|
Toribio Altzaga. Bostu Urtean
VII
Lehengoak eta Pantxo
(Pantxo eskuinetik sartzen da).
PANTXO Hemen zarete, beraz?
DAMASA Nagusia... (Bera altxatzen da, eta Patrixiori). Altxa zaitez. (Patrixio altxatzen da).
PANTXO Nola zarete?
DAMASA Oso ederki, nagusia.
PANTXO Eta zure senarra...?
DAMASA Patrixio.
PANTXO (1) (Patrixiori esku emanaz). Zer diozu?
PATRIXIO Ondo; eta berori?
PANTXO Ondo.
PATRIXIO Eta emaztea?
PANTXO Aurrean daukazu. (Damasa Axuni begira jartzen da, Patrixio ikusten ez duela).
PATRIXIO Izan ere...
PANTXO Eser zaitez.
PATRIXIO Eskerrik asko. (Patrixio esertzen da).
AXUN Ikusten dudanez, oso zoriontsuak zarete.
DAMASA Ezin gehiago, etxekoandrea.
PANTXO Zu bezalako mirabe on batek, bere zintzotasunarekin, etxe bat zorionez betetzen du.
DAMASA Horrenbesteraino, ez, nagusia. (Hau esatean pixka bat bihurtzen da, eta Patrixio ikusten du. Pantxok une honetan ez du ikusten). (Patrixiori). Altxa, altxa. (Patrixio altxatzen da).
AXUN Etxe bateko zoriona, gehienetan, emakumearen gain dago.
PANTXO Bai, bada... (Patrixio ikusten du). Eseri (Patrixio esertzen da).
DAMASA Gizonak ere lagundu behar du. (Patrixio ikusten du) Altxa. (Patrixio altxatzen da).
AXUN Noski. Baina, emakumea nor den tokian...
PANTXO Gizonaren hutsuneak betetzen ditu (Patrixio ikusten du). Eseri (Patrixio esertzen da).
DAMASA Orain arte behintzat, ondo goaz: Jainkoari eskerrak, ezin hobeto joan. (Patrixio ikusten du). Altxa. (Patrixio altxatzen da).
AXUN Aurrera ere horrela iraun dezazuela.
PANTXO Iraungo dute. (Patrixio ikusten du). Eseri (Patrixio esertzen da).
DAMASA Jaungoikoak nahi dezala. (Patrixio ikusten du). Altxa. (Patrixio altxatzen da).
PANTXO Bi urte badaramatzate behintzat eta...
AXUN Bi, ez: hiru.
PANTXO Bi ez dira, bada?
DAMASA Hiru, nagusia.
AXUN Hiru.
PANTXO (Patrixiori). A! beraz, hiru, e?
PATRIXIO (Lehenbizi esertzera egiten du, Pantxok esertzeko aginduko dion ustean). Nola?
PANTXO Hiru...
DAMASA Hiru, bai, hiru.
PATRIXIO A! Bai, jauna: Ruperta, Norberta, Damasa.
DAMASA Ez, gizona: hiru urte dela ezkondu ginela.
PATRIXIO A, bai! San Prudentziotan hiru urte.
PANTXO Baina, eser zaitezte. (Eseri edo ez, Patrixiok Damasari begiratzen dio). (Damasari). Zu ere eser zaitez.
DAMASA Ai, ez, nagusia. Eskerrik asko. Joan egin behar dugu.
PANTXO Gero ere joango zarete.
AXUN Norako duzue horrelako larria?
DAMASA Beroiek zeregin asko izango dute eta...
AXUN Ez, emakumea.
DAMASA Bai, etxekoandrea, bai. Gu, azken-agurra egitera bakarrik etorri gara, eta ez diegu alferrikako lanik eman nahi. Goazen, Patrixio.
AXUN (Altxatuaz). Nahi ez baduzue, bada, ezin gogorrean geldiaraziko zaituztegu. (Lauek atzeko ate aldera egiten dute).
DAMASA Ondo ibili, bada, etxekoandrea; ondo ibili, nagusia.
PATRIXIO Bidaldi on bat egin.
PANTXO Eskerrik asko.
DAMASA Eta, Jaungoikoagatik, kontuz ibili itsasoan.
PANTXO Bai, ez dugu txorakeriarik egingo.
DAMASA Kanpoko itsaso hori, hain haserrea, hain harroa omen da...
PANTXO Zer nahi duzu? oraindik ezkongai dago-eta...
DAMASA Ezkongaien harrokeriak ditu beraz?
PANTXO Bai, bada.
AXUN Zuek ere ondo-ondo egon.
DAMASA Orain arte bezala bagara, ez gara gaizki izango. Ez da hala, Patrixio?
PATRIXIO Ez, noski.
AXUN (Isilik Damasari). Lasturkoak kontuzkoak direla aditu izan dut, eta zuk ere kontuz ibili beharko duzu.
DAMASA Patrixiorekin? Ez, etxekoandrea; oso mantsoa da-eta...
AXUN Hobe, hobe. (Atzeko atean guztiak oihuka alde egin arte).
PANTXO Ondo bizi, bada.
PATRIXIO Ikusi arte.
AXUN Ondo-ondo egon.
DAMASA Ondo ibili.
GUZTIAK Agur! (Patrixio eta Damasa atzetik joaten dira).
(1) Ezkerretik eskuinera: Pantxo, Patrixio, Damasa, Axun.
|