3.01 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Osaba »  3.01 agerraldia

Hirugarren ekitaldia

Iruditegia, lehenengo eta bigarren ekitaldian bezala


Lehendabiziko Agerraldia

I

Alejandro eta Bixente
(Ezkutazapia altxatzerakoan Alejandro eta Bixente elkarrekin hizketan ari dira)

Bixente.- Bai, jauna, bai. Eta eskutitz bat eman al diote?

Alejandro.- Bai; eman zidatek.

Bixente.- Olara ekarri zuten, eta berorri emateko Felixari eman diot.

Alejandro.- Eta, Felixak eman zidak. Eta batik bat horregatik deitu diat.

Bixente.- Bai, noski; berorrek hartu duen eskutitza galdu ote den jakiteagatik.

Alejandro.- Nik hartu badiat, nola nahi duk galtzea?

Bixente.- Eskutitz asko galtzen dela, esan ohi dutela. Baina, nirerik ez da galduko behinik behin.

Alejandro.- Ez al dakik idazten?

Bixente.- Zirriborro batzuk egiten, bai. Olan, fabrikan, egin behar izaten ditugu. Baina, zeini nahi du nik idaztea? Nire adiskideekin hitzez nahikoa izaten dut; eta Pillipa Lixibarekin berriz, oihuka.

Alejandro.- Aizak, hi: Pillipa hori, Nikolaxa Lixibaren alaba al duk?

Bixente.- Berbera. Gogoratzen da beraz.

Alejandro.- Ez nauk ba gogoratuko. Emakume gordin, bikaina huen.

Bixente.- Hau ere emakumez hainbestekoa da. Belarriak ez ditu hain bikainak.

Alejandro.- Gorreri aire zerbait.

Bixente.- Airea ez, trumoia. Hori, gaztainak erretzeko danbolina baino gorragoa da.

Alejandro.- Olan, zenbat urte daramatzak?

Bixente.- Asko. Hemezortzi urte nituela sartu nintzen eta... Urte mordoxka bat izan behar!

Alejandro.- Orduan hik ezagutuko huen... zera... Anbroxio?

Bixente.- Anbroxio Olio?

Alejandro.- Olio, bai. Olio deitzen ziotean, bai. Eta bigarren emaztea Maalen zian. Gogoratzen nauk nola abesten zioten:

Andre Madalen

Andre Madalen

laurden erdi bat olio.

Bixente.- Mutil koxkorrak ginela hamaika aldiz abestu genion.

Alejandro.- Maalen hura hil eta Anbroxio gizajoa bigarren aldiz alargun gelditu huen.

Bixente.- Hirugarren aldiz ere alargundu zen.

Alejandro.- Hirugarren aldiz ere bai? Ez zitzaioan lehenbizikoan damutu.

Bixente.- Eta, laugarren aldiz, bera bezalako alargun batekin, begi okerra gainera, ezkontzeko zegoela, gaitz txar batek harrapatu eta hil zen.

Alejandro.- Gizajoa! Gu mutil koskorrak ginela, guztirako hura genian. Ikastetxera ere harekin joaten gintuan. Olan baino etxean egoera gehiago egiten zian. Makina bat ipuin esandakoa...

Bixente.- Nola, ez. Berritsu hutsa zen eta. Hari, hitza sudurretik ere bazihoakion. Pixka bat ukitua zegoenean behintzat, zeinek isilarazi.

Alejandro.- Ordukoak... besterik... A! Rafael, kopetilun bat, guk beldur handia genioan... Beti amorratzen, beti haserre...

Bixente.- Bai, jauna, Rafael. Nagusiarekin haserretu zen...

Alejandro.- Norekin ez, hura.

Bixente.- Bada, Bartzelonara joan zen; eta gero, Frantzia aldi horretan hila izan behar du.

Alejandro.- Bai; nire gaztaroko guztiak hilak dituk.

Bixente.- Hura behintzat hil zela esan zuten.

Alejandro.- Bai, bai. Eta olan nola zabiltzate?

Bixente.- Ondo. Lana egin behar izaten da; baina ondo behintzat.

Alejandro.- Lanean baino hobeto, ez duk gizona inola ere aurkitzen.

Bixente.- Urte batzuk izan ditugu, erruz lana egin izan duguna. Egin ahala eginda ere, ezin lana menpetu. Orain ez dago halako aldirik.

Alejandro.- Eta nagusia, zer nolakoa duzue?

Bixente.- Ona baino hobeagoa. Hori, ez nagusia, guretzat aita bat da. Nire emaztea gaixo egon zenean ere, horrek niri egin zizkidanak! Guraso batek ez zuen gehiago egingo. Bizi naizen artean ez naiz ahaztuko.

Alejandro.- Ez; gizonak eskertsua izan behar dik.

Bixente.- Bai, jauna.

Alejandro.- Lehen aipatu duan eskutitz hartan, txartel hau bidali zidatek; eta honekin...

Bixente.- Bai, jauna, bai.

Alejandro.- Bai, jauna, zer?

Bixente.- Txartel horrekin... zerbait ekarri beharko dela noski.

Alejandro.- Hori esan nahi nian, baina ez didak bukatzen utzi.

Bixente.- Bai, jauna, bai.

Alejandro.- Bada, txartel honekin bide kutxa bat ekarri behar didak.

Bixente.- Oraintxe beribil astuna geltokira, estaziora doa, eta bertan ekarriko dugu.

Alejandro.- Ederki. Horrela lasterrago izango diat.

Bixente.- Berehala. Joan ordurako hemen da eta. Berorren garaian ez zen horrelako arintasunik.

Alejandro.- Ez; orduan geldixeago ibiltzen gintuan. Baina, orain ludia lasterrago zebilek, eta guk ere, azkarrago ibili behar. Hartzak bada txartela, eta... ez diok inori ezer esan beharrik; zuzen-zuzen gela horretan sartu behar duk.

(Ezkerrekoa erakutsiaz. Berehala Bixenteri txartela ematen dio.)

Bixente.- Bai, jauna. Berehala hemen du.

Alejandro.- Hemen, ez... Hor... hor

(Ezkerreko gela atea erakutsiaz)

Bixente.- Hor, bai. Laster esango diot: Hor dago!

(Bixente lasterka atzetik joaten da)

Alejandro.- Bota! esan beharko nik... Je! je! Etxe honetan, apaingarri berri hauen artean, lehengo ohitura zaharrak gordetzen dituzte; lehengo era berean bizi dira. Gizajo honek, lehengo Anbroxio bera dirudi. Honekin hizketan ari nintzen bitartean, ezin Anbroxio nire burutik bota nuen.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org