2.8. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  2.8. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

VIII

Axun, Patrixio eta Txilborra



PANTXO Beste kaiku horrekin ere amaitu behar dugu, bada, oraintxe.

AXUN (Aulki luzean eseriaz). Gizonaren lerdentasuna.

PANTXO (Ezkerreko atea ireki eta deituaz). Hator hona.

TXILBORRA (Ezkerreko atetik sartuaz). Nire txanda al da orain?

PANTXO Bai; baina nahikoa hitz egin diagu; eta, orain, gauzari erabaki bat eman behar zioagu.

TXILBORRA Erabaki bat?

PANTXO Erabaki bat. Gauza taxutu, zuzendu, behar bezala erabaki behar diagu...

TXILBORRA Ea bada...

PANTXO Hire oraingo ondoeza, hire zoritxar guzia, anaiak utzi dizkian laurogei mila duroengatik duk. Ez da hala?

TXILBORRA Bai, jauna: horrelaxe da.

PANTXO Bada, gauzak, antolapen erraza dik.

TXILBORRA Bota...

PANTXO Hori duk: bota, jaurti, laga, utzi laurogei mila duroak, nork hartua izango duk; eta, hi, bat ere zibotik gabe, lehengo zorionera bihurtuko haiz. (Isilaldi labur baten ondoren).

TXILBORRA Hori guzia, zerorrek bakarrik asmatu al duzu?

PANTXO Bakar-bakarrik.

TXILBORRA Eta, ez al dakizu zuk dirua gizonaren bihotzaz jabetzen denean, kate sendoarekin lotuak gelditzen direla gizonaren men guziak: diruaz bakarrik asetzen duela, diruarentzat bakarrik bizi dela. Dirua, gure eskuetara biltzen denean, esku eta beso, gorputz eta arima, gure izate guzia katigatzen duela, eta lehenago bere saihetsezur bat emango lukeela diru apur bat baino. Dirua utzi! Dirua bota! Errazago esan duzu!

PANTXO Zoritxarra besterik sortzen ez badik...

TXILBORRA Hala izanda ere. Ez denean, dirurik gabe bizi liteke. Hala bizi nintzen ni, eta diru zalerik ez nuen. Baina, orain, eskuetara etorri zaidanean, dirua utzi... Nahi eta ere utz nezakeela uste duzu? Lehenago bizia! Ez utzi, ez; ez gutxitu ere; ahal banu gehitu egingo nuke. Gainezko gelditzen zaizkidanak gordeaz...

AXUN (Altxatuaz). Gainezko horiek zureak ez dira, ordea.

PANTXO Utz iezaiozu...

TXILBORRA Neure buruari zerbait neke emanaz... beste asmorik ez darabilt, ez dut beste ametsik; ea nire aurrerapenarekin laurogei mila duroak laurogeita hamar milara igoarazten ote ditudan.

PANTXO Diru aurreratu horiek, ordea, bat ere ez dutenenak dituk.

AXUN Gainezkoak, berriz, zer janik ez dutenenak.

PANTXO Txiroek beren zatia behar ditek.

AXUN Eta, onean ez bada, txarrean hartuko dute.

TXILBORRA Nire dirutik? Hesteak aterako nizkioke ausartzen litzatekeenari.

PANTXO Ez huen lehen hori esaten.

TXILBORRA Horretarakoxe aberats izatera iritsi naiz.

PANTXO Aberats... Dirua duen guzia ez duk aberatsa.

AXUN Aberats izaten ere jakin egin behar da.

PANTXO Ludiko ondasun guziak, Jaungoikoaren eskuzabalak gizonaren menpean izateko sortuak dituk; baina, hi bezalako zoritxar batzuk, berak dituk ondasunen menpean jartzen direnak. Diruaren nagusi izan beharrean, diruaren morroi egiten zarete, eta hortik zuen zorigaitza.

TXILBORRA Nola nahi ere, diruengatik.

PANTXO Ez. Dirua berez ez duk txarra. A! Egiazko aberats izaten dakienak, diruaren nagusi jator dagoenak... zenbat malko xuka litzakeen, zenbat atsekabe gozotu, zenbat alditxar leundu! eta lagun hurkoaren ona eginaz, bere bihotzarentzat zer poz eta atseginak bil litzakeen. Aberatsak ez dituk kaltegarriak, baina bai aberats izaten ez dakiten diru-jabeak. Hi, bat.

TXILBORRA Ni?

PANTXO Bai, hi. Eta hire antzeko hemen izan diren beste batzuk ere bai.

AXUN Ez dira gaur etxe honetan aldaketa txikiak ikusi.

PANTXO Eta aldaketa horiek guziak... Bost urtean!

Ezkuta-zapia jaisten da



AMAIA













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org