|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
II
Joxpakiña eta Narxixo.
JOXPAKIÑA Adi ezazu, Narxixo…
NARXIXO Zer egin du Joxe Ramonek?
JOXPAKIÑA Ondo dago.
NARXIXO Hobe, hobe.
JOXPAKIÑA Eta, zenbat esan zenuen erori zitzaigula?
NARXIXO Zazpi milioi t’erdi pezeta. Pezetak gero!
JOXPAKIÑA Bai, bai. Eta zenbat bezala egiten dute?
NARXIXO Zenbat…
JOXPAKIÑA Antzik ematen ez baitiot zenbat izan litekeen.
NARXIXO Nola esango dizut ba nik… Hara… har ezazu mila pezetako billete bat… Loteriarako eraman zenutena bezalakoa… Nola jartzen zuela tarrapatatan edo…?
JOXPAKIÑA Tantarrantan.
NARXIXO A, bai; tantarrantan. Ba jarri billete horietako bat lurrean, eta bestea bere gainean, eta bestea, eta bestea; hamar, hogei, ehun, bostehun, mila osatu arte. Mila milako, e?
JOXPAKIÑA Mila milako! Zutik egoten ere lanak ditu.
NARXIXO Bai; Axeriak harrapatuko balitu ez litzateke zutik egongo.
JOXPAKIÑA Mila milako!
NARXIXO Bai: horiexek dira milioi bat.
JOXPAKIÑA Milioi bat!
NARXIXO Berehala, beste pila bat. Beste mila milako. Eta bestea, eta bestea: zazpi pila osatu arte. Zazpi mila milako.
JOXPAKIÑA Hori ez da nire buruan sartzen.
NARXIXO Zure buruan? Esan nizun ba: ezta mandioan ere.
JOXPAKIÑA Neurririk ez du honek.
NARXIXO Ondoren beste pila…
JOXPAKIÑA Oraindik ere gehiago?
NARXIXO Milioi erdia.
JOXPAKIÑA Honek ez al du azkenik?
NARXIXO Bostehun milako.
JOXPAKIÑA Baina horiek, nik ametsetan ikusi nituenak baino ere gehiago dira.
NARXIXO Horiek ezin esan ahala dituzu.
JOXPAKIÑA Erotzeko ere bada.
NARXIXO Hara: mila pezetako paper horiek guztiak urretan bihurtu, hasi urrea jaten, babarrun aleak balira bezala. Gau eta egun urrea jan eta urrea jan. Zaharrez hil, urte askorekin, eta batere jan duzuenik ez litzateke igarriko.
JOXPAKIÑA Orduan, inguru hauetan, gutxi izango dira horrenbeste dutenak?
NARXIXO Inguru hauetan? Probintzian aberatsenetako bat zu izango zara.
JOXPAKIÑA Jesus mila bider! Nork esan behar zidan…
NARXIXO Nik esan beharko nizun noski, eta horra esan.
JOXPAKIÑA Asko eskertzen dizut, Narxixo. Hori zen nik jakin nahi nuena. Orain txurrut bat hartuko duzu.
NARXIXO Eskerrik asko. Orain ez dut betarik, baina gero etorriko naiz.
JOXPAKIÑA Nahi duzunean.
NARXIXO Zuk ere agindu.
JOXPAKIÑA Bai, bai.
NARXIXO Agur
(Narxixo atzeko ezkerretik joaten da).
|