Irugarren laukia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Ramuntxo »  Irugarren laukia

Bigarren Egintza





Irugarren Laukia




Lenbiziko Egintzan lenengo laukiko ezkaratza. Lengo etxe-tresnaz gañera lastozko besalki bat. Arratsaldeko ordu biak dira. Atzeko atea oso itxia dago. Leyoa pixkat irikia, ta andik sartzen dan argi errañuak ezkaratza argitzen du.



Lenengo Irudia I



Pantxika, gaxo, besalkian exerita. Pilar neskame gazte antzeko bat. Armario gañeko gauzak antolatzen ari da. Gauz aben artean edontzi ta sendagaidun ontziak izango dira.. Geroxeago Apaiz jauna.

Pantxika.- Pilar, ¿zer ordu da?

Pilar.- Bañan ¡Lezo’ko Kristo donea! ez bedi kezka orretan egon. Beorri larrituakin ez da ura lenago iritxiko.

Pantxika.- Egia diozu; bañan nere nai au, ezin menperatu det. Oso nekaturik begiak ixten ditut, eta ikusteko zalantzak iriki-azitzen dizkit berriro. Semea ikusi gabe iru urte egotea, zuk ez dakizu ama batentzat zer dan.

Pilar.- Jakingo ez det bada. Iru urte dira: urte bete iru bider, edo iru bider urte bete.

Pantxika.- ¡Betikotasun bat da!... Baña, zer ordu dan esaidazu.

Pilar.- Aistiyan ordu biyak entzun ditut.

Pantxika.- Amabiak inguruan Gorostiaga’ra iritxiko zan... an bazkaltzen gelditu dala, iru bat ordu laurden bearko zituen... gutxiago onenean. Bera’re ni ikusteko zaleturik egongo da ta...

Pilar.- Utzi bitza buru-auste oiek eta lo kuluxka bat egin bear du. Beorri ez dago orrelako nasketan ibiltzeko. Gorostiaga’ra trena bere orduan iritxi dala ere, zalburdiak bere astia biar du. Beaz, utzi gañerakoak alde batera, ta lo egin beza.

Pantxika.- Lo... ¿Bañan, nola?

Pilar.- Begiak itxi, ta ezertan oldoztu gabe. Sayatu bedi.

Pantxika.- Sayatuko naiz.

(Geldi aldia, Pantxika’k, lo egin nairik, begiak ixten ditu. Asnasa larria dauka. Pilar’ek bere lanari jarraitzen dio. Laster Pantxika’k, asnasik ezin artu balu bezela antsi larri bat egiten du).

Pilar, leyoa iriki zazu geyago.

Pilar.- ¿Iriki? ¿Bañan ez du ikusten argi geyago sartuko dala, ta lo egiten zallago izango duela?

Pantxika.- Iriki zazu... aizea bear det... ¡Itotzen naiz ta!

(Pilar’ek leyoa irikitzen du. Une berean Apaiz jauna leyo aurretik igarotzen da, ta ataritik neskameari esaten dio):

Apaiz j. .- ¡Zu! ¡Zu!.. Txeletan ¿e?

Pilar.- Ez, jauna; etxekoandreak aizea bear omen du ta...

Apaiz j..- Bai; etxekoandreak aizea bearko du, baña zuk, zure Juan bearko dezu noski. Tira, tira, atea iriki zaidazu.

(Pilar’ek atea irikitzen du).

Pantxika.- ¿Norekin itzegin dezu? ¿Apaiz jaunarekin?

Pilar.- Bai, andrea.

Apaiz j. (Sartuaz).- Eta ona emen bera.

Pantxika.- Ongi etorri.

Apaiz j..- ¿Nola gera? ¿Nola?

Pantxika.- Ez dakit nola esan ere. Beñere baño gaizkiago arkitzen naiz, eta beñere baño obetoago.

Apaiz j..- Asmaketa ori somatzeko Santa Rita’ri deitu bearko diogu; nik beintzat ez diot tajurik ematen.

Pilar.- Bada nik, batere santa izan gabe, badakit zer esan nai duen. Gaizki dagola dio, ala dagolako; ta obetoago dagola berriz, semea irixteko zalantzan arkitzen dalako.

Apaiz j..- ¡Egia! ¡Gure Ramuntxo gaur datorkigu!

Pilar.- Eta etorrera orrekin oso nastutua dabil.

Pantxika.- ¿Gaizki egiten al det?

Apaiz j..- Zuk uste dezun baño gaizkiago. Lenbizi: ez dezu egin sendagillearen agindua. Ez jeikitzeko esan zizun, eta zu, jeiki egin zera.

Pantxika.- Ramuntxo’ri poz ori emateagatik. Oyean edo jeikita arkitu, ez bai da gauza berdiña.

Apaiz j..- ¿Eta zer? Ramuntxo’k ondo ez zaudela badaki; ta ondo zaudelako itxura egite arren, egiaz gaizkiago jartzea, milla aldiz okerrago izango litzake. Ama bat iru urteren buruan semea ikusteko zalantzetan egotea, gauza jakiña da; baña zalantz orrek ez dezayola osasuna daukan baño geyago galdu-arazi. Gogora zaitea berriz, zure semeak zu gaxo ikusteko samintasunaz gañera, beste zorigaitz bat ere baduela. Badakizu norena... Maritxo’rena.

Pantxika.- Alderdi orretatik lasai xamar nago.

Apaiz j..- ¿Nola?

Pantxika.- Ramuntxo’k guzia jakin du, ta orretzaz aztuko dala dio.

Apaiz j..- ¿Aztu?

Pantxika.- Azkeneko eskutitzan, ala esaten zidan. Pilar:

Pilar.- Andria,...

Pantxika.- Emaidazu jaokun orretan dagon eskutitza.

Pilar.- ¿Egunero, lau edo bost aldiz irakurtzen duen ori?.. Onezkero buruz ikasia izango du.

(Jaokundik eskutitza ateratzen du. Apaiz jauna exertzen da.)

Pantxika.- Egia diozu; nere oroimenean josia dago.

Pilar (Eskutitza emanaz).- Ona emen.

Pantxika.- Nador gudategitik idatzia da, ta emen, azkenean ona zer dion:

(Irakurriaz) “Maritxo’ren eskutitzik artzen ez nituelako kezkak, zerbaitengatik ziran. Berriak oneraño iritxi dira; bai, amatxo maitea, zuk gorde nai zenizkidan berriak jakin ditut.

“Gaizki egin dezu. Ni bezin. urruti arkitzen danean bat, guzia jakitea, naiz garratza izan, ezer ez jakitea baño obea da.

“Il zala, esan bazidaten, gaitz txikiagoa egingo zidaten. Bere eskeñiak aztu, bere itza jan, eta ezer esan gabe moja-etxe batera iges egin... Ez nuen beñere orrelakorik usteko.

“Baña, ama, neretzako Maritxo amaitu da. Beraganako naitasuna, nere biotzetik betiko aldendu da.

“¿Ta orrengatik ez nitzala geyago errira joango uste zenuen? Ez, amatxo maitia; ludi onetan zure naitasun bakarra gelditzen zait, eta baimena izaten dedan bezin laster, zure besoetara gogotsu juango naiz.

“Bitartean, amatxo, ar zazu zure semearen laztan bero maitetsua. Ramuntxo.”

(Irakurtzen ari dan bitartean nekea ezagutzen zayo, ta azkenean zorabio batek ematen dio.)

Apaiz j..- Pantxika: gauzak ez dituzu orrela artu bear. Eskutitz onek poztu egin bear zinduke, ta ala ere...

Pilar (Armario gañetik artu duen sendagai bat Apaiz jaunari emanaz).- Sendagai au artu-azi bezayo. Txorabiorik izaten bazuen, ontatik emateko sendagilleak agindu du.

Apaiz j. (Sendagaia zali batian Pantxika’ri eskeñiaz).- Tira, Pantxika: ar zazu sendagai au. (Pantxika’k artzen du.) ¡Ajaja! Ederki... Orain, oyera.

Pilar.- Ori da. Ia lo pixka bat egiten duen. Ramuntxo bitartean etortzen bada, itxoin aziko diogu.

Pantxika.- Ez, ori ez, iñola’re ez.

Apaiz j..- Ez, emakumia, ez. Etortzen danean, neronek esnatu-aziko zaitut.

(Apaiz jaunak eta Pilar’ek lagundurik Pantxika altxatzen da.)

Tira, eldu Pilar’i ta neri... ta, goazen geldi geldirik.

Pantxika (Eskui aldera joanaz).- ¿Zer ordu da?

Pilar.- Jo dute. ¿Bañan, erlojutik zintzilik egon bear al degu beti?

Pantxika. Onezkero emen izan bear zuen... ¿Zerbait gertatu ote zaio?

Apaiz j..- Ez, emakumea, ez. Bere garayan iritxiko da.



Bigarren Irudia II



Lengoak, Arroxko, Florentino. Beriala Itxua ta Ramuntxo. Azkeneko au oñezko gudarien jantziarekin. Besoetan sarjento urre-galartsuak. Bular gañean bi gurutze.

Surpeko txiki bat.

(Arroxko ta Florentino ataritik ojuka)

Arroxko.- ¡Pantxika!.. ¡Pilar!..

Florentino.- ¡Emen dator!

Pantxika (Ate ondoan arrituta gelditurik).- ¿E?... ¿Zer diote?

(Arroxko ta Florentino atzetik sartzen dira.)

Arroxko.- ¡Or da!

Florentino.- ¡Emen dator!

Pantxika.- ¿Egietan?

Arroxko.- Emen da Ramuntxo.

Florentino.- Itxua’rekin dator.

Pantxika.- ¡Nere Ramuntxo, emen al da!

(Apaiz jaunari) Orra zergatik ez nuen nai oyeratu.

Apaiz j..- Bai, baña, orain, etzaiteala zure onetatik atera.

Arroxko (Atetik begira egon ondoren).- ¡Ona emen!

Ramuntxo (Itxuarekin sartuaz).- ¡Amatxo!

Pantxika.- ¡Nere biotzeko semea!

(Ama semeak besarkatzen dira. Geldi aldia. Besarkatuta luze xamar daude.)

Apaiz j..- Tira, tira. Naikoa da, Pantxika. Besteak ere besarkatu bear degu.

Pantxika.- ¡Nere Ramuntxo!

(Pantxika’k ondo ez dagola ezagun du ta besalkiari eltzen dio.)

Ramuntxo.- ¡Ama!... Ez al dago ondo?

Pantxika.- Ez da ezer.

(Pilar, Ramuntxo ta Apaiz Jaunak besalkian etzaten dute.)

Ramuntxo.- ¿Sendagilleari deituko al diogu?

Pantxika (Bere burua osasundun egin nairik).- Ezer ez dala esan diat. I ikusteko pozak pixken bat limurtu niok. Bañan orain, ongi niok... Oso ongi.

(Bere semeari maitetsu begiratuaz).

Apaiz jauna: beñere baño bikañago etorri da.

Apaiz j..- Oso gizon egiñik dator.

Itxua.- ¿Ez dakizutela, bere jazkera orrekin eta bibote oyekin noren antza ematen diodan?

Arroxko.- ¿Napoleon’ena?

Itxua.- Ago ixilik, kaikua. ¿Nun ikusi dek ik Napoleon biboteakin?

Florentino.- ¿Garibaldi?

Itxua.- Ez, gizona, ez. Apaiz jauna: ¿Beorri ez al zayo iruditzen, neri bezela, Zumalakarregi ber bera ematen duela?

Apaiz j..- Neri ez; baña ik esan ezkero...

Itxua.- Zumalakarregi ez bada, Espartero, gutxienaz bada ba.

Pantxika.- Eta seme, esaidak: ¿Neke asko eraman bear izan al dituk?

Ramuntxo.- Bai, ama; baña, guzitara jartzen da.

Florentino.- ¿Eta moruak?

Ramuntxo.- Gaiztoak dituk.

Arroxko.- ¿Eta emakumezkoak?

Ramuntxo.- Gaiztoagoak oraindik.

Itxua.- Emen bezela. Ia bestela, Maritxo’k orri...

Apaiz j..- Ixo! Gauz oyek ez dira emen gogoratu azi bear.

Itxua.- Emen ixilduko naiz; bañan orren ama (Arroxko’gatik) ikusten dedanean, ederrak entzun bear zizkiak.

(Florentino’k par egiten du.) ¿Zeri par egiten diok?

Florentino.- Iru urtean gauza bera esaten ari aiz ta...

Apaiz j..- Aski dala esan det.

Arroxko.- Asti aundirik ez ziok, eta guazemak pelotaldia tajutzera. Gero, onen billa etorriko gaituk.

Pantxika (Arriturik).- ¿Ramuntxo’ren billa?

Florentino.- Noski. Etorri dala, erri guziak badaki, ta ¿zer esango luteke ez balitz agertuko pelota tokira?

Itxua.- Ta ire jazkera orrekin berarekin jokatu bear dek, gurutze ta urregalartsu ta guzi. Ta ikusiko dezute nola guztiak esango duten: “Boina batekin, Zumalakarregi”.

Apaiz j. (Par irriz).- Ala izan bearko dik bada.

Pantxika.- Bañan Ramuntxo, nekatua etorriko da, ta jokatzen ere aztuko zitzayon.

Ramuntxo.- Ori ez, ama. Melilla’n iganderik geyenetan jokatzen nuen... Bañan, orain ez det zure aldamenetik une bat ere aldendu nai.

Apaiz j..- Ederki esana.

Itxua.- Ala bada... Erriak ongi-etorri bat egin nai zion... Guztiak ospatu nai zuten...

Pantxika.- Bai; ta zorion ori ez diot utzi-arazi bear. ¿Ez da ala?

Arroxko.- Guk nai genuen...

Pantxika.- Ordu batzuek alde egitea zer ajola dit, geyago nigandik ez joateko etorri bazait.

Ramuntxo.- Bai, ama; beñere ez alde egiteko. (Amari besoetatik elduaz).

Pantxika.- Gañera ni... ez nago ondo, egia da, bañan, ain gaizki ere,ez; eta alaitu dedilla bere lagun zarrakin.

Itxua.- ¡Betiko lagunakin!

Arroxko -Florentino.- ¡Gurekin!

Apaiz j..- Orain ere, nai dezutena egingo dezute.

Pantxika.- Ta ederki egingo dute. Ramuntxo’k ez balu nai, naigabe bat izango nuke.

Florentino (Ramuntxo’ri).- ¿Entzun al dek?

Ramuntxo.- Ongi ziok: billa etorri zaitezte.

Itxua.- ¡Aufa! ¡Egiña ziok!

Florentino.- ¡Joango dek!

Apaiz j..- ¡Ixo! Zuen zalapartak ez ziotek Pantxika’ri onik egingo; ta goazemazute emendik.

(Ramuntxori besoak luzatuaz).- Ramuntxo: gero arte.

Ramuntxo.- Apaiz jauna: badakit nere amari zer laguntza eman dion, eta gaitz egiten didanaz errex aztutzen banaiz ere, ongi egiten didanaz ez naiz beñere aztutzen.

Apaiz j..- Ago ixilik txorakeririk esan gabe, ta ator nere besoetara.

Ramuntxo.- Biyotz osoarekin.

(Besarkatzen dira. Gero Ramuntxo’k apaizaren jazkiari begiratzen dio, ta berria dala ezagutzen du.)

Apaiz jauna, jazki ederra.

Apaiz j. (Sudurra beatzakin igurtziaz).- Ez dek txarra, ez.

Itxua.- Nik kontrabandoan pasia, ta oñetakoak ere bai... ta len ere esan nuen, eta sudurra purrukatzen duen egunean, nik berri bat ekarriko diot.

(Guztiak par egiten dute.)

Arroxko.- Ire billa etorriko gaituk.

Itxua.- Gero arte.

Ramuntxo.- Agur.

(Itxua, Arroxko, Florentino ta Apaiz jauna atzetik juaten dira.)

Pilar: zuaz sendagillearengana, ta esaiozu berarekin itzegin nai nukela, ta lenbailen etortzeko.

Pilar.- Ondo da.

(Atzetik joaten da.)



Irugarren Irudia III



Pantxika ta Ramuntxo

(Bere amaren oñetan belaunikatuaz.)

Ramuntxo.- ¡Ama!... ¡Amatxo!... Egia esaidazu... ¿Gaizki al zaude?... ¿Noiztik zaude onela?

Pantxika.- Lau aste izango dek; bañan, ez adi izutu, seme.

Ramuntxo.- Mazkaldua arkitzen zaitut... ¿Sendagilleak zer dio?

Pantxika.- ¿Sendagilleak?... utsa. Bañan, ez bildurtu, Ramuntxo; juan dan egunetan baño obetoago nere burua arkitzen diat.

Ramuntxo (Saminki altxiaz).- Ez dakit zer dan guregandik zoriona aldendutzen duana. ¡Besteak ain errez irixten duten zorion ori!... Florentino’k ezkondu dala esan dit... aur bat ere omen du.

Pantxika.- Aur zoragarri bat.

Ramuntxo.- Onera netorrela, Martin Iribarren’en bi alabakin arkitu naiz. Ni joan nitzanean nexka koxkor batzuek utzi nituen; orain oso emakume egin dira, ta neskatxa ederrak daude. (Oso minberaturik) Etxetik irteten Maritxo’ren ama ere ikusi det.

Pantxika (Batetan sumindurik).- ¡A... ¡Emakume ori!... ¡Ezin txinixtu litekek bere txartasuna!

Ramuntxo.- Eta guri digun gorrotoa.

Pantxika.- Ire gaitz guztiak, eta nereak ere bai, emakume orrengandik zetorztik. Orrek, Maritxo’k nai ez arren, moja sartu arazi dik, urrutira eramanik... ara, Naparru ingurura... Amezketan uste diat... bañan ziur ez niok. Urte betean iru moja-etxe aldatu-azi zizkiok eta...

Eta, Ramuntxo, esaidak: ¿ire eskutitzan jartzen ukana, egia al da, edo ni ez samintzearren jarri ukan? ¿Egietan Maritxo’tzaz aztu al aiz?

Ramuntxo (Erdi zalantzan).- Oso aztu ez banaiz ere, aztutzeko alegiñak egiten ditut; baña...

Pantxika.- ¿Zer?

Ramuntxo.- Onera iritxi naizenean Arroxko’k gai onetaz itzegin dit.

Pantxika.- ¿Bere anayak? ¿Eta zer esan dik?

Ramuntxo.- Maritxo’k etzuela nai. Nai ta nai ez eraman zutela. (Erdi zalantzan) Eta ni...

Pantxika.- ¿Zer gero?

Ramuntxo.- Arroxko’k, nere anai bat balitz bezela, biotzetik sortzen zitzaizkan esakuntza gartsuakin itzegin dit.

Pantxika.- Gizarajoa, ire alde izan dek beti.

Ramuntxo.- Azkenean esan dit, Maritxo’k berriro ikusiko banindu... ¿Nabaitzen didazu, ama, zer esan nai dedan?

Pantxika (Kurruka izan liteken poztasunezko keñada bat ezin gorderik). ¿Ori esan dik?

Ramuntxo.- ¿Orrelakorik egitera jarriko banitz, ama, barkatuko zenidake?

Pantxika.- ¿Barkatu?... Badakik bayetz. Bañan, Ramuntxo, etzakala orrelakorik egin, otoi egiten diat... Zorigaitza ire ta arren gain ekartzea izango uke.

(Geldi aldia) ¿Zergatik ez dek egiten eskutitzan esaten ukana? ¿Zergatik ez aiz artzaz aztutzen?

Ramuntxo.- ¡Ain zalla da! Aztu nai nuke, alegiñak egiten ditut, nere buruari gogor egiten diot, eta ezin. ¡Ainbeste maite nuen!... ¡Ainbeste!... Ura gabe, nere bizia eriyotzaren otz ikaragarrian estalia arkitzen da. Bakarrik, Jaungoiko ontsuak, nere malko garratzak txukatzeko iraun-azitzen dizu ama maite orri. (Ama laztanduaz).

Alaz guztiz, neroni etzitzaidan beñere orrelako gauzik gogoratuko. Arroxko izan da. Nere burutik bota nai nituzken, eta geroago ta sendoago nere naiari lotzen zaizkan asmo oyek, anayak berak nere gogoan esnarazi ditu.

Arroxko’rekin itzegin baño len, ez nitzan ain zorigaitz arkitzen. Maritxo’tzaz gogoratzen nitzan, bai, egiya da; bañan urrun urruneko gauza batez bezela, ildako batengatik negar egiten degunean antzera.

Bañan, nere gogoa itxaropenaren asnas pozgarriarekin bete didaten ezkero, nere buruari esaten diot: moja-etxe bat ez dala illobia, moja-jazki bat ez ere il-kutxa. Ta buru-estalki zuriaren barrenen iraungo dutela oraindik bi begi beltz eder maitagarriak, bi begi zoragarri ainbeste aldiz zoriona eskeñi zidatenak. Ainbeste...

Ama, txinixtu zaidazu: nereak ziran gogo, biotz eta naimenak orrelako aldaketa egiteko, gauza gogorrak, ikaragarriak gertatu bear izan dira. Bañan, ni orain, arrekin, aurrez-aurre ikusi al banedi, nere begiak bereetan josi al banitza... ¡Nork daki!

Pantxika.- Egia diok... ¡Nork zekik! Bañan, alaz guztiz, lengo naitasun sutsua esnatu-araziko bauke ere, ¿zer egin ezakek ondoren? Gizon baten ondotik moja-etxea utzi, ta iges egiten duen emakumea, Euskal-errian ezagutu ez dan zerbait dek. Eta gero: ¿non biziko ziñateke? Jende guziak zuen ondotik alde egingo litekek. Fedegabekotzaz gaizki ikusiak izango ziñeteke... ¿Nora juan?... ¿Nora?...

Ramuntxo (Geldi aldi txiki baten ondoren, bildurti ta ixil antzean).- Amerika’ra.

Pantxika (Samintsu).- ¡Amerika’ra! Beti Amerika’rako griña!

Ramuntxo.- Etzaite asarretu, ama. Ez det esan nai egitera nuala... Orain, beñere baño gutxiago. Badakizu, asmo bat besterik ez da. Asmo ori egingo det, edo ez. Bañan, nolanai dala ere, orain ez, geroago...

Pantxika.- Nabaitzen diat... ni ildakoan.

Ramuntxo (Kezkaturik).- ¡Ez ama! ¡Ori ez!

Pantxika.- Buruan ori dabilkikala ezagutzen diat. Gaur, nere onduan agon ezkero obetoago egon arren, gaizki nagola bazekiat. Bañan ludi ontan nagola edo betikotasunean arkitzen naizela, asmo bat besterik ez diat izango: iri barkatu, i onetsi ta itzaz otoi egin zorionekoa izan adin.

Ramuntxo.- Bai, amatxo; baña asmo ori nere besoetan bete bear dezu.

Pantxika.- Entzun nazak, seme..., Bakarrik gelditzen aizenean, nork itzaz begiratuko duen espa aundia ematen ziak. Ire aitatzaz ez diat beñere itzegin...

Ramuntxo.- Ez det ezer jakin nai ere. (Aldendu, ta entzungor egiñaz).

Pantxika.- Gizon aberatsa ukan; lagundu lezaikek. Nik, nerekin ekarri indutan, emen, gure mendi tarte abetan, irekin euskaldun jator bat, gure aurrekoak izan ziran bezela euskaldun bene benetako bat egiteko. Ala ere, apaiz jaunak, nik emanda, gordeak zeuzkak ire aitaren argazki, izen ta ezaubidea, eskutitzak... Ni iltzen naizenean, emango dizkik...

Ramuntxo (Sutsu).- Eta nik surtara botako ditut. Zuk, ni izatea nai zenuena izan nai det. Zureetakoa, zure abendakoa, pelotaria, kontrabandixta; baña, zure aurrekoen antzera, bene benetako euskalduna. Ta ez det beñere zure izena besterik eramango. Beti deituko naiz: Ramuntxo, Pantxika’ren semea.



Laugarren Irudia IV



Lengoak, Itxua, Arroxko eta Florentino. Geroago Pilar.

Arroxko (Besteakin atzetik sartuaz).- Egiña ziok. Beti bezela, biak alkarrekin jokatuko diagu; ta beste alderditik, Lasarte bi anayak.

Pantxika.- ¿Erri guzia, Ramuntxo ikusi nayean egongo da, e?

Itxua.- Gaur ez da geldituko arkakusorik ere, pelota-tokira joan gabe.

Pilar (Atzetik sartuaz).- Sendagilleak esan dit, lenago bear ez bada, illunabarrean etorriko dala.

Pantxika.- Ederki. Ordurako pelota-jokutik etorriko aiz.

Ramuntxo.- ¿Bañan, pelotan jokatze ori, egietan al da?

Arroxko.- ¿Zer uste ukan bada?

Pantxika.- Bai, bai; joatia, jokatzea ta irabaztea nai diat.

Itxua.- Joan baño len irabazia dauka.

Ramuntxo.- Ama: orrela nai badezu...

Pantxika.- Bai, bai.

Ramuntxo.- ¿Baña, jantzi onekin jokatu bear al diat?

Arroxko.- Agertu beintzat, bai.

Itxua.- Ori dek. Eta gero an bertan aldatuko aiz.

Florentino.- Geronek eramango diagu guzia.

Pantxika.- Armario orretan daude galtzak, gerrikoa, alkandora ta boina.

Pilar.- Ta xextua, an zintzilik.

Arroxko.- Ekazkitzu.

(Pilar’ek armariotik jazkiak atera ta gizonai ematen dizkie).

Ramuntxo (Amarengana joan eta besarkatuaz).- Amatxo: beste besarkada bat.

Pantxika.- Gero arte, seme.

Ramuntxo.- Bereala emen natzaizu.

Florentino.- Guzia artu diagu.

Itxua.- Goazemak bada.

Ramuntxo (Atzeko atetik).- ¡Amatxo!

(Gizaseme guztiak atzetik juaten dira)





EZKUTA-ZAPIA JEXTEN DA

IRUGARREN LAUKIAREN AMAIA









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org