1.1. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  1.1. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan



Lehenengo Egintza

Eskuinetara baserri patxadako bat, bere ate eta leihoekin. Atzean eta ezkerretan zuhaitzak, arto-soroak eta abar





Lehenengo Irudia

I

Joxpakiña eta Axeria



(biak atarian hizketan)



JOXPAKIÑA Atzo ezkero halako kezka, kardaba, ezin egona daukat.

AXERIA Eguraldiak egiten du hori, Ilargi behera nola dagoen.

JOXPAKIÑA Ez; ez da horrena.

AXERIA Horretarako, txarrangileen ura oso ona dela esan ohi dute.

JOXPAKIÑA Zer izan behar du.

AXERIA Katuen hesteekin egindako mijirua ere berebizikoa da.

JOXPAKIÑA Baita saguzarren koipea ere. Ez da hori, gizona.

AXERIA A! Orain gogoratzen naiz. Gure auzoko Patronilla kezkekin egon zenean, itzainak eman zizkioten.

JOXPAKIÑA Bai; akuilu eta guzti. Izainak esaten da, ez itzainak.

AXERIA Dena dela. Odol bel-beltza atera zioten. Patronillaren kezka eta kardabak hantxe zeuden.

JOXPAKIÑA Nirea, ordea, buruko gauza bat besterik ez da.

AXERIA Burukoa ba. Oinetakoa balitz, badakigu zer behar den; pasmobelarra, kataplasma batzuk eta…

JOXPAKIÑA Ez, ez, ez. Ez diozu ezeren antzik ematen. Ni, atzotik kezkaz beterik banago, gaur gertatu behar duen, edo honezkero gertatu den gauza batengatik da.

AXERIA A! Horretarako, Ilunpeko Mañaxi, atso zahar hura bizi izan balitz. Hark askotan horrelako gauzak asmatzen zituen. Baina, hil zen eta, ezin galdetzera joango gatzaizkio.

JOXPAKIÑA Ez noski; eta ez dugu haren beharrik ere. Nik jakin nahi dudanaren berri, oraindik ez bada ere, laster jakingo da.

AXERIA Zer da gero?

JOXPAKIÑA Loteria.

AXERIA A! Loteria.

JOXPAKIÑA Bai: eguberrietako loteria.

AXERIA Eta askotxo jokatzen, e?

JOXPAKIÑA Mila pezeta!

AXERIA Um! Ez da ahuntzen gauerdiko eztula! Mila pezeta! Askoak izan behar dute.

JOXPAKIÑA Mordoxka bat badira.

AXERIA Bai; bata bestearen gainean jartzen hasita ere pila galanta egingo lukete… Eta, nolatan…

JOXPAKIÑA Esango dizut. Orain dela sei bat urte Idiazabalen hil zitzaigun nire senarraren lehengusu indiano bat.

AXERIA Bai, indiano-herria dela esan ohi dute.

JOXPAKIÑA Zerbait kutsu izango genuela esan ziguten, paperak aterarazi zizkiguten, makina bat joan-etorri eginarazi ere bai; baina, urteak joan eta urteak etorri, ez zen hemen ezeren zantzurik. Nik oso galdutzat eman nuen.

AXERIA Horrela gertatzen omen da.

JOXPAKIÑA Honetan, gutxiena uste genuenean, ez bat eta ez bi, guri zegokiguna zela esanaz, mila pezetako txartel, billete eder bat bidali ziguten.

AXERIA Ederra izan behar.

JOXPAKIÑA Bulda adinakoa bazan.

AXERIA Nola ez, mila pezeta osatzeko.

JOXPAKIÑA Ertz batean, (norbaitek jarria) hizki, letra beltz-beltzekin zeukan: “Tantarrantan”.

AXERIA Tantarrantan?

JOXPAKIÑA Nire hura eskuetan hartu nuenean esan nuen,…

AXERIA Badakit zer esango zenuen: Tantarrantan!

JOXPAKIÑA Horixe esan nuen bada.

BIAK Tantarrantan!

JOXPAKIÑA Berehala diru hori loterian jokatzea bururatu zitzaidan.

AXERIA Nire emazteak horixe bera egingo zuen.

JOXPAKIÑA Ea, uste gabeko diru horrekin, loteriak beste ustekabeko bat ematen ote zigun.

AXERIA Nire emazteak bezalaxe. Baxoerdi bat edateko, bost koarto eskatzen badizkiot, nork hari atera? Ezta… ezta… Makina bat aldiz taberna aurrean igaro izan naiz, eta barrendik oihuka: “Axeria, baxoerdi bat” – Ez, gaitz egiten zidak. – Neure artean: bestek edatea, bai. Nork ordea nire emazteari ardit bat atera?

JOXPAKIÑA Horretan emakume zintzoa bezala azaltzen da.

AXERIA Baina, dema, joko, apusturen bat denean, orduan ez dago gupidarik. Azkeneko idi apusturakoan ere, hogeita hamar duro eginak eman zizkidan. Adar motzen alde egin genuen, eta gure hogeita hamar duroak txistua joaz han joan ziren. Gero esaten du eztarri zulotik doana galdua dela. Eta apustuan galtzen dena irabazia al da?

JOXPAKIÑA Neroni ere horrelakoxea nauzu.

AXERIA Bai, bai, ezagun da.

JOXPAKIÑA Nire senarrari, aitatu besterik ez nion egin, eta oso haserretu zitzaidan. Egunetan eta egunetan hitzik egin gabe mokoa estututa egon zen, baina nik beti zio eta zio, azkenean ere, ez berehalakoan baina nire gizona limurtu nuen eta Donostiara joan eta billetea erosi zuen.

AXERIA Azkenean ere.

JOXPAKIÑA Billetea ez zuen ekarri; Donostian utzi zuen.

AXERIA Ederki egina. Paper puntta horiek baserrietarako badaezpadako gauzak dira. Ea, bestela, Aranobason hogeita bost pezetako paper harekin gertatu zena. Txerriak jan eta pusken bat aterako ote zen ibili ziran, baina alferrik. Azkenean ere hogeita bost pezetak urdaiazpikotan bihurtu zitzaizkien.

JOXPAKIÑA Horrengatik bada. Baina, numeroa ekarri zidan: hamar mila bostehun eta hogeita bat.

AXERIA Hamaika mila eta hogeita bat mila…

JOXPAKIÑA Ez gizona: hamar mila bostehun eta hogeita bat.

AXERIA Hamabi mila…

JOXPAKIÑA Hamar mila.

AXERIA A, bai: hamar mila.

JOXPAKIÑA Bostehun eta hogeita bat.

AXERIA Bostehun eta hogeita bat. Hori da.

JOXPAKIÑA Numero hori paper zuri handi batean jarrarazi nuen, eta oheburuan zintzilik hantxe daukat. Eta oheratzerakoan, lehenago San Antoniori bezala, gauero Aita gure bat papertxo hari errezatzen diot.

AXERIA Eta loteria horrek noiz atera behar du?

JOXPAKIÑA Madrilen gaur aterako zen. Horrengatik nago bada zalantzaz beterik.

AXERIA Ez da harritzekoa, ez.

JOXPAKIÑA Honezkero Donostian badakite, eta hemen ere laster jakingo da.

AXERIA Nahi baduzu, herrira joango naiz zerbait sumatzen ote dudan.

JOXPAKIÑA Eskertuko nizuke. Bada ikusten duzun bezala, hori jakin artean ez daukat ezertarako kemenik.

AXERIA Berehala joango naiz ba.

JOXPAKIÑA (Etxeko atera joanaz) Zoaz, bai, zoaz. (Etxeko atetik) Ez gero numeroaz ahaztu.

AXERIA Ez, Joxpakiña, ez: Hamahiru mila eta…

JOXPAKIÑA Ez gizona: hamar mila…

AXERIA Egia, egia: hamar mila bostehun eta hogeita bat.

JOXPAKIÑA Hori da. Ea mandatua zuzen egiten didazun.

AXERIA Horretan bai ez duzula kezkarik izan behar.

JOXPAKIÑA Ikusiko dugu bada. (Joxpakiña etxean sartzen da).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org