1.3. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  1.3. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

HIRUGARREN AGERRALDIA

III

Pantxo eta Axun. Azkenean Terexa

(Pantxo eta Axun une batean Lukaxi begira atzean egongo dira. Gero aurreratu, eta Axun esertzen da).



AXUN Hori da gizasemea, hori.

PANTXO Bai; bizikoia, saiatua eta langilea.

AXUN Ez du beste alproja horren antz handirik.

PANTXO Txilborra gizajoa!

AXUN Etxe honetan sartzen, ez dakit nola uzten diozun.

PANTXO Nire lagunik maiteenaren, Juxtoren anaia atsekabea da.

AXUN Horren zikin eta zabarkeriak nazkatu behar du.

PANTXO Ez horrela hazia.

AXUN Horrek botatzen duen usain nardagarriarentzat ez dugu nahiko usain-on etxean.

PANTXO Nire eskola-lagunak ziren, nire kideak. Ikusi izan bazenitu bi anaiak, beren ama gajoak zeinen apain agertzen zituen.

AXUN Ez dauka orain itxura handirik.

PANTXO Gauza harrigarria: bi anaia, guraso beretatik datozenak, erakuspen berak izan dituztenak, berdin-berdin haziak; eta, bata, Juxto, ikusi den gizasemerik azkarrena, langileena; Puerto Rico-n nahi duena irabazten duela, mailarik goienekora igoa dago. Bestea, berriz, Txilborra...

AXUN Alfer maltzurra, guztiak lotsatzeko eta nazkatzeko bestetarako ez dena.

PANTXO Bere zorigaitzaz gupidaturik noizean behin aholku on batzuk ematen dizkiot...

AXUN Alferrik.

PANTXO Diru pixka bat ere batzuetan lagatzen diot.

AXUN Alferrikakoagoa oraindik.

PANTXO Guzia, Juxtoren oroipen onagatik egiten dut.

AXUN Amerikara joan behar honetan, gauza batek bakarrik pozten nau: nire begien aurrean ez dela gehiago jarriko Txilborra... (Terexa atzeko atean bat batetan azaltzen da).

TEREXA Txilborra etorri da.

AXUN (Altxa, eta atzeko ate aldera joanaz). E! Ez dut ikusi nahi!

PANTXO Baina, emakumea, azkeneko aldiz bada ere...

AXUN Ez, ez. (Atzeko atetik joaten da).

PANTXO Nire emaztea ere gehiegizkoa da... Besterik ez bada, azkeneko aldia delako, ez zuen alde egin behar... Baina, nork buruan sartu... (Terexari). Datorrela. (Terexa atzeko atetik joaten da). Txilborrak galduko du oraintxe etxe honetako laguntza, eta, lehengoaz gain, egun gorriak ikusi beharrean aurkituko da... eta, guzia, bere alferkeria, nagitasun eta lasaikeriagatik. Ez zuen horrela ikusi behar bere burua atsekabe horrek.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org