|
Toribio Altzaga. Bostu Urtean
V
Lehengoak eta Axun
(Axun atzeko atean agertzen da).
AXUN Pantxo: Damasa, gure neskame izana, bere senarrarekin etorri da.
PANTXO Eta, hona ekarri behar al dituzu?
AXUN Noski.
PANTXO Oraintxe... (Pixka bat oldoztu ondoren, Txilborrari).(1). Sar hadi hemen. (Ezkerreko atean). Eta itxoin ezak.
TXILBORRA Hemen sartu behar al da?
PANTXO Bai.
TXILBORRA Hori ere egingo dugu, bada. Horretan ez duzu zer esanik izango.
PANTXO Eta, egon hadi, nik deitu arte.
TXILBORRA Nahi duzun arte.
PANTXO Bitartean zerbait hartu nahi baduk...
TXILBORRA Eskerrik asko.
PANTXO Nahi baduk, ekarriko diagu... txokolatea.
TXILBORRA Ez, hori ez! Lehenago simaurra!
PANTXO Hago, bada, hor. (Txilborra ezkerreko atetik joaten da, eta Pantxok atea ixten du)
AXUN Orain daukan itxurarekin, ez da noski ezer hartzeko zalerik izango.
PANTXO Orain, onenean, zerbait zaletasun izan lezake... Baina, hemen ezer hartzeko adinakorik ez.
AXUN Zer da? Etxe-sariak igotzen egin al du dirua horrek ere?
PANTXO Horrek dirua egin? Ezertan ez. Horri dirua sakelan sartu egin diote; eta, halere, hor dabil marrumaka.
AXUN Zer, bada?
PANTXO Juxto gizajoa hil da; eta, bere ondasun guziak kirten horri utzi dizkio.
AXUN Hil al da zuk hainbeste maite zenuen laguna?
PANTXO Bai: nire lagun zaharra.
AXUN Horra beraz... Bada, esan bezala, Damasa, gure neskame izana etorri da...
PANTXO Bai; baina zaude pixka batean berarekin.
AXUN Etorriko zara, ordea?
PANTXO Berehalaxe hemen natzaizue.
AXUN Laster ibili, bada.
PANTXO Bai, bai. (Eskuineko atetik joaten da).
(1) Ezkerretik eskuinera: Txilborra, Pantxo, Axun.
|