Hitzaurrea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  Hitzaurrea

Toribio Altzaga. Bost Urtean



HITZAURREA



Euskal Antzerkia izena duelarik euskarazko antzerki-komedia sail bat argitaratzeko asmoa dugu.

Zuberotarren aspaldiko «pastoralak» kenduz gero gure teatro-lanak berriak ditugu. Ez dute berrogeita hamar urtetik gora. Honek esan nahi du euskaldunak ez bide zirela atsegindu ez barre egin mozorro eta txotxongiloen kirtenkeriaz, ezta nahigabetu eta negar egin antzezlariek agertu ohi dituzten lagun hurkoaren zoritxar eta atsekabeak ikusi eta entzunik. Ez zuten egiazko teatrorik ezagutu erdal antzerkiak gure uri nagusietara iritsi zireneraino. Soroak eta bere lagun donostiarrek antzerki euskaldunari hasiera eman zioten. Hau dela-eta jaso bitzate gure txalo, eskerron eta agurra.

Geroztik euskal pizkundea etorri zen. Honen bultzada, astindu eta erakutsiak hizkera zaharberritu eta garbitu du erantsita zeukan goroldio eta herdoilaz. Idazteko zaletasuna zirikaturik, Donostiako Iztunde Eskola dela-eta, euskal jaiak direla eta beste zenbait sariketen bidez, antzerki berriak ugari samar sortzen doaz.

Hauetatik onentxoenak bildu eta agerraraziko ditugu Euskal Herriko jakintzari eskainiaz. Gehienak argitaratu gabe baitaude.

Honetaz gainera, gure herri askotan, lagunarte, batzoki, eliz bilera eta neska-mutilen taldeek gogoz eta poliki euskal antzerkiak antzezten dihardute. Sarritan, lan berriak nondik sortuko ote dituzten dabiltza. Aukera eman nahi genieke bere jolasa sendotu, hobetu eta erraztu dezaten, erabat ikus-entzuleen txalo eta onginahia irabazirik. Antzerkia irakurgaia izan daiteke, bai; lehenago da ordea, jarduna, hizpide eta mintzaira. Honegatik, irakurgaia ez ezik antzezgaia izango da gure komedi sorta.

«Euskal Antzerkia» aldiz behingoa izango da; eta euskaltzaleek ontzat hartu eta ez badiote laguntza ukatzen, hilean behin edo ahalik eta maizen azalduko zaigu.

Irritsu ala itun, beti zuzen, txukun eta euskaldun. Behin ere ez makur zital eta likitsa. Hona hemen ikurritza:«Teatro txikia, geurea baina».

EUSKALTZALEAK.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org