2.6. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  2.6. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

SEIGARREN AGERRALDIA

VI

Axun, Damasa eta Patrixio. Hauei Terexak laguntzen die



AXUN (Atzeko atetik deika). Aurrera, aurrera! (Damasa eta Patrixio atzeko atean azaltzen dira. Terexak ateraino lagunduko die, eta gero alde egingo du. Senar-emazteak oso aldatuak agertzen dira. Patrixio, lehengo apaltasunaren ordez, harrokeriaz betea. Itxura eta jantzia ere, oso apainak. Maskorrezko betaurrekoak begietan, ilea azkeneko erara orraztua, jantzia ere ikusgarria, eta txamarraren begian lore mamarru bat. Lehengo ordez, orain Patrixiok agintzen du. Damasa oso eroria agertzen da. Jantzia ere berdin dauka; eta azaltzen denetik antsika dago. Lehenbiziko hitzak erdi negarrez egiten ditu).

DAMASA Etxekoandrea!

AXUN (1) (Pixka batean begiratu ondoren, eta hain negarti ikusitakoan). Zer da? Xexenak al ditugu?

DAMASA Bai, etxekoandrea: Lasturkoak.

AXUN (Damasari isilik). Esaten nizun nik, Lasturkoak kontuzkoak zirela.

DAMASA Baina, hau zen mantsoarekin...

AXUN Bai zuk uste (Patrixiori esku emanaz) Eta zuk, zer diozu?

PATRIXIO Ondo, eta berori?

AXUN Ongi; eskerrik asko.

PATRIXIO Eta, berorren senar jauna?

AXUN Txit ondo; laster etorriko da.

PATRIXIO Eta berorren...?

DAMASA (Patrixiori, zuzenduaz). Besterik ez zela, lehen ere esan nizun.

PATRIXIO Ordutik hona, saski bat bete izan zezaketen. (Axuni). Etxeko guztiak ondo, beraz?

AXUN Bai, Jaungoikoari eskerrak. Zatozte aurrera, zatozte. (Aurreratzen dira, eta Axun aulki luzean esertzen da). Eser zaitezte. (Patrixiok aulki bat ematen dio Damasari, berak hartzen du beste bat eta biok esertzen dira.

PATRIXIO Eser zaitez.

AXUN Ez al duzue hemen eseri nahi?

PATRIXIO Eskerrik asko. (Isilaldia)

DAMASA A! (Damasak antsi bat egiten du, eta Patrixio belaun bat bestearen gainean jartzen du). Amerika aldean ondo, e?

AXUN Oso ederki. Eta zuek hemen?

DAMASA Oso gaizki, etxekoandrea, oso gaizki. —A! (Damasak antsi bat egiten du, eta Patrixiok belauna batetik bestera aldatzen du)

PATRIXIO Honen esaerak...

AXUN Zer izan duzue, bada?

DAMASA Hain ederki bizi ginenak!

PATRIXIO Bai. Ostiraletik igandera ezin iritsirik.

DAMASA Ez dezazula horrelakorik esan, Jainkoak zigortzeko ere.

PATRIXIO Olio tantoak banaka kontatuaz, tipula puntak behatzarekin neurtuaz, baratxuri aleak laurdenduaz, porru-perrexil puxkak...

DAMASA Baina, Patrixio...

AXUN Lehen, horregatik goraltzen zenuen zure emaztea. Dirua luzatzen zuela bera bezala eta...

DAMASA A! (Damasak antsi bat egiten du, eta Patrixio belauna batetik bestera aldatzen du).

PATRIXIO Orain ez dugu luzatu beharrik, ordea. Orain ez dago lehengo konturik. Lukainka baino luzeagoko diru pilokak ekartzen dizkiot nik orain.

DAMASA Horrek hondatu gaitu, bada.

AXUN Diruak?

DAMASA Bai, bada.

PATRIXIO Honen esaerak.

AXUN Nola, ordea?

DAMASA Hara, etxekoandrea: Gure lau koartoei begiratuaz, xuhur-xuhur, zorionez beterik bizi ginen. Baina, honetan gertatu da diru-paper batzuk bagenituela, hutsa baino gutxi gehiago ematen zigutenak. Berorrek ezagutuko ditu noski. Ez dakit nola deitzen dieten ere: Jaxintak edo... Jabierak edo...

AXUN Jabierak?

PATRIXIO Nabierak.

AXUN A! Nabierak!

DAMASA Bai; horrelako zerbait izan behar dute.

AXUN Nabierek diru asko eman duten garaia izan da.

PATRIXIO Garai horretaz baliatu gara, bada.

DAMASA Eta, hori izan da gure hondamena.

AXUN Nola, ordea?

DAMASA Hara, etxekoandrea: paper horiek dirua erruz eman digute.

PATRIXIO Zorapen bat izan da.

DAMASA Eta zorapen hori izan da nire gizon puntarentzat, xexenentzat banderillak sartzea bezala.

AXUN Lasturkoa izan nonbait.

DAMASA Gauetik goizera, gizona oso harrotu zait, inon ezin gelditu dela, eta bere onetatik atera da.

PATRIXIO Zorionaren alaitasun jatorra!

DAMASA Zoritxarraren agerpen negargarria! A! (Damasak antsi egitean Patrixiok belaunez aldatzen du).

PATRIXIO Zure esaerak...

DAMASA Gero, bere antzeko perretxiko bat agertu zitzaigun, eta biak, jo batera eta jo bestera, gauean gauerdi hor ibili dira, txoriburu zarpail batzuk beren buruak eginik.

PATRIXIO Dirua genuenez gero, zergatik gozartu behar ez genuen?

DAMASA Itxura ederrean. Etxeratzeko ordu nabarmen haiek ikusirik, galdetzen nion: baina, nongo toki madarikatuetan izaten zarete? Eta erantzuten zidan: danbolinean! Danbolinean izaten zirela!

AXUN Danbolinean? Eta ordu horietan?

DAMASA Ez, etxekoandrea, ez, ez ziren danbolinean. Zorigaiztoko tabarinean ziren! Tabarinean!

AXUN Hala beharko.

PATRIXIO Ez dakit zer dela uste duen, honek, tabarina.

DAMASA Behar bezalako gizon ezkonduek joan behar ez duten tokia.

PATRIXIO Makina bat gizon ezkondu ikusten ditut, bada, nik han.

AXUN Behar bezalakoak ez dira izango, orduan.

DAMASA Ez, noski.

PATRIXIO Berorrek ere hala uste al du?

AXUN Nik, eta bi behatzeko kopeta duen guziak. Toki horiek dira sendietara, familietara, zoritxarra eta hondamena ekartzen dutenak.

DAMASA A! (Damasak antsi egitean Patrixiok belaunez aldatzen du). Bai, etxekoandrea, bai. Gure etxeko zoritxarra eta hondamena hortik etorri da behintzat.

PATRIXIO Baina, emakumea: zentzuz hitz egin ezazu. Nahi duzuna jan eta edan zure eskuetan ez daukazu? Nahi duzun bezala jantzi eta apaindu, zure gain ez dago? Nahi duzun tokietara, nahi duzun eran joan ez zintezke? Nahi duzun guzia, egin ez zenezake? Nahi duzun dirua, oparo ematen ez dizut? Zer gehiago behar duzu?

DAMASA Nire senarra behar dut nik! nire senarra!

AXUN Ederki esana. Horretarako ezkondu zinen.

PATRIXIO (Ahopean) Senarra, hemen daukazu, bada.

AXUN Gogora zaitez nola aukeratu zenuen.

DAMASA Hiruen artean.

PATRIXIO Bai: Ruperta, Norberta, Damasa.

AXUN Eta Damasarekin gelditu.

PATRIXIO Hala da. Orduan, nik, nire diru pixkak luzatuko zituena behar nuen; orain, berriz, nire ondasun ugariak zabalduko dituena.

DAMASA Zu eta zure lagun perretxiko hori ez zaudete txarrak horretarako. Oraingo itxuraz, zabalduko dituzuela iruditzen zait.

PATRIXIO Zerorrek ere, pixka bat zabaldu egin behar zenuke...

DAMASA Zabaldu?

PATRIXIO Lasaitu...

DAMASA A, ez! Ni, beti, hartu ninduzun bezalakoa izango nauzu.

AXUN Ez dezazula zure emaztea lasaitzerik, zabaltzerik nahi. Laster zerori larrituko zinateke, estutuko zinateke.

PATRIXIO Ez beza uste.

AXUN Emaztea zabaldu. Senarra estutu.

DAMASA Bai, etxekoandrea, bai; honi ere mokoa xorroxtuko litzaioke. (Patrixio erantzutera doa, baina Damasak antsi bat egiten du, eta Patrixiok belaunaz aldatu eta isilik gelditzen da). A!



(1) Ezkerretik eskuinera: Patrixio, Damasa, Axun.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org