|
Neskazar
Andre Mikelala Karmen ta Patxiku Iñixio
M. Karmen.- Gure neska, beti bezela. Ainbeste senargai izan eta bere buru txarragatik orain arte ezkondu gabe gelditu da. Ta orain ere bildur izan biar. Itxura gabeko kezka oiek burutik botatzen ez dituen bitartian, senargaia galtzeko bildurrak senargaia galdu azitzen dio. (Ezkerreko atetik sartuaz)
Patxiku I.- Emen al zera?
M. Karmen.- Gizona, gaur oso goiztar zabiltza.
Patxiku I.- Bai: zazpietako meza ezkilla entzun nuen, eta nere buruari egin nion: ba, oraintxe izango du meza On Baldunberok...
M. Karmen.- Ez; zazpietako meza apaiz kanpotar batek eman du.
Patxiku I.- Ba On Baldunberokin egon biarra badet, eta neregan egin det: zazpietako meza eman ondoren, gosaldu dezala lasai, eta gero ikustera juango natzaio.
M. Karmen.- Bañan zazpietako meza ez du On Bal- dunberok eman. Felipatxo emen izan da, ta berak esan dit zazpietako meza eman duena, apaiz kanpotarra, On Jose deitzen dana ta Sorozabal’en dagona, dala.
Patxiku I.- Iturburu’ko Txomin txotxolo orrek...
M. Karmen.- Aidietakua omen dute.
Patxiku I.- Iturburu’koak?
M. Karmen.- Ez: Sorozabal’goak.
Patxiku I.- Ba atzo Sagastiberri’n giñan. Sagardo bat asi dute... Ori bai begiyai dris-dris egiten diyoten alakua. Ogeina baxo edan geni- tuen eta bapo jarri giñan.
M. Karmen.- Bart arratsian ezagun zenuen. bai.
Patxiku I.- Eta Iturburu’ko Txomin txotxolo ori itza eta pitsa zeriyola asi zan, orrelako sagardorik ez dala emen ezagutu. Inguma orrek ez noski; zer ezagutu biar zuen? Eta ziyo ta ziyo, neri nere iritziya atera biar.
M. Karmen.- Zuri? Lan ederra artu zuen.
Patxiku I.- Ez al naiz, ba, ni gogoratzen, gu gaztiak giñala, emen Tolaretxipi’n egin zuten sagardo batez... Ura mama! Illa pixtuko zuben. Sagastiberri’n asi dutena, bai, ederra da... Baña Tolaretxipi’ko arren antzik ere ez du, ordia. Ta Iturburu’ko Txomin txotxolo ori karraxika ta deadarka, neri bira emango ziralakoan.
M. Karmen.- Zer eman biar zizun!
Patxiku I.- Baña orain zuzenduko det. On Baldunbero ixturiante zan orduan eta alkarrekin izan giñan Tolaretxipi’ko sagardo ura edaten. Ori oso buru azkarra da ta gogoratuko da, gaur balitz bezela. Orrek dituen ixturiyuakin nola ez ba?
M. Karmen.- Ez du beste ezertan oldoztu biarrik izango.
Patxiku I.- On Baldunberok badakit zazpietan meza eman duela...
M. Karmen.- Bañan zazpietan...
Patxiku I.- Zazpietan, bai. Ez al det, ba, nik meza ezkilla entzun?
M. Karmen.- Ala izan biarko du, bada.
Patxiku I.- Bai, noski: zazpietan. Eta orain juango naiz beregana; ta Iturburu’ko Txomin txotxolo orri, belarri ertzera, bi egi esango dizkiogu.
M. Karmen.- Ez dabilzkizu buruauste txarrak. Obeto egingo zenuke zure besoetako illobari zerbait lagunduko bazenio.
Patxiku I.- Xaturdiñari?
M. Karmen.- Xaturdiñari, bai.
Patxiku I.- Zer du, gero?
M. Karmen.- Zer izango du? Orain ere senargai bat baduela, ta ia onekin ezkontzen ote dan zerbait lagundu egin biar zeniokela.
Patxiku I.- Begira zazu. Mikela Karmen: neskak ezkondu biar du, ta orretarako lanak berak egin ditzala. Ni, lan oietan ez sartziagatik, mutilzar gelditu nitzan.
M. Karmen.- Berak ezkondu biar du, baña...
Patxiku I.- Gai orretan gauza bat bakarra esango dizut: orain darabilkien senargai punta ori, dalako Kitolix ori, ez dala nere gogo-gogokua.
M. Karmen.- Begira zazu, Patxiku Iñixio neskak ezkondu biar du, ta bere gogua egin dezala. Bere gogokua izan ezkero, ez daukazu zer esanik.
Patxiku I.- Oraintxe ogei ta amaika eskutik egin didazu.
M. Karmen.- Bai, noski. Zuk aukeratu biar al diozu ba, senargaia?
Patxiku I.- Aukeratu ez; baña zeorrek ere ezagutuko dezu, orain darabilkin senargai mataxezko ori ez dala egokia.
M. Karmen.- Mataxezkoa?
Patxiku I.- Mataxezkoa, bai. Salbo-ta konfiterua! Axukre, kaamelo ta txokolate tartian bizi dan gizona, zer izatia nai dezu?
M. Karmen.- Ori, beintzat, mutil zintzoa dala badakigu.
Patxiku I.- Zintzoa... Begira zazu: tripakiyai ere piper pixka bat ondo etortzen zaiote.
M. Karmen.- Eta urari eskonfa puxka bat obetoago.
Patxiku I.- Guzitarako maratillak badituzu.
M. Karmen.- Zurekin itz egingo bada, biar ere bai.
Patxiku I.- Gizon gizona danak, arpegi latzagua biar du; gizarte geiago; ogei edo ogei ta bost baso sagardo edaten dakiyena; biar danian, mozkor-aldi bat arrapatzen duena.
M. Karmen.- Orrelakua zu bezela mutil zar egoteko obia da, ezkontzeko baño.
Patxiku I.- Ez; axukre kozkorrakin egingo dezu gizona. Ori txotxolo bat besterik ez da. Ara beste Iturburu’ko Txomin txotxolo arrekin uztarri batian jartzeko erakua.
M. Karmen.- Aditzia detanez, Txomin orrek ez du, ba, oso ur zalia izan biar; mokollo ederrak arrapatzen dituen susmurra da beintzat.
Patxiku I.- Mokollua!... Mokoliua zer dan zer dakizute emakumiak?... Arrek esateko neri Sagastiberri’ko sagardua, nik gaztetan Tolaretxipi’n edan nuena baño obia dala.
M. Karmen.- Orra, ba: Kitolix’ek ez zizun orrelakorik esango.
Patxiku I.- Orrek al daki, ba, axukrez edo txokolatez bestez itz egiten?
M. Karmen.- Bere andregaiari noski beste zer edo zer esango diyo.
Patxiku I.- Andregaiari izan biarko du; gañerakoan, beintzat, txotxolokeriyak esaten eta abestutzen besterik ez daki. Abestutze orretan izan biar ditu bere bikaintasun guziyak.
Juan dan igandean, bezperetan ere, a zer marruak atera zituen!
M. Karmen.- Juan dan igandean, ez.
Patxiku I.- Juan dan igandean, bai. Ez al nintzan, ba. ni an bezperetan?
M. Karmen.- Zu izango ziñan, baña Kitolix’ik ez.
Patxiku I.- Bere arrantzak ondo entzun nituen, ba, nik.
M. Karmen.- Ezetz; Kitolix eta Xaturdiña alkarrekin joan ziran Santa Engrazi’ko erromerira.
Patxiku I.- Juan dan igandean al zan?
M. Karmen.- Juan dan igandean.
Patxiku I.- Zanik ere ez giñan, ba, gogoratu. Oitu bezela, bezperetara juan giñan, eta Kitolix dalako orrek bere karraxi ta marruakin iya gorturik utzi ginduen.
M. Karmen.- Oni ezetz esatia alperrik da.
Patxiku I.- Arrantza batzuek ateratzen zituen, bazirudien txikiratzen ari zutela.
|