1.8. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  1.8. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

VIII

Axun, Pantxo eta Txilborra



PANTXO Beste kaiku horrekin ere amaitu behar dugu, bada, oraintxe.

AXUN (Aulki luzean eseriaz). Gizonaren nazka...

PANTXO (Ezkerreko atea ireki eta deituaz). Hator hona.

TXILBORRA (Ezkerreko atetik sartuaz). Nire txanda al da orain?

PANTXO Bai; baina, nahikoa hitz egin diagu, eta ez zeukaagu gehiago ezer esan beharrik.

TXILBORRA Zer da? Txistua ere garestitu egin al da?

PANTXO Bai: izugarri. (Sakelatik duro bat atera eta Txilborrari emanaz). Txilborra: to «boxt pextako» bat.

TXILBORRA (Duroa hartu eta gordeaz). Eskerrik asko. Ederki datoz. (Oso pozik). Ikusten, gauzak zer ederki eta zein erraz antolatzen diren?

PANTXO Bai; baina ostegunean Amerikara noak, eta hurrengo «boxt pextak» nork emango dizkian sumatzen has hinteke.

TXILBORRA Amerikara joan behar duzula! Eta patxada horretan esaten didazu!

PANTXO Zer patxadatan nahi duk, bada, esatea?

TXILBORRA Amerikara zoazela! Errazago esan duzu! Ni, banoa!... Hor konpon!... Goseak jango ahal zaituzte!...

AXUN (Altxatuaz). Joateko, zure baimenaren beharra ote dugu, bada?

PANTXO Hiri begira egongo gaituk, nahi baduk.

TXILBORRA Eta ondo iruditzen zaizu gizona honela uztea!

PANTXO Ez diat ezer kendu. Hire letra eder hori ere herorrekin gelditzen zaik.

TXILBORRA Letra... Jango duzu letra...

PANTXO Lan egin ezak.

TXILBORRA Hori da: lehertu hadi hor.

PANTXO Mutil: zazpi azal badituk kopetan.

AXUN Eta zikinak, zazpiak.

TXILBORRA Goseak hilda ikusi nahi nauzue, baina ez nauzue ikusiko.

AXUN Guk ez dugu zurekin zer ikusirik.

TXILBORRA Herrian zer jana den bitartean, nik, jateko eskubidea, neronekin daukat.

PANTXO Eta zer?

TXILBORRA Besteak, ase eta gainezko gelditzen zaiena; ni jan gabe nagoen bitartean, nirea da. Nik dirurik ez badut, besteek gehiegi dutena nirea da. Diru aurreratuak deitzen diren horiek, bat ere ez dugunenak dira. Ni ludi honetara etorri nintzen ludiko ondasunetan nire zatia izateko; ez, beren aberastasunak ezin erakutsirik, gau eta egun Casino Kursaalean dabiltzan horiei begira irrikatan egoteko. (Atzeko ate aldera egiten du).

PANTXO Hi etorri hintzen ludi honetara astakeria mota guziak esan eta egiteko.

TXILBORRA Eta nik nire eskubideari eutsiko diot. Onean ez bada, txarrean.

PANTXO Mingainarekin, bai.

TXILBORRA Eta den tokitik hartuko dut.

PANTXO Hik ez duk hori egingo.

TXILBORRA (Atzeko atetik). Nola bizi behar dut bada?

PANTXO Jaungoikoaren jakintza neurrigabeak erabakia zeukak: «Hire kopetako izerdiarekin».

Ezkuta-zapia jaisten da

Lehenengo Ekitaldiaren Amaia













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org