Lehenengo irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Kaskagogorra »  Lehenengo irudia

Egintza bakarra



Lehenengo irudia

I

Andre Mañaxi berehala Sendagilea


(Andre Mañaxi gela erratz batekin garbitzen ari da. Aldi berean abesten du)

Andre Mañaxi:

Alpraketak hautsi eta
jostorratzik ez
Ernion gelditu nintzen
buruko minez




(Hizketan)

Buruko minez, kaskagogor horrengatik Buruko minez! Ai! ai! ai!

(Sendagilea sartzen da)

Sendagilea: Zer da horrenbeste ai! ai!rekin. Nik behintzat uste nuen ari zinala:

(Abestuaz)

Ai, ai, ai, mutila
txapela gorria!




(Hizketan)

Andre Mañaxi: Txapel gorria? Egun gorriak daramazkit nik, eta gauak gorriagoak!

Sendagilea: Eta guztia buru horrengatik?

Andre Mañaxi: Buru horrengatik, bai jauna, kaskagogor horrengatik.

Sendagilea: Eta noizko dira sendagileak?

Andre Mañaxi: Gorputzak kanposantura eraman behar direnerako.

Sendagilea: Goazen, goazen. Egiaz eta zuzen nire galderei erantzun behar diezu.

Andre Mañaxi: Bai jauna, bai.

Sendagilea: Zuk buru horretan zer aurkitzen duzu?

Andre Mañaxi:Buru honetan?

Sendagilea: Bai.

Andre Mañaxi: Zer aurkitzen dudan?

Sendagilea: Bai.

Andre Mañaxi: Zer aurkituko dut? Ilea!

Sendagilea: Besterik aurkitzen ez baduzu, gaitzerdi. Baina ez da hori nik jakin nahi nuena. Zuk buruan ez al duzu entzuten halako zarata, barbulla burrunbatsu bat?

Andre Mañaxi: Ezta batere.

Sendagilea: Eta kanpoko hotsak ondo entzuten al dituzu?

Andre Mañaxi: Oso ederki .

Sendagilea: Eta ezkilak, kanpaiak, ondo entzuten dituzu?

Andre Mañaxi: Eguerdiko hamabiak ez ditu inork nik baino lehenago entzuten.

Sendagilea: Ea ba: Pasai San Pedro elizako kanpaiak nola jotzen du?

Andre Mañaxi: Beti miseri, Beti miseri.

Sendagilea: Eta San Joangoak?

Andre Mañaxi: Ni ere bai, ni ere bai.

Sendagilea: Eta Altzakoak?

Andre Mañaxi: Izan (e)ta izango. Izan (e)ta izango.

Sendagilea: Lezokoak?

Andre Mañaxi: Or konpon – Or konpon – Or konpon.

Sendagilea: Eta Antxokoak?

Andre Mañaxi: Bakailao saltsa, saltsa, saltsa, Bakailao saltsa, saltsa, saltsa, Bakailao saltsa, saltsa, saltsa.

(Isilaraziaz)

Sendagilea: E! Ixo! Nahikoa da! Ikusten denez horretatik ez da ezer. Beste zerbait sumatzen ote dugun argi bat ekarri behar didazu.

Andre Mañaxi: Berehala jauna.

(Andre Mañaxi joaten da)

Sendagilea: Kaskagogorra uste dut esan duela. Zer izan liteken ezin asmatu dut. Ia azkenean kaskagogor hori kinkinazoka bigundu behar ote diogun.

(Andre Mañaxi zutargi, kandelero itzali batekin etortzen da)

Andre Mañaxi: Ona hemen argia.

Sendagilea: Non?

Andre Mañaxi: Hemen.

Sendagilea: hori ez da argia. Hori iluna baino ilunagoa da.

Andre Mañaxi: Bai, baina, pospolo batekin piztuz gero...

Sendagilea: Eta non dituzu pospoloak?

Andre Mañaxi: Berorren sakelan…

Sendagilea: Nik sakelan pospoloak izan banitu, ez nizun zuri argirik eskatuko.

Andre Mañaxi: Orduan sukaldeko kriseilua ekarriko diot.

Sendagilea: Ekar ezazu, nahi baduzu, Santa Mariako armiarma handia.

Andre Mañaxi: Armiarma?

Sendagilea: Ez al dakizu ba, araña euskaraz armiarma deitzen dela?

Andre Mañaxi: Ala da izan ere.

Sendagilea: Bai noski.

Andre Mañaxi: Kriseilua berehala ekarriko diot.

(Andre Mañaxi joaten da)

Sendagilea: Ekar ezazu, bai. Guztien beharrian izango garela iruditzen zait. Pospolorik ez dugunez gero, gauza gero eta ilunago ikusten dut. Argi izpi bat ez ote zaigu nonbaitetik azalduko? Hara! Orain azaltzen dela deritzot.

(Andre Mañaxi kriseilu piztuarekin etortzen da)

Andre Mañaxi: Ona hemen. Ez du orain esango argi iluna dela.

Sendagilea: Ez horixe. Argi ederra ekarri duzu. Ekar ezazu ba, eta ikusi dezagun.

(Andre Mañaxiri kriseilua hartu eta burura begiratzen dio)

Ez da ezer ageri, baina, baina…

(Kriseilua A. Mañaxiri ematen dio)

Andre Mañaxi: Baina zer?

(Sendagileak A. Mañaxi buruan jotzen du)

Ai! ai! ai!

Sendagilea: Zuk, buruan duzu…

Andre Mañaxi: Zer dut nik buruan?

Sendagilea: Zerrautsa.

Andre Mañaxi: Zerrautsa? Hobe nuke ba.

Sendagilea: Bai, zure gaitza da: Zerrautsiz zerebralis emerengis kolapsus.

Andre Mañaxi: Zer da gero hori?

Sendagilea: Ez al dakizu zer den: Zerrautsis zerebralis emerengis kolapsus?

Andre Mañaxi: Nik, ez jauna.

Sendagilea: Nik ere ez ba.

Andre Mañaxi: Orduan biak poto egin dugu.

Sendagilea: Baina, badaezpada ere mingaina ikusi behar dizut. Tira, mingaina atera ezazu.

Andre Mañaxi: Miau! Zer atera behar dut mingaina.

Sendagilea: Baina, emakumea…

Andre Mañaxi: Berorrek, bai, buruan zerrautsa izan behar duela.

Sendagilea: E?

Andre Mañaxi: Nik ez dut ezer mingainean eta ez buruan, berorri mingaina erakusten asteko.

Sendagilea: Baina zerorrek arestian esan ez didazu, kaskagogorra duzula?

Andre Mañaxi: Nik ez dut kaskagogorrik.

Sendagilea: Nola?

Andre Mañaxi: Kaskagogorra nire senarrak du.

Sendagilea: Hori, lehen ere, esan zenezakeen.

Andre Mañaxi: Eta nire senarraren kaskagogorrak irakiten, frijitzen nauka.

Sendagilea: Zer ba? Itsasoan urez asetzen al da?

Andre Mañaxi: Bai jauna; itsasoan urez eta lehorrean sagardoz eta ardoz.

Sendagilea: Ez da beraz aguaruba. (1)

Andre Mañaxi: Ez jauna, ez. Eta horrela dagonean jartzen zaio …

Sendagilea: Badakit. Jartzen zaio sudurrean karranpa.

Andre Mañaxi: Eta orduan ikaragarrizko iskanbilak sortzen dizkit.

Sendagilea: Eta horrelakoetan... zera… hazkura ere egingo dizu noski?

Andre Mañaxi: behin baino gehiagotan.

Sendagilea: Bada zure senarrak duena da: “zurrutipoli mozkorrontzis irakundus”.

Andre Mañaxi: Eta nik zer egin nezake?

Sendagilea: Zuk? Horrelako kankarroarekin etorri, eta… zera… hazkura egin nahirik asten zaizunean; zuk eman behar diozu: “estraktus makilorun per omnia sekula sekulorun”.

Andre Mañaxi: Eta nola da hori?

Sendagilea: Berehala esango dizut.. Erratz bat arestian hemen zenerabilen…

Andre Mañaxi: Hementxe daukat.

Sendagilea: Ekar ezazu ba.

(Andre Mañaxik erratza sendagileari ematen dio)

Har ezazu erratza honela eta… bat, bi, hiru, lau kaska, kaska, kaska, hebain-hebain egin ezazu.

(Sendalariak erratzarekin Mañaxi buruan jotzen du)

Andre Mañaxi: Ai! ai! ai!

Sendagilea: Ikusi duzun bezala oso erraza da. Erratza honela hartu eta… bat, bi, hiru, lau kaska, kaska, kaska…

(Sendagileak Andre Mañaxi berriro jotzen du)

Andre Mañaxi: Ai! ai! ai! – Ikasi dudala uste dut. Ea bekar erratza.

(Sendagileak erratza Mañaxiri ematen dio)

Sendagilea: Oso erraza da. Oso erraza da.

Andre Mañaxi: Bai jauna, bai. Hara; bat, bi, …

Sendagilea: Hori da.

Andre Mañaxi: Hiru, lau; kaska, kaska, kaska.

(Mañaxik Sendagilea jotzen du)

Sendagilea: Ni, ez; ni, ez. Eta gainera ez duzu ondo egin. Begira ezazu hobeto

(Sendagileak erratza artzen du)

Hara: honela. Bat, bi, hiru, lau. Kaska, kaska, kaska.

(Mañaxi joaz)

Andre Mañaxi: Ai! ai! ai! – Orain ederki ikasi dut. Ikusiko du zein egoki egiten dudan.

(Mañaxik erratza artzen du)

Sendagilea: Bai, baina badaezpada ere, beste aldera begira jar zaitez, hara begira.

(Sendagileari bizkarra emanaz)

Andre Mañaxi: Honela, e?

Sendagilea: Horrelaxe.

Andre Mañaxi: Orain ikusiko du ba. Hara: bat, bi hiru, lau …

Sendagilea: Jo gogor orain.

(Mañaxik bat batetan jira egin eta sendalaria jotzen du)

Andre Mañaxi: Kaska, kaska, kaska.

Sendagilea: Ez, hori ez, hori ez. Ikusten nago, horrela bagoaz gehiegi ikasiko duzula eta banoa, banoa hemendik.

Andre Mañaxi: Nahi duen bezala.

Sendagilea: Eta, badakizu; senarra etortzen bada “Zurrutipoli mozkorrontzis irakundus” zuk eman “estraktus makilorun, per omnia sekula sekulorun”.

(Sendagileak joatera egiten du)

Andre Mañaxi: Bai jauna, honelaxe; kaska, kaska, kaska.

(Atzetik sendagilea erratzarekin buruan jotzen du)

Sendagilea: Niri ez, niri ez.

(Biak joaten dira)




(1) aguarua: aguado, abstemio





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org