3.05 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Osaba »  3.05 agerraldia

Bosgarren Agerraldia

V

Alejandro, Katalina eta On Roman
Alejandro.- Bakoitzak bere bideari jarraitzen dio, eta, horiek, erotasuneko bidean ondo doazela esango nuke. Katalina nire iloba laztana, besterik da; haur maitea, etxekoia, maitetsua. Ezin horiekin bat egin lezake.

(Katalina eta On Roman atzetik sartzen dira)

Katalina.- Osaba!

On Roman.- Osaba!

Katalina.- Aldaketa hau, zer da?

On Roman.- Zer da hemengo mirari hau?

Alejandro.- Zatozte, zatozte... (Katalinari) Barren hori lasaitu al zaizu?

Katalina.- Zuri eskerrak...

Alejandro.- Ezta batere.

Katalina.- Osaba, ez dakit nola behar bezalako eskerrak eman.

Alejandro.- Orain arte egin didazun maitasun berarekin.

On Roman.- Baina, osaba, aldaketa hau, nola izan da?

Alejandro.- Behar duzun dirua atera al duzu?

On Roman.- Atera dut; eta orain datorrena datorrela, aurre emateko eran jarri naiz.

Alejandro.- Gehiago behar baduzu, gehiago atera. Ez kezkarik izan. Erantzuteko badut.

On Roman.- Nahikoa dut. Oso lasaitu naiz. Eta esker ugariak.

Katalina.- Ezin esan ahala, osaba.

Alejandro.- Hori ez da ezer.

On Roman.- Baina, zer da hemen gertatu dena?

Alejandro.- Gezur txiki bat esan nizuen, eta, orain, egia azaldu da. Hemen gertatu dena, horixe da.

On Roman.- Nola, ordea?

Alejandro.- Ez naiz txiroa; aberatsa, oso aberatsa naiz.

On Roman.- Aberatsa izan behar.

Alejandro.- Miloi askoren jabea.

Katalina.- Zergatik orduan txiro antzean etorri zinen?

Alejandro.- Esango dizuet. Diruak eman ditzakeen atsegin guztiak izan ditut; baina, nire bihotz gaixo hau, diruak ezin eman dituen atseginen egarri zen, eta egarri hau ezin ase nuen.

Katalina.- Zer, bada?

Alejandro.- Diruaren gozamenak hotzak dira, eta ni, gozamen epel, beroaz irrikitzen nengoen. Eta hainbeste urteren buruan, nire etxeaz gogoratu nintzen, eta hemen utzi nuen zorionaren oroipenez burua bete zitzaidan.

On Roman.- Etorri besterik ez zenuen.

Alejandro.- Nola hartuko ninduzuen ba al nekien?

Katalina.- Ikusi duzu.

Alejandro.- Orain, bai; ikusi dut.

On Roman.- Eta besterik ezin izan zitekeen.

Alejandro.- Aberats etortzen nintzela, zuen ongietorria, niretzat edo nire diruarentzat zen, jakingo al nuen?

On Roman.- Jakin behar.

Alejandro.- Ez da hain erraz. Honelakoetan, gezurrak ez bada ere, egia behintzat zerbait estaltzen da. Aberatsei egia gutxitan esaten zaie; behartsuari, bai. Horregatik ni behartsu antzean etorri naiz.

Katalina.- Eta aberats bezala hartu zaitugu.

Alejandro.- Eta egin didazuen arrera ona niri egin didazuela, eta ez nire diruari, argi eta garbi ezagutu dut.

On Roman.- Ezin besterik egin genezakeen.

Alejandro.- Etxe honetako zorionaz oso txoraturik gelditu naiz. Horrelako zorionik ez dute milioiak ematen; diruak ez du ahalmenik horrelako era atseginik taxutzeko. Sendi, senide arteko maitasun gozoa, antzekorik ez duen zerbait da.

On Roman.- Zure eta nire aurrekoen era berari jarraitzen diogu.

Alejandro.- Euskal Herriko sendi zoriontsuen era maitagarriari.

Katalina.- Euskal izaera zaharrari.

Alejandro.- Ez dut bada besterik behar. Zuentzat nire diruak, eta utz nazazue niri, nire azken urteetan, zuen kabi maitatiko epeltasun xamurrean kutsatzen.

On Roman.- Osaba!

Katalina.- Osaba!

(Bi bilobak osaba laztantzen dute)
Ezkutazapia jaisten da

Amaia








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org