Elkarrizketa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Etxeetan »  Elkarrizketa


Etxeetan

Neskentzat elkarrizketa
Antzeztokia: Sixiliren etxeko jangela.



SIXILI. (Gelako tresnak antolatuaz.) Laster etorriko da Mikelatxo, eta a zer jostaketak egin behar ditugun biek! Lehenbizi, etxeetan ibiliko gara. Ni etxekoandrea nintzela... (Batera eta bestera oso harro ibiliaz.) Ez dakit zergatik den, baina niri etxekoandre izatea askoz gogokoago iruditzen zait, neskame izatea baino. Guziak ezin etxekoandre izan ordea; guziak etxekoandre bagina, guziak neskame izango ginateke. Mikelatxo ona da berriz, eta nahiko du neskame izan... Txantxetan, e? Hau gauza, neskame izateko ona izan behar, eta etxekoandre izateko, berriz, ona ala txar berdin. Etxekoandretarako guziak hartakoak. Neskameak onak ez badira, etxetik kanpora bidaltzen dituzte; baina etxekoandreak txarrak izan arren, ezin etxetik bidali. Zergatik ote da? (Mikelatxo sartzen da.)

MIKELATXO. Sixili!

SIXILI. A, Mikelatxo! Hemen al zara?

MIKELATXO. Abemariak arte zurekin jostatzera etortzeko esan dit amak.

SIXILI. Zer ederki ibiliko garen! Zuk nahi duzuna egingo dugu. Zuk deritzozuna. Hara: nahi duzu etxeetan ibil gaitezen? Zuk nahi duzuna. Etxeetan, e?

MIKELATXO. Ez zait bada asko, asko...

SIXILI. Bai, bai; etxeetan ibiliko gara. Ikusiko duzu zer ederki. Zuk nahi bezala egingo dugu guzia. Ni izango naiz etxekoandre eta zu neskame.

MIKELATXO. A! Zu beti agintzen!

SIXILI. Nola nahi duzu bada?

MIKELATXO. Etxekoandre, ez du beti batek izan behar. Txandaka.

SIXILI. Ikusi al duzu behin ere etxekoandrerik neskamearekin txandatzen?

MIKELATXO. Bai behar; hala jakingo lukete etxekoandreek neskame izatea zer den.

SIXILI. Bai, baina; neskameek, behin etxekoandre eginez gero, ez lukete gehiago neskame izan nahiko.

MIKELATXO. Zuri gertatzen zaizuna bera: beti etxekoandre, beti etxekoandre.

SIXILI. Begira, Mikelatxo: zuk nahi duzun guzia egingo dugu. Zuk nahi duzun bezala jostatuko gara. Ikusiko duzu zer ederki. Ni etxekoandre nintzela, e?

MIKELATXO. Bai, eta ni neskame... e?

SIXILI. Txantxetan!

MIKELATXO. Gero, ni ere etxekoandre izatera bada.

SIXILI. Bai, nahi duzun guzia; zuk nahi duzun bezala ibiliko gara. Tira, jarri bada, jar ezazu mantala. (Zatar bat ematen dio, eta Mikelatxok jartzen du gerrian.) Nik txapela jarriko dut. (Jarriaz.) Badakizu, gaurko egunean, ez da etxekoandrerik txapel handi bat buruan gabe ibiltzen ez denik. Nik uste dut asko ohera ere beren horrekin joaten direla.

MIKELATXO. Zu joango zinateke behinik behin.

SIXILI. Neskameak isilik. Hobeto egingo zenuke eltzeari ondo begiratuko bazenio. Egunetik egunera utziagoa zaude. Lanerako batere arretarik ez daukazu. Tipulak eta porru-perrexilak arrastaka...

MIKELATXO. Baina...

SIXILI. Ixo! Etxekoandreari ez zaio horrela erantzuten. Axolagabe eta lotsagabe bat besterik ez zara.

MIKELATXO. (Egietan haserretuta.) Zu izango zara lotsagabea, zu.

SIXILI. Txantxetan esaten dizut. Txantxetan.

MIKELATXO. Zer txantxetan eta zer egietan. Beti errietan ari zara-eta...

SIXILI. Ez dakizu bada, etxekoandreek beti errietan ari behar dutela?

MIKELATXO. E! Nik ez dut bada gehiago neskame izan nahi. (Mantala boteaz.) Beti errietan eta marmarizoka, atso zaharrak bezala: mar-mar, mar-mar... Nik ere etxekoandre nahi dut. (Haserretuta bazter batera joanaz.)

SIXILI. Hori zetosa zara, Mikelatxo!

MIKELATXO. Neskame izatez aspertu naiz ni.

SIXILI. Agudo; hasi besterik ez dugu egin eta. (Isilaldi baten ondoren.) Tira bada: zuk nahi duzuna egingo dugu.

MIKELATXO. Bai, beti hori esan, eta gero, azkenean, zurea egin.

SIXILI. Goazen bada, zu ere etxekoandre zinela: biak etxekoandre.

MIKELATXO. Ekarzu orduan txapel bat.

SIXILI. Zertarako duzu txapela?

MIKELATXO. Zerorrek esan ez duzu bada, txapelik gabe ibiltzen ez dela etxekoandrerik? Nik ere txapela behar dut.

SIXILI. (Erdi haserre) Ez al duzu besterik behar?

MIKELATXO. Behar dudanean esango dizut.

SIXILI. Itxaron ezazu bada. (Txapelaren bila joaten da.)

MIKELATXO. Zer uste du horrek? Agudo aspertu omen naiz neskame izatez; ez bera, etxekoandretzaz. Gauza harrigarria, etxekoandretzaz ez da inor aspertzen. Zer atsegina izan behar duen agintze hori, besteen gain egote hori. Honek ere baluke... baleki.

SIXILI. (Txapela ekartzen du eta Mikelatxok jartzen du.) Hara hemen txapela, galant askoa.

MIKELATXO. Zenbat handiago, itzal gehiago.

SIXILI. (Etxekoandre antzera hitz eginaz.) Andre Mikela: gaurko eguneko mirabeekin ezin burutu da. Oso buruz gain egin digute. Beren buruak apaindu, etxekoandreak baino ere pirpilin-parpa gehiagorekin, iji-aja batetik bestera ibili, eta besterik ez daukate.

MIKELATXO. Baina, orain ere neskameekin eraso behar al dugu?

SIXILI. Ez dakizu bada, etxekoandreak, beti neskameen kalte aritzen direla hizketan?

MIKELATXO. E! Beste zerbait asma ezazu.

SIXILI. Goazen bada; jantziaz hitz egingo dugu. Andre Mikela, soineko batzuk badauzkat nik... nolakoak!...

MIKELATXO. Nik ere bai.

SIXILI. Arrosa koloreko panpoxa-panpoxa bat, arratsaldeetan ibiltokira joateko; urdinxka bat, ilunabarretan adiskide-etxeetara azaltzeko.

MIKELATXO. Nik txokolate kolorekoa, txokolatea hartzera joateko.

SIXILI. Beste bat, berriz, badut, hura gauzaren ederra! ez dut janzten intsentsu-egunetan ez bada.

MIKELATXO. Nik, berriz, badut soineko bat, orain ibiltzen diren horietakoa. Nola dira, kolkoa eta besoak airean, erdi larru-gorrian? Bada horietako bat daukat... igeri egitera joateko.

SIXILI. A! Guk, bai: jantzi, inor ez bezala; baina jan, oraindik ere hobetoago.

MIKELATXO. Guk ere bai.

SIXILI. Gure etxean oilaskoak eta eperrak nahi ezik egoten dira.

MIKELATXO. Gurean ere bai.

SIXILI. Langostak eta, txipiroiak eta... ez ditu inork ere nahi.

MIKELATXO. Gurean, ezta katuak ere.

SIXILI. Postrez berriz, bidaltzen dizkigute eta pastel batzuk...

MIKELATXO. Guri ere bai.

SIXILI. Hala, udare eta sagarrak-eta... ez ditugu ukitzen...

MIKELATXO. (Batetan patrikak begiratuaz.) Guk ere... E! Non utzi dut?...

SIXILI. Zer duzu, Mikelatxo?

MIKELATXO. Zer dudan? Galdetu iezadazu: zer ez dudan.

SIXILI. Zer bada?

MIKELATXO. Amak eman didan sagarra, etxean utzi dut ahaztuta. Bila noa.

SIXILI. Ez zoazela, Mikelatxo: hemen ez dauzkagu bada postre ugariak: tarta eta pastel eta?...

MIKELATXO. Zure postreak txantxetakoak dira ordea, eta niri amak eman didan sagarra egietakoa. Banoa. (Txapela kenduaz.)

SIXILI. Itxaron ezazu. Etxekoandreak ez dira horrela joaten, ez agur eta ez adio. Jar ezazu txapela, zatoz hona. (Mikelatxok jartzen du txapela, aurreratzen dira biak jendeagana eta esaten dute:)

BIEK. Agur. (Joaten dira.)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org