2.05 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Osaba »  2.05 agerraldia

Bosgarren Agerraldia

V

Alejandro, Katalina eta On Roman. Gero On Braulio eta Felixa.
(On Roman atzean azaltzen da)

On Roman.- Esan behar dizuet...

Alejandro.- Ikusten al duzu?

On Roman.- Bai; esan behar dizuet zerbait, behin ere esateko ohiturarik izan ez dudan gaian. (Alejandrori) Nire lanetako katramilak neronek bakarrik erabiltzen baititut.

Katalina.- Gaizki egiten duzu.

Alejandro.- Utz iezaiozu.

On Roman.- Baina, orain, zu jakinaren gainean jartzea, behar beharrekoa dela iruditzen zait.

Alejandro.- Zer esan dizut?

Katalina.- Esan ezazu bada, eta zure barrena lasai ezazu.

On Roman.- Orain, orain bezala, lasaitasun hori ondo beharrezkoa dut.

Katalina.- Zu kezkatsu ikusita, ni ere kardabaz betetzen naiz.

On Roman.- Esango dizut bada. Gure ontasunak, ahal nituen guztiak bilduta, "Banko Minero"n jarriak ditut. Etorkizun handiko irabazpidea baita hori.

Katalina.- Dena dela; zuk egiten duzuna, ondo dago.

On Roman.- Esku artean diru doi doiarekin gelditu naiz.

Alejandro.- Diru lanetan aurreratzeko bidea horixe da.

On Roman.- Nolanahi ere, gure olan izan ohi diren harremanetarako nahikoa zela neritzon. Baina, orain gertatzen dena, behin ere ikusiko ez den bezalako zerbait da.

Alejandro.- A! Lanaren gora beherak... Itsas nahastuan bagak bezala batzuetan zerurantz, apar harroak zabalduaz, besteetan lur azpian lokatzetan marruskatuaz...

On Roman.- Bata bestearen ondoren, guk harremanak ditugun etxe askok, batzuk beren ordainketan luzapena eskatu, besteak ordainketak geldiarazi... eta, guzietan okerrena malkarrotak bata bestearen hurrena; baina, ezin esan ahala. Gaur bertan lauk egin duten albistea izan dugu.

Katalina.- Ez zaitezela horrela larritu.

On Roman.- Burua ia galdu dut.

Alejandro.- Baretu zaitez.

On Roman.- Era honetan, gure eman beharrei nola aurre eman.

Katalina.- Baina, esan duzun Banku horretatik ezin atera al zenezake?

On Roman.- Hori zen inondik inola ere ukitu nahi ez nuena. Nire itxaropen sendoa, nire amets pozgilea horixe zen.

Alejandro.- Eta ondo oldozten zenuen; baina, ezin bada...

Katalina.- Den bezala dela, oraingo buruhausterik gabe, lasaituta ikusi nahi zaitut. Dirua baino senarra beharragoa dut. Orain bezala ezin bizi bagara, estuago biziko gara.

On Roman.- Ez, hori ez.

Katalina.- Oraingo kardabarik gabe, baretsu ikusi nahi zaitut; eta, horretarako egin behar dena egin ezazu, eta lasaitu zaitez.

On Roman.- Bankukoa ukitu gabe antolatzen ote naizen lehiatu naiz; nire burua zoratzen jarri dut, baina, alperrik... (Sakelatik paper batzuk atera eta erakutsiaz) Egin ditudan zenbatze, asmaketa guztiak, erantzupen bera eman didate: ezin dela, ezin aurre eman nezakeela.

Katalina.- Orduan, Bankutik atera bada.

On Roman.- Ondo ezinbestean izango da.

Katalina.- Atera ezazu, eta lasaitu zaitez.

On Roman.- Bai. Bai, honek ezpainak kiskaltzen badizkit ere, bai, Bankutik aterako dut, bai!

(Une honetan On Braulio Larritua, bere onetatik joana, ezeri begiratu gabe, txapelik atera gabe, oso itzaltsu atzean azaltzen da. Felixa bere ondotik lasterka etortzen da).

On Braulio.- Berri txarrak dakartzat.

(On Braulio aurreratzen da eta Felixak alde egiten du).

On Roman.- Lehengoak baino ere txarragoak?

On Braulio.- Izan litezkeen txarrenak.

Katalina.- Zer gertatu da bada? Izutzen nauzu!

On Roman.- Puntillotarren beste zerbait al da?

On Braulio.- Ez; ez da Puntillotarrekin ezer. Okerragoa, askoz okerragoa da. Nola esan ere ezin asmatu dut.

On Roman.- Zer izan liteke bada?

Katalina.- Zer gertatu ote da?

On Braulio.- Gerta liezazukeen zoritxarrik beltzena. Ezin asmatu dut nola esan.

Katalina.- Jaungoiko maitea, zer gertatzen da bada!

On Roman.- Dena dela, kezketan eduki gabe esan ezazu.

On Braulio.- Nola esan baneki... zera... badakizu, zera...

On Roman.- Zer? Zer da?

On Braulio.- Zera... Banku...

On Roman.- E! "Banko Minero"k al du zerbait?

On Braulio.- Bai; "Banko Minero"k, zera... zera...

On Roman.- Zer? Zer?

On Braulio.- "Banko Minero"k... malkarrot egin du!

On Roman.- Ez! Ezin liteke! Ez da egia izango!

On Braulio.- Zoritxarrez, egia da. Egi egia!

On Roman.- Baina... horrelako Banku bat?

On Braulio.- Epaileak, juezak, tartean sartu dira. Kontu zikin asko aurkitu omen dute. Buru egiten dutenak espetxean, kartzelan sartu dituzte. Guztia galdua izan behar du.

On Roman.- A! Ni ere, oraintxe, galdua naiz!

(On Roman aldi gaizto batek eman balio bezala, aulki baten gainera erortzen da. Katalina eta Alejandro urreratzen zaizkio)

Katalina.- Roman!

Alejandro.- Kemendu zaitez, gizona!

On Braulio.- Ikaragarria gertatu da. Horrelakorik etor zitekeenik ere ez nuen esango.

Katalina.- Roman, lasaitu zaitez.

Alejandro.- Zure indarren jabe bihurtu zaitez.

On Roman.- Nire amets guztiak oraintxe lurpe jo dute.

Katalina.- Baretu zaitez, nola edo ala, oker hau zuzenduko da. Baina, zuk, Roman, zure buruari begira iezaiozu.

Alejandro.- Gaitzak ez dira betikoak.

On Braulio.- Ez, noski. Hauen ondoren zori hobeak izango dituzu.

On Roman.- Nire lanak! Nire buruhausteak! Nire izerdiak! Bat batetan haizeak eraman ditu!

Katalina.- Ez zaitez horrenbeste larritu; gero ere nolabait, arrastaka bada ere, biziko gara.

Alejandro.- Biziko zarete, bai. Nik lagundu ahal baniezazue, nire zainetako odolaz lagunduko nizueke. Baina, txiro arlote batek, zer egin lezake!

On Roman.- Eskerrik asko.

Katalina.- Bizkortu zaitez, Roman. Zure bizia, gu guzion bizia da.

Alejandro.- Orain arte egin didazuena, ezin behar bezala eskerturik gelditzen naiz; baina, orain aurkitzen zareten zorian, ez dut nire zama astunarekin zuen biziera estutu nahi. Uzten zaituztet bada.

(Alejandro atze aldera hasten da. On Roman, sutsu jaiki eta geldiarazten du)

On Roman.- Zer! Nola! Ez zara joango!

Alejandro.- Bai! Joango naiz! Zuen larrialdia ez dut gehiago samindu nahi-eta.

On Roman.- Ez dizut utziko!

Alejandro.- Utzi beharko nauzu!

On Roman.- Ez! orain arte bezala, aurrera ere, elkarrekin iraun behar dugu.

Alejandro.- Baina, Roman!

Katalina.- Roman!

On Roman.- Zoritxarrari aurre emango diot. Nola? Ez dakit. Lana egingo dut, saiatuko naiz, nire men guztiak leian jarriko ditut. Eta guztien gain Jaungoiko onari, Jaungoiko errukitsuari otoi egingo diot. Bai; otoi egingo diot:

Aita gurea, zeruetan

zaudena; santifikatua

izan bedi zure izena;

betor gugana zure

erreinua; egin bedi zure

borondatea zeruan bezala

lurrean ere".

(On Roman "Aita gurea" esaten hasten danean ezkutazapia geldi geldirik jaisten da).
Bigarren Egintzaren Amaia






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org