 |
|
 |
 |
Laugarren Agerraldia
IV
Alejandro eta Katalina
|
Alejandro.- Lanik egiten ez duten hauek, beren txorakeriekin, zer lanak darabiltzaten. Alperrik eramaten diren neke asko, azken on baterako hartuko balira, zenbatez ondoren hobeak izango lituzketen. (Katalina eskuineko atetik sartzen da) A! Katalina... Ez dakizu zer galdu duzun!
Katalina.- Norbait izan al da?
Alejandro.- Bi andere handiki...
Katalina.- A!
Alejandro.- Ez berak, eta ez beren aurrekoak, lanarekin behin ere kutsatu gabeak.
Katalina.- Baina, txorakeria eta buru arinkeriaz oso kutsatuak.
Alejandro.- Baliteke. Goseak ia hilik dauden batzuen alde laguntza bila omen dabiltza.
Katalina.- Badakit, bai.
Alejandro.- Baina, orain, laguntza hori hilabetez atzeratu behar omen dute; eta, beraz, gosea hilabetez luzatu.
Katalina.- Ez nago horien txorakeriekin burua nahasteko. Beste zerbaitek oso kardabatua nauka. Ez al diozu Romani zerbait igarri?
Alejandro.- Ezertxo ere ez: Zurekin oso maitetsu ikusten dut.
Katalina.- Hori, beti.
Alejandro.- Nexka-mutilekin txoratua dago.
Katalina.- Nola ez.
Alejandro.- Eta zuen sendi maitatian nabaritzen dudan elkartasun mamitsuarekin, neroni ere txoratua aurkitzen naiz.
Katalina.- Hori guztia horrela da; baina, niri ez esan arren buruhauste gogorren batzuk darabilzkiola igarria nago.
Alejandro.- Lanak ematen dizkionak izango dira.
Katalina.- Bai, bada: lanarenak.
Alejandro.- Orduan, ez duzu larritu behar. Eser zaitez, eser zaitez. (Katalina eserarazten du)
Katalina.- Nire senarra oldozkor, kezkatsu ikusita, nola nahi duzu ni ez larritzea?
Alejandro.- Lanak, buruhauste horiek berekin ditu. Hori gabe ez da ezer ere egiten. Baina, buruhauste horiek gizonak eraman behar dituenak dira; eta Romanek, bere kardabak zuri gordetzen badizkizu, ondo eta ondo egiten du.
Katalina.- Buruhauste horiek bien artean ez al genituzke bada hobeto eramango? Zorionak bien artean banatzen baditugu, zergatik zoritxarrak ere bien artean eraman behar ez ditugu?
Alejandro.- Zu suminduarekin ez du hark ezer ere aurreratzen. Kardaba horietan sartzen ez zarela berriz, laneko neke astunetatik datorrenean, zurekin atseden, lasaitasun gozatsu bat aurkitzen du. Buruko nahigabeentzat, sendiko, familiako berotasun atsegina bezalako sendagairik ez da.
Katalina.- Baina, ez jakinez egotea ere tamala da.
Alejandro.- Alferrikako buruhausteekin baretasuna galtzea, tamalagoa oraindik. Gainera, zuri jakitea dagokizun zerbait balitz, esango lizuke.
Katalina.- Ez dit esango, ez.
Alejandro.- Esango dizu.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |