin izketan. (Bi aizpak Mariano jaunaren ondoan biltzen dira.)
Bebel.- Ez dakizu: andre Mari-Antoni ez omen dago ondo.
Lolot.- Andre Mari-Antoni?
Mar. j.- Bai; Agerrepe’kua.
Lolot.- O! Ez nekiyen... Gajua! Ain maite genduen ta!
Bebel.- Ia! Udaro beti juaten giñan ikustera.
Lolot.- Ta arrek egiten zigun ongi-etorriya!
Bebel.- Ta arren guganako onginaia!
Lolot.- Ain maitekorra izan da...
Bebel.- Ain maite atsegiña...
Lolot.- Gajua! Oso minberatu nau berri orrek.
Bebel.- Ni guztiz naigabetua utzi nau.
Lolot.- Izan ere, ez da gutxiyagotako. Ta zer du bada?
Bebel.- Mariano jaunak dionez, biotzetik izan biar du zerbait. (Bebel juaten da lengo maiaurrera ta ekiten du berriro bere buruapainketan.)
Lolot.- Biotzeko miña du beaz!
Mar. j.- Ala nai bada, biotzeko miña ez da: beste aje asko dauzka gorputzian; bañan aje oiek guziak, zarretan bati-bat, azkenerako biotzera jotzen dute.
Bebel.- Nik esan dizudana.
Lolot.- Ta zer derizkiyo bedorri?
Mar. j.- Zer nai dezu nik esatia? Gaitz abetan senda gilleak ain gutxi egin lezake... Guzia gaxoaren gain dago. Ta, emen gertatzen dan bezela, gaxoak urteak eta gaitzak menperatua daukatenean, zer itxaropen izatia nai dezu!
Lolot.- (Bebel maiera joan eta zerbait artuko du, eta bere arrekin ezkuiko maiera juango da, ta bere buru-apainketan asiko da, noizean bein Mariano jaunari begiratuaz.) Beraz, beorrek oso gauzagaldutzat dauka?
Mar. j.- Ez det nik orrelakorik esan. Iraun lezake, biotzak irauten dion bitartean.
Lolot.- Orduan, oraindik sendatu liteke?
Mar. j.- Sendatu, ez; bizi, bai.
Lolot.- Bestiak ere ori egiten degu bada: il arte, bizi.
Mar. j.- Bai; baña zu bezelako gaztea osasun betean bizi da: Osasuna galdu duen gaixoak, berriz, egun negargarriak daramazki. Bizi dala ere ezin esan liteke.
Lolot.- Beraz. orrela dago andre Mari-Antoni gajua?
Mar. j.- Kupigarria! (Une onetatik bi aizpak beren buru-apainketan jarraitzen dute, Mariano jaunari jaramonik egin gabe.) Zure aizpatxoari len esan diyodan bezela, zarrak biotza nekatua izaten dute, ta orretxek estutasun aundiak ematen dizkate. Izan ere, jaiotzetik eriyotzaraño, biotza ari da beti tik... tik... tik... tik... Gañerako gorputzaren alderdi guziak geldirik atseden osoan dauden bitartean, biotza, gorputzaren zaindari bakarra balitz bezela, etxe utsetan etxea zaitzeko gelditzen diranen antzera, ariko da gelditu gabe tik... tik... tik... tik...
Eta ori egunez, eta ori gabaz, orrela umetan, berdin gaztearoan eta, azkenik, zartasunera irixtean; ez da arritzeko gauza nekatua arkitzia beti, gelditu gabe, aritu dana tik... tik... tik... tik...
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |