|
Neskazar
BIGARREN EGINTZA
(Iruditegia lenengo egintzan bezela)
Andre Mikela Karmen; bereala Felipatxo
M. Karmen.- Gure Jainkoak atzokoa baño egun obia eman dezaigula. Atzokoa, beintzat, txarrik bada, benetako txarra zan.
Felipatxo.- (Atzetik oso larritua sartuaz.) Andre Mikela Karmen, okerren bat al dute?
M. Karmen.- Bai, enetxua; orrengatik deitu dizut.
Feli.- Xaturdiñakin?
M. Karmen.- Xaturdiñarekin.
Feli.- Noiztik, ordia?
M. Karmen.- Noiztik dan ere al dakigu? Eguardiyan etzan maiera etorri; bañan nola askotan, ezer esan gabe, gure lengusuetara juan eta bertan bazkaltzen gelditzen dan, egiya esan, ez genuen aintzakotzat artu; baña gaba etorri ta apaltzeko agertu ez zanian, susmo txarrak eman zidan eta billa asi nitzan. Bere gelan arkitu nuen negarrez antsika eta malkotan urtzeko zoriyan.
Feli.- Kitolix’ekin zerbait izango zuen.
M. Karmen.- Zerbait baño geixiago ere bai.
Feli.- Bildur orixe zebilkien beti buruan, eta orra azkenian ere.
M. Karmen.- A! Baña Kitolix’ek egin diona berdiñik entzun ez dan bezelakoa da.
Feli.- Orrenbesteraño?
M. Karmen.- Egun guziyan somaketan ari ta ez zenuke asmatuko.
Feli.- Ez?
M. Karmen.- Ez da urreratu ere.
Feli.- Zer izan liteke, bada?
M. Karmen.- Esan dizut: orrelakorik ez da oraindik entzun.
Feli.- Arriturik uzten nau, andre Mikela Karmen.
M. Karmen.- Eta gu? Ez dakizu nolako gaba igaro degun.
Feli.- Jakiña da.
M. Karmen.- Izan ere, gizona esateko era batian ezkontzeko egunetara etorri ta orrek egin duena egitia, ezin txinistu litekena da.
Feli.- Zer gero?
M. Karmen.- Kitolix, entzun zazu ondo, Kitolix Ibañarrietako bikariyo egin dute.
Feli.- E? Ori ezin liteke!
M. Karmen.- Begira: gaurko egunian “ezin liteke” ezin esan; ta, gauza abek ikusita, gutxiyago.
Feli.- Ez daki, ordia, bikariyo izateko, lenbizi apaiz izan biar duela?
M. Karmen.- Ala esan liteke. Lenago orrela zala ondo dakit nik ere. Baña gaurko egunian ez dago lengo konturik. Guziya goikuaz bera jiratua dabil, eta orain guziya izan liteke.
Feli.- Ez, andre Mikela Karmen; tartian okerren bat badute.
M. Karmen.- Zer izan biar du? Antxen dauka Xaturdiñak agiriya garbi asko diona: Jose Gurrutxaga... Jose Gurrutxaga, e? Kitolix Ibañarrietako bikario egin dutela. Ta, gañera, beriala juateko agintzen diyote.
Feli.- Bañan agiri ori, nolatan Xaturdiña’ren eskuetara iritxi da? M. Karmen- Pello’k ekarri, emakumia.
Feli.- Pello´k?
M. Karmen.- Bestela, Kitolix Ibañarrietan meza ematen eta Xaturdiña berarekin ezkontzeko asmuetan jarraituko zuten. Pello’ri eskerrak.
Feli.- Nola, ordia?
M. Karmen.- Ara: Kitolix’i emateko. Xaturdiña’ri eskutitz bat utzi ziyon: onek jakin nai, ba, barrenen zer zegon, eta orra nondik guziya azaldu dan.
Feli.- Onek ez du, bada, egiyaren antz izpirik ere.
M. Karmen.- Ezetz? Agiriya ikusiko bazenu, ez zenuke orrelakorik esango. Ango izenpe, firma, ango sillu!... Uf! Ez da txantxetako gauza, ez!
Feli.- Nai dituben guziyak izango ditu, bañan emen okerren bat dutela ziur egon liteke.
M. Karmen.- Gure zoritxarrez, ez da ori gertatuko, ez. Bañan, baezpada ere, orrengatik deitu dizut.
Feli.- Eta azkenerako agertuko da.
M. Karmen.- Obe genuke, bada. Gu Kitolix’en aurrera ezin azaldu gintezke. Nola, ba? Nere anaiak ikusiko balu, txirtxillatuko luke. Ta orrengatik nai nuke zu beregana
juatia; ez guk agindu bagenizu bezela, zu zeorrez bazenijoa bezela. Kanpoan zerbait aitu dezula ta zer ote dan jakitera zuazela.
Ta ia zer esaten ote dizun.
Feli.- Beriala juango naiz, bada.
M. Karmen.- Asko eskertuko dizugu.
Feli.- Ta ikusiko du nola naspil au argituko dan.
M. Karmen.- Zorigaitzez, ez zait iduritzen.
|